Berria.infoko blog komunitatea

Login

Kornerra

Mikel Elorzaren izkinako bazterra

2006-03-19

Pozoigintza

CPE kontratua dela-eta zalaparta handia hexagonoan. Polizia Sorbonan sartu dela eta 68ko maiatza berritu ote zen. Zail da esaten. Eta alferrikakoak izaten dira konparaziook. Nik ikusten dut, gainera, diferentzia agerikorik. Oraingo gazteek lana duin egin ahal izatea eskatzen dute. Lanik ez egitearen aldekoagoak begitantzen zaizkit 68koak... eta CPEak diseinatzen bukatu dute. Ea oraingoak 30 urte barru boterean imajinazioaz jolasean ibiltzen diren. (40 urte izango dira, seguruenik, Polizia unibertsitate mitikoan sartzen ez zela. EHUn ere ez dira sartzen poliziak. Batzuk bertan bizi dira)

Azkar asko esan zuen Errusiak bere ikerlariak bidaliko zituela Slobodan Milosevic pozoitua izan zenetz egiaztatzeko. Egokia da erabakia, ikerlariak errusiarrak izatearena diot, benetako adituak bai baitira inguru hartakoak eden kontuetan. Errusiako inteligentzia agenteek beren lana egin zezaten baino lehen ere gizonezko galai eta pertxenta zen Viktor Justxenko Ukrainako lehendakaria. Lehenago Txetxeniaz idatzitako Anna Politkovskaia kazetaria ere, Ipar Osetiara abiatu zelarik Beslango eskolako ekintzaz informatzera, aireportuan pozoitu eta hainbat egunez utzi zuten jokoz kanpo, gaixo, Kaukaso aldera joan ezinik.
Ezkutuko zerbitzu guztiek baliatzen dituzte edenak, drogak, bai noski, baita poliziek ere galdeketetan —Espainiako Poliziaren etxean bere buruaz beste egin ziezaioten baino lehen Xabi Kalparsorok ertzainen eskuetan bizitakoen kontakizuna datorkit gogora—. CIAkoek antzara-jolas makabroan ibiltzen dituzten susmagarriak ez dira kartzelatik kartzelara tea hartuta joango. Espainiako Gobernuak ere igorri zuen etorkin-abioi bat —ordurako itzulkin— Saharatik hegoaldera, txangoa aztoratuegia izan ez zedin bidaiariak Morfeoren besoetan etzanarazita. Turkiako agenteek Apo Ocalan ere Kenyatik ez zuten valium bat bitarteko aterako. Horiek gogoratzen naizen adibide batzuk. Ahaztutako beste hainbat. Eta ezagutzen ez ditugun mila. Lokartarazitakoak. Eta betiko loaren besoetan utzitakoak ere, mila gehiago.
Fama txarra eduki du, beti, pozoitzeak. Bereziki zigortuta zegoen, Espainiako Zigor Kode zaharrean, pozoi bidez egindako hilketa. Kutxilloz hiltzea baino garestiagoa zen, harrapatuz gero, egiten zuenarentzat. Traizioaren zera hori darama berarekin gizartea bezain zaharra den hurkoa akabatzeko molde honek. Bibliak hainbat pozoi izen dakartza, baita Ekialdeko hainbat liburu sakratuk ere; mitologia greziar eta erromatarrean ohikoa da; Sokratesek zikutara jo zuen; enperadore erromatar doilor eta krudelei buruz kontatzen dizkigutenak halakoak dira. Erdi Aroan ere estatu-kolperako bide maiz erabilia izan zen: Shakespearek eta beste batzuek hala iradokitzen dute; Borjiatarren tradizioarekin bat dator —batez ere Lukreziarenarekin— eta Madame Madeleine D'Aubray serieko lehen pozoitzaile ofizialtzat jotzen da. Aitagandik hasita, hainbat lagun bidali ei zituen harrak gizentzera, pozoiak medio. Mirabe eta gaixoekin egiten omen zituen frogak, eragin luzeagokoak, motzagokoak eta bestelako aldagaiak topatzearren (hori ez da kriminala, hori inbestigadorea da, zientzialaria! egiten dut nik, ordea, aldarri. Orain ere baten bat ibiliko da mina batek gorpuan hil gabe zein triskantza handi egin ditzakeen estudiatzen, ingeniari tituluduna, laborategi deitutako toki batean, bata zuri orbangabea jantzita —minak harrapatua hil gabe, zaurituaren bila datozen lagunak ere jomuga bihurtzen dituelako, batetik, eta garestiagoa delako estatu arerioarentzat zaurituen artatzea hildakoak baino—).
Interesgarria, oso, pozoien kontua. Hari-mutur asko dituena. Emakumeen arma? Erromatarren garaian pozoien erabileraren aurkako lege bat egin zen, asko erabiltzen zela kezkatuta. Emakumezko alargun aberats asko zeudela konturatu zirela, irakurri dut nik! Baina gatozen gurera. Hagako Epaitegira, azken geldialdia XX. mendearen erdialdean eginda. Mendebaldeak modu ofizialean epaitu zituen lehen gerra-kriminalek hain zuzen, agintari alemaniar naziek, pozoia aukeratu zuten epaiketari itzuri egiteko. Heinrich Himmler, Hermann Göring, Eva Braun, pozoia hartuta hil ziren. Joseph Goebbelsek ere, bere buruari tiroa jo aurretik, pozoiz kalitu omen zituen bere sei seme-alabak. Bazeuzkala, alegia, nahikoa aurrekari Slobodan Milosevicek. Ez zutela pozoitu dioela autopsiak? Tira, une honetan hori da gutxienekoa. Gerra-kriminal moduan ziega batean zendu da Slobodan Milosevic. Estatu-ohore guztiak bereganatuta Franco Tudjman. Eta abar. Errealitatea, historia, dira egunero pozoitzen dituztena.

