Berria.infoko blog komunitatea

Login

Akorduan

Beñat Zamalloa

Artxiboak: Urria 2013, 01

2013-10-01

Direnetik ere utzita

SAIOA: LEHEN KANPORAKETA
LEKUA: VILLABONAKO OLAEDERRA KIROLDEGIA
SAILKAPENA: 1. Jon Martin (654) 2. Alaia Martin (653) 3. Nerea Elustondo (639,5) 4. Odei Barroso (632) 5. Fredi Paia (631,5) 6. Iker Zubeldia (607,5)

OHIKOA, EZ OHIKO
Direnetik utziz hasi zuten Fredi Paiak eta Iker Zubeldiak Bertsolari Txapelketa Nagusia, Villabonan. Uda osteko ohiko gaietako batekin hastea egokitu zitzaien: “Euskal Herrira uda pasatzera etorritako Saharako bi haur zarete. Itzulerako hegazkinaren zain zeuden”. Ohiko gaiak ohiko arrazonamenduak eta aldarrikapenak ekar zitzakeen, baina Paiak eta Zubeldiak orijinaletik bideratu zuten gaia. "Aizu, Abdulah, zer dala eta / ez gara hemen geratzen? / Hemengo haurrek guztia dute / baina ez dute baloratzen”, galdetu zion aurrenekoan Paia haurrak Zubeldia haurrari. Egoeraren irakurketa osatu zuen Zubeldia haurrak: “Aeroportuan Mohamed ta ni / biok gaude nahiko larri / hemendik ezin inor eraman / ta handik ezin ekarri”. Elkarrizketan, elkar osatuz jardun ziren. “Geratu eta euskara ikasi / behar dugu guk hainbaten / jada ikasi dut ‘eskerrik asko’ / ta ‘eman gehiago’ esaten", laguna euskara ikasi beharraz ohartaraztera zetorrela zirudienean, lehen bertsoan botatako ideia indartu zuen Paiak bertsoaldiaren erdian.

Denetik utziz hasi zuen Jon Martin saioko irabazleak ere lehen ariketa. Nerea Elustondorekin egokitu zitzaion hastea. Euren enpresan soldata jaistea ala langileak kaleratzea erabaki behar zuten. Zortziko handiko gaietan jarrera beretik abiatu ziren bertsolariak. Soldatak jaistearen alde kokatzeko hautua egin zuen Elustondok. Gaiari eta jarrerari lotutako esamoldeak gorde zituen azken puntuetarako lehen bi bertsoetan: “Nere iritzia, nere ustetan / ez da inoren engaño / guztiok gutxi edukitzea / gutxi batzuk asko baino”, lehenean; eta “Denok hementxe segitzearen / alde nago, hala fede / bihar ni eror nintekeelako / gaur salbatzen banaiz ere”, bigarrenean. Kooperatiba sortzeko proposamena egin zuen hirugarren bertsoan. Elustondok gaiak emandako aukeretako bat hautatu arren, ez zuen beste aukera hautatu Martinek: hirugarrena aukera bat plazaratu zuen. "Egin dezagun greba luze bat / enpresa eskutan hartu / ez dugu zertan haien esana / borroka gabe onartu", argitu zuen bigarren bertsoan Martinek bere jarrera. Denetik, ordea, lehen bertsoa bukatu zuen baliabide poetikoekin: “Zurekin ados egongo nintzen / baldin eta ez baneki / erdi ittoan dabilen hura / itto egiten dela beti”.

“Bakarrik bizi zareten adineko bi lagun zarete. Herrian gertatzen ari diren lapurretak direla-eta, elkarrekin bizitzeko aukera aztertzen hasi dira”, aurkeztu zien gaia Jon Zalduak Odei Barroso eta Alaia Martini. “Elkarrekin bizitzeko aukera aztertzen” hasi ziren lehen bertsoetan, baina bigarrenean lapurretan aztertzera jo zuen Barrosok. “Noiz kondenatu behar dute guri / lapurtzen digun bankua?", bukatu zuen bigarren bertso hori. Aurrez Martinek "Zu ez kezkatu biok batera / bagaude, gaude seguru / bata eta guzti eskobarekin / ikaratuko ditugu" kantaturik zuen. Gaitik abiatutako bertsoaldiaren haria eten egin zuen Barrosok, eta hari muturrak zail ziren berriz elkarlanean josten. Ez erantzuteko hautua egin zezakeen Martinek, baina saiatu egin zen. Hala, lehen ariketan ezin izan zuten direnetik utzi.

