Berria.infoko blog komunitatea

Login

Kornerra

Mikel Elorzaren izkinako bazterra

Mezua: Lantegi ederra

2006-04-07

Lantegi ederra

Palestinar gaztearen azken ekintzaren narrazioa irakurri —kolonoz jantzita auto-stop egiten, autora sartu eta bonba lehertarazi— eta Paradise now filmeko irudiak datoz burura. Eta horrekin batera gatazkaren latzaren freskatzea. Hamaseko gobernuak justifikatu egin omen du atentatua, "erresistentzia ekintzatzat" joz. Horixe bera egiten du Israelgoak bereen atentatuekin. Erresistentzia eta defentsa eskubidea. Biak emanez, biak hartuz, hauek azkenean errazago erdietsiko dute akordioa. Ea paradise now gehiegi ez diren behar.

Lantegi ederra daukagu. Ekintza armatuen etenaldi garaian etenik ez duten kontuekin. Askori aditu eta irakurri diogu, azken hamar egunetan, soilik alde batek eten duela jarduera, beste aldean iskiluak pronto eta hatzak katuetan jarraitzen dutela. Hala da, hala denez. Inork ez zuen espero izango su-etena hasi eta biharamunean espetxeetako ateak irekitzea, baina halaxe izan da. Ireki dira... jende gehiago sartzeko barrura, tartean Arnaldo Otegi. Berriro diot, ez da kontua espetxeak egun batetik bestera hustu eta auzitegi nazionalak (hala Madrilen dagoena nola edozein herritako kalabozoetan daudenak) deuseztuko zirenik, baina aldaketa esanguratsu gutxienekorik ez egotea ere ez. ETAren pausoaren ostean gauzak aldatu egin behar dira. Derrigorrez. Eta oraingoz gauza batzuek lehengo ildotik segitzen dute. Batasunak adierazi du ez duela soilik Ezker Abertzaleak izan behar prozesuak aurrera egin dezan ardura. Arrazoi du. Berak tirako dio gurdiari, hala ematen du, interes benetakoa baitu tira egiteko eta erakutsi du azken aldian —batzuetan bakarrik-nahi izan den arren—. Baina besteek ere bultzatu behar diote orgari, ez da nahikoa gurpiletan makilak ez trabestearekin. Batzuk oraindik ez dira hasi.
Lantegi ederra daukagu. PPk ikusi du herenegun bitarteko jarrerarekin hauteskunde-zulora doala eta ziaboga egin du zalu, baina oraindik Zapatero hankekoaren erritmora osorik arraun egin gabe; eta bere kalera arrimatu nahian. Baina Espainiako Gobernuak gustura hartu ditu oposizioko nagusiaren jokaldia eta ibil gaitezen erne, Espainiako Kongresuak onetsi berri duen Kataluniako estatutuaren opila labetik atera berria daukagula. Gogora dezagun Kataluniatik zetorrena onartuko zela hitz eman ostean, Madrilgo Kongresuko labean ogi zuria sartu zela eta ogi beltza atera dutela.
Rodriguez Zapatero eta Raxoiren arteko bilkurak ikara ematen du, Itun Antiterrorista deritzona deitu dutelarik, itun horren ondorioak baitira, hain zuzen, azken urteetan nozitu behar izan ditugunak. Gizarte moduan. Izan ere, nahiz eta jasan, benetan, batzuek jasan dituzten zuzenean —lege aldaketen eta polizi-neurrien biktima zuzenak izan direnak—, gizartea, oro har, biktima izan da. Barrenera iragazi da itun horren ondorengo dotrina, habia egin du gizartean eta horiek kentzen lan gaitza izango dugu. Lan handia, baina premiazkoa, ekintza armatuen etena bezain garrantzitsua.
Aste honetan izan dugu adibide garbia, Arnaldo Otegiren kartzelatzearen inguruko aferarekin. "El imperio de la ley", justiziaren funtzionamendu normala, auzitegien jokabide independentea eta halako pellokeriak entzun ditugu, alde batetik, baina bestalde, gure lurraldeetan, malgutasun eskaerak, epaile eta auzitegiek egoera berria ulertzen asma dezatela... Auzitegi Nazionalak martxoaren 9ko greba deialdia zela-eta abian jarri duen auzia ez da el imperio de la ley, epaitegietako totalitarismoa baizik. Hor ez dago ez lege, ez justizia ez antzekorik. Ez dago malgutasunez har daitekeen neurririk. Neurrigabea da guztia. Otegi espetxera doan edo ez doan, fidantzak handiak diren edo ez diren kontuetan galtzea nahi dute, galarazi nahi gaituzte, eta ezkutatu benetan hor datzana: greba egun batean izan ziren istilu eta ekintzen ardura eman nahi izatea grebaren deialdia egin zutenei, edo deialdiari babesa adierazi ziotenei. Eta horretan oinarrituta buruzagi politikoak deklaratzera deitu eta espetxeratzea epaile batek. Hau da: hori egin ahal izatea. Hori normaltasunez gertatzen den estatu bat gerran ari da, dauzkan armekin, baina hala ere erabaki dezake ekintza armatuen etenaldia —oraingoz ez du egin, lehen esan dugu—. Baina hori normaltasunez onartzen duen gizarte bat, azkenean fidantzaren zenbatekoa komentatu eta bai noski gaitzestera mugatzen den gizarte bat gaixo dago, larri, eta sendabideak azkar eman behar zaizkio metastasiak gorputz osoa har dezan baino lehen. XX. mendeak baditu, hemen gure Europa zoragarri honetan, etsenpluak nahi adina.
Esan gabe doa epaileak hartutako neurrietan, ez hartutakoetan esan genezake, aldaketa sumatu eta hori positibotzat jotzen duenak, Eusko Jaurlaritzaz ari naiz, gaitza barreneraino sartua duela. Nola liteke halako adierazpenik? Poztekoa dela epailearen jarrera aldaketa? Kasu honetan, eta holako beste guztietan, aldaketa bakarra litzateke positiboa: auzi guzti hauek behin betiko ixtea.
EAJren noraeza, hala ere, handia da azken egunetan. Zapatuko Bilboko manifestazioan ez egotea kezkagarria da. Eta ez erabakia lehenik hartu zuenetik gaur egunera egon den aldaketa, su-etenarena, gauzak nabarmen aldarazi zituelako. Lehen ere kezkagarria zen. Su-etenak aitzakia ematen zien erabakia aldatzeko, lotsa galdu behar izan gabe, EGIk ere babesa eman zion manifestazioari, baina nagusiek ez zuten egin. Temoso. Eta okerragoa dena, ziniko. Josu Jon Imaz batasunerako deiak egiten ibili zen bezperatan. Ez dakit alderdi barruan Joseba Egibarrek eta Juan Jose Ibarretxek berak zenbaterainoko indarra izango duten, baina pixkat baldin badute astindu dezatela alderdia, premia badu eta. Zail izango da, dena den: jeltzaleen azken hogeita hamar urteetako ibilbidea ikusi besterik ez dago jokabide horrekin ez harritzeko.