Manifestazioa

Ez aztoratzea da gehien aztoratzen nauena. Buruzagi politikoak kartzelatzea, baina baita epaitegira joanaraztea, auzipetzea, greba orokorrerako deialdia egin zutelako. Egun horretan beste norbaitek egindako ekintzen eragile direlakoan. Madrilgo etxe zoritxarreko hori zirkua bihurtua da aspaldi, epaileek magoak untxiak kapelatik bezala ateratzen dituzte autoak longainapetik, eta betikoak kaiolara. Eta, berriro diot, Espainian inor gutxi asaldatzea da asaldagarriena. Kezkagarriena. Espainiako gizartearen odoleraino sartua da etxe horren egitekoaren zilegia, ez bakarrik logika juridikoa, zentzuna ere hankaz gora jarriagatik ere, eta ez da zalantzan jartzen. Datorren bezalaxe onartzen da. Datorrena onartzen da. Gizarteari hegazkineko koitaduei baino lasaigarri gehiago txertatu dizkiote, eta kostako da hori garbitzen. Eta etxe hori bada, baina ez etxe hori bakarrik. Estatua da. Estatua bera da inpunidadearen autobidea eraiki duena, eta trankil asko dabilena.
Baina Josu Jon Imaz ez da kalera manifestazio batera joango, datorren apirilaren lehenean, indarkeriaren amaiera eskatzen ez dutenekin. Normala. Konpainia berak hautatzen du. Auzitegi Nazionalaren desegitea, Alderdien legearen indargabetzea, sakabanaketaren amaiera... eskatzen ez dutenekin manifestazioetara joateko erreparo gutxiago jartzen du. Hori ere egia da.
(EA ere badago ekitaldia deitu dutenen artean, baina hala ere eskertzekoa izango litzateke jakitea Javier Balzaren soldatapekoek zer egingo duten. Egun hori Euskal Herriko zati batean, Frantziako estatuan dagoen horretan, txantxa-eguna izaten da, arrain-eguna, Hegoaldekoon inozente eguna. Eta badaezpada diot Balza jaunarena. Bere neska-mutilek ez diezaguten arrainik sar: "Lasai, ez da deus geratuko, baimenduta dago manifestazioa...").

2006-03-17

Literatura eta artea

Urtero egin ohi duen legez, kaleratu du Forbes aldizkariak munduko miliardunen zerrenda; hau da, mila milioi dolar dituztenena. Eta datu bat azpimarratu du: inoiz baino gehiago dira, ia 800 lagun. Euren aberastasunen baturak Alemaniako barne produktu gordinak baino gehixeago egiten du (Afrikarekin ez konparatzea hobe). Pornografiaz mintzo ginen orain ez asko. Bada horixe.