ERREZELOZ BEGIRA DENA
“Zu, Odei, epaile jarri zaituzte gazta lehiaketa batean kirolari ospetsua zarelako. Fredi artzain gaztagileak errezeloz begiratu dizu”. Horixe zuten gaia zortziko txikirako Barrosok eta Paiak. Errezeloz begira zena artzain gaztagilea izanik, pentsa zitekeen Paiak hasi beharko zukeela ariketa, bere jarrera omen zen-eta detonatzailea. Barrosori zegokion hastea, eta larri zabaldu zuen bidea. Barrosoren lehen bertsoaren azkenaurreko puntua izan liteke gaiaren planteamenduak sortzen duen zalantzaren erakusgarri: “Ikusi nauzu eta / gustora ez, nonbait. / Sabelaren kirola / ere gustatzen zait”. “Azaldu behar didazu / nahi dudan modura / futbolak eta gaztak / daukaten lotura”, izan zen Paiaren lehen bertsoaren azken puntua, eta giltza nork zuen erakutsi zuen. Paiak eutsi zion ariketari lehen bi bertsoetan, eta estu ibili zen Barroso. Paia, denetik utzi gabe ariketa honetan, eta Barroso denetik utzi gabe zen, oraindik.

Jon eta Alaia Martin alaba baten gurasoak izango ziren zortziko txikian: Jon Martin lotsaz izango zen Alaia Martin oihuka ari zelako. Alaia Martinen arrazonamenduek eta ateraldiek indartu zuten ariketa. "Esaten duzu lotsa / handiaz dagola / egoera txarretara / ohituko da hola", bota zuen lehenengoan, eta “Beinga, jarri gaitezen / zelaian erdian / gola sartu du eta / bere porterian”, bigarrenean. Denetik ematen hasi zen bigarren ariketan.

Trenean zihoala lo hartuko zuen Zubeldiak, eta Elustondoren sorbaldan esnatuko zen. Zubeldia eta Elustondok ez zituzten burura ekarrita zeuzkaten ideiak bertsotan eta ofizioan elkarlotu, eta batzuetan sinesgarriak ez ziren ideia solteen bilduma izan zen ofizioa.

UMORE KOLPEZ
Zubeldiaren bertsokera lehen puntua emandako lanaren neurrikoa ere bada, bai umorezko kolpez entzulea harritzen asmatzen duelako, baita kantaerarengatik ere. Denetik jardun zen lehen puntua emandakoetan hiru kolperen bila. Bertsoaren bigarren puntuan eta azken puntuan ematen zituen kolpeak lehen bertsoan, nahiz hirugarren puntua pasokoa atera, entzuleentzat modu eraginkorrean kantatu zuen erantzuna. Kirola zuen gaia lehen bertsoan: “Kirola egitea / gomendatzen dute”. Bere burua karikaturizatuz erantzun zion: “nik ein gabe damazkit / 32 urte. / Gorputz polit bat daukat / jainkoaren truke / ta urte askoan hala / jarraitu nahi nuke”. Erantzuneko lehen bi puntuak lotuz bukatu zuen eginbeharrekoa. “Madrilek ez du lortu / olinpiadarik”, jarri zion lehen puntua Zalduak azkenekoan, eta “zuk esan gabe ere / nik hori badakit / Aznarren andrearen / kafesneagatik. / Igual, lortuko zuen / parte hartu banu nik”.

