Berria.infoko blog komunitatea

Login

Kornerra

Mikel Elorzaren izkinako bazterra

Atala: Gaur lan

2006-01-03

Permalink Gaur lan, 280 hitz  

Diruarena bai

Inbertsioen eta gastuen gainean jardun nuen azkenekoan. Administrazioak dirua mugitzeko duen beste era bati buruz mintzatuko naiz orain. Subentzio eta promozio alorra deituko diogu, eufemismoa dela jakitun. Administrazioak diruak nola banatzen dituen, zertan inbertitzen dituen beti da eztabaidagarri. Euskara sustatzen hainbeste diru alferrik "botatzea" makina bati horixe irudituko zaio, botatzea. Erokeria. Krimena ere bai (neuri ere bai batzuetan, erokeria esan nahi dut, Bertendonako eskolan itxitako irakasle horiena etsenplua da). Kultur subentzioak ere edonork kritika litzake, zer kritikatu asko baitago.
Irizpideak zalantzan jartzea, deitoratzea, txalotzea. Hala behar du. Horiei buruz jardun behar dute "gure" ordezkariek. Pentsatu nahi dut horretarako daudela, horretan datzala res publica-ren administrazioa. Are gehiago: beharrezkoa litzateke diru-laguntzen inguruko eztabaida serioa. Kontzeptuala. Politikoa. Beharrezkoak dira diru-laguntzak? Zer da lagundu beharrekoa?
Eremu honetako azken egunotako notizietako batek ekarri nau joko-zelai honetara.
Nahiz eta teknikoki ez den, lapurreta hitza etorri zitzaidan niri burura. Hala sentitzen naiz ni, bederen, irakurtzen dudalarik Gipuzkoako Foru Aldundiak Errealari, futbol taldeari, 6 milioi euro emango dizkiola publizitate truke. Odola irakiten jarri zidan albisteak, lehenago Athletici Eusko Jaurlaritzak eman zizkionean bezalaxe. Edo Alavesi. Hau ez baita nork nori jokatzen. Kasu honetan "zer" da inporta duena.
Ni diru xahutze horrek sutzen nau. Dirua hain errax xahutzeak, eta horren inguruan sortzen den adostasunak. Kirolarekin eta beren soldatak igotzearekin, horretan ibiltzen dira problemarik gabe konstituzionalistak, nazionalista etnizistak, nazionalista erregionalistak, nazionalista ez-nazionalistak... –ista guztiak (ia guztiak, egia esanda). "Gipuzkoarena" izenekoa ia sartu ziguten, izugarrizko espekulazio-operazioa guztion ondarearekin gutxi batzuen gizenerako. Gipuzkoarena ez baina diruarena bai. Guztion patriketatik ateratako 6 milioi euro milaka eurotako soldatak dauzkaten ostikolariei pagatu ahal izateko. Bai, badakit: horren bitartez "Gipuzkoa"ren sustapen eta munduratzea erdiestekotan. Oso ondo. "Fidelissima Bardulia, nunquam superata" leloa ere jar dezatela, kirolerako txit egokia da.