EAJk bere lerroetan poetarik izango balu, XX. mende hasieran bezala, gustura asko eskatuko nizkieke joan den asteburuko eta astean zeharreko gertakariei buruzko olerkijak. Joan den mende hasierako maneran eginak, gainera. Errimadunak, neurtuak, donoki, txaide, euzkel eta holako hitzez osatuak, -di atzizkiz ondutako berbekin egindakoak. Badakit zaila dela. EAJk ez dauzkalako poetak, eta gaur egun egunkarietan ez direlako olerkiak argitaratzen, bestelako agerkarietan ere ez, gizarte eta hedabideen bilakaerak horretara ekarri gaitu. Blogen batean egin beharko litzateke, baina nekez hitz neurtuz, XX. mende prosaiko honetan. Asteko kronikaren zeregin errimatu hori, izatekotan, bertsolariei utzi diegu, eta haiek ibiliko dira, seguru, astean zeharrekoak komentatzen asteburu honetan egindako saio edo afarietan. EAJk bertsolari gutxi dauzkala, hori ere egia da, gazteen artean behintzat. Ibiltzen direnen artean, alegia.
Hau zergatik den ala, EAJren olerki-frontea zer dela eta dabilen hain ahul, beste batean aztertzekoa da. Baina aztertzekoa da. Gaurkoan zuzenean poema nahiko nuke. Ertzaintzari egindakoa. Jakin nahiko nuke gaiari nondik helduko liokeen. Olerkariak. Ertzainak olerkariari nondik helduko liokeen bai baitakit, ikusi baitut: lepotik, paparretik... ahal duen lekutik heldu eta, dale, legea bere osotasunean betearazi arte. Sekula pentsatuko Legeak halako lagun zintzo eta leialak topatuko zituenik parajeotan.
Uniformean daramaten haritz-hostoa izan zitekeen poetarentzat kantagai, ahapaldi pare baterako emango luke. Gernikan zutunik dagoen beste horren memoria ekarriz, noski. Niri, berriz, poeta kaxkarra izatea zer den, imitazioa bakarrik datorkit burura. Guardia Zibilaren aurka gure hitzez beharrean espainol baten ahotsaz mintzatu nahi dugunean Garcia Lorcaren Romance de la Guardi Civil ekartzen dugu gogora, oso tipikoa da. Tienen, por eso no lloran, / de plomo las calaveras. / Con el alma de charol / vienen por la carretera. Hortik joko nuke neuk ere: Besagainetan daramate, ikurra, / harro ageri da haritzaren hostoa;/ ekai horretakoa dute, halaber, gogoa,/ Gorputz eta arima banatzen dute, egurra.
Ez da ustekabea, dena den. Polizia integrala da Ertzaintza, maiz esan izan zaigu, eta polizia den neurrian poliziak egiten duena egiten du. Gertatzen da atentzioa ematen duela Martxoak 3 gogoratzeko manifestazioari edo une horretan geldirik eta bakean zeuden Santurtziko manifestariei agenteak nola oldartu zitzaizkien ikustea. Herrietako kroniketara joan gabe. Ez da samurra. Javier Balzak oso ondo azalduko du legea betetzea besterik ez dela izan egin dutena, arrisku egoerak saihestu, kale-nahastaileen aurka egin, agente zaurituen partea ere jasoko dugu... Ederki, Balza jauna, baina zure agerraldian inoizko argibiderik argienak emanda ere, esplikaziorik liluragarrienak emanda ere, ikusitako irudien errainua ez duzu ezabatuko.

Ukabilkada

Auzitegi Nazionala eta bere bonba-autoak orriotara ekartzea ez da gogoko dudan malda, errepikatua delako, maiztuegia, gogaitu egiten du irakurlea, eta, batez ere, berriro ere auto horren biktimarik badagoela esan nahi duelako. Ezker Abertzaleko buruzagi zenbait deitu ditu Fernando Grande-Marlaskak, espetxeratze mehatxuekin deitu ere. Koxka bat gehiago estutu nahi du, ez dadila "euskal gatazka" gudu-zelaitik atera. Gudu-lekuan gura du, eta horretarako hartzen ditu neurriok. Garbi dago. PSOErena ez hain garbi. Berak kontrolatzen ez duen presiorik izan daitekeelako, eta egongo delako, baina berak kontrolatzen duenik ere bai. Baina nik benetan aditu nahiko nituzkeenak, beste horiek bazter utzita, gure ordezkari politikoak dira, Eusko Legebiltzarrekoez ari naiz, gehiengoa duten horiez. Adierazpen ozen eta gogorrak egiten. Madrilera joan behar dutenei laguntzen (joan behar dutenek nahi badute, behintzat). Mikroko deitoreaz gain zerbait egiten. Botere judizialaren independentzia hautsi eta presionatu nahi izatea egotziko diete, horixe bera. Zalaparta eta zalaparta baino gehiago egin dezatela adierazteko jarduera politikoa ez dela librea botere judizialak esku hartzen badu, eta horixe ari dela egiten nabarmen Auzitegi Nazionala, jarduera politikoa epaitu eta zigortzen. Ez dakit eurek horretaz pentsatuko zuten, baina nik uste zabaldua dela hainbatengan desioa, benetan diotsuet, buruzagi jeltzaleren bat espetxeratu dezaten, behingoagatik, ea benetan mugitzen hasten diren. Ez luke akaso deus konponduko, porrot handi baten hasiera esan nahi lezake beharbada. Baina ea behingoz etxe horretan baten batek ukabilarekin mahaian kolpe bat jotzen duten. Olerkiren bat merezi izateko, besterik ez bada ere.
(Baina bueno, jeltzaleen agindupeko neska-mutilek ukabilak dantzatzen dituzte, baina ez mahaien kontra).

