Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mahai jokoan

Imanol Murua Uria

Mezua: Ekarri notarioa

2009-02-18

Ekarri notarioa

Gure izeko bat herriko mitin guztietara joan zen 1977ko hauteskundeetan, botoa zeini eman erabakitzeko. Eta ez ziren hiruzpalau mitin, orain bezala. Joan zen, entzun zuen eta erabaki zuen. Azkenean ESEIren eta ESBren artean dudan egon zela akordatzen da.

Joan ziren garai haiek. Orain, herrian mitina egiten dutenean, alderdikideak baino ez dira biltzen. Eta herrikoak aski ez direnez, inguruetako karguak eta afiliatuak etortzen dira, aretoa betetzera. Askok geneetan bezala daramate boto aukera, futbol taldearekiko leialtasunaren pare, eta botopapera aldatu gabe joango dira hilobira. Baina beste batzuek, balantza alde batera edo bestera eramango dutenek, azkenordura arte ez dute erabakiko. Ez dira, ordea, aukera egiteko mitinetara joango. Zaila baitago mitinetan -eta telebistan, YouTuben edo norbere blogean- egiten dituzten promesak sinesten.

Bejondeiola, horregatik, Javier Madrazori. Notarioaren aurrean sinatu du hogei hauteskunde promesa jasotzen dituen agiria. Badakizue, Madrazo berriro gobernuan sartzen bada eta, adibidez, notario aurrean agindu bezala 50.000 etxebizitza alokairu babestura bideratzen ez baditu, auzietara eraman ahal izango duzue. Notarioarena morrozoa ez bazen behintzat.

Ondo dago ideia. Hedabide handiek kazetari bana jarri diete, ohi bezala, hautagai bakoitzari edo alderdi bakoitzari, kanpainaren jarraipena egiteko. Ekitaldi guztietan daude, eta hautagaiek zer dioten apuntatzen dute, egunez egun, koadernoan. Ez da kontua kazetarioi lana kentzea, baina lan hori bera berriketariek beharrean notarioek egingo balute, asko irabaziko luke kanpainak. Hautagaiaren itzala bailitzan, notarioa beti hor. «Ez dut PSE-EErekin gobernu akordiorik egingo» esan badu urliak, notarioak apuntatu eta, ekitaldiaren bukaeran, hautagaiak sinatu. «Hiru ospitale eraikiko ditugu datozen lau urteotan». Oso ondo, baina sinatu hemen.

Ondo kobratzen dute notarioek, asko estudiatu behar izan zuten-eta lanpostua lortzeko. Baina mereziko luke gastuak. Kanpaina askoz ere eramangarriagoa izango litzateke. Hautagaiek, ez egin dudarik, askoz gutxiago hitz egingo lukete. Eta botoa nori eman erabaki ezinik daudenak, akaso, mitinez mitin denei entzun ondoren erabakiko lukete.

Erantzunak:

Bidaltzailea: xabat [Bisitaria]
nik ere ez dakit batere botorik eman ala etxetik honako idazkidun orri zuria eraman botokutxara: 'Imanol Murua Uria for president'

engantxatu nauzu berriro zure itzuleran

eskerrik asko
Permalink-a 2009-02-21 @ 18:04
Bidaltzailea: Estepan [Bisitaria]
Bete-betean.
Antojue emoten dau alderdien promesak entzuteak.
Lau pezetako berbak, guzurrak eta Pernandoren egiak, ezkerretik eta eskuinetik.
Coke-lantegia, AHT eta hamaika autobide sustatu dabezanak, energia berriztagarrien alde datozkuz.
Eurakin batera gobernuan hainbeste urtez egon diranak, horreekaz zer ikusirik ez daukeela dinoe orain. Ondoko erreinuan AHT eta beste azpiegitura handi batzuk babestu dabezan batzuek, ekosozialismoa proposatzen deuskue EAEn (Nafarroan zergaitik ez?)...
Proposamena: notarioen faltan zergaitik ez jaso alderdion promesa nagusiak, eta hemendik bizpairu urtera zertan dagozan ikusi?
Permalink-a 2009-02-23 @ 10:07

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Mahai jokoan

Hemengo politikaren partida jarraituko dugu blog honetan, mus partida ikusleak nola: kartak erdi agerian dituztenei begia luzatuz eta kartak ezkutatzen dizkigutenen keinuak antzematen saiatuz. Eta inor azpijokoan sumatuz gero, esan egin beharko dugu.

Iraila 2020
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
  1 2 3 4 5 6
7 8 9 10 11 12 13
14 15 16 17 18 19 20
21 22 23 24 25 26 27
28 29 30        

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!