2005-12-29

Permalink Gaur lan, 385 hitz  

Inbertsioak

Pasaiaren kanpoaldeko portuaren aldekoek, ziklo konbinatuko zentralerako proiektua aurkeztean, harribitxi hainbat utzi dizkigute. Diskurtsoa formak osatua bakarrik ez dela egiaztatzen dutenak, postmodernismoak gorabehera. Kritiko ageri zen zentralen aurka daudenekin Gipuzkoako Merkataritza Ganbarako burua, eta baliatzen zuen argudio handienetakoa zen halako bat Bilbon egin denean kexurik ez dela izan. Zalapartarik ezetz. Bilbon ez eta Pasaian bai? Protestalarien zurikeria azaltzen omen du horrek. Nire "aurka" zoritxarrez epaitegiek makina bat aldiz erabilitako argumentua eskainiko diot, debalde –eta ez milioika euro gastatuz, eurek proiektua duten bakoitzean bezala--: beste baten delitua ez zigortu izanak ez du zurea zuritzeko balio. Aldameneko autoa espaloi gainean egoteak ez du balio zuri horrexegatik jarritako multa kentzeko argudiotzat. Ezin daiteke berdintasuna aldarrikatu urraketa justifikatzeko. Eta ziklo konbinatuko zentrala egitearen kontra dagoenak motiboak baldin badauzka, hori ez du baliogabetzen Bilbon halakoaren aurka ez protestatu izanak.
Beste kontu bat: ezin da, ene uste apalean, aldeko argudio bezala aurkeztu zentralak 65 lanpostu sortuko dituela. Lemoizek gehiago, seguru. Txernobil ere han inguruko enpresa fuerteenetako bat izango da. Kiotoko protokoloa egunero zartarazten duten enpresak ere lanpostu sortzaile finak dira. Eta gainera, zuen plazara sartuta: 65 lanpostu... bakarrik? Horrek ez du merezi, gizona. Hori azkar lortuko dugu beste era batera. Lanpostuen nolakoaz ez gaitezen mintza, noski.
Eta beste bat, Pasaiarako bezala beste hainbat gauzatarako balio duena. Hitzak guztiok erabil ditzakegu nahierara. Ez aholkatu jendeari erakundeetatik gabonetan gehiegi ez gastatzeko, esan nahi dut. Aholkatu gehiegi ez "inbertitzeko". Izan ere, portuak eta zentralak eta halakoak egiten dituztenek "inbertsioak" egiten dituzte, positiboa, beti positiboa, eta bestea gastua da. Lekutan daude lehenago "inbertitutako" diru parrasta ederrak! Orion egin zituzten hiru barra koxkor, bere garaian, errekaren erdian, trabeska, hondo pixka bat lortzearren-edo, ontzien sartu-irtenak errazte aldera. Mila milioi pezeta, ordukoak, oker ez banago. Errekara botatakoak, ezin zuzenago esan. Handik gutxira portua handitu eta kanpoan egin zuten barra, lehentxeago egindako barratxo haiek alferrikako utziz. Orain estali egin dute eremu hura, hiru barrak, edukiko dute pabilioiren bat egiteko asmoa edo batek daki… Holakoak zenbat? Zenbat triskantza debalde? Eta hala ere segiko dute jeltzaleek eta euren lagun porlangileek autobide, tren handi eta azkar, portu eta antzekoen premiak eta beharrak esplikatzen: XXI. mendearen trena hartu behar dugula, atzean geratuko garela, inbertsio beharrezkoak direla... Bilbon auto-erakustaldi zalapartatsua ere ezin hobea zen udan –turismoan, irudian, alboko industrian zeharbidez...--, eta udazkenerako jausi zaizkio errentagarritasunaren hostoak. Hor joan diren milioiak ere inbertsio izango ziren, bai horixe.

2005-12-27

Permalink Gaur lan, 221 hitz  

Olentzeroren erreskatea?

Lagun batekin komentatu nuen joera berriak, Rodriguez Zapaterok zekartzanak, errotu nahian dabiltzala. Espainia "nazioen nazio" den kontu hori-eta. Joan den astean, Espainiako telebista publikoko albistegi nagusian, erreportaiatxoa –luzea albistegia izateko—Olentzerori buruz. Ohitura zertan den, euskal mitologiatik hartua dela... tonu erabat atseginean. Espainiaren aberastasunaz aritzeko tonuan, alegia.
Eta bistan da eragina izan zuela erreportaiak, ez bakarrik laguna eta biongan, beste batzuengan ere bai. Guztiz hunkiturik, Areso inguruko guardiazibilek ezin izan diote eutsi, nonbait, herri honetan izan diren froga bat hartzeko tentazioari, eta herriko plazako Olentzero ebatsi zuten lehengoan. "Con premeditación, nocturnidad y alevosía" esan genezake, azken hori zer ote den ez jakinda ere, ondo ematen duelako susmoan. Bistan da gure herriak zenbait "picolo"rengan utzitako arrastoa ez dela ezabatzen erraxa, eta beren herrirat eroan nahi izan dute "una prueba viviente".
Hori... edo bestela entrenatzeko nahiko dute. Erreskatea eskatuko dute bahituagatik COPEra bidalitako bideoren batean? Txapela Aita Santuari igorriko diote bere bilduman beste bat izan dezan? Ez ahal da behintzat Leitzaran edo Bidasoan azalduko, mendiko bere ikazkin-txondorra agenteei erakustera zihoala ihesi eta jauzi eginda! Gure umeak asko penatuko lirateke Olentzero ito dela jakinez gero.
Bestalde, eskatuko zaio Guardia Zibilaren buruzagitzari barkamen-agiri ofizialik, basora bidaltzeko? Hurrengo Zutabe-an, ofentsa nazionalarekiko erreakzioz, Errege Magoak boikoteatzeko deirik egingo da?
Unai Iturriagari (Olentzero eta subilaren lapurreta filmaren gidoigilea) lana asko erraztu diote hurrengo urterako, alajaina!