Gure mapak

Poesiarekin, literaturarekin hasi eta artearekin amaitu nahi dut. Arte erakusketetan ikusten da halakorik, collage moduan batzuetan, margo bezala besteetan: mapak margotuta. Mapak hartu, mundukoak, hiri batekoak, metroarenak, eta haien gainean idatzi, margotu, itsatsi... Igandeetan kazeta honetan bertan estetika artikulu txit interesgarriak idazten dituen Xabier Gantzaraini ikusia diot halakorik, berak eginak. Ba denok egin beharko genuke. Maparik erosten dugunean —erosten (edo lapurtzen) baldin badugu behintzat—, enmarkatu eta bere horretan paretean zintzilikatu beharrean, liburuan bere horretan utzi beharrean, geure mapak egin beharko genituzke. Egileek gauza batzuk seinalatzen dizkigute, baina agian horiek ez daude gure geografian. Sbrenica, Mazar-i-Xarif, Manhattan, Goma, Guantanamo, Porto Alegre, Grozni, Soweto, Bhopal, Gaza, Aceh, Beslan, Darfur, Sarajevo, Sabra eta Xatila, Tinduf, Lacandona, Kigali, Malvinas, Halabja, Grenada, Davos, Melilla, Tiananmen... Nork berea egin beharko luke, tinta gorri edo urdinez azpimarratuz, izenak erantsiz, beste batzuk ezabatuz, zenbait letra txikiz, hainbat letra larriz. Hiriburuak emanak zaizkigu. Izenda ditzagun guk geronek hiri-bihotzak, hiri-gibelak, hiri-zakilak, hiri-aluak...

2006-03-14

Iratxoa paseoan

Miguel Sanz presidenteak esan du Nafarroan legea betearazten duela, konplitzen dela legea. Legea ez dakit, baina bere klasekoen nahiak konplitzen dira. Osasun sare publikoko erietxeetan abortorik egiten ez bada ez dela legea betetzen ez delako, medikuen kontzientzi eragozpenerako eskubidea egikaritzen delako baizik. Nafarroa osoan inork ez duelako abortorik egin nahi. Medikuak eragozle? Ba ezar diezaietela Ordezko Zerbitzu Soziala. Bidal ditzatela pare bat urtez Afrikara. Medikuntza praktika egingo dute, eta etikan sakonduko.

Iratxo bat dabilela Europan idatzi zuen Marx zaharrak, umoristak ez besteak, Manifestu Komunistaren lehen hitzak dira, eta esaldia arrakastatsua egin da. Bere nagusiaren dotrina bera baino gehiago akaso, bai behintzat gurea bezalako komunismo eta lirikarako garai zail hauetan.
Esaldia titulu-makil oso baliagarria da, eta makina bat gairi aplika dakioke. Neuk ere baliatuko dut. Baina ez hegazti-gripeaz hitz egiteko, azken aldian hori baitu habia ohizkoena, beste hainbat gairi buruz baizik. Eta mundu osora zabalduta gure Europa kontinente zahar honetatik landa (Europa kontinente zaharra bada, Amerika kontinente berria izanik, Asia zer da, "tartekoa"? Zaharra baino zaharragoa? Zail du sailkapenean sartzen, besteak hartuta baitaude: berria, zaharra eta zerraldoa. Eta hori Afrika da, dudarik gabe. Eta Ozeania? Horiek munduaren beste aldean daude, buruz behera, ez dira istorio honetan kabitzen. Eta gainera, zer arraio, Australia eta inguruko irlak kontinentetzat hartu zituen konbentzioa arinkeria iruditzen zait. Madagaskarrek baditu hainbeste meritu).
Nire harrikada geopsikotikoak alde batera, George Bush, adibidez, munduan barrena dabilen iratxotzat har genezake. Bera edo CIAren hegaldi ez hain sekretuak. Tanto monta monta tanto. Iratxo arrakastatsua abenturazale texastarra, ezin uka doan tokira doala grinaz hartzen dutela herritarrek. Grina hori zuzenean azaldu eta erakusteko ez dutela aurrez aurre harrapatzen, lastima. 5.000 polizia jartzen dizkiete tartean grina urardotuta irits dakion.
Indian lortu du akordioa erabilera zibileko energia atomikoaz, noski erabilera militarraz ezer lortzeke. India laguna delako? Ezta pentsatu ere. Indiak arma nuklearrak dituelako, hain zuzen ere. Kasu honetan kontua ez da aliatua edo kontrarioa izan, armak eduki edo ez baizik. Pakistanera ere jo du. Laguna hau ere. Beharko laguna izan, dauzkan armak edukita.
Bidaia honek, presidentearen gehientsuenek bezala, agerian uzten du hipokrisia ez dabilela munduan barrena iratxo baten moduan. Hipokrisiak sustraiak ondo errotuta dauzka planetan, baita lurrik elkorrenean ere.
Eta nazioarteko politika lur emankor askoa du. Irani ezin zaio utzi energia nuklearra garatzen, demokratizatu gabeko fanatiko arriskutsuak direlako, eta Pakistani bai? Iruzurraren tamainaz ez ote dira ohartzen agintariok ziria sakatu nahi digutenean? galdetzen diogu geure buruari. Jakina ohartzen direla. Agintariak ez dira inozoak, denak ez behintzat. Asko, agintari izan aurretik, buru argidunak izango ziren, eta ezkertiarrak. Ohartzen dira iruzurraz baina eusten diote gezurrari, eusten diotenez, lortu duten tokian egoteari eutsiko badiote. Oreka kontua da dena. Politikagintza orekaren artea da —ez dakit norena izan daitekeen esaldia, baina inork erregistratu ez badu niretzat hartuko dut; ea egile-eskubideak pagatzen dizkidaten pirateriaren aurkako askatasun (eta batez ere jabego) intelektualaren zaldunek—. Oreka nork bere tokia gordetzeko, gauzak dauden horretan egoteko, oreka ordena ez desordenatzeko...
Arma nuklearren kontu honekin, hala ere, batzuetan nahasketarako aukera ere badago. Nazioarteko politikako auziak direla eta maiz gertatu ohi da. Iranek arma atomikoak edukitzeko daukan eskubidea (batzuek) defendatzen dugula ematen du, nahiz eta berez, (batzuok horiek) AEBek edo Europako ez dakit zein estatuk hori galarazteko eskubiderik ez daukatela den esaten duguna. Arma nuklearrak ez edukitzea da defenditzekoa. Ez Iranek ez AEBek. Arma horiek George Bushen eskuetan ez ditut nahi, baina ezta Mahmud Ahmadinejaden eskuetan ere. Horiek ere ez ditugu konpai. Nik ez dut gogoko apaizek gidatu eta begiratutako erregimen bat. Ez Iranen, ez Washingtonen eta ezta Palestinan ere.
Munduan sustraiak botatzen ari den beste iratxo batera baikaramatza horrek. Alienaziora. Jatorrian hartu dugun hark, Marx zaharrak, erakutsitako batera. Gatazka erlijiosoekin gabiltza han eta hemen, Indian ere asteon fede diferenteko fededunak elkar hiltzen. Iraken triskantza izugarriak arrazoi berbera tarteko. Fedea. Erlijioa. Jainkoa. Aberria. Sinesmenaren lainoak gero eta lur handiagoak irabaziak ditu. XX. mendean zehar lapurtu genizkionak ere bai. Ustiatuak eta ustiatzaileak. Hura bereizketa ona zen, sinesmenaren janzkiak kenduta. Ea horranzko bidea topatzen asmatzen dugun (nahiz eta guk zaila izan, bizi garen bezala bizi izanda, eta bizi-mailaz ari naiz, identitatearen ingurukoak dira kezkak ustiaketaren ingurukoa sinesmena ez baina ahanzturaren lainotan utzita).
Ustiaketak, botereduna eta boteregabearen arteko muga-lerro horrek, badu aldagai berezi bat. Sexu artekoa. Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak ohartarazi du arazoa egiturazkoa bilakatzen ari dela Afrikan. Sexu erasoak, emakumezkoak biktima dituenak, eguneroko ogi bilakatu omen dira, adibidez, errefuxiatu kanpamentuetan. Gurean progresoak kopuruak jaitsiko zituen, baina izaera ez.

