Berria.infoko blog komunitatea

Login

Esate baterako

IRENE ARRARATS

Atala: Joskera

2005-11-28

Permalink Joskera, 191 hitz  

Erdaraz bezala

Erdara imitatu behar etengabean, hitz gutxi izango dira bezala bezain emankorrak. Izan ere, konparazioetan ez ezik, bestelakoetan ere erruz idazten da gaur egun —‘idazten da’, diot, ahozkoan ez baita hainbeste zabaldu izurritea, nik uste—.

Hona hemen adibide batzuk:

1) Repsol bezalako konpainiak Latinoamerikan nahierara dabiltza. [Repsol YPF eta antzeko/beste konpainia batzuk Latinoamerikan nahierara dabiltza.]

Haren lanak Princetongoa bezalako unibertsitate garrantzitsuetan aztertu dituzte. [Haren lanak zenbait unibertsitate garrantzitsutan aztertu dituzte, hala nola Princetonen.]

Horretan aritu ziren T.S. Eliot, Ezra Pound, William Carlos Williams, E.E. Cummings eta Mina Loy bezalako artistak. [Horretan aritu ziren, besteak beste, T.S. Eliot, Ezra Pound, William Carlos Williams, E.E. Cummings eta Mina Loy artistak.]

Goenkale bezalako erreferente bat badugu, eta... [Erreferente bat badugu, Goenkale, eta...]

2) Egin-Kas auzia bezala ezaguna den kasua [Egin-Kas auzia esaten zaion/deritzoten/izeneko kasua]

3) Mitterrand pertsona bezala nahiago dut politikari bezala baino. [Mitterrand pertsona nahiago dut Mitterrand politikaria baino.]

Eta bukatzeko, galtzeko zorian dagoen bezala mota bat:

“—Biantxa polita dezu, adiskidea.
—Bai, ama ere eztu onek edonolakoa.
—Zenbat erralde bezela izango da?
—Ogetamaseitik berrogeira.” (Txomin Agirre, Garoa)

“Ikusi ere ez diagu aspalditxo egin elkar. Zenbat urte bezala?” (Orixe, Quiton-n arrebarekin)

2005-10-25

Permalink Joskera, 182 hitz  

Norenik gabeko lurra

Joskera bat edo bestea aukeratzea ez da estilo kontua bakarrik, ez gustu kontua bakarrik: mezua ere estu lotua dago joskerari.

Adibide bat: inpertsonala adierazteko manerak.

Jakina denez, bi moduok ditugu euskaraz:

Manifestazioa egingo da bihar Bilbon
Manifestazioa egingo dute bihar Bilbon

Batzuetan, nire ustez, gehiegi erabiltzen dugu aurreneko moldea, baita horrek nahi gabeko anbiguotasuna dakarrenean ere; esate baterako, aspalditik gordea dudan esaldi honetan:

Zentroak 1991n hasi zituen bere lanak, eta iaz 605 animalia zaindu ziren bertan. Horietatik 278 askatu egin ziren , eta 199 (%33) hil egin ziren.

Animalia haiek ez zuten ihes egin, noski: askatu egin zituzten. Kazetaritzarako, behintzat, ez al da askoz dinamikoagoa modu hau?

Zentroak 1991n hasi zituen lanak, eta iaz 605 animalia zaindu zituzten . Haietatik 278 askatu egin zituzten , eta 199 (%33) hil egin ziren.

Hona hemen beste adibide bat, hau ere aspaldikoa:

Augusto Pinocheten diktadura garaian desagertutakoak aurkitzeko, Txile iparraldean indusketak egiteko agindu du Juan Guzman epaileak. Pinocheten aurkako 32 kereila aztertzen ari da Guzman. Oraindik agertu ez diren hainbat gorpu han lurperatu zirela uste du epaileak.

Testu motelak baino gehiago, testu motelduak osatzen dira horrela: gaia lazgarria izanagatik, ez dute behar adinako indarrik. Ez dira inorenak.

Esate baterako

Adibidez osatu nahi dugu 'Esate baterako': esatekoak eta ez esatekoak, zaharrak eta berriak, zaharberrituak eta berrizahartuak... betiere, hizkuntzari lotuak.

Apirila 2020
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
    1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29 30      

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!