Goitik beherakoagoak izan ziren Alaia Martinen bertsoak. Sukaldaritzaren gainekoa izan zuen lehen puntua, eta goitik behera jantzi zuen. Oso oin gutxiko errimarekin atakan jarri zuten, baina ataka onenetik emanda gainditu zuen. “Sukaldaritza dugu / aspaldian modan”, egokitu zitzaion lehena, eta “baina nik ez dut jartzen / askotan aproban. / Tortila irteten zait / saltxitxaren forman. / Saio on bat sukaldatu / nahi dut Villabonan”, bete zuen bertsoa. Azken erantzuna egin zuen goitik beherakoena. Hirugarren puntuko aditz laguntzailearekin trabatu zen, eta horrek zuzenean zer edo zer trakestu zion lana. “Ekologikoa da / oso garestia” puntuari, “baina goxo, sano ta / benetan, eztia / transgenikoak sortu / ohi dit angustia; / hala ere, jaten dut / dagoen guztia”, erantzun zion.

“Maitasunetik hurbil / dago gorrotoa” puntua entzunda, “horixe baita horrek / sortzen dun jokoa. / Kontu hori ez dugu / lagun, atzokoa; / maitatzea norentzat / da ba oztopoa?”, bota zuen Barrosok. Bigarren bertso horretan ekarri zituen ideiak egokien, gainontzeko bietan nekezago aritu zen zekartzan ideiak josten.

Gaiari dagokionez, gertukoagoak izan ziren Elustondori jarritako puntuak: txapelketa eta bertso-eskolak. Lehen oinen errimak oin aukera zabalagokoak ere egokitu zitzaizkion. Horiek hala izanik ere, hiru bertso on kantatzeko baliatu zuen aukera. “Nola prestatu duzu / aurten txapelketa?”, galdetu zion Zalduak, eta “Ez det asko prestatu / alperra naiz eta. / Hala ta ere nator / indarrez beteta / nire mamu guztiak / etxean gordeta”, osatu zuen Elustondok lehen bertsoan. Azkenerako lehen puntua honakoa izan zuen: “Bertso-eskolen eguna / Markinan da aurten”. “Nik ezin dedala joan / burutik ezin ken / bainan animo pila / ari naiz ematen / joaten direnek ondo / pasatu dezaten”, izan ziren haren azken hiru puntuak.

Alaia Martinen estilokoa izan zen Jon Martinen lana. Paiak, ordea, abaila ez zuen lagun izan.

URREA
“Herentzian, zuen amonaren bitxiak jaso dituzue. Zuk, Odei, saldu egin nahi dituzu denak; Nereak, ez”, egokitu zitzaien gaia Barrosori eta Elustondori, hamarreko txikian. Txikiko bertso luzeak neurriko ditu Barrosok, eta ariketa honetan utzi zuen den onenetik. "Aspaldian etxean / miserian gara / saldu nahiko nituzke / bitxi hoiek, hara / urrea alperrik da / ogirik ez bada", amaitu zuen lehen bertsoa. Bere lehen bertsoa Barrosori erantzuteko baliatu nahi izan zuen Elustondok, baina ahalegin horretan bere arrazoibidearen bidea itxi zion Barrosori. “Bitxiak bertan utzi / Odei, alajaina / ta nik emango dizut / ogitako aina", bota zion. Hala ere, bere arrazoibidean sakontzen jarraitu zuen hurrengo bertsoan: "Hori egoki denik / aizu, ez dut uste / okerrera baikoaz / urterikan urte / ez ezberdintzeraino / zeru eta lurpe / bitxiak ez saltzea / nahiago zenuke / baina, lasai, amonak / ulertuko luke". Bigarren bertsoa Barrosorenari erantzunaz osatu zuen Elustondok, eta orduan, asmatu zuen. “Erabakia ez zazu / hartu horren errez / amonak ulertuko / luke hori berez / baina e' luke nahiko / eta nik ere ez", kantatu zuen bere erdiko bertsoan, Barrosorena entzun ostean bertsoa erantzuteko baliatuta. “Ez dakigunez zer den / bihar datorkiguna / bitan bana dezagun / Nerea, laguna / ta zure parteakin / egin nahi duzuna", borobildu zuen bertsoaldia Barrosok, nahiz arreba lagunarekin borobildu. “Bestela, izango degu / munduan barrena / hileko jana eta / bizitzako pena”, puztu zuen bere ikuspegia Elustondok azken puntuan.

