Berria.infoko blog komunitatea

Login

Ahurrean

Laura Mintegi

2006-06-03

Permalink guztiak, kulturgintza, 339 hitz  

Lady Gordimer

Berrogeita hamar kilo eskasak izango ditu eta ibilkera geldoa du oso, intsegurua. Laurogei eta hiru urteko andre zimurtua da, bolumen gutxikoa, albotik iragaten denean ia ez zara ohartzen inor duzunik ondoan, horren isila da, horren apala, uhinik ere ez du eragiten bere ibilerak.

Mikrofonoa ahora hurbiltzen duen bakoitzean, ordea, argi eta ozen ailegatzen da beraren ahotsa aretoaren bazter guztietara. Ez du etenik egiten, ez da zalantzakor azaltzen, ez du makulurik behar ideiak bata bestearen atzetik garatzeko, diskurtsu osoa burutu arte, esan behar zuen hura ondo ulertarazi arte.

“Burger-en alaba” irakurri nion lehenen, orain hogei urte. Liburu haren lehen orrian Claude Lévi-Strausse-en esaldi bat zekarren, aipu gisa: “Ni naiz lekua non zerbait gertatu den”. Eta bai, lady Gordimer Hegoafrika da. Lekuak egin du idazle, eta idazleak erakutsi digu nolakoa den Hegoafrika, apartheid-eko Hegoafrika krudel eta trepidantea. Burger aita, beltzen aldeko aktibista zuria, kartzelan hil-erail dute eta alabak bere egin du aitaren kasua. Burger-en alabak alderdi komunistaren sorreran lekuko jarduten du, zuri eta beltzen arteko bileretan hartzen du parte; politika eta pasioa txirikordatu egiten dira eta nobela ikaragarri onari titulua ematen dio, Lady Nadime Gordimerren lumatik osatua.

Gogoratzen dudanez, urte batzuk beranduago “Livingstone-ren kideak” izenekoa irakurri nuen. Istorio solteak ziren, baina Hegoafrika berriz azaltzen zen lerro bakoitzean.

Orain bi urte “Idatzi eta izan” liburuak zeharo harrapatu ninduen. Zazpi hitzaldiren bilduma zen, zein baino zein interesgarriagoa. Naguib Mahfuz, Chinua Achebe eta Amos Moz idazleen gizarte tentsionatuak aztertzen zituen, eta zernolako eragina zuten beren gizarte frakzionatuek idazleen bizitzetan eta literaturan. Zortzigarren testua zen Nobel saria jaso zueneko diskurtsua, 1991ean emana.

Behin eta berriz irakurri dut diskurtsu gozo, indartsu eta mamitsu hori. Intelektuala eta konpromisoa du gaia eta, Borges, Camus, García Marquez, Czeslaw Milosz eta Brecht aipatzen ditu beste askoren artean. Camusek bezala, berak ere nahiago ditu partidoa hartzen duten gizakiek, partidua hartzen duten literaturek baino. Eta hala ere, dio, “garai batzuetan zuhaitzei buruz hitz egitea ia krimena da”. Non eta Hegoafrikan esan ere. Lekua izaki eginda.

Joan den astean berarekin hitz egin ahal izan nuen, eta pribilejioa izan zen, ezbairik gabe.

Nadime Gordimer Berlingo PEN kongresuan, 2006ko maiatzean

2006-05-21

Permalink guztiak, kulturgintza, 313 hitz  

Doako egunkariak, ez debaldekoak

Atzo goizean, egunero bezala egunkariak batzera kioskora hurbildu nintzenean, Begok esan zidan ekainetik aurrera egunkariak saltzeari utziko diola, amore ematen duela, bertan behera utziko duela negozioa, alokairua eta gastuak ordaindu ondoren geratzen zaion etekinak ez duela merezi. Horrenbeste ordu, goizeko seietatik baino lehenagotik altxatuta arratsaldeko zortziak arte, familia bizitzarik gabe, besterik egin gabe, eta zertarako. Mozkina ez da nahikoa; dena balantzan jarrita handiagoa da galera irabazia baino. Eta horrela segitzeko, hobe dela agur esatea.

