Berria.infoko blog komunitatea

Login

Hitz beste

Anjel Lertxundi Esnal

Mezua: Artea, edo simaurretan lore

2014-02-17

Permalink Literatura, Artea, Kultura, 623 hitz  

Artea, edo simaurretan lore

Atarian dugu aste berria, hedabideetako kultur orriek ARCO izango dute hizpide nagusi datozen egunetan. Zenbaterainokoa den krisiaren eragina artegintzan, salmentetan? Artprice aldizkariaren esanetan, iaz ehuneko 62 erori zen obra artistikoen salmenta. Galeriek eta artistek zeukaten BEZa ehuneko 21 izanik, ez da harritzekoa. Etekinen ia laurdena zerga zen eta konpetitzea zaila zen artistentzat eta galeristentzat, kontutan hartzen bada Europar Batasuneko batazbesteko BEZa ehuneko 13 dela (Frantzian daukate baxuena, ehuneko 5,5arekin). Espainiako Gobernuak, azkenean, BEZ artistikoa jaitsi du —joan zen urtarrilean hala iragarri zuen Saenz de Santamaríak— eta ikustekoa izango da neurri iragarri berriak zer nolako eragina izango duen ARCOn.

Krisia ona da artistentzat, artearentzat, oso uste errotua da. Krisian ematen badute onena, zertarako behar dute administrazioaren babesa edo beste edozein laguntza mota? Rara avis dira artistak, hobeto daude beren aparteko munduan: krisiarekin edo krisiarik gabe, berdin segituko dute sortzen. Krisiagatik musika egiteari edo liburuak idazteari utzi badiote, beren bokazioa ez zen hain sendoa izango, hala pentsatzen du askok artistengatik, beren buruei aplikatzen ez dizkieten betebeharren katearekin lotuz artistak.

Artista eta miseria: artistak artea du amets bakar, dena sakrifikatzen du artearen aldarean, eskasian bizi den artistak gehiago zorrozten du bere irudimena, krisia da sorkuntzaren akuilu, eta abar. Erraietan txertatuta daukagu artista eta miseria uztartzen dituen argazki erromantiko hori. Juan Benetek, irudia esperpentoaren muturreraino eramanez, esaten zuen artista batek emazteeak abandonatutako tipo bat behar lukeela izan, maitaleak engainatua, seme-alabek iruzurtua, aitak erreka joarazia, eta, halatan ere, irrika ekonomikorik gabe idatziko lukeena. Labur esanda: bere lumaren fruituekin konpondu ezin diren gatazkak dituena.

Oso zabaldua dago irudi hori, baina, paradoxikoa da, gaurko publikoak ezagutzen duen artista beste muturrean dago: arrakasta lortu duena da, dirutzak irabazten dituena, hedabideetan irteten dena eta guztiek miresten dutena, ukitzen duen guztia urre bihurtzen zaion Midas bat, eta abar. Begi-ninietan daukagu artista eta aberastasuna uztartzen dituen irudi posmoderno hori.

Bi artista eredu horien artean —miserian bizi dena eta arrakastatsua— badago beste bat bizitza artistikoaren errepidean. Artista guztiz gehienen multzoa da. Halakoak ez du miseria maite —urruti nahi du zulotik— baina, aldi berean, izua eta erakarmena sentitzen ditu arrakastaren aurrean.

Miseriak ondratu egiten du emaitza artistikoa eta arrakastak zikintzen? Ez, noski. Artista bakoitzaren zirkunstantziak eragina du, baina ez du erabakitzen: artista baten egoera ekonomikoak eta bizi baldintzek ez dute emaitza artistikoaren kalitatea bermatzen.

Nolanahi ere, artistari tokatu egiten omen zaio miseria, berea omen du, hori da errotua daukagun ustea. Berek erabakia ez da ba artista izatea? Zertaz kexatzen dira? Eta hala erabaki dutenez, jakin behar lukete miseria dutela simaur onena beren artea ongarritzeko. Baina batzuetan artistak —arrakasta lortu duenak batik bat— okerreko talaia batetik begiratzen dio miseriaren auziari. Miseria beharrezkoa du artistak, bai, baina besteena. Gogoan dut Niña Pastori kantariak orain urte gutxi esan zuena bere disko baten aurkezpenan: “Arte flamenkoa indarra galtzen ari da aspaldion, ijitoa ez baita jada pobrea”. Ijitoak sufritzen ikusi behar ditu, nonbait, bere artea egiteko, kantatzeko, bere dohainak manifestatzeko. Nekez ahaztuko zait Frank Gerhy arkitektoari atera zitzaion protesta ere Bilbora egindako bere azkeneko bisitan: “Museoaren ingurua ikaragarri aldatu da, orain ez du batere tentsiorik, ezti-poto hutsa da!”. Arkitekto handiaren titanioak indartsuago distiratzen zuen ibai ondoko industria azken orduko agonian zegoenean, herdoila jan eta jan ari zen eremu erdi abandonatuan.

Jarri ditudan bi adibideak miseria ekonomikotik oso urruti dauden bi artistenak dira. Arteak senide du miseria, baina izan dadila besteena, eta izan dadila —are gaiztoagoa da— nire distira lustratzeko. Ijitoek sufritzen segituko balute, egungo flamenkoak beste indar bat luke. Krisi industrialari kontra egin izan ez balitzaio, indar eta inpaktu handiagoak lituzke Guggenheimek. Oinazea izan bedi beti besterena.

Oinazea, amildegia, tragedia ongarri ezinbestekoak dira artea egiteko —gorotzaren bihotzean jaiotzen omen dira lore ederrenak—, baina ez haien bila ibiltzeko masokisten moduan, oinazearen mekanismoak ikertzeko baizik, amildegiari begiratu eta bertatik urrutiratzeko, tragediaren aurpegiak bihotz-begiekin ikusi eta barnemuinetatik espresatzeko.

(Pasa den igandean Noticias taldeko egunkarietan argitaratua)

Erantzunak:

Bidaltzailea: Txantrea [Bisitaria]
Badituk sosik irabazi gabe sekulako artea burutzen duten artistak, badituk dirutza gaitza jasoagatik artea zer den ez dakitenak, badituk dirua erruz erdietsita arte egiten ederki segitzen dutenak eta badituk sosik irabazten ez dutenak eta artea antzemaiten ere ez dakitenak. Ulibarrena, Julio Iglesias, Antonio Vivaldi eta laurok gintuzkek lau eredu horietako adibide.
Artista izaitea eta arrakastatsua izaitea bi dituk. Ez zeudek beti elkarrekin lotuta, batzuetan bai, anitzetan ez. Zerk sorrarazten du artea? Ez zekiat, baina zain ditzagun ondoan ditugun artista bikainak etekinik lortuko ez dugun arren.
Egon bizkor.
Permalink-a 2014-02-18 @ 11:39
Bidaltzailea: jaime [Bisitaria]
Hona hemen Xabi Paya bertsolari finak etsipenaren aurka jarritako bertsoa. Ea gozatzen duen hire tristezia nabarmen hori, Andu.

Ez da egunsentirik
gabeko gau hotzik,
ez da berriz osatu
ezin den bihotzik,
ez da azken penarik,
ez betiko pozik,
ez mina arintzeko
modu efikazik,
sentitutik ikasten
saiatzea baizik.

Bihotz on adiskide!!
Izan untsa.
Permalink-a 2014-02-18 @ 13:27

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Hitz beste

Ispilu aurrera joan nintzen. Ez nengoen han

Azaroa 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30  

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!