Edozein zalantza argitzeko, jar zaitez gurekin harremanetan
943-30 43 45 (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)
Txat bidez (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)
2016-31-05
Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarrak (NPLD) Batzar Nagusia egin berri du Bilbon eta Iruñean, maiatzaren 25 eta 26an. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrika da sareko egungo lehendakaria. Sarearen Batzar Nagusia biltzen den bakoitzean egiten den bezala, oraingoan ere Sareak hizkuntza politikarekin zerikusia duten gaiak jorratzen dituen mintegi bat antolatu du. Oraingo mintegian, Komunikabideak, sare sozialak eta IKTak euskaraz gaia landu da. Batetik, Patxi Baztarrika sailburuordeak HPS arlo horretan egiten ari dena azaldu die NPLDeko kideei. Bestetik, Maite Goñi Euskararen Aholku Batzordeko IKT Batzorde-ataleko zuzendari eta Mondragon Unibertsitateko irakasleak Euskarazko IKTak: gomendioak herri-aginteentzat dokumentua aurkeztu die. Azkenik, Lontzo Sainzek (Eitb), Eneko Azkaratek (Goiena) eta hirurok azaldu diegu labur gure hedabideak zertan dabiltzan IKT arloan.
Mahai-ingurua prestatzeko unean, hiru galderari erantzuteko saiakera egin nuen:
- Zertan gabiltza euskarazko hedabideak IKT arloan?
- Zertan dabil BERRIA IKT arloan?
- Zein dira erronka nagusiak etorkizunari begira?
Jarraian bildu ditut gogoeta horien emaitzak. Maiatzaren 26ko mahai inguruan ez zen astirik izan puntu guztiak jorratzeko, baina irakurlearentzat interesgarriak izan daitezke.
Sarrera gisa, aldarrikapen bat: hedabideak funtsezkoak dira IKTak eta euskara sustatzeko orduan. Edo beste era batera esanda, hedabideak funtsezkoak dira euskara IKT bidez zabaldu eta sustatzeko orduan. Hedabideak eduki sortzaileak dira eta eduki banatzaileak ere. Hedabideetan inbertitzea oso eraginkorra da euskara eta IKTak zabaldu eta sustatzeko.
1. Zertan gabiltza euskarazko hedabideak?
Irudipen orokor bat partekatu nahi nuke. Argiak eta itzalak ditu. Euskarazko hedabideak IKTekin konprometituta ikusten ditut. Trenari helduta, IKTek daukaten garrantziaz jabetuta. Saiatuta ere. Bide berriak jorratzen, inguruan begiratzen eta etengabe eguneratzeko ahaleginak egiten (sare sozialetan, gailu guztietan, formatu ezberdinetan...).
Egoera eta jarrera horren erakusle gisa, bi adierazle aipatuko nituzke:
Batetik, euskarazko hedabideak prestakuntza teknologikoarekin konprometituta daude. Hekimen elkarteak antolatutako ikastaro teknologikoek arrakasta handia izan dute hedabideen artean. Bihar bertan, mapa interaktiboak egiteko tresna bati buruzko ikastaro bat izango da.
Bestetik, IKT diru laguntzen deialdian urtez urte proiektu ugari aurkeztu dituzte, berrikuntzarekin konprometituak daudela erakutsiz. 101 proiektu finantzatzeko diru-laguntza lortu dute euskarazko hedabideek 2012tik 2015era.
Beraz, euskarako hedabideak IKTetan inbertitzen ikusten ditut azken urteotan: giza baliabideetan eta baliabide teknologikoetan. Baina hor ikusten dut itzal nagusietako bat: baliabide urritasuna.
Berez, euskarazko hedabideen osasun ekonomikoa ahula da, euskararen hiztun komunitatea mugatua eta ahula den neurrian. Egoera horrek baldintzatzen du haien inbertsio gaitasuna. Egun dauden IKT diru-laguntzak oso urriak dira euskarazko hedabideek dituzten erronka teknologikoetarako, haien jardunaren arlo guztiak ukitzen dituztenak.
IKT arloaren ikuspuntutik begiratuta, hedabideentzat Hizkuntz Politikaren Sailburuordetzaren "IKT diru laguntzak" izeneko deialdia da helduleku nagusia. Ondoko grafikoetan laburbiltzen da deialdi horren egoera:
- Azken lau urteotan (2013, 2014, 2015 eta 2016) aurrekontua ez da aldatu: 807.500 euro banatu dira. 2012. urtean berriz, 1.464.200 euro banatu ziren.
- Hedabideok aurkezten ditugun proiektuek beste proiektu askorekin lehiatu behar izaten dute. 2012an, hedabideek aurkeztu eta diru-laguntza lortu zuten 27 proiektuek 275 proiekturekin lehiatu behar izan zuten, 2013an hedabideon 30 proiektuek 273rekin, 2014an 24 proiektuek 206rekin eta 2015ean 20 proiektuek 171rekin.
- Lehia handia izanik, hedabideok diru kopuru txikiak eskuratzeko aukera daukagu: euskarazko hedabideek, guztira, 2012an 388.432 euro jaso zuten IKT diru laguntzetan, 2013an 195.428, 2014an 160.883, eta 2015an 190.675.
