Berria.infoko blog komunitatea

Login

Kornerra

Mikel Elorzaren izkinako bazterra

Mezua: Prestakuntza tailerrak

2006-04-28

Prestakuntza tailerrak

Barre egin daiteke egunkaria irakurtzen. Nahiz eta negar ez egitearren izan, askotan. Giza-eskubideak errespetatu behar dituela esan omen dio George Bushek Txinako presidente Hu Jintaori. Pribatuan esan bazion, komikia etorri zitzaidan burura albistea leituta: George Bushek hori esan eta segidan Hu Jintao lurrean etzanda, zangoak zerurantz, urdailari helduz algarari ezin eutsiz. "Ezer barregarririk esan dut?" galdetzen zuen texastar harrituak (komikia nork marraztu ere etorri zitzaidan burura, gure kazetan bertan albisteez gain barrea eragiten diguten beste batzuk ere, primerakoak gainera, bai baitaude).

Azkenaldi honetan prestakuntza tailerra ematen du gure herri honek. Politikariek formazio ikastaroak eginak dituztela, langabetuek egin ohi dituzten bezala. Hilabeteak egin ditugu —eta egingo, itxuraz— Arotz Herrian, mahaigintzan. Eta oraindik ez dugu asmatu. Barakaldoko finalean hain arrakastatsua suertatu zen bertsoan, Andoni Egaña txapeldunak kantatutako hartan, IKEAn aulki asko eduki bai baina seguruenik bat faltako zutela entzun genuen. Ea, Andoni, hurrengo txapela janzterako, aulki eta mahai inportanteenak baditugula kantatzeko moduan hagoen. Herri hau konponbidean jar dezaketenak esertzeko horiek. Berdin zaigula, batzuei behintzat, behiak jezteko aulkirik ez daukan altzari-megadendan erositakoak baldin badira ere. Horri bertso ederra egingo hioke, hik eta oholtzakide izan hituen beste zazpiek ere.
Tailerrekin ari nintzen. Arotz lanekin segitu aurretik sukalde-lan handia egin beharra dagoela entzun dugu aste honetan. Gastronomia tailerra. Lehen ere sukalde lanean ibili omen dira batzuk eta besteak, Alec Reiden zereginak aztertzen ere badihardute, xef edo soilik sukalde-mutil izan ote den... Hor maisuak ez ditugu ments izango. Beste ezertan ez dugu jakingo baina sukaldean!, zein ongi jaten den herri honetan... Bakailaoa edo barazkiak maneatzeko dugun trebetasunaren laurdena izango balute politikariek di-da batean geneukake konponduta Arazoa. Eta ea Arazoa konpontzeko gai garen, besterik ez bada beste hainbat arazori heldu ahal izateko.
Interesgarria litzateke jakitea, dena den, arozgintzaren aurretik sukaldegintza eskatzen duen alderdi sozialistako kideek ba ote duten asmorik pausorik emateko bitarte horretan, edo postreetara arte zain egon behar dugun. Zeren eta zain egoteak, batzuei behintzat, karga handiak dakarzkie. Eta badaude sozialistek egin ditzaketen gauzak. Auzitegi Nazionalean epaile batek har dezakeen erabaki bat akaso ez dute kontrolpean izango, baina Guardia Zibila, han eta hemengo errepideetan (eta etxeetan, lantokietan...) lehen bezain libre eta beldurgarri dabilen hori, euren agindupean dago osorik, ezta? "Bai, noski" izango da, pentsatzen dut, agintedunen erantzuna. Eta nago ez ote den kezkagarriagoa. Ezezkoa balitz, hori litzateke konpontzeko lana: kate motzean lotzea gorputz armatua (edo longainaduna). Bestela...

Txosten ofizialak

Agoitz aldeko herritar zenbait entzun ditut aste honetan irratian, Itoizko urtegiaren inguruan gertatzen diren lurrikarez mintzo. Euren beldurrez mintzo, zehazkiago. Agintariek zer erantzuten dieten ere komentatu zuten, nola lehen ere lurrikarak izaten ziren eremu horietan, eta edonola ere ez dagoela arriskurik. Adituen txostenetan oinarrituta esaten dituzte, noski, kontuok. Ez dakit nik "ezker magal" zorionekoaren egonkortasuna zenbatekoa den, oinarri sendorik ba ote duen txosten ofizialen kontrakoa esaten duen adituaren txostenak. Baina, aste honetan halabeharrez, Txernobilen aldamenean bizi zirenekin akordatu naiz. Interesgarria litzateke jakitea hango herritarrei zer esan zieten agintariek zentralaren arriskuez, zer esaten zuten txosten ofizialek. Herritar asko akordatuko da, seguru. Beste mordo bat ez, ez da akordatuko. Hilda dagoelako. Bizi-bizia den min horrek eraman dituelako harrak gizentzera. Zenbat diren Txernobilgo zentralaren istripuaren ondorioz hildakoak oso zail da jakiten, hor ere zenbaki ofizial eta ez-ofizialak dauzkagulako. Eta aste honetan bertan txosten ofizialen sinesgarritasunari buruzko etsenplu paregabea eskaini zaigu. Greenpeacek eta beste erakunde batzuk kopuru altuak ematen dituzte, eta hori ukatzen zuen txostena erabiltzen zuten agintariek. Gutxi zirela hildakoak. Eta aste honetan jakinarazi da beste ikerketa bat, beste txosten bat, ofiziala hau ere, aurrekoa zuzenduz eta kopuruak gora igoz, petrolio upelaren prezioak nola.

