Berria.infoko blog komunitatea

Login

Konponbidearen talaia

Pello Urzelai

Atala: Hauteskundeak

2012-09-23

Permalink Hauteskundeak, 244 hitz  

Lehendakarigai herritarra

Laura Mintegi EH Bilduren lehendakarigaia izan da Euskadi Pregunta saio bereziaren lehen gonbidatua. Saioaren formatoak muga batzuk izan arren (berriro galdetzeko aukera eza, adibidez), interesgarria izan da herritar soilek egiten dituzten galderak ezagutzeko. Hiru minutuko erantzunetan, ez zegoen beta handirik gaietan sakontzeko, baina bai ikusteko hautagaiak nola heltzen zion herritarraren kezkari. Horretan datza programaren gakoa, galdegilearen eta galdekatuaren arteko harreman horretan, alegia.

Laura Mintegi ongi murgildu da programaren dinamikan. Ahalegin handia egin du galderak entzuteko, eta herritar bakoitzaren galdera eta kezkari erantzuteko. Bakoitzarekin konektatzeko saioa nabaria izan da, era naturalean, atsegintasunez. Herritarrengandik hurbil agertu da, baita haien kezkengandik ere. Erantzun batzuetan oso zehatza izan ez bada (esate baterako, Donostiako metroari buruz, edo ikerketa bultzatzeko neurriei buruz) askotan sumatu da erantzunak galdegilearen gustukoak izan zitezkeela. Batzutan, sintonia nabarmena izan da.

Saio osoan erakutsitako jarrera bestelakoa izan da. Hau da, bestelako lehedakarigaitzat hartzeko moduko jarrera. Besteetatik diferente. Eskarmentu eta curriculum politikorik ezean, espazio hori garrantzitsua da Laura Mintegirentzat, eta ezin hobeto baliatu du aukera dohai hori agertzeko eta indartzeko: lehendakarigai herritarra, herritarrengandik gertukoa. Gainera, pentsamolde argi batekin, ezkerrekoa. Agian idealista samar, baina lehendakarigai batentzat ez da gutxietsi beharreko ezaugarria.

Saioaren dinamikaren eraginez, bi gai garrantzitsutan Laura Mintegiren diskurtsoa motz gelditu da. Bakearen gaian, Aieteko Adierazpenaren erreferentzia (lapsusa barne) eskas gelditu da. Independentziari dagokionez, aukera horren defentsa argia egitea, eta, Kataluniako egoera aintzat hartuta, lehendakari bati dagokion eginkizuna aipatzea faltan nabaritu ditut. Gainerako lehendakarigaiekin batera egingo diren eztabaidetan eta elkarrizketan gai horiei hobeto heltzeko aukera izango du.

Laura Mintegi

2012-08-24

Permalink Hauteskundeak, 216 hitz  

Gobernu aukerak

Hurrengo Eusko Jaurlaritza osatzeko konbinazio posibleak ugari dira, baina gutxik dute behar besteko probabilitatea gertatzeko. Gobernu formulari dagokionez, bi aukera aurreikusten dira: koalizio gobernua, edo kolore bakarreko gobernua gutxiengoan. Hauteskundeak irabazteak berebiziko garrantzia izango du lehendakaria aukeratzeko eta gobernu aliantzak zehazteko orduan, baina, 2009an gertatu zen antzera, baliteke ez izatea erabakigarria. Azken bi hauteskundeetako emaitzak kontuan harturik, bietako batek, edo EAJk edo EH Bilduk irabaziko ditu hauteskundeak. A priori, EAJk izango ditu emaitza hobeak, pendulu efektua eta boto baliagarriaren eragina (EH Bilduk gobernatzea nahi ez dutenena) alde dituelako. Baina boto guztiak kontatu arte ezin da jakin. Halaber, kontuan hartu behar da boto kopuruak eta aulki kopuruak ez direla guztiz proportzionalak. EAJk, irabazten badu, lehendakaritza eskuratuko du, politikoki ezinezkoa baita EH Bildu eta PSE elkartzea EAJ baztertzeko. Baina EH Bilduk irabazten badu, posible da EAJ eta PSE elkartzea gobernua eskuratzeko.

