Edozein zalantza argitzeko, jar zaitez gurekin harremanetan
943-30 43 45 (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)
Txat bidez (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)
2019-06-11
Zer da komunitatean oinarritutako hedabide bat? Nola jokatu behar du? Nolako analitika metrikak erabili behar ditu jarduera egoki bat garatzeko? Hiru galdera hauek erantzuten saiatu nintzen, La Seu d’Urgellen (Katalunia) urriaren 24an eta 25ean izandako Pirinioarteko Gertuko Hedabideen Kongresuan. Han azaldutakoaren laburpena ekarriko dut blog honetara, bi helbururekin: batetik, BERRIAn lantzen ari garen metrika eredua euskarazko gainerako hedabideekin partekatzeko asmoz, eta, bestetik, BERRIAk nolako datuak eta zertarako neurtzen dituen irakurleei azaltzeko. Izan ere, pribatasunarekiko konpromisoak gardentasuna eskatzen baitu.
Metriketan sartu aurretik, komeni da argitzea zer den komunitatean oinarritutako hedabide bat: laburbilduz, independentzia eta bideragarritasun ekonomikoa, bere komunitatearen ekarpen ekonomikoekin erabat lotuta dituen hedabide bat da. Hau da, hedabidearen independentzia eta bideragarritasuna bermatzen dituzten diru iturriak zuzenean komunitatetik iristen zaizkio. Diru iturri hauek era ezberdinetakoak izan daitezke: harpidetza bidez, salmenta bidez, bazkidetza bidez, ekarpen bidez…
Beste era batera esanda, komunitate fidel, aktibo eta konprometitua da proiektuaren etorkizunaren berme nagusia. Proiektu iraunkor bat izatea ahalbidetzen duen hainbesteko komunitatea.
Are gehiago, komunitatean oinarritutako hedabideak bere komunitatea kokatu behar du estrategia orokorraren erdian. Komunitatearen interesak, beharrak eta lehentasunak ezagutu eta ulertu behar ditu. Harekin komunikatu behar du, era interaktiboan, ahalduntzea sustatuz. Oso garrantzitsua da erredakzioak jabetzea komunitatearen garrantziaz, eta kontuan izatea edukiak lantzeko orduan.
Azkenik, hedabideak jarrera proaktibo bat izan behar du: komunitatearen konpromisoa elikatzeko jardunak sustatuko ditu, edukien bidez, proiektuaren balio eta xedeen bidez, protagonisten jarrera eta izakeraren bidez, edota ekitaldi eta bileretako harreman zuzenen bidez.
Hauxe da BERRIAren eredua: diru iturrien gehiengoa komunitatearen eskutik dator (harpidetzak, BERRIAlagunen ekarpenak, salmentak…). Ekarpen hauek dira BERRIAren independentzia eta bideragarritasunaren bermea.
Nolako metrikak?
Neurtu aurretik, estrategia bat diseinatu behar da. Ekintza plan bat behar da, egiten ez dena ezin baita neurtu. Kontuan hartu behar da kalitate handiko edukiak oso eraginkorrak direla komunitate konprometitua fidelizatzeko eta handitzeko. Halaber, albiste buletinak prestatzea komeni da, tresna eraginkorrak direlako audientziak eskuratu eta fidelizatzeko, eta irakurlearen konpromisoa handitzeko. Irakurleei parte hartzeko kanalak eskaini behar zaizkie, ekitaldiak antolatu behar dira komunitatea hobeto ezagutzeko eta bere konpromisoa sustatzeko oso bide egokiak direlako, gomendagarria da edukietan oinarritutako formulak diseinatzea, irakurleei kide edo harpidedun bihurtzea proposatzeko…
Zer neurtu behar du komunitatean oinarritutako hedabide batek? Funtsean, komunitatearen konpromisoa adierazten duten aldagaiak.
Batetik, audientzia neurtu behar da konpromiso mailaren arabera. Adibidez, maiztasunaren irizpidea erabiliz, interesgarria da multzokatzea irakurleak hilean egiten dituzten saio kopuruaren arabera. Garrantzitsua da saio ugari egiten dituzten irakurle fidelak ugari izatea. Hor dago harpidedun, kide edo ekarleen iturburu nagusia.
Horrez gain, webgunearen erabiltzaileak perfilen arabera sailkatu daitezke: adibidez, irakurleak, irakurle kualifikatuak (artikuluak irakurtzeaz gain bestelako eragiketak egiten dituztenak, eta dagoeneko harpidedun edo kide direnak).
Multzo hauen tamaina eta portaera orokorra aztertzeak lagunduko du komunitatearen bilakaera eta izaera hobeto ulertzen.
Edukiak aztertzea oso garrantzitsua da ere. Konpromisoa sortzen duten edukiak identifikatu eta neurtu behar da. Era ezberdinetara egin daiteke: adibidez, gehien irakurtzen diren artikuluak eta irakurketa denbora gehien dutenak identifikatuz eta multzokatuz. Edota irakurle konprometituen multzoak gehien irakurtzen dituen edukiak arakatuz.
Azkenik, interesgarria da neurtzea eta aztertzea harpidedun edo kide berriak erakartzen dituzten edukiak. Horretarako, harpidetza eta kidetza egiteko proposamenak edo deiak eduki zehatzekin lotu egin behar dira. Hau da, albiste batean harpidedun edo kide egiteko dei bat txertatzen bada, gero harpidetza edo kidetza gauzatzen bada lortu behar da jakitea zein albistetan hasi den prozesua. Kasu batzuetan prozesuaren abiapuntua aleatorioa izango da, baina beste batzuetan pausoa emateko gakoa eduki zehatz bat izango da.
Era berean, irakurlearen konpromisoa eragiteko gaitasuna duten edukietan harpidetza edo bazkidetzarako deia txertatu daiteke, eta neurtu bere eraginkortasuna.
Metrika hauen bidez, komunitate konprometitua, aktiboa eta fidela lortzeko eta elikatzeko argibideak bilatzen dira. Edukien kalitatean zentratuta, edukien erakarmenean oinarrituta. Komunitatea baita zaindu beharreko altxor preziatua, hedabidearen etorkizuna bermatuko duena.
Edozein zalantza argitzeko, jar zaitez gurekin harremanetan
943-30 43 45 (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)
Txat bidez (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)