Su-etenik ez

Etenik ez duen beste indarkeria baten inguruan jaso ditugu azken aldian berri batzuk. Etxebizitzen inguruan. Interes-tasak, etxebizitzen prezioen estatistikak... Hemen ere zipotza sartua digute barreneraino. Ez digute prezioen jaitsieraz hitz egiten, "moderatzeaz" baizik. Epe labur batean prezioen igoera ez dela motelduko, baina gerora seguruenera epelduko dela. Kopeta behar du. Eta egia esan, nik uste dagoeneko berdin diola. Igoera moteldu edo ez, esan nahi dut. Izan ere, gazte batek, edo bik, ezin dute etxe bat erosi. Hiru ere gaixki. Eta prezioaren igoera motelduta ere ezingo dute. Ezin du erosi gazte batek, baina ezta heldu gehienek ere eta are gutxiago zaharrek. Alderdiek, hauteskunde garaian, neurriak iragartzen dituzte, eta babes ofizialeko etxeen kontua astintzera mugatzen dira. Eta hori, gaur egun, loteria da, ez etxebizitza-politika: egokitzen zaienei 300.000 euroko loteria tokatu balitzaie bezala da, konpontzen ditu hamar arazo, baina Arazoa konpontzeko ez du balio. Alor honetan denbora daramagu amore ematen, eta ezin dugu su-etenik eskaini. Sua bizitu beharra dago.

Erantzunak:

Ez daude Erantzunak mezu honetan...

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Kornerra

Korner honetatik, hitzak "botaz" baina ez "erdiratuz", ertzak aurkitzen ahaleginduko naiz. Erdigune guztiek badutelako beren ertza, beren bazterra, beren kornerra. Esaerak dioen bezala: ondo esanak barkatu eta gaizki esandakoak kontuan hartu.

Uztaila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30 31        

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!