Inoiz baino «handiagoa» da inguruan duen komunitatea

2020-06-10

BERRIA /

Munduaren taupadak nola, halaxe egin du aurten BERRIA Taldeak akziodunen batzarra urriaren 3an: izurriak ezarritako erritmoan. «Ekainean egin ohi da bilkura hau; egoerak udazkenera ekarri du», azaldu zuen atzo bilkuraren hasieran administrazio kontseiluko lehendakari Beatriz Zabalondok. 2019ko jardunaren berri emateko zen berez topaketa, baina aurtengo kontuek ere izan zuten toki zabala, COVID-19aren pandemiak zedarrituta, aski urte berezia baita. Eta, hain zuzen ere, egoera honetan enpresa taldeak gizarteari euskarazko hedabide «erreferentziazkoak» ematen jarraitzeko bidean egin dituen ahaleginak hizketarako gaia izan ziren. Oro har, prozesu horretan langileek erakutsitako «sendotasuna» nabarmendu zuen, adibidez, BERRIA egunkariko zuzendari Martxelo Otamendik, eta informazioa indartze aldera martxan jarri diren egitasmoak zerrendatu zituen. Enbataren aurrean egoerari tinko erantzun zaiola onartu zuen administrazio kontseiluko ordezkari Iban Arregik ere. «Proiektu honek inoiz izan duen komunitaterik handiena du inguruan».

Audientziari begirakoa da hazkundea: «Inoizko irakurle kopururik handiena du euskarazko egunkariak». Datuak badira hori erakusteko: izurriak ekarritako egarri informatiboari lotuta, esaterako, sareko erabiltzaileak %38 hazi dira; erabiltzaile berriak, %42. «Audientzia nabarmen hazi da koronabirusaren krisiarekin. Asmatu dugu hor egoten. Lehen hilabete horietan, bereziki, jende berria erakarri genuen», azaldu zuen Arregik. Are, «mantentzen» ari dira orain horietako asko, eta hori da geroa goldatzeko era: «Estrategia da audientziak handitzea, proiektua sostengatzen duen komunitatea handitzeko. Audientzia berria gure etxean gelditu eta proiektuarekin konprometitzea lortu behar dugu».

Eta, hain zuzen ere, audientzia handitu ahala, komunitatearen babesari begira ere badira argi izpiak. «BERRIAlagunen komunitateak handitzen segitzen du urtetik urtera», azaldu zuen Arregik. 15.110 lagun dira egun. Izurriaren ondorioz, BERRIAlagunak erakartzeko kanpainarik ezin izan da egin; «jendearekin aurrez aurre» egon ez izana traba izan da ohiko lan asko egiteko, baina BERRIAren webgunea ate oparoa izan da: «Erregistro asko lortu dira». Biltzarrean nabarmendutako beste alde positiboen artean, Hekimen erakundearen abaroan hiru urterako iaz hitzartutako finantzaketa itunaren «balorazio ona» ere nabarmendu zuten. «Kualitatiboki, eta zenbakiei dagokienez, pauso garrantzitsua da», onartu zuen Arregik. Etorkizunean bide horretan sakontzen jarraitzeko administrazioak eta sektoreak ehundutako foroa, gainera, abian dela gogora ekarri zuen. Denaren premia izango da.

Joerei begira

Izan ere, itzal ilunak ere badirela nabarmendu zuen Arregik: «Egunkari salmenta behera ari da; joera orokorra da». Publizitatean jaitsiera «orokorreko» urteak izan dira, eta datuak «egonkortuta» daude orain, baina, pandemiak ekarri duen nahasmendu giroan, zenbait joera negatibo «azkartu» daitezkeen kezka dago. Hortik ohartarazpena: «Inbertsioen beharra handia da; sektorea joera aldaketa handi baten aurrean dago, eta hor baliabideak behar dira. Bestela, oso atzean geratuko gara».

Administrazio Kontseiluan aldaketa bat egin zuten: Castillo Suarezek utzitako tokia Mikel Legarrak beteko du. Eskertu egin zien biei atxikimendua Zabalondok. BERRIA Taldearen xedea «mundua euskarari ematea» dela gogorarazi zuen, orain dela 30 urte hasi zela —Euskaldunon Egunkariaren eskutik—, bide «malkartsu» horretan, eta ordutik bilaketa betean jardun dutela: «Ez gara gure txikian geratu». Hazten jarraitzeko, ordea, atxikimenduak gehitzen jarraitu behar duela gogoratu zuen hark ere: «Bidaideak behar ditugu». Urteotan joandako bidaideak ere gogora ekarri zituen, zendutakoak; Jonpa Albisu eta Lurdes Huizi BERRIA egunkariko langileak, eta Euskaldunon Egunkaria-ko administrazio kontseiluko lehendakari izana, Joanmari Torrealdai.

Bezero arreta

Edozein zalantza argitzeko, jar zaitez gurekin harremanetan

943-30 43 45 (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)

laguna@berria.eus

Txat bidez (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)