Aste beltza

Zapalduetan zapalduak, hala ere, presoak dira. Konstituzioek eta Giza Eskubideen Adierazpenak berdintasunaren alde egiten dituzten aldarrikapenak fintxoen hortxe beteko dira, espetxean. Bere baitan hartzen dituen denak egurtzen baititu, sexu, erlijio eta arraza bereizketarik egin gabe —jakina hor ere bereziketak daudela, okerragoa dela beltza eta emakumezkoa izatea, baina hori gizarteari dagokio—.
Kartzelak hil egiten du. Bizirik uzten dituen asko ere erdi hilda uzten ditu. Eta kartzeletako erregimen bereziek, horiek bereziki hiltzen dute. Hiltzeko bereziki diseinatuak daudelako. Sakabanaketa bat da, eta horri eransten zaizkio bakartzea, jipoiak, jazarpenak, zigorrak... Astea Igor Anguloren heriotzarekin ireki genuen eta Roberto Sainzenarekin itxi. "Hilbeltza" izeneko dokumentala egiteko ez dago 25 urte atzera egin beharrik. Aste beltza hauxe izan dugu.
Espetxeetako sistema zorrotzen ondorioa —eta beraz xedea— presoa akabatzea dela agerikoa da, eta baratze orotako fruitu. Asteazkenean zendu zen Joëlle Aubron, Action Direct-eko kide izana. ADko Laurak deitzen zitzaienetako kide bat. 46 urte zituen, eta espetxea duela bi urte uzten utzi zioten gaitz larri sendaezina zuelako. Bere hiru kideak, Ménigon, Rouillan eta Cipriani 20. urtea betetzera doaz burdinetan. Bi oso gaixo daude. Action Direct taldea desegin zen. Eta bere kideak ere suntsitu dituzte.
Batzuetan ondo ulertzen da una paz con vencedores nahi dutenek zer esan gura duten.

2006-03-03

Berrikuspenak

Historiako gertakizun batzuk berraztertu egin behar dira, berrikusi. Beste batzuk ez. Kasu batzuetan gaia ez da ukitu behar, lurra ez da irauli behar. Adiskidetzea eta errespetua dira egokiak horrelakoetan. Hildakoak bakean utzi behar dira. Martxoaren 3a, Gasteizko gertakariak, izan daiteke adibidea. Bada hara, kasu honetan bat etor naiteke. Hildakoak bakean utzi behar direla, alegia. Biziak zaizkit kasu honetan interesgarriak. Bizirik dauden batzuk dira "irauli" beharrekoak. Hil daitezen baino lehen.

