Edozein zalantza argitzeko, jar zaitez gurekin harremanetan
943-30 43 45 (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)
Txat bidez (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)
2022-28-02
«Euskaldunen komunitatea trinkotzeko elkarlana inoiz baino beharrezkoa» dela nabarmendu dute biek. Euskarazko hedabideak informazioa zabala emango du, eta Korrikak haren presentzian pauso gehiago emango ditu
Hilabete bat falta da martxoaren 31n Amurrion Korrika hasteko. Eguna gero eta gertuago izanik, gaur goizean Martin Ugalde Kultur parkean, elkarlanerako hitzarmena izenpetu dute BERRIAk eta Korrikak. «Korrika emozioa da, zirrara, euskararen aldeko bultzada ikaragarria da, eta AEKrentzat oso pozgarria da edizio honetan ere BERRIA bidelaguna izatea», azpimarratu du ekitaldian Asier Amondok, Korrikaren koordinatzaileak.
22. Korrika berezia izango da, pandemia betean harrapatu zuelako iaz eta urtebete atzeratu zelako. «Egoera oraindik ere nolanahikoa ez dela jakinik, inoiz baino beharrezkoagoa da guztion babesa, gure hizkuntzaren aldeko harrotasuna aldarrikatzeko eta hitzetik ekintzara salto egiteko», nabarmendu du Amondok.
Bi eragileek azpimarratu dutenez, «euskaldunen komunitatea trinkotzeko elkarlana inoiz baino beharrezkoa» da. Beatriz Zabalondo BERRIA taldeko administrazio kontseiluko presidentearen hitzetan, «egun gogoangarria» da. «Iragarri nahi dugu Korrika badatorrela, Korrikalaguntzaile bagarela eta ahalegin guztia egingo dugula euskaltzaleok Korrikara biltzeko».
Goraipatu du Korrikaren gisako egitasmoak pizgarri direla euskara erdigunean jarri eta euskaldun berriak sortzerakoan bultzada emateko. Hala, BERRIArentzat «elkarlan garrantzitsua» da, «estrategikoa». «Elkarlanean ikusgarritasuna sustatzean datza gakoetako bat, ekosistema euskaldun batean bizitzeko tresnak eta bideak elkarrekin egitean».
Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak nabarmendu du aurreko edizioetan bezala luze eta zabal jorratuko duela egunkariak, eta kazetari bat izango dela Korrikaren furgonetan egunero «minututik minuturako» jarraipena egiten. Aurtengoan ahalegina handituko du hedabideak, hainbat euskarritan zabalduko duelako informazioa: paperean, webgunean, sare sozialetan, bideo bidez... Hain zuzen ere, formatu horietan irudiek garrantzia izango dute, batik bat bideoek.
Amondok goraipatu duenez, hedabideak zein AEK-k «bide oparoa» egin dute orain arte, eta oraingoan «harago» joateko asmoa du «euskaratik eta euskaraz aritzen den egunkari nazional multimediarekin». Gaineratu du aurten egunkariaren presentzian pauso gehiago emango direla. Lasterketan, egunero, euskarazko hedabidea banatuko da hainbat herritan.
BERRIAk, bere aldetik, Korrikalaguntzaileen kanpainari eta mezuari ikusgarritasuna emango die.
Edozein zalantza argitzeko, jar zaitez gurekin harremanetan
943-30 43 45 (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)
Txat bidez (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)