Kobrantzak

Herriari itzuliko omen dio boterea Gyanendra Nepalgo erregeak. Eskuzabala, morroia. Baina azala ere ez du faltan. Izan ere, nik ez dakit zehazki "itzuli" hitza erabili duen erregeak —hala ekarri digute agentziek—, baina pentsatzekoa da baietz, errege batek esateko modukoa da. Ez dakidana da zer dela-eta pentsatu duen boterea noizbait herriak berari eman ziola. Nahiz eta errege-erreginen artean ohikoa den gaitza, hori pentsatzearena. Boterea herriari noiz lapurtu zion, bere familiak, jakin beharko litzateke. Gyanendrak, gainera, lotsa pixka bat izan beharko luke botere emate eta itzulketez hitz egiteko. Ez dezagun ahantzi 2001ean errege "bihurtu" zela bere anaia zaharragoak, eroaldi batean, erregea, erregina, beste anaien bat eta beste zenbait senide —bere burua ere bai— akabatu zituenean. Gyanendra erregetzarako pole position-ean triskantzaren ondoren eta horri esker jarri zela, alegia (eta anaiaren eroaldi eta azioaren atzean Gyanendra egon zitekeen... daturik ez dut baina halakoak aztertzeko orduan Senekaren galdera zaharra, cui prodest hura —norentzat da mesede—, aukerakoa iruditzen zait).
Aukera, benetakoa, izan zuten monarkia kentzeko 2001eko ekainean, eta ez zuten probestu. Damutuko zitzaien, baiki. Ea orain. Ez ditu herritarren arazoak konponduko, noski, baina arazo bat behintzat kendu ahalko dute bizkar gainetik.
Baina hori bai, errege jaunak boterea itzuli duela kontsideratzen badu, ez litzateke txarra herritarrek, errege-erreginak behin-betiko bota aurretik, aztertzea zein egoeratan itzuli dien boterea eta berak eduki duen bitartean zein erabilera eman dion, eta horren arabera kobrantza egin eta kalte-ordainak exigitzea. Eta kobrantzak ahalik eta zorrotzen egitea, botatako erregeek—bere kasa bakarra ere ez da joaten— urre gorrizkoak izaten baitituzte erbesteak. Erregeek, enperadoreek eta antzeko buruzagiek. Urre hori, jakina, beren kopetako izerdiarekin irabazia. Hala diote txosten ofizialek.

Erantzunak:

Bidaltzailea: patxi [Bisitaria] · http://patxitrapero.blogspot.com
Hire artikuluak, esandakoak, estiloa, idazkera... oso gustoko ditudala esatea merezitakoa dek, baina ederrago geratzen dek adibide batekin.

125 watioko bonbila soleraduna, duela hamabi bat urte ipinitakoa nere atarian, lehenengo pisuan. Hortxe, argi moxolo horren pean, klik, interruptorea sakatu, gaurko Berriako artikulua irakurtzen hasi, eta bukatu arte hortxe kieto.

Bizilaguna mirillatik begira bazegoan, esango zian, hau kaxkatuta zegok, baina hark ez baitzekik ze irakurtzen ari netuan.

Euskal-herrian asko irakurtzen dek bai, bazerek kalitate haundiko gauzak.

Permalink-a 2006-04-30 @ 10:56

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Kornerra

Korner honetatik, hitzak "botaz" baina ez "erdiratuz", ertzak aurkitzen ahaleginduko naiz. Erdigune guztiek badutelako beren ertza, beren bazterra, beren kornerra. Esaerak dioen bezala: ondo esanak barkatu eta gaizki esandakoak kontuan hartu.

Urria 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
  1 2 3 4 5 6
7 8 9 10 11 12 13
14 15 16 17 18 19 20
21 22 23 24 25 26 27
28 29 30 31      

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!