Errebisionismo kontzeptua batik bat marxismoaren baitan erabili izan da, garai bateko oinarri eta printzipioen irakurketa berri eta alderdikoi batetaz mintzo. Baina Marx zaharra bakean utziko dut oraingoz, eta historiaren berrirakurketei buruz hitz egin. Aipatu izan dut aspaldian entzundako esaldirik onentsuenetako bat zera dela, Euskal Herriaren iragana "imprevisible" dela dioena. Ezin biribilagoa iruditzen zait duela mende batzuetako zimurretan arakatzen diharduten zenbaiten jardunari buruz. Jakina, historia beti berreraiki behar da, berrikusi, irabazleek idatzitakoa delako. Eta galtzaileek ere, idatzi izan dutenean, zama hori bizkar gainetik kendu ezinik idatzi dutelako. Dugulako. Arras gauza diferentea da, ordea, gertakari historikoen berreraikitzea. Euskal herritarroi iragan diferente bat ematen ari zaizkigu noiznahi; erresuma berri bat ez, baina konkista eta porrot eta aliantza eta lotura berriak asmatuko dizkigute. Asmatuko ditugula, alegia.
Gaur, hala ere, ez naiz gure historiaren errebisioaz mintzatuko. Guk egindakoaz, alegia. Gaitz hau ere hedatuxe baitago —ez dakit pandemia izatera iritsi den—. Aste honetan jakin dugu historialari bat zigortu dutela Austrian holokaustoa izan zela ukatu zuelako. Ez zuen haren berri izan ikertzaile hitler-zale koitaduak, eta orain kartzela-zigorra hori Austrian delitua delako. Haraino joan gabe, Espainian eta Frantzian ere ez dira ibili tentaziotik aparte. Berraztertu baino isildu nahiago izan dute Errepublikan. Alemanekiko kolaborazioaren gaia ez da batere gustukoa izan, are gutxiago Aljeriako gerra. Gerraren protagonista izan ziren tortura eta antzeko elementuak bederen. Bataren zein bestearen urteurren seinalatuak bizi berri ditugu eta, bai noski, gaiak jalgi dira plazara, baina oraindik ere begi zeharka begiratzen zaie.
Espainian Errege Katolikoak edo Felipe II.a goratzen lasai ibili dira, iragan beltza
zuritzen, eta pixkanaka 36ko gerrara ere hurbiltzen ari dira antiojo berriak. Bi aldeetan izan zirela azioak, bi espainietan, familia guztietan daudela hildakoak... inkontziente kolektiboan txertatu nahi diren kontuak dira. Edo lotsarik gabe esaten, nik aste honetan irratiko tertulia batean entzun nuen bezala, gerraren errua sozialistena izan zela, eurek probokatu zutela —alderdi sozialistari egurra ematea zeregin hartua duen irrati batean— eta iritzilarietako inork erantzun ez.
1981eko otsailaren 23ko estatu kolpearekin ere ari dira, horrekin gosaldu, bazkaldu eta afaldu gara aste honetan. Aspaldidanik zabaldua da Juan Carlos Borboikoak zaputzarazi zuela altxamendua, hori ez da berria, baina pozoia odolean bezala segi eta segi ari dira informazioa barreiatzen, gaurkotzen, ondorio ezinbestekoa guztiok naturalki atera dezagun: monarkia ezinbestekoa eta eztabaidaezina da. Monarkiaren zilegiztatzea da, alegia, kontua. 25 urte barru dogma izango da monarkiak salbatu zuela demokrazia Espainian eta ahaztu per secula seculorum gainontzeko kontu guztiak: bere ondorengo nork izendatu zuen, errepublikaren aldarrikapena...
Niri, Espainiakoarekin, Euskal Herrikoarekin jazotzen zaidanaren kontrakoa gertatzen zait: bere iragana gero eta prebisibleagoa egiten ari zait.