Azken urteotako iraultza digitalak bete-betean harrapatu ditu hedabideak. Haien iraupena iraultza digital horretara egokitzeko gaitasunaren arabera egon daiteke. Bidaia hori arrakastaz egin ahal izateko, erronkaren tamaina bereko IKT diru laguntzak behar dira, egungo urritasuna gaindituz.
2. Zertan dabil BERRIA IKT arloan?
Lehenik, BERRIAren ekarpena nabarmendu behar da. BERRIA eduki sortzailea, kalitatetezko edukien sortzailea. Eduki kopuru handia sortu eta sareratu egiten du, mugarik gabe, herritarren esku jarriz. 2015ean, 38.127 artikulu sareratu ditu BERRIAk (26.913 papereko ediziotik, eta 11.214 aktualitateari erantzunez). Eduki horiei esker, euskaldunek 41,4 miloi minutu edo 691.463 ordu eskaini dizkiote BERRIAren webguneari. Halaber, 482 bideo sareratu ditu BERRIAk. Horietatik, 284 Youtube plataformaren bidez. Youtubeko bideo hauek bakarrik 321.569 minutu edo 5.359 ordu bereganatu dituzte, 124.479 ikustalditan.
Baina IKT arloan, zertan ari da BERRIA? Aldi berean, ildo ugari jorratzen ari da, hona hemen adibide batzuk:
Lan prozesuak:
- Edizio sistemaren optimizazioa (web edizioa eta inpresioari begirako edizioa)
- Gaien lanketa koordinatua antolatzeko sistema (papera eta internet integratuta)
Webgunearen (etengabeko) egokitzapen eta hobekuntza
- Azalaren egitura eta diseinua berrikusten ari gara
- Albistearen egitura eta diseinua berrikusten ari gara
Datugintza infografikoa eta mapagintza interaktiboa lantzen ari gara (hauteskunde datuak, datu sozio-ekonomikoak, hirugune elkargoa, herri galdeketak,...)
Gailu mugikorretara egokitutako eduki eta formatuak lantzen ari gara
- Responsive diseinua atal guztietarako
- BERRIA Astekaria
- Badok aplikazioa
- BERRIA aplikazioa funtzionalitate aurreratuekin (laster kaleratuko da)
Sare sozialen parte bihurtu
Twitter (egun, 44.000 jarraitzaile, 114.000 txio)
Facebook (egun, 20.165 atsegite)
Instagram
Irakurle komunitatea konektatu eta ahaldundu
- BERRIAlagunen ekosistema digitala sortu dugu. Bidearen hasiera baino ez da. Momentuz ahalmen batzuk garatu ditugu:
- Artikuluak gordetzeko aukera
- Ekitaldietan parte hartzeko aukera
- Zozketetan parte hartzeko aukera
- Deskontuak baliatzeko aukera
- Bezero arretarako txat bat sortu dugu
3. Aurrera begira, zer?
Aurrera begira, nire ustez, besteak beste, honako erronkei heldu beharko diegu BERRIAn:
Telefono mugikorraren nagusitasuna
Erronka hau konplexua eta anizkuna da. Telefono adimentsua bizitzako pantaila nagusi edo erdiguneko pantaila bihurtzen ari da. Funtsezkoa da hedabideentzat erronka honi erantzun azkar eta egokiak ematea, erabiltzaile gehiagorengana iritsi nahi bada. Azkar eta egoki erantzun beharra kritikoa da hedabideentzat gazteen belaunaldiei begira. Ezinbestekoa da eduki guztien egokitzapena gailu mugikorretara. Baina ez da nahikoa.
- Diseinuak ez ezik edukiak ere telefono adimentsuaren erabileran pentsatuta sortu behar dira. Facebook, Google edo Twitterrek sortutako tresnak erabilita edota ez.
- Telefono adimentsuek elkar eragiteko duten ahalmena (aldi bereko mezularitza, ikus-entzunezko edukiak sortzeko gaitasuna,...) txertatu behar dira hedabideen estrategian.
- Geolokalizazioa landu, edukiak neurrira eskaini ahal izateko
Komunitatearekiko elkar eragiketa
Parte hartzeko tresnak eskaini, gero eta gauza ezberdinetarako. Irakurleak edukien sorrera prozesuan integratzeko moduak landu nahi ditugu. Halaber, Bezero Arretarako inplementatu dugun txata edukiei lotuta nola garatu dezakegun pentsatzen ari gara.
Erabilera pertsonalizatua
Interes, gustu eta behar ezberdinen arabera edukiak antolatzeko moduari heldu beharko zaio. Nahiera ereduak jarraikiz.
Bideogintza anitza
Formatu ezberdinak, eduki ezberdinak. 321.596 minutu Youtuberen bidez 2015ean.
Nabigazio abiadura (adibidez, Google-n AMP sistema inplementatuz)
Edozein zalantza argitzeko, jar zaitez gurekin harremanetan
943-30 43 45 (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)
Txat bidez (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)