Alaia Martin alaba duela urtebete banandu zen arren, Zubeldia aitaren etxean oraindik jarrita dago ezkontzako argazkia. Gaiari eta rolari etekin handia aurkitu zion Martinek, eta jakin zuen neurrira ekartzen. "Baina zure jarrerak / ipintzen nau adi / maiz begiratu arren / nik argazkiari / zuri-beltzean dago / niretzat aspaldi", kantatu zituen lehenaren azken puntuak argazkilaritzaren hiztegia egoera azaltzeko baliatuz. "Haren argazkiakin / dago egongela / nahiz jakin zuretzako / dela gauz itzela / etxean maite gendun / seme bat bezela", bere posizioan hartu zuen Zubeldiak Martinen ondotik. Posizioak hartuta, eztabaida abiatu zuten bertsorik bertso. “Ez duzu nahi sekula / hormatik kentzerik / "Baina uler ezazu / mina ematen dit / seme bat galdu duzu / ez dago besterik / baina ezazu bultzatu / alaba galtzerik", izan zen Martinen erdikoa. Zubeldiaren betelana azken juzkua baino hobea izan zen. “Nola etorri zan behin / gogoan daukat nik / astebeten bizarra / kendu be oraindik / askotan heltzen zizun / eskuaz gerritik”, hasi zuen Zubeldiak. Azkenaurreko puntuan poto egin zuen, eta puntu beherakada ekarri zion. "Nik betiko izan nahi / nuen erregina / sapo bihurtu arte / printzipe urdina / nahiz ideala izan / horko imajina / ez naiz amesten zendun / alaba berdina", artez jarri zion azken puntua bere lanari Martinek. Bertsoaldiko azken bertsoa ideietan nahasia egin zuen Zubeldiak.

Paiaren eta Jon Martinen hamarreko txikiko elkarrizketak sinesgarritasuna falta izan zuen. Bikote hasiberria ziren Paia eta Martin, Paia konturatua zen Martin lotsatu egiten zela musu ematera joaten zenean. Beharbada, pertsonaiak eta arrazoiak zehaztea, posizioa hartzea, lagun izan zezaketen, baita gaian egiten zitzaion hasiberriaren aipamenari ere. Hala eta guztiz ere, egoeren eta sentimenduen deskribapen politak utzi zituzten. Hala borobiltzen jakin zuen Paiak: "Maitasuna usteldu / liteke arraio / eguzkian argia / ukatzen bazaio”.

GAI IREKIEGIAN, GAI BERERA
“Lekuko izan zara nahi gabe. Ez dakizu zer egin”. Hori izan zuten kartzelako gaia. Gaia irekiegia izanda, genero indarkeriaren hautua egin zuten Alaia Martinek, Odei Barrosok, Nerea Elustondok eta Jon Martinek. Istripuarena aukeratu zuten Paiak eta Zubeldiak, baina arrakastarik gabe ez baitzuten kontakizunik josterik lortu.

Jon Martinena izan zen kartzelarik kontakizun beteena. “Goiko pisuan eztabaida bat / oihuz, karrasiz, intziriz / entzun nahi ez ta entzun beharra / tokatu nere belarriz. / Eskilaratan gora joan naiz / iristeko presa biziz / ta emaztea han atera da / lurra odol ttanttaz bustiz / bizi lagunak jo egiten du / gaurkoan behin eta berriz / inork ikusi nahi ez lukeena / ikusi dut nire begiz”, kokatu zen gertaeraren aurrean lehenik. Beldurra piztu zitzaion, ondoren: “Baina buruak hala esaten dit: / ‘ez, ez da gertatu ezer’; / ta bapatean nere barruan / beldurrak egin ahal dit leher? / Deitu dezaket ta nere bila / etortzen bada gero zer?”. Eta erabakia ekarri zuen amaieran: “Hiru lau pentsatu arren / deitu egin dut eta punto / putakume horrek ez du berriro / beste inor ikutuko”.