Fusilak eta adarrak

Ez dira soilik historia edo ideia politikoen alorrean berrikusten printzipio eta erabakiak. Espainiako Auzitegi Gorenak ere berrikusi berri du kartzelako onurak eta zigor legeak ezartzeko bere iritzia. Ustekabekoa ez da izan, hala ere. Jasser Arafatengatik esaten zen esku batean arma eta bestean bakearen sinbolo olibondo-adarra ibiltzen zituela. Eta ez dakit nik zer maltzurkeria egotzi nahi ote zioten. Izan ere, hori zen azken batean bere lana. Negoziatzea. Eta horretan diharduten orok ibiltzen dituzte batera makila eta bostekoa. Espainiako Gobernua ez da diferentea, olibondo-adarra erakutsi ez erakutsi, oratu ote dion hortxe ari da, bien bitartean fusilaren kargazoia etengabe berrituz. Segurtasun indarrak eta auzitegiak katuari sakatzen dauzka. Gobernuaren jarduera negoziatzailea aldez aurretik oztopatu nahi duten sektoreak badaude, bistakoa da, PSOEtik kanpora. Baina gobernuak ere, nahi izan balu, balaztari eragin ziezaiokeen hainbat gaitan. Eta ez du egin. Olibondo-adarraren osagarri baliatzen ditu. Arazoa da, noski, arerioak bake asmoak usaindu ere ez eta egurra bakarrik ikusten badu, azkenean pikutara bidaltzen duela negoziazioa.
ETAkoak ere, bistan da, eskupeta askatu gabe dabiltza. Perdigoiarekin ari dira, ez postaz, baina ari dira. Barrenetxea eta konpainiari galdetu besterik ez dago —gogorra langileen ordezkarien idatzia, ala?—. Edo azken dantzaleku birrinduaren jabeei. Batez ere, batzuek plazaratu duten bezala, jomuga nahasi badute.
Berrikusi ez dakit baina etengabe berritzen den beste kontu bat etxebizitzen prezioa da. Etxea erosi nahian dabiltzanekin hitz egiteak, edo zuzenean etxe-dendetara jotzeak, burusoil soilenari ere ileak tentetzen dizkio. Eta etxean erosi nahian batzuk badabiltza. Askoz gehiago, esan gabe doa, etxea erosi ezinik. Horri konponbidea eman nahian, horretan hasteko asmoz, dator EAEko lurzoruaren legea. Alor horretan borrokan ari direnek kritikatu egin dute. Ez omen da nahikoa. Benetako neurriak, gauzak aldatzeko gutxienekoak, ez dakartza. Seguruenik sistemaren zimendu batzuk dardaraz jartzen hastetik bailetorke aldaketa hori, eta gobernua ez dago horretarako prest. Erraz antzemango diogu lege berri honen herrenari, baldin badakar. Bizpahiru urtean aise igarriko diogu legeak berrikuspena behar ote duen. Susmoa dut ezetz. Ez duela berrikuspena beharko, ordezkoa baizik.

2006-03-02

Klasiko greziarrak

Mahomarena izango da, datozen inauterietan, mozorrorik arrakastatsuenetako bat, pentsatzen dut. Adierazpen askatasunaren aldeko aldarritzat hartuko duenik ere seguru badagoela. Mairuz, beltzez, txinatarrez edo eskimalez mozorrotzea beti gustatu izan zaigu. Orain, gehiago. Nolakoa ote mendebaldar mozorroa: txispaz armaturik? sotana eta biblia ebanjelizatzaileaz? NBEren ebazpenez beteriko trajeduna? Aborigenek bezala jantzitako baina beti ere diferentea den internazionalista? Kazetari jantzia? Kezka horrez gain, inauterietarako Bolkestein mozorroa ere balia daiteke. Badakizue, morroi trajedun handi bat, torloju batzuk lokietan, jende normalak, langileak-eta, izutzen, bere etxera eraman eta erremediorik gabe liberalizatuko dituela mehatxu egiten.

