Berria.infoko blog komunitatea

Login

Hitz beste

Anjel Lertxundi Esnal

Mezua: Zurikeria

2013-01-29

Permalink Euskara, Gizartea, 145 hitz  

Zurikeria

Bizitzaren zebrabideetatik ibiltzeko agintzen diguten berak nonahitik ibiltzen dira, lasterbideak baliatzen dituzte. Ikasleari irakurketaren onurak predikatzen dizkion irakasle horixe ez duzu sekula ikusiko bere asignaturakoa ez den liburu baten aurrean. Alkohola kaltegarria dela eta asko edateak hondamen handienak dakartzala esan dio aitak semeari, kopatxoari tragotxoa eman eta gero. Sutu egiten zaituzte ustelkeria kasuek, baina zenbat aldiz ordaindu duzu BEZik gabeko faktura bat, zenbat aldiz egin diozu izkin ogasunak kontrolatuko ez dizun dirutxoren bati?

Diskurtsoek ez bezalako egiatasuna dute egintzek, predikatzen duguna ez dator beti bat praktikatzen dugunarekin.

Euskarari buruzko gure diskurtsoek gure egintzen egiarekin egiten dute talka. Eta seme-alabek imitatu egiten gaituzte: “Ikasle gehienak euskaraz aritzen dira gelan, baina gaztelaniaz patioan”, irakurri genuen joan den asteburuan.

OHARRAK (Post scriptum)

Haurren gela (euskaraz egiten duten espazioa) gure euskaldun irudia jokatzen den esparrua da, diskurtsoa. Haurren patioa, berriz, gure hipokresia alboratu eta biluzik ageri garen espazioa (errealitatea).

Erantzunak:

Bidaltzailea: jaime [Bisitaria]
Zoritxarrez, bere betiko zorroztasunez, Anduk aipatzen -eta epaitzen- duen auzia ez da atzokoa. Izan ere, tinta ibaiak isuri dira azken urteotan euskararen erabilera eta ezagutzari buruz. 1960.tik lan erraldoia eta dirutza handia erabili da gure hizkuntza hil ez dadin denboraren poderioz, hala eta guztiz ere, sasi-demokrazia honetan jaio diren belaunaldiek ez dute beraiengan jarritako itxaropena bete.
Ez dugu asmatu. Ez dugu gazteria kontzientziatzen jakin izan. Gaur egungo neska-mutil askorentzat euskara beste asignatura ba da. Besterik ez. Oso zaila da betidanik erdaldun izan den familian euskara txertatzea. Oso zaila da, ere, betidanik euskalduna izan den familia batentzat kanpoko giro erdaldunari aurre egitea.
Gogoratzen dut gure Benito handiak, orain dela hogeiren bat urte euskarari buruz esandakoa: euskara hiltzen ari da eta ni berarekin.
Permalink-a 2013-01-29 @ 22:23
Bidaltzailea: Txantrea [Bisitaria]
Nork ez du jakin gazteen kontzientzia astintzen ? Nork ez ditu bere lanak egin ? Ez gaituk nehongo salbatzaileak , bazekiat , ez iraultza egiten ez dugun bitarte , jadanik , sobera luzean ; baina hobendunak ere ez gaituk gu . Nik zerotik hasi behar izan nian ( eta nik bezala bertze anitzek ere ) , gogotik saiatu gintuan gure seme - alabek giro euskalduna ukan zezaten , euskaldun zahar sor zitezen , alegia . Ikastolarat arras euskaldun sartu zituan eta gaur egun kostata , zinez kostata , aldentzen dituk euskañoletik. Hori etxeko nahiz lagunarteko giroan ez ditek ikasi , ez horixe ! Bertze kontu bat duk seme - alabak ikastolarat eramaite hutsak Euskal Herria euskaldunduko duelako ustean daudenena ( edo euskara ikusi ere egin nahi ez dutenena ) .
Noiz - nahi , nonahi eta edonorekin euskaraz . Euskaraz ala ez gara !

Egon bizkor .
Permalink-a 2013-01-29 @ 22:56
Bidaltzailea: Martin Rezola [Bisitaria]
Gure planeta biribila dela deskubritu digun asteburuko ikerketa “mugarri” horretan, honako hau irakur daiteke, besteak beste: «Argia da ondorioa: ikasle asko, nahiz eta ikaskideekin gaztelania erabili, euskaraz aritzen dira maisu-maistrekin hitz egitean».

Bitxia egin zait datua emateko modua. Izan zitekeen bestaldera ere: «ikasle askok, nahiz eta maisu-maistrekin euskaraz aritu, gaztelania erabiltzen dute ikaskideekin».
Permalink-a 2013-01-30 @ 08:22
Bidaltzailea: urtzi [Bisitaria]
Mezu pesimista eta katastrofikoek ez dute piperrik ere balio. Ez dute ezertan laguntzen. Datuak datuak dira, baina honelako iruzkin eta abarrek kaltea areagotu besterik ez dute egiten.

Horrelakoak idatzita baino hobe ixilik geratzen bazarete. Oraindik zerbait egiteko gogoa dugunok eskertuko dizuegu.