Azken garaian zer aldatu den galdetu diot, errentagarria izatetik galera izatera pasatzeko, eta berak esan dit arrazoi bakarra ez dagoela, baina eragin izugarri handia izan dutela goizero-goizero eta ordu pare batez bakarrik –zazpietatik bederatzietara gutxi gora behera–, metroko geltokietan banatzen diren debaldeko egunkariak. Berak sei zenbatu ditu, niri bost baino ez zaizkit atera: Qué, 20 minutos, Metropolitan, ADN eta El Nervión.

Bost edo sei, esan diot, doakoak bai, baina ez dira debaldeko egunkariak. Dirurik ordaindu gabe eskuratu arren, ez dira alperrik ateratzen, helburu zehatza dute.

Begok diosta bere alabaren bulegoan inork ez duela erosten egunkaria, lankide bakoitzak egunkari ezberdin bat eramaten duelako lantokira, eta bertan trukatu egiten dituzte. Oinarrizkoaren berriak jasotzeko nahikoa dute, albiste gosea aise asetuta. Orri gutxi horietan azaltzen dena baino gehiagorik ere ez zuten irakurriko beste egunkari batean, eta zertarako ordaindu ezer, gratis eta amore ematen badizute. Ez da beharrezkoa ezta metrora sartzea ere. Lanerako bidean metroko geltoki baten aurretik igarotzea nahikoa da nahi beste egunkari eskuratzeko. Denak geltoki berean.

Egunkari hauetako atalak aztertu beharko lituzke egunkari “serioen” arduradunek. Ikusi zein gai sartzen duten, zenbat espazio ematen dioten gai bakoitzari, zein den argazkien funtzioa, nolako trataera duten gai sozial arinek, prentsa larrosak haizatzen dituen motako horiek.

Ikekerketaren helburua ez litzateke imitatzea, noski, baizik eta ikustea zergatik funtzionatzen duten egunkari hauek, doakoak izateaz gain. Zeren, ikusi ondoren nolako arrakasta izaten duten (eta ez soilik metroan), debaldeko lana egiten ez dutela pentsa baitaiteke. Kontua da, norentzako lana den.

Permalink giza harremanak, 332 hitz  

Gero eta gehiago dira

Auzoan gero eta beltz gehiago bizi da. Afrikatik etorritako beltzak. Lehen bakarrik gizonezko gazteak izaten ziren. Orain emakume eta ume beltzak ere nonanahi egoten dira, medikurenean, ikastolan, gune komertzialetan.

Hegoamerikar mordoa ere bizi da auzoan. Bakan batzuk ikusten ziren lehen, eta aurpegiz ezagutzen genituen ia guztiak. Orain hainbeste dira ezen hegoamerikarrak baino ez baitira ikusten herriko hainbat lekutan; metroan ordu zehatz batzuetan eta, batez ere, herriko plazan. Eguzki izpi ahulena ateratzen den bakoitzean hantxe batzen dira, jatorrizko herrietan bezala.

Maite ditut beltzak, hilabete luzetan zuririk ia ikusten ez nuen garaiaren opari. Maite ditut indioak, euren herrietan konpartituriko lan, izerdi, ron eta barre algaren hondakin. Eta maite ditudan arren -beren herrietan bizi izan naizelako eta haien ohitura eta kulturen berri dudalako-, hala ere ezin dut ebitatu pentsatzea auzoan dagoen beltz hori, metroan ikusten dudan indio hori nolako bizimodu traketsa izango duen eta ea nola lortu duen praka garestiak erostea, edo lagunekin afaltzera joateko sosak eskuratzea. Ezin dut ebitatu pentsatzea ea nolako lana duen, ea paperak dituen edo ez dituen, ea zenbat bizi diren etxe bakoitzean eta zein egoeratan.

