Berria.infoko blog komunitatea

Login

Esate baterako

IRENE ARRARATS

Atala: Esapideak

2005-11-22

Permalink Esapideak, 91 hitz  

Lapurretan

Aurrekoan, ondoren hitzak gero-ri lapurtu dion tokia ekarri nuen hizpidera. Ordainetan-edo, gero ere lapurretan ari zaio ondoren-i. Esaterako, honelakoetan:

Zuzendaritzaren ezetza eta gero ez zuela beste aukerarik dio Lan Sailak. [ezetz erantzun eta gero]
Langileek uztaileko oporrak eta gero erantzungo diote VWri. [oporrak igaro eta gero]

Hainbeste zabaldu da berrikeria hori, non Hiztegi Batuan erabilerari buruzko oharra ageri den gero sarreran:

gero
eta gero
(partizipioaren ondotik erabiltzen da, ez izenaren ondotik: bilera bukatu eta gero etxera abiatu ziren; *bilera eta gero e. bileraren ondoren)”

Berrikeria hori ez ahal da BERRIAkeria izango!

2005-11-11

Permalink Esapideak, 85 hitz  

Geroko 'gero'?

Badirudi gero galbidean dugula: ondoren hitzak jan dio toki guztia. Esate baterako, honelakoetan:

Trinidad Jimenez PSOEko kidea elkarrizketatuko du Xabier Lapitzek 09:30ean. Ondoren, Boulevard magazine-n, Eten Digitalaren Kontrako Goi Bileraz ariko dira. Ondoren, diabeteaz hitz egingo dute.

Marka da gero: nahiago dugu elkarren segidan bi ondoren idatzi, gero xumea erabili baino, nahiz eta alde eta aldi guztietako hitza den eta Axularrek berak propaganda pixka bat egin zion.

Eta gero baino are gutxiago erabiltzen dugu geroago, noski. Eskerrak gero gerokoak esateko talentua ez dugun galdu, behintzat!

2005-10-18

Permalink Esapideak, 130 hitz  

Memento

Gogora dezagun Hiztegi Batua: “momentu 1 Heg. Lgart. h. memento”.

Gogora dezagun gaur egun gehien erabiltzen diren esapideetako bat:

Washingtonentzat albaniarrak dira, memento honetan, Europan egon daitezkeen aliaturik onenak.
Orotara, hamabi herrialdetako 39 pertsona daude bahituta memento honetan Iraken.
Une honetan, Zaragozak baino puntu bat gehiago du Realak.
Nolanahi ere, geldirik dago une honetan, arazo burokratikoak eta teknikoak direla eta.
Une honetan kontzertuak utziak ditugu, baina martxoan hasiko gara.

Une honetan, momentu honetan, memento honetan idiomatikoak al dira?... Orotariko Euskal Hiztegia-n ageri dira, bai, momentu honetan, mementoan eta memento batean azpisarrerak.

Kontua da ea gainerakoak ahazteko dauzkagun. Betiko orain zaharra nahiago. Oraina beti berri. Baita gaur egun ere.

P.D.: Aupa, Patxi! Mementoko deskuidua izan da BERRIAn bloglari argitaratzea, eta ez blogariak bestela bataiatu nahia. Izan ere, blogari erabiltzea erabakita dauka BERRIAk.

Esate baterako

Adibidez osatu nahi dugu 'Esate baterako': esatekoak eta ez esatekoak, zaharrak eta berriak, zaharberrituak eta berrizahartuak... betiere, hizkuntzari lotuak.

Apirila 2020
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
    1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29 30      

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!