Mila esker
Permalink-a 2013-01-30 @ 09:49
Bidaltzailea: jaime [Bisitaria]
Txantrea adiskide on horrek, hik kantatzen duan melodia guztiz ezaguna egiten zaidak. Nik ere, aiton-amonak euskaldunak eduki arren, zerotik hasi behar izan nian. Parisetik bueltatzerakoan, Andoni Urrestarazuk idatzitako “Umandi” euskal gramatika zahar harekin hasi ninduan euskararen misterioetan sartzen. Kostata jakina. Hogei bat urte pasatuta gero, Euskal Herrian dagoen puntako ikastola sortu genian: Lauaxeta Ikastola, hain zuzen ere. Gure patrikak polito hustuak. Hoba ez!!!
Harrezkero, nire zahartzaroan, bukaera gabeko hizkuntz borroka honetan jarraitzen diat sartuta buru belarri, eta, hik egokiro dioan lez: edonon, edonoiz eta edonorekin euskaraz -batez ere gazteekin-, baita irakurri, idatzi eta, noizean behin, bertso paperak egin ere.
Urtzi laguntxo, beharbada hik arrazoi osoa duk mezu katastrofistek ez dutela piperrik ere balio, baina, zilegi bekio ni bezalako agure borrokalari bati esatea zer ikusi eta zer ikasi duen bere bizitza luzean Euskal Herriaren Hizkuntzaren defentsan. Behar dugula isilik egon? Apika bai, baina isilik bageunde nola transmitituko lirateke guk egindako eta ikasitakoak? Baina hik, segur aski, mutil bulartsu eta kementsu haiz, eta ez haute kikilduko agure zahar baten “batallitak” eta txotxolokeriak!!!!
Permalink-a 2013-01-30 @ 15:19
Bidaltzailea: Martin Rezola [Bisitaria]
Ez gara isilduko, Urtzi. Ulertzen dizut, neurri batean. Nik ere ez ditut maite kritika suntsigarriak, ezer ere aportatzen ez dutenak; eta jarrera proaktiboago baten alde nago (http://hirinet.net/index.php?option=com_k2&view=item&id=809:non-daude-txalo-horiek?&Itemid=243). Baina ez nago prest engaina nazaten.

Minbizia, gripea eta katarroa gauza diferenteak dira, eta hirurak senda daitezke, baina horretarako, nik uste, baitezpadakoa da gaixoak jakitea zer duen, nahiz eta disgustua handia jaso. Gaur egun, euskararen munduan gaitz larri batek jota gaude, eta batzuek sinistarazi nahi digute aspirina batekin pasako zaigula. Nik ez dut euskararen purgatorioan bizi nahi. Baina linboan ere ez.

Eta “zerbait egiteko gogoa” ere badugu. Atzo, adibidez, pediatra euskaldun bat lortu nuen nire alabentzat, lehenengo aldiz hamabost urtean, non eta Gasteizen! Pozez zoratzen nago. Ardo-botila bat erosi dut. Besarkada bat denontzat!

(Post scriptum: “pertsuasioa”, “seduzitu”… boladako hitzak dira. Hori dela eta, A. Lertxundik esango lukeen gisan, aspaldi batean, euskal harrobiko hitz bitxi batek egin zuen habia nire gogoan: ‘bairatu’. Zer da ‘bairatu’?: 1. engañar, embaucar…; 2. convencer, persuadir… Baliatu dezagun hitza, baina bigarren adieran. Baira dezagun. Baira gaitzaten.)
Permalink-a 2013-01-31 @ 10:47
Bidaltzailea: JJ Agirre [Bisitaria]
Martinek eta Jaimek esandako guzti guztiak sinatuko nituzke. Martin eta Jaime ez dira katastrofistak Urtzi. Baina iruditzen zait eskarmentu handia dutela biek ala biek, eta errealitateari aurrez aurre begiratzen diotela, hori baira errealitate horretan eragiteko modu bakarra.
Ez dugu asmatu, ez. Eta hizkuntz politikaren ardura dutenek, batzuek eta besteek, ere ez.
Zer esanik ez, PSE-PPren agintaldian oso atzera egin dugu. Eta oso atzera egin dugu oinarriak oso ahulak zirelako. Ikuskizun dago egungo agintariek zer egingo duten.
Euskara zulotik atera dezakegu. Hori egiteko gauza garela erakutsi dute ikastolek bereziki, eta baita D ereduak ere. Baina horretarako egungo norabidea aldatu beharra dago. ETB1-ek %2ko audientzia dauka (desagertzetik ez oso urrun) eta abertzaleek ere baztertu izan dute. PSEk zer esanik ez.
ETBk oro har, euskara gutxiseten erakutsi digu. Areago azken urteotan. Irratiak, internet, helduon erabilera-ohiturak, agintari askoren hipokresia hizkuntz kontuetan (baita euskalgintzako batena edo besterena ere)... ingurumaria horretan hezi digutu gazteak. Nola egingo dute ba euskaraz? Zergatik?
Berriro esango dut. Egoera iraularazteko gauza garela erakutsi dugu, baina egungo martxan euskarak idazkietan eta grabazioetan baizik ez du "bizirik" iraungo.
Jaime eta Martin asko behar ditugu.
Permalink-a 2013-02-01 @ 11:27
Bidaltzailea: Kugema [Bisitaria]
Konfiantza kontua da, azken batean. Konfiantza sobera edo falta dugun. Segur aski espektatiba gehiegi jarri izan dugu geure buruaren aurrean, lortu genezakeenaz. Gure barruan eta inguruan zeuden eta dauden faktore askori itsu. Eta segur aski konfiantza gutxiegi dugu gure seme-alabengan (hori bai, aurretik jarri nahi dizkiegun helburuak horregatik ere errebisatu gabe).
Nolanahi dela, seguru guk gaztetan topatu genuen abiapuntua baino askoz hobea topatu(ko) dutela. Seguru bertan goxo geratzeko bezain errez eta erosoa ere ez dutela topatu(ko). Eta seguru gu baino urrunago iritsiko direla, gu bezain erneak eta bezain motzak.
Permalink-a 2013-02-03 @ 13:45

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Hitz beste

Ispilu aurrera joan nintzen. Ez nengoen han

Uztaila 2020
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
    1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29 30 31    

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!