Berria.infoko blog komunitatea

Login

Kornerra

Mikel Elorzaren izkinako bazterra

Mezua: Dirua aberri

2006-04-28

Dirua aberri

Espainiako Kanpo Arazoetako ministroaren hitz argigarriak Palestinako Gobernuari Europako Batasunak ematen dion diru-laguntzari buruz, indarkeria ez duela gaitzesten eta kontu honetan: "La situación es complicada, pero en cualquier caso lo que no se podía hacer era mantener las ayudas a Hamás y mantener a esta organización en la lista de asociaciones terroristas". Imajina dezakezue zein izan den hartu den erabakia, ezta?

Pintxoak, fresadorak eta mendizaleak esportatzeaz gain, orain su-etenen oihartzuna ere nazioartera iritsi da. Aita Santuarengana. Kofi Annanengana. Eta denak alde, su-etenaren alde. Konponbidearen alde. Larunbatean Bilbon manifestazioan zeudenak bezala. PP ez beste guztiak bezala. A, eta artikulu hauetan eta ingurukoetan nazkatzeraino aipatzen dugun Espainiako Auzitegi Nazional zoritxarreko hori ere zerrendatik ezabatu behar. Mapatik kendu ahal izanez gero, txarra ez. Badakit astero dakargula protagonista gisa, eta neroni ere konturatzen naiz gatazkaren alderdi judizialaren gaindosia eramaten dutela artikuluek, nireek eta beste askorenek, baina batzuetan zail da saihesten, paperetan letra larriz idatzita azaltzeko meritu handiak egiten baitituzte paraje haietako zenbait pajarok.
Longaina-aretoak bakean utzi, ordea, eta lan-jantzien eremura jo dezaket. Nafarroako hiriburura, hau da, Landabenera. Iruñea Erresuma Zaharreko hiriburua izango da akaso, baina Nafarroako kapitala, hitzaren esanahirik zabalenean, Landabenen dago, Volkswagenen. Artikulista kaxkar askok darabilgun idatz-makila da komentatzea Volkswagen hitzak zer esan nahi duen, herriaren autoa. Badakit. Ez dut nik, hala ere, esango esanahia bide bazterrean galdu duela. Jarraitzen du herriaren autoa izaten. Autoa akaso, enpresa ez. Enpresa herritar batzuena bakarrik da. Eta autoa, herriarena, pagatzen baldin badu. Eta ordainketa horri mozkin gero eta handiagoa ateratzeko autoak Landabenen egitea baino hobea izango da Errumanian egitea, edo Marokon, edo batek daki non, eta askoz merkeagoa ez baldin bada ere presio bezala balio dezake, mehatxu sozial bezala, Administrazioarekiko tratu zoragarriak lortzeko. Alegia, VW irabazten aterako dela fabrika atzerrira eramanda, eta baita eraman gabe ere. Autoa herriarena izaten jarraitzen du, herriaren diruarekin makina bat pagamendu egiten delako. Hori bai, ez dezagun ahaztu, atzerri hitza aurreko esaldian oso modu metaforikoan erabilita dagoela. VWk ez du atzerririk, ez baitu herririk. Dirua du aberria, eta oso abertzaleak dira.
Pentsatzekoa da, dena den, tipo honetako gatazkak aurrerago ere izango ditugula. Multinazionalek Euskal Herria hautatu izan badute merkea zelako izan da, ez besterik. Eta merkea izateari uzten ari gatzaizkionez, beste herri batzuk hautatuko dituzte. Kanpaia Itoitzen jotzea bezalakoa da, badakit, baina errepikatu beharra dago iltzearen burua eredu ekonomikoetan dagoela. Hor da, izatekotan, kolpea eman beharko litzatekeen tokia. Baina, tamalez, gaur egun mailua erabiltzen zenbatek dakien; ordenadorea eta segapotoa eta MP3a bai, baina mailua...
ETAk, dena den, oraindik ere Gora Euskal Herria Sozialista darabil lelo moduan bere sinaduretan, eta beraz hori ere konpongai izango du (nahiz eta horren aztarrenik agirietan topatzeko arkeologia egin beharko litzatekeen). Tira, ETAk ez dakit, baina Kursaalen gaur egin nahi zen aurkezpeneko proiektuak Ezkerretik darama tituluko lehen hitz moduan, eta pentsatzekoa da tituluan bakarrik ez dela izango. Aipatuko ez dudan Espainiako organo horrek Batasunari aurkezpena egiten utz diezaion zain egongo gara tintarenaz gain gorria proposamenak zer ekar dezakeen ikusteko.

Gose greba

Deslokalizazioena ez da gure herriko euria. Parisen UDFko diputatu den Jean Lasalle, Biarnoko hautetsia, gose greba egiten ari da duela bi hilabete bere hautes-barrutian, Aspeko bailaran, Toyal multinazional japoniarrak lantegia kendu nahi duelako. Enpresaren leku-aldatze erabakia, oraingoz, etenda dago, baina Lasallek egoskor segitzen du, Parisko Asanbleako Quatre Colonnes aretoan. Asanbleako lehendakariak espreski eskatu dio aste honetan ospitalean osasun azterketa serioa egin dezan, eta badira pare bat aste hainbat ministro kezkatuta ageri direna, berarekin hizketan... Tinko segitzen du errugbilari ohiak, essai-a lortu arte irmo. Asanblea Nazionalean eta UDFko diputatua, ez da iazko haizea.
Badakit imajinazio ariketa erraldoia eskatuko dizuedana, baina irudika dezakezue Del Burgo jauna Espainiako Gorteetako areto nobleren batean metal-ur botilak lagunduta Nafarroa Volkswagen da oihukatzen? Ederra litzateke, benetan ederra, Espainiako Parlamentuan denbora gehien daraman legebiltzarkidearen ibilbide politikorako ezin hobetuzko kolofoia.
Frantzian medioetan aste batzuk badaramatza ere, Lasalleren grebaren notizia gurean ez da asko zabaldu, dakizuenez Biarno Marbella baino askoz ere urrunago baitago —eta gainera gutarrez mukuru izaten diren Biarnoko eski estazioetan ez dute egunkaririk saltzen—.

Soslaiak

Hauteskundeak gaur Perun Alejandro Toledoren ondorengoa aukeratzeko. Ollanta Humala da inkestetan tokirik onena duena, eta ikustekoa izango da irabaztea lortzen badu bigarren itzulira begira berari buruzko zer ez dugun irakurri beharko: populista, giza eskubideen urratzailea militar gisa errepresio lanetan izan zenean, anaiaren estatu-kolpe edo antzekoaren gomuta, aitaren sekta kutsuko dotrina nazionalista sutsua... Ollanta Humala markako arraina izango dela, horretan dudarik ez dut, eta ez naiz ni haren alde idazten hasiko. Halako bere soslaiak egingo dituzten hedabideetan, hala ere, eskertuko nuke antzeko analisi eta erradiografiak egitea beste hautagai batzuei buruz; Alan Garciari buruz, adibidez. Edo, zergatik ez, milaka kilometrora igandean hautagai ere den Silvio Berlusconiri buruz. Eta akaso irabazi egingo duela? A ze paraderoa.

Erantzunak:

Ez daude Erantzunak mezu honetan...

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Kornerra

Korner honetatik, hitzak "botaz" baina ez "erdiratuz", ertzak aurkitzen ahaleginduko naiz. Erdigune guztiek badutelako beren ertza, beren bazterra, beren kornerra. Esaerak dioen bezala: ondo esanak barkatu eta gaizki esandakoak kontuan hartu.

Uztaila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30 31        

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!