Zalantza horixe da: zer iritsiko zaigun lehenago, ETAren su-etena edo hegazti gripea. Alde bietako zientzialariak horretan ari dira —neuretzat, behintzat, antzeko sinesgarritasunaz—, epemugak jarri nahian baina erabat ausartu gabe... Niri berdintsu zait, lehena seguru iritsiko bada behintzat. Eta "gelditzeko" etor dadila, aukeran. Ez baitakit euskara jatorra edo zuzena ote den "itxaropen faltsuak sortzea" esapidea, seguru ezetz, baina sustraiak egiteko ez du askorik beharko, erabilera maiztasunari erreparatuta behintzat. Dabiltzanek guk ez ditugun datuak izango dituzte, duda barik, baina berehalakotasun hori, ez dakit ba nik, kaputxadunen bonba-autoak eta togadunen bonba moduko autoak ikusita, apur bat gehiegizkoa ez ote den. Eta bestalde, pentsatzea su-etena heldu eta segidakoa ontzia haizalde bezala joango dela, aise, trabarik gabe... Ipar Irlandako Ostiral Santuko akordioak zenbat urte dira sinatu zirela? Juan Jose Ibarretxe ez zen artean lehendakari, eta zazpi urte bete ditu joan den udazkenean. Eta hara nola dabiltzan oraindik. Hori bai, oraingo honetan konponketarako bidea hartzen asmatzen ez badugu sasiartean ederki katramilatuko gara (balia dezadan aukera, galdetzeko, dagokionari, albistegietan auto bat "errepidetik atera dela" esaten digutenean, behin errepidetik atera bada, zergatik sortzen diren halako auto-ilarak?). Iradokizun bat, azkenik, su-etenaren ospakizun festak ez daitezela dantzaleku batean egin, sentsibilidadeak oraindik ere...
Bigarrena, gripea iristearena, aleka iristen bada behintzat nik arazorik ez, giro-sortzaile moduan, hedabideetako saltsa, dagoeneko ugaria dena, areago loditzeko. Oilaskoa edo ahatea saltsan. Lumadun hauetako batzuei burua moztu behar izateagatik ez dugu kalte handirik izango; lehen ere hegan iristen den makina batek aukeratzen baitu, berunaren eraginez hori bai, lur hauetan lur hartzea. Hegazti askoren pausaleku da gure Euskal Herria, nahiz eta gure hezeguneak bainoago gure zeramika eta gure gastronomiarako maisutasun paregabea ezagutzen dituzten.
Onena, hala ere, pandemia hitzarena da, kukuak bezala medioetako habiak nola okupatu dituen. Hitzetik hortzera dabilkigu, izango dela eta ez dela, eta Woody Allenen maneran teatro greziar klasiko bateko pertsonaia bihurtzea otu zait, Diabetes eta Kolesterolen obralagun. Tragedia izango litzateke noski. Gehienok seguruenik ikusle, baina batzuek sufrituko lukete. Hegazti-hazleek badute bai kezkatzeko motiborik. Lehen ere ganaduzale mordo batek akabatu behar izan zituen aziendak behiak erotzen hasi zirelako. Orain oilaskoak dira mukitzen ari direnak eta horiek ere sakrifizioaren sua ezagutzea ez dute oso urruti edukiko. Tragedia horretan pertsonaia humanorik ezartzekotan, dudarik ez dut, Psicosis edo Neurosis izena eman beharko nioke. Eta zientzia alorreko titulu bat.
Zientzia alorrekoak edo letren alorrekoak, titulazioak ez baitu deus ere bermatzen. Ergelkeriak esatetik ez dela inor libro, ez behintzat tituluagatik. Valentzian ere katedradun bat ibili da emakumeen aurkako indarkeria esplikatzen, normala dela argudiatzen (probokazioa, gizona indartsuagoa...). Anekdota da, ez dugu horrekin herri-auzi bat abiatu behar. Izan ere, jende askok esan eta pentsatzen ditu ergelkeria izugarriak, titulua izanda ere: irrati-telebistetako tertulietan nabigatu bertzerik ez da.

Komedia eta komeria

Greziar estilorako tragedia baten oinarriak jarri ditugu lehentxeago, baina komedia baterako osagaiak ere ez zaizkigu falta. Izena ere greziarra luke, Demokrazia (edo ederra sakatu diegu!). Eszenatokia: Haiti, baina munduko edozein bazter sinbolizatzen du. Akzio nagusia: botoak zaborretan. Metafora indartsuagorik nekez aurkituko da. Hauteskunde libreak eta demokraziak esportatzen gabiltza panazea moduan, baina CNNren kameren fokuak itzaltzean benetako argazkiak iristen zaizkigu: botoak zakarrontzietan. NBEk munduan zehar dituenei misioak deitzen diegu. Behiala bezala mundura berri ona zabaltzen jarraitzen dugulako; izenak ongi ematen die. Gero kexu izango gara batzuetan pertza batean sartu eta orduan abitudunak bezala egosten bagaituzte edo belarritik belarrira irribarre gorria zabaltzen.
Eta gainera, kontuan izan behar dugu Haitirekiko ez digula balio Afrika edo herrialde arabiarrekiko erabili ohi den argudioa, alegia haiek Frantses Iraultza egin gabeak direla eta antzinarotik moderniarako trantsizioa ondo egin gabe daudela, eliza eta estatua bereizi gabe, botere banaketa barik, giza eskubideen alorrean eskas... Nik uste askotan iraultza kubatar erakoa beharko luketela lehen-lehenik, baina tira, lehengora itzuliz, gogorarazi beharra dago Haitira eta inguruetara berehala zabaldu zela la revolution. Akaso izango da esklabo beltzen ondorengo diren horiek ez direla gauza hori ondo barneratu eta sistema horretan aurrera egiteko. Badakizue, beltzak eta jopuen seme-alaba izanik... aise topatuko dugu hori formulatu eta zientzifikoki frogatuko duen katedradunik!
Bide batez: aste honetan berriro ere argitaratu diren karikaturak, Abu Graibekoak, horiek birao ote dira? Ez dakit birao, baina joan den astean amaieran esan nuena berriro ekarriz, hori bai dela pornografia!, arimarena.
(Bihar hiru urte Egunkaria itxi zutela; eta Espainiako Guardia Zibilaren egoitza ez da Abu Graib. CNNrentzat, esan nahi dut.)

<< Aurreko orrialdea :: Hurrengo orrialdea >>

Kornerra

Korner honetatik, hitzak "botaz" baina ez "erdiratuz", ertzak aurkitzen ahaleginduko naiz. Erdigune guztiek badutelako beren ertza, beren bazterra, beren kornerra. Esaerak dioen bezala: ondo esanak barkatu eta gaizki esandakoak kontuan hartu.

< Aurrekoak | Hurrengoak >

Uztaila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30 31        

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!