Berria.infoko blog komunitatea

Login

Hitz beste

Anjel Lertxundi Esnal

Mezua: Kontziliazioa

2011-11-08

Permalink Gizartea, 372 hitz  

Kontziliazioa

Bertigoak izaten hasi denak, halako kasu mordoa topatzen du ordu arte batere bertigorik gabea ematen zuen mundu batean.

Egunerokotasunak zerikusi handia du gure pertzepzioan, eta aitona egin dutenetik, errealitate asko, ordu arte usaindu gabeak, tokatzen ari zaizkio parean. Tartean, kontziliazio familiarrarena. Hor ikusten du alaba kontziliatu nahian bere buruarekin, semetxoarekin, bikotekidearekin, etxearekin, lanarekin, nagusiarekin, munduarekin. Alabak, ordea, nekez lortzen du sosegurik, eta aitona, isilik, buelta asko ematen ari zaio asuntoari. Eta lehen ikusi ere egiten ez zituen egoerak ezagutzen hasi da: erditu arte lanean ez segitzeagatik edo beren haurrei titia emateagatik lana galtzeko arriskuan daudenak. Umiliatuak, diskriminatuak.

Merezi al du hainbeste neke?, galdetu du aitonak bere baitan. Alaba fardela aldatzen hasi zaio haurrari. Hala ere merezi duela esaten ari zaio munduari.

OHARRAK (Post scriptum)

—Madrilen dugun adiskide ama berri batek zera entzun behar izan zion lan egiten duen enpresako bere gainekoari (emakumea eta ama hura ere): “Zeuk ikusi amatasunaren bentaja guztiak gozatu (sic) nahi dituzun, baina goikoei (sic) ez zaie batere gustatuko”. Ez zitzaien gustatu. Lanera itzuli zenean, gure lagunak lan desatseginago bat zeukan zain.

—Ez dago, jakina, Madrileraino joan beharrik. Gure auzoko mutil baten kasuan ere, abisu eman zioten aitatasunaren baimena baliatzen bazuen ezin ziotela ezer ziurtatu. Enpresaren egoera kaskarra aipatu zioten. Mutilak mehatxutzat hartu zuen eta, badaezpada, ez zuen aitatasunaren baimena hartu.

—Patxi Irurzun idazle iruindarrak bere azken liburuan, Dios nunca reza (Jainkoak ez du sekula otoitz egiten) izenekoan, erditzeko ariketetara joan den haurdun talde bati buruz ari da. Pasarte batean dio: “neska batzuek garbi utzi dute erditu arte lan egiteko asmoa, eta haien iruzkinen lerro-artean irakur daiteke ez dela zehazki horretarako gai sentitzen direlako, lana galtzeko beldur direlako baizik. Haztaka hasi doi-doi kontziliazio familiarrari buruzko lege eta neurrietan, eta prekarietatea eta diskriminazioa bezalako beste hitz batzuk agertzen dira aiztoz grabatuak. Taldean bada neska bat hotel batean lan egiten duena garbiketak eta oheak egiten, min dezente du, baina mutualitatean ez diote baja ematen. Neskak, jakina, dirua behar du, eta ezin dio lana egiteari utzi, nahiz hori ez izan batere ona haurrarentzat. Batzuentzat, jaio aurretik hasten dira desberdintasunak”.

Orain gutxi aitona egin izan ez banindute, erreparatuko nien kontatu ditudan bi kasuei, geldituko zitzaidan Patxi Irurzunen pasarte hori, idatziko nuen gaurko zutabea?

Egunerokotasunak (bizi dugun egoerak), zerikusi handia du, bai, gure pertzepzioan.

Erantzunak:

Bidaltzailea: neska [Bisitaria]
Kontziliatu beharreko asko dugu emakumeok, hobe genuke gizonezkoek beste hainbeste kontziliatu beharko balute!!!!
Permalink-a 2011-11-08 @ 21:33
Bidaltzailea: Txantrea [Bisitaria]
Gure lantegian, nagusiak berak erran zioan kontratatu behar zuen emakumeari hobe zuela ondorengorik ez izatea. Sos gutxiago jasotzeaz gain, halakoak ere pairatu behar izaten ditiztek gure lankide emakumezkoek. Suomen Tasavaltan (Finlandian) jaio berriak lehen urtea bete arte luzatzen den amatasun-bajak gurean 16 astez irauten dik. Sortu aitzinean “ustiatzen” hasiz gero, ondorengo denboratik deskontatuko duk.

Lan-mutuen kontua ere aipatu duk. Gure osasuna baizik egiten ez duten diruzale horiek nekez lagunduko ditek langilea haiei, mutuakoei, sosen bat kosta dakiekeen aferetan. Petatzua petatzuaren gainean paratzen zizkigutek, aldez ez bada moldez, lanean segi dezagun.

Pertzepzioaz zer erran! Hurbilekoei arazoren bat gertatzen zaienean ohartzen gaituk. Bereziki mingarria duk ikustea nola langile batzuek, gehienetan gizonek baina ez beti, bere egiten duten nagusien ustea, alegia, titi emaiteko orenak galduak direla, jai moduko zerbait direlakoan! Mingarria eta hitsa kontua, izorratzen gaituenaren aurka egin beharrean halako birao ustel bezain ezdeusetan galtzen baititugu denbora nahiz indarra.

Egon bizkor, aitatxi!
Permalink-a 2011-11-09 @ 00:43
Bidaltzailea: Txantrea [Bisitaria]
Bigarren paragrafoan... "gure osasuna izorratu baizik egiten ez duten..." jarri nahi nian. Barka hutsa.
Permalink-a 2011-11-09 @ 00:45

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Hitz beste

Ispilu aurrera joan nintzen. Ez nengoen han

Azaroa 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30  

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!