Eta nik hori guztia pentsatzen badut herriko plazan ikustean edo metroko bagoian, zer ez ote duen pentsatuko beltz batekin inoiz garagordorik konpartitu ez duenak, edo beren etxeetan arratsaldepasak pasatu ez dituenak edo beren umeen jaiotzak ospatu ez dituenak. Zer ez ote du pentsatuko oihanaren indar erakargarriak inoiz nozitu ez duenak, Pazifikoko hondartzetan beraiekin bainatu ez denak edo beraiekin gau osoa parrandan eman ez duenak. Nik europearren begiekin begiratzen baditut, nola begiratuko die Europa baino ezagutzen ez duenak.

Ariketa intelektual handia egin behar du europear batek, beltz eta indioekin aurreritzirik ez edukitzeko espazio bera konpartitu behar duenean. Eta ez da arrazista izateagatik, ez, baizik eta nekez bereiz dezakeelako atzerritarra pobreziatik, eta inork ez du pobrezia hurbil sentitu nahi. Pobrezia, gatazka-iturri dela somatzen duelako.

Atzerritarren egoera ekonomikoa hobetzearekin batera, haiekiko iritzia ere hobetuko dute europearrek. Baina nola hobetu egoera, aurreiritziek galerazten badiete ondo ordaindutako lanak eskuratzea? Gurpil zoroa da. Europearrek asmatu dugun gurpil zoro, anker eta injustua.

2006-05-14

Permalink guztiak, giza harremanak, 307 hitz  

Iragarki henbrista

Azken nobelaren gainean mintzatu behar nuela-eta, solasaldia tabernan amaitu genuen, entzule egon ziren adiskide batzuekin eta antolatzaileekin batera. Mintzagaiak, nola ez, politika eta generoa. Eta generoaz ari ginela azaldu nuen bi urte lehenago semeak esan ziguna, artean hamar urteko mukizua baino ez zela. Haserretu egin zen arrebak matxista esan ziolako. Haserre egon arren ez zion atoan erantzun (harritzekoa!), baina handik gutxira esan zion arrebari, “ba zu henbrista!”.

Arrebak esan zion ez dela hebrista esaten, baizik eta feminista, eta mutikoak inpazientziaz azaldu zion, ebidentzia azalduz bezala: “ez, ez dut txarto esan. Henbrista esan nahi dut, feminista izatea ona delako eta matxista izatea txarra. Eta hori ez da justua”. Orduan esan zigun feminista emakumeen alde jardutea bada, bera maskulinista zela, eta ez matxista, nagusitan gizona izan nahi zuelako, eta gizonen alde aritu, eta ez emakumeen aurka. Eta esan zigun gizonen aurka aritzen direnak ez direla feministak, henbristak baizik. Eta berriz esan zion arrebari, “henbrista! hori zara zu, henbrista bat, eta ez feminista!”.

Lehengo egunean telebista ikusten ari ginela berriz entzun nion hitza. Ez omen du ahaztu bi urte hauetan. Iragarki bat ari zen ikusten, eta haserre antzean esan zidan, “ikusten, ama? Uste dute gizonak leloak direla. Iragarkia hori injustua da. Trufa egiten diete gizonei. Henbrista batzuk dira, ikusten?”.

Iragarkian kafea publizitatzen zen, hobeto esateko, kafe kutxa zabaltzeko sistema erraza. Gazte batek, abesten ari zen bitartean, paketea zabaltzen zuen erraz. Eta off-eko ahots batek zioen: “zorionak, mutilak, azkenean bi gauza egin ahal izango duzue aldi berean”.

Bai, seguruen semeak arrazoia du eta iragarki henbrista da. Berak azaldu zigunez, feministak eta maskulinistak dira emakumeen edo gizonen eskubideen alde jarduten duten pertsonak, zentzu positiboan. Matxistak eta henbristak, ordea, emakumeekin edo gizonekin begirune gutxiko jarrera adierazten dutenak dira.

