Sakanako Hotsak, orbelezko kontzertua

2016-11-17

Pello Urzelai /

Sakanako sormenak erakusleiho ezin hobea izan du Sakanako Hotsak kontzertuaren bidez. Bost proposamen ezberdin taularatu dira Altsasuko Iortia kulturgunean, udazken giroko agertokian: 4nek, Lur Larraza eta Luisillo Kintana, Tximeleta, Hi de bei eta Hesian taldeko Fran eta Zuriñe. Ongi harilkatutako emanaldi aberatsa osatu dute bosten artean, aretoa ia betzetzen zuten entzuleen gozamenerako.

Bost urtez jarraian antolatu dute kultur emanaldi bat Altsasun BERRIAk eta Sakanako Mankomunitateak elkarlanean, Sakanako BERRIAlagunen ekimenez, eta Altsasuko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzaz. Aurreko urteetan, Ruper Ordorika, Gari eta Anariren kontzertuak eta Ttantakaren Zazpi aldiz elur ikuskuzina antolatu ondoren, bosgarrenean, 2016ko azaroaren 12an egindakoan, Sakanako musika sormena sustatu nahi izan dute, bertako musikariei protagonismoa emanez. Sakanan bertan sortua, bertan antolatua. Emanaldia Sakanako sormen aberatsaren lagin bat baino ez da izan: bost ale, aberastasun horren lekuko.

Lehenik, Amaia Amilibiak egindako aurkezpen orokorraren ondoren, Juanpa Agirre, Imanol Goikoetxea, Joseba San Sebastian eta Juanma Urrizak osatutako 4nek taldeak jo du, pop-rock doinuetan murgilduta. Jarraian, Lur Larraza (ahotsa eta gitarra) eta Vendettako Luisillo Kintana (baxua) bikotea aritu da, lau kantu eskainiz, horien artean Maravillas kantuaren euskarazko bertsioa. Ondoren, Tximeleta "talde erdia" aritu da, beste lau kantu eskainiz, ohi baino akustikoago, non Maider Ansaren ahots melodikoa gehiago nabarmendu den. Hi de bei taldeak pop-rock epikoaren giroa jarri dio emanaldiari, batez ere, Sakana maitia kantu ezagunarekin.

Azkenik, Hesian taldeko Zuriñe Hidalgo (ahotsa) eta Fran Urias (ahotsa eta gitarra) bikoteak biribildu egin du kontzertua, beste lau kanturekin. Horien artean, Hesianen disko berriko Hemen naiz kantu aurrerapenaren bertsio akustikoa, eta, emanaldia amaitzeko, Lau teilatu kantuaren bertsioa.

Udazken arratsalde baterako, udazken giroan apaindua, orbelaren antzera, kontzertu koloretsua eta beroa suertatu da. Amaieran, musikari guztiak entzuleak agurtzera taularatzean jasotako txalo zaparrada da berotasun horren lekuko. Musikariei ez ezik, agertokiaz bestalde, ilunpean eta isilik, lanean aritutako laguntzaile talde osoari ere zuzendutakoa.

Oraindik ez zara BERRIAlaguna?

Ikusi abantaila guztiak eta izan zaitez BERRIAlaguna:

BERRIALAGUNA IZAN NAHI DUT