Beldurretik garatu zituen lehen bi bertsoak Alaia Martinek. Parrandaren iluntasunean jarri zion lekua gertaerari. “Niregan daukat inpotentzia / ta salatzeko beldurra”, bota zuen lehen bertsoko azken puntuan. Beldurrez jarraitu zuen bigarrenean, “Salatu egin behar nuke eta / hortarako gertu nago; / eta nola dakit hurrengoa ez / naizela ni neu izango?”, agertu zuen kezka. Aurrez, bertso berean, gertaera deskribatu zuen. “Bortxaketa bat daukat aurrean / ta ez baneuka nahiago: / dardarka dauzkat nire bi hankak / barne malkoen naufrago. / Neska oihuka ta garrasika / herio batean dago / ta sentitzen naiz arraro / harra baino emeago”, ekin zion. Eta zer egin erabaki zuen azkenik: “Nik salatzeko hautua egin dut / ahaztuz barreneko penak / baina lehenengo sala dezala / erasotu izan denak”.

Parrandaren testuinguruan kokatu zuen Elustondok ere, “etxeranzkoan”. Garatuz joan zitzaizkion kezkak Elustondori. “Ezagutzen det ta sentipenak / kokatu nau beldurrean; / isilik egon behar ote dut / bortxaketaren aurrean?”, izan zuen lehen kezka. Auzora mugatu zuen kokagunea bigarrenean, eta auzokoa izango zuen bortxatua, eta kezkak pilatu zitzaizkion gero: “Salatu behar nukeela sarri / esan det lau haizetara / baina zergatik sentitzen det nik / halako barne ikara? / Zer egingo dut bortxatzailea / nere lagunmina bada?”. “Telefonotik ertzaintzakoei / deitu behar diet, berez. / Egin duenak izenik ez du /laguna izan ala ez”, erabakia azkenik honek ere. Bururatutako ideia bertsoetara ekartzeko gaitasuna erakutsi zuen Elustondok, zenbaitetan ideietan apalagotik jardun arren ere, zituen horiek bertsoetara ekartzen zuzen aritu zen.

Bere kantaeraren eta bertsoeraren neurriko doinu berria aukeratu zuen kartzelarako Barrosok. Lehen bertsoak karga handia irabazi zuen azken puntuarekin. “Oino probatu gabe / bizitzan laurdena / ni hamar urte ditun / mutiko lerdena. / Hemen pasatzen dena / ez da hain gardena / korapilatu egin zait / kolpetik barrena / urratsa herrena. / Zer dator hurrena? / Argi da polizira / joko nukeena / ez baldin balitz aita / ama jo duena”, izan zen lehen bertso hori. Aukera guztiak egin zituen bikain lehen bertso honetarako. Bigarren bertsoa poto garbiegi batek gehiegi zikindu zion. Ezin izan zion lehen bertsoaren mailari eutsi gainontzeko bietan. Zaila ere bazuen.

Paia lehen ideiarekin goizegi hasi zen kantuan, azken agurrean azalduko zuenez, eta abailan kantatu zituen bertsook; bizkorregi, bertsoa josteko. Kartzelan ez ezik, beste zenbaitetan ere gertatu zitzaion saioan zehar. Zubeldiak ere ez zuen hautu egokia egin azken agurrean berak ere aitortu zuen legez.

OILASKOAK

Bere-bereti, zirtotik eta kolpetik, azken agurrean eman zuen Zubeldiak. Bero handia egin zuen Olaederra kiroldegian. “Hala ere zerbait ikasi degu / sanmigel asteburuan / oilasko batek ze sentitzen dun / mikroondasan barruan”, agurtu zituen entzuleak. Eta entzuleek eskertu egin zuten.

Akorduan

Jaso ahala, akorduan ditudanak akordatu nahian: unera egoki josita ekarri nahian. Bertsogintzaz, gehienbat; kulturatik gertu, betiere. Betelanik gabe, hankaluze baino, beti herren.

Urria 2013
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
  1 2 3 4 5 6
7 8 9 10 11 12 13
14 15 16 17 18 19 20
21 22 23 24 25 26 27
28 29 30 31      

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!