Irrigarria suertatzen zen iragarkia, emakumeen konplizitatea bilatzen zuen (kafe erosleena agian) baina ez zuen balore positiborik erakusten. Semea iraindua sentitu bazen, baliteke iragarki henbrista izatea.

2006-05-10

Permalink guztiak, orokorra, 309 hitz  

Bloga talaia da

Talaia da bloga, altuera, zeinek egileari garaiago eta ozenago mintzatzeko aukera ematen dion. Egunkariko zutabearekin alderatuta blogaren bertutea da irakurlea ere igo daitekeela talaiara egilearekin batera eta, biak han egonik, elkarren artean zein gainontzeko irakurleekin ere egin dezakete solas, eta lekua egin hirugarren egile bati, haiekin batera mintza dadin nahi izanez gero, edo laugarren bati, edozeini; bertara igo nahi duen orori alegia. Horra hor blogaren handitasuna: giltzarik gabeko atea dela, eta areto zabala eta mugagabea eskaintzen duela, jarleku anitzekoa.

Talaia honetatik zer ikusiko dugun ez dago esaterik aldez aurretik, baina zeri begiratuko diogun bai esan genezake: politikari, kulturgintzari eta giza harremanei, txirikorda beraren hiru harizuntzak. Hiru arloak dira zein baino zein kilikagarriagoa, batez ere arestian sortu diren garaiotan. Politikan surik egongo ez dena jakiteak eragin dezake (eragin beharko luke) bai kulturgintzan baita elkarren arteko harremanetan ere, ke arteko egunek eragin zuten bezain beste gutxienez.

Sortzaileek egunerokotasunarekin egiten zuten topo idazteko unean. Hari eustea gogorregia zenean ihesbideak jorratu zituzten, amildegiaren alde batean edo bestean kokatu nahi ezean. Honela, iraganera, haurtzarora edo geografia imaginariora jotzen zuten, zeren aintzinean, edo umetan, edo ezleku batean gatazka politikorik ez baitago, eta erosoago mugi zitezkeen bertan, Arkadia faltan.

Kulturgintzan bezalaxe elkarbizitzan ere Damoklesen ezpata fisikoki nozitu izan dugu luze, areago lazo urdinaren garai tamalgarrian. Den-denok jakin izan dugu hainbat gauza isildu beharrekoak zirela, inguruko kide askotxok jasaten ari ziren egoera lazgarria pairatu nahi ez bagenuen. Txarrena da aurreko esaldi honek berdin-berdin esan zezaketela ideologikoki antipodetan kokatzen zirenek ere. Aldea da batzuek esan zezaketela, horren aldarri nonahi egin, jendaurrean, bozgoragailuetatik, eta beste hainbatek isiltasunean eraman behar zuten ezpataren zama. Oraindik orain.

Genioen bezala bloga, beraz, talaia da. Ikusmiran zer azalduko zaigun esaterik ez badugu ere, badago zehaztea non dagoen kokatuta gure talaia: euskaraz mintzo den nonbait; generoaren begietatik begiratzera saiatzen da; hiriaren argilunak ditu aurrez aurre; eta politikari zein gizarte gaiei so egiten die, arreta bereziaz.

:: Hurrengo orrialdea >>

Ahurrean

Blog honetan hiru gai azalduko dira bereziki: politika –herritar xume baten begietatik–, kulturgintza –nobelak egiten dituen idazlearen eskutik– eta giza harremanak –aurreko bi gaiekin zerikusi handia dutelako ustetik abiaturik–. Bloga zein portutatik abiatuko garen badakigu jakin. Itsasoak zein hondartzatara eramango gaituen ezin dugu igarri.

| Hurrengoak >

Abuztua 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
      1 2 3 4
5 6 7 8 9 10 11
12 13 14 15 16 17 18
19 20 21 22 23 24 25
26 27 28 29 30 31  

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!