Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mahai jokoan

Imanol Murua Uria

Atala: "kontrakanpaina" atalean argitaratua

2009-02-16

Benidormeko eguzkia

Ez da broma Benidormekoa. Zortzi mila euskal herritarren bizilekua, eserleku batek alde batera edo bestera egitea erabaki dezakete hango botoemaileek. Ez da harritzekoa Patxi Lopez, Antonio Basagoiti eta Andoni Ortuzar haraino joatea kanpainaurrean. «Ibarretxe ere joango da, baina hauteskundeak pasatu eta gero». Beti dago inguruan adarjotzaileren bat. «Benidormera ez al dira, bada, erretiratuak joaten?».

Teoria bat dauka adiskideak. Hauteskundeak EAJk irabazi baina EA-EB-Arabar hirukotearekin ere gehiengo osora iristen ez bada, tratua PSE-EErekin egiten saiatuko da. Honaino, ezer berririk ez. Oso uste zabaldua. Baina aurrerago doa: PSE-EEk lehendakari jeltzale bati sostengua ematekotan, Ibarretxe ez izatea jarriko du baldintza. Oso orijinala ere ez da hau, Zapaterok nahiko garbi adierazi baitu hori eta, besteak beste, Otegik ere horixe bera aurreikusi du.

Baina gure laguna urrutirago joan da prospektiba lanean, Benidormeko eguzkiak burua berotuta, nonbait. EAJren zerrendak aztertu ditu, itzaleko hautagaiaren bila, lehendakari izateko legebiltzarkide izan beharra baitago. Eta, hara!, Bizkaian bigarren Ortuzar, alderdi jeltzaleko gaur egungo factotum nagusietakoa. Ez al da ordua, lehendakari nafarraren, gipuzkoarraren eta arabarren ondoren, behingoz lehendakari bizkaitarra izateko? Baina gure lagunak ez du etsi Ortuzarrekin, eta luparekin jarraitu du, hogeigarren lekuan, ezkutuan bezala, Jose Luis Bilbao topatu duen arte. Bizkaiko Foru Aldundiko diputatu nagusia, beste inork baino lehenago hiruko koalizioaren heriotza iragarri zuena, inor baino ozenago PSE-EErekin akordioa egitearen alde mintzatu dena.

EAJk Bizkaian hogei ez dituela aterako? Jakina. Baina hautagaitza zerrendan zenbagarren zegoela uste duzue Jose Antonio Ardanza, 1984an, lehendakari bukatu zuen legealdiko bozetan? Hemezortzigarren, Gipuzkoan. Orduko buletin ofizialean dago. Eta diputatu nagusia zen Ardanza ere, Gipuzkoan, Bilbao orain Bizkaian bezala. Federico Zabala parlamentariak dimititu, zerrendako ondorengo guztiek karguari uko egin, eta Ardanza parlamentari, Legebiltzarretik barrena Ajuria Enera iristeko.

Zenbat kalte egin duen Benidormeko eguzkiak...

2009-02-13

Basurdeak eta mufloiak

D3M eta Askatasunari buruz erabakirik ez du hartu Espainiako Auzitegi Konstituzionalak lerro hauek idazteko unean, baina, bitartean ustekabe handirik gertatzen ez baldin bada behintzat, bi hautagaitzak behin-betiko baliogabetuta izango dira lerro hauek irakurlearen begietara iristen direnerako. Usadioa da dagoeneko kanpaina hasiera klase hau. Badakigu botere exekutiboaren beso luzea noraino heltzen den, eta, Auzitegi Konstituzionalean epaile zorrotzenetan zorrotzenak daudela jakinda ere, jakina da sala hartan zer gertatuko den, zer gertatu den.

Baina, zalantza. Nola eragiten dute politikoek epaile txit agurgarri horiengan? Ezer esan beharrik gabe ulertzen dute ulertu beharrekoa? Inork telefonoz hots egiten diete? Loiolako prozesuaren garaian gertatua: Fernando Grande-Marlaska epailea ezker abertzaleko buruzagiekin behar baino estuago jokatuz prozesua bera arriskuan jartzen ari zela eta, fiskalburua ausartu da epailearen bulegoraino joaten, eta, hitz erdika, komeni ez dena egiten ari dela iradoki dio. Ostikoka ez omen zuen atera, baina ia, esku-hartze hori onartezina zela esanez. Iturri onetik.

Soka berekoen artean errazagoak dira kontuak. Eta basurdezaleak izanez gero, are errazagoak. Mariano Fernandez Bermejo ministroa eta Baltasar Garzon epailea Cabeza Prieta etxaldean basurdeak, oreinak eta mufloiak ehizatzen ibili diren bitartean, mokadua egiteko atsedena hartu dutenean ere Garzonek eskuartean dituen auziez hitzik ez dutela egin ziurtatu du ministroak; «pasaidak zahatoa» eta «mundiala txorizo hau» bai, baina PPko hainbat kide nahastuta dauden auziari buruz, hitzik ez. Ezta, noski, D3M eta Askatasunari buruz ere. Ez dakit zergatik ez diozuen sinesten.

Auskalo Auzitegi Konstituzionaleko lehen aretoko sei magistratuen artean zenbat ehiztari dauden, baina badakigu botak jantzita eta eskopeta hartuta Cabeza Prieta etxalderaino joan beharrik ez dutela izan, erabaki beharrekoa zer zen jakiteko. Eta lasai, ez hasi etxafuegoak botatzen Konstituzionaleko epaileen eskopetek ustekabeko lekura egin badute tiro. Hor dago Garzon, Berlangaren pelikula batean epaile independentearena oso ondo egingo lukeen pertsonaia, eskopeta karga-karga eginda.

<< Aurreko orrialdea ::

Mahai jokoan

Hemengo politikaren partida jarraituko dugu blog honetan, mus partida ikusleak nola: kartak erdi agerian dituztenei begia luzatuz eta kartak ezkutatzen dizkigutenen keinuak antzematen saiatuz. Eta inor azpijokoan sumatuz gero, esan egin beharko dugu.

< Aurrekoak |

Ekaina 2020
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30          

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!