Matematikoki batuketa batek gehiengo osoa emango du: EAJ gehi EH Bildu. Probable da abertzaleen arteko gobernu bat? Lizarra-Garaziko aurrekariak erakusten du gobernu akordio haren atzean apustu estrategiko zabalago bat zegoela. Gaur-gaurkoz horrelako akordio estrategikorik ez dago. Hori gabe ez da oso probablea abertzaleak ados jartzea gobernua osatzeko. EAJk irabaziz gero, errazagoa da PSErekin akordioren bat egitea, hark nola edo hala gobernutik basamortura joatea saihestu nahi duelako. EH Bilduk irabaziz gero, abertzaleen arteko akordioak probabilitate gehiago izango luke.

2012-03-03

Permalink Hauteskundeak, 126 hitz  

Jokoz kanpo

Hauteskunde inkesta guztiak erlatibizatu behar dira. Modurik hoberena, agian, inkesten aurreikuspenak eta benetako emaitzak alderatzea da. Euskobarometroaren kasuan, nabarmena da aldea, 2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruz 2008ko azaroan egindako aurreikuspenak emaitzekin alderatuz gero. EAJk 4,5 puntu gehiago lortu zituen Euskobarometroak emandakoak baino, PSE-EEk 0,3 puntu gutxiago, PPk 2 puntu gutxiago, Aralarrek 3 puntu gehiago (aurreikusitakoaren bikoitza), EAk 0,3 gutxiago, EBk 1,5 gutxiago eta UPDk 0,15 gehiago. 2011ko azaroan egindako inkestaren datuak, beraz, orientazio gisa hartu behar dira. Dena den, bi ondorio atera daitezke. Batetik, lehen indarra izateko lehia bizia iragartzen da EAJ eta Amaiurren gisako koalizio baten artean. Bestetik, PSEk eta PPk —biek— beheranzko joera argia dute. Azaroaren 20an lortutakotik behera ere. Gainera, badirudi azarotik hona areagotu egin direla bi alderdi hauek euskal gizartearekin sintonizatzeko dituzten arazoak. PSE-PP ituna erabat jokoz kanpo dago.

2009-03-03

Permalink Analisiak, Hauteskundeak, 293 hitz  

Ametsa, amesgaizto

Aldaketa gidatzeko zilegitasuna aldarrikatu du Patxi Lopezek, emaitzak jakin ondoren. Halaber, lehendakari izateko hautagaitza aurkezteko asmoa agertu du. Matematiken arabera, posible da. Baina politikan bat gehi bat ez dira beti bi izaten. Hasteko, Patxi Lopezek zilegitasun arazo handi bat du: gehiengo osoa eskura du ezker abertzalearen legez kanporatzeari esker. Hori gabe ez zuen lortuko 38 boto biltzera iristea. Alderdi sozialistaren ikuspuntutik, horrek ez luke arazo izan behar, baina bada zilegitasun arazoa, Eusko Legebiltzarraren beste erdiak ez duelako ontzat jotzen legez kanporatzea. Beti gogoratu ahal izango diote jatorrizko bekatua. Baina Patxi Lopezen zilegitasun arazoak ez dira hor amaitzen. Aldaketaren oinarria dago auzitan: badago aldaketarik PP eta UPDren sostenguan oinarrituta? Badu sinesgarritasunik holako zumeekin osatutako aldaketarik? Azken batean, egin nahi denaren eta egin ahal denaren artean tarte handiegia dago asmoa bidezko bihurtzeko.

Eusko Legebiltzarraren osaera kontuan hartuz, PSE-EEk oso zail du gutxiengoan gobernatzea, bi espazio kontrajarriren artean, tarteko biderik gabe. Ezker Batuak bestelako emaitzak izan balitu, erdibideko sostengu bat bilatu ahal izango zuen, baina legebiltzarkide bakar batekin ez dio balio. Ezinezkoa du Patxi Lopezek esatea «denon gobernua» osatu nahi duela hauteskundeak irabazi dituen alderdia oposiziora bidaltzen badu. Asmo bateraezinak dira.

Hauteskundeen aurretik eta ondoren Patxi Lopezek berak eta eta beste zenbait buruzagi sozialistak --atzo, adibidez, Jose Blancok eta Jose Antonio Pastorrek-- azaldutakoaren arabera, lehendakaritzara iristeko ametsari eutsiko diotela dirudi. Baina badakite ezinezko misio bihurtu daitekeela. Sisiforen mitoaren antzera, harria mendian gora eraman, berriz erortzeko eta berriro hutsetik hasteko. Ametsa, azkenean, amesgaizto bilaka daiteke.

Ez bakarrik alderdi sozialistarentzat. Baita EAJrentzat ere bilaka daiteke amesgaizto egoera berria, azkenean, Artur Mas eta CiUren antzera, lehendakaritza eta gobernutik kanpo gelditzen bada. Nola saia daiteke ekiditen egoera hori? Zer jar dezake isileko negoziazioetan mahai gainean lehendakaritzari eusteko? Bigarren bozaldia bulegoetan jokatuko da, baina zail du EAJk, PSEren ametsa obsesioa ere delako.

2009-03-02

Permalink Analisiak, Hauteskundeak, 368 hitz  

Oinarri faltsuko aldaketa

Lehen datu esanguratsua parte-hartzea da. Legez kanporatzeen ondorioz, lehendakaritza inoiz baino gehiago jokoan egon arren, duela lau urte baino jende gutxiagok parte hartu du aurtengo hauteskundeetan (ehun mila inguru gutxiago). Mobilizaziorik gabe izan arren, Juan Jose Ibarretxeren eta EAJren garaipena agerikoa izan da, botoetan zein aulkietan. Aldea atera dio bigarren indarrari, PSE-EEri, baina, hala ere, garaipena ez da nahikoa izan lehendakaritza lasaitasunez berretsi ahal izateko. Izan ere, gehiengo osoa, beste eremuan gelditu da, PSE-EE, PP eta UPDren esku. Patxi Lopezek argi utzi zuen atzo, gehiengo hori baliatzen saiatuko dela lehendakari izateko. Lehia galdu arren, botere autonomikoaren jabeak aldatzearen alde egingo duela iragarri du, oinarri sendorik gabe, oinarri faltsuei eutsita. Hautagaitza aurkeztuz gero, lor dezake lehendakaritza, PP eta UPDren sostengua dohainik eskuratuz. Gero, gutxiengoan gobernatzen saiatu ahal da, zentrotik, batzuekin eta besteekin hitzarmenak eginez, baina egoera hori ezin ezegonkorragoa izango da. Are gehiago, gatazka politiko eta armatuak bizirik dirauela.

Bistan da, Patxi Lopez lehendakaritzara iristen bada, horrek aldaketak ekarriko dituela. Besteak beste, abertzaletasunaren mundua berreraiki beharra ekarriko du. Dena den, egoera honetan, atzoko emaitzekin, EAJk ahal duen guztia egingo du lehendakaritzatik kanpo ez gelditzeko, jakinda ahalegina azkenean alferrikakoa izan daitekeela. Baina saiatuko da.

Gobernu aldaketa iritsi ahal da, baina hautesleek emandako erradiografian ez dago sakoneko aldaketarik. Blokeak bere horretan gelditzen dira. Bi blokeek galdu dute, eta haien arteko indar erlazioa berdintsua da. Gorabeherak bloke bakoitzaren barruan izan dira. Batetik, EAJ-EA-EB-Aralar blokeak ia 30.000 boto galdu ditu. Horren barruan, EAJk erakarri ditu EAren boto-emaile posible ugari, Unai Ziarretaren alderdia oso posizio kaxkarrean gelditu delarik. Baliteke ondorioztatzea hauteskunde hauen ezaugarriengatik ez zela une egokiena apustu subiranista egiteko. EBk 28.889 boto galdu ditu.Bizi zuen krisia areagotu baizik ez du egingo boto galera horrek. Aralarrek, ordea, ustekabea eman du, 62.214 boto lortu ditu, bere proiektua sendotuz. Baina Eusko Legebiltzarreko