2005-12-20

Permalink Gaur lan, 211 hitz  

Ezin lasaitu, bada

Boterean daudenen eta herritarren artean zulo izugarria eraikitzen joaten dela gauza begi-bistakoa da (kontuan izango ahal duk, Morales jauna!). Zulo hori inkomunikazio erabatekora iristeraino ia. Alegia, agintariak nahi duena esaten du, herritarrek zer entzun nahi duten berdin-berdin zaiola. Bere burua entzutearekin nahikoa du.
Gogoeta orokorra Ariel Sharonek izandako txakalaldiaren ondorengoa izan da. Inkomunikazioa baino detaile koxkorra da dakardana, seguruenik errealitatearekin baino nire animoarekin zer ikusi handiagoa duena. Esan nahi dut ez dakidala Sharon herritarrengandik urruti dagoen, bere esanak eta herriarenak, baina ni bere azken esanak hala harrapatu nau, esandakoaren beste aldean. Kontua da telebista edo irratian entzun nuela Israelgo lehen ministroak, ospitaleko estreinako gauaren ondoren, telefonoz hitz egin zuela kazetariekin, eta esan ziela "lasai egoteko, ondo zegoela eta laster zela berriro plazan". Jainko maitea! Jehova gurea! Ala handia! "Lasai egoteko, laster dela bueltan". Horrexek des-lasaitzen gaitu erabat, arraioa. Buruko isuriak ez diola erretreta ekarriko eta beraz berau besteei buruko isuri behin-betikoak eragiten jarraitzeko moduan izango dela. Hori bai dela dardararazlea.
(Lasaitasuna, hala ere, ez bueltatuta ere ez genukeen erdietsiko. Tira, guk bai, hango gutarrez ari naiz. Bera KO izan den bitartean Ehud Olmert izan da bere tokia hartu duena. Oker ez banago Jerusalemgo alkate zen Imanol Murua Uriak Palestina zauritua libururako elkarrizketa egin zionean. Jerusaemen berenganatzearen diseinatzailea. Birigarro galanta hau ere)

2005-12-14

Permalink Gaur lan, 297 hitz  

Txapelak eta belarritakoak

Zortzi bertsolariak, zortzi finalistak posean, Bertsolaritzaren Exhibition Center horretan bertan, ring-aren izerdia sentitzen hasteko legez, argazki interesgarria zen joan den astearteko Berria-koa. Beste txapelketa batzuen karietara edo bestelako bilkura batzuk medio egindako bertsolarien argazkiak ekarri zizkidan akordura, orain dela 70 urtekoak eta horiek, eta dudarik ez gauzak aldatu direla. Asko aldatu; eta aldaketa txikiena finala Barakaldon egitea da.
Aldatu da arropa, noski, ez dira 70 urte alferrik joan. Sotanak ere desagertu dira oholtzatik (agerikoak behintzat, azalera itsatsita daramatenek, eta hainbat dira, ezin dute erantzi). Baina ez hori bakarrik. Garai bateko bertsolarien txapelak —janztekoak, ez norlehenkan irabazitakoak— desagertu dira, eta Andoni Egañarena izan ezik —buruaz gain ideiak ere bero mantentzeko, ihes egin ez diezaioten?—, hutsik ageri dira argazkian bertsolarien buruak. Ez belarriak. Belarritakoek ordezkatu dituzte txapelak?
Eta beste kontu bat: oraingo bertsolariak zein goapoak diren. Potolorik bat ere ez, iragarkiak egiteko modukoak dira. Garai batekoekin antzik ez (guk zaharrean ezagututako bertsolari batzuk, hala ere, gaztetan ikusgarriak izango ziren, eta dantzatuko zuten ezaugarri hori ere: Azpillaga…). Woody Allenen txiste zoragarri bat datorkit burura, parafraseatzeko, bertsolarien liraintasuna ikusita: "Hauek ez ditenk soberako kilorik, gantzak eta koipeak bertsoetan uzten dituztelako!" Gantza eleganteak, hori bai, hitz potolo eta luze eta kultuz osatuak bederatzi puntuko bertso txit puntuagarrietan.
Ez dakit zein ziren 30etako bertsolarien asmoak, baina oraingo zortziren adierazpenak irakurri eta inor ez omen doa irabaztera, denek dute beste helbururen bat iganderako: saio on bat egin, dibertitu, maila gainditu... Ze txapelketa klase da hau!? Horretarako halako zalaparta? Inoren asmotan ez dago irabaztea? Txapelik ez dezatela banatu orduan! Saio on bat egin dezatela, beren buruaz kontent gera daitezela, diberti daitezela piloa, baina puntuaziorik eta sailkapenik gabe. Denak txapeldun. Hau da, denak belarritakodun.
Hori bai saio handia.
(36ko gerra aurretiko argazkitik apellido bat iguala da: Lujanbio. Ez dakit belarritakorik eraman ohi duen. Txapela jantzita ikusiko nuke.)

:: Hurrengo orrialdea >>

Kornerra

Korner honetatik, hitzak "botaz" baina ez "erdiratuz", ertzak aurkitzen ahaleginduko naiz. Erdigune guztiek badutelako beren ertza, beren bazterra, beren kornerra. Esaerak dioen bezala: ondo esanak barkatu eta gaizki esandakoak kontuan hartu.

| Hurrengoak >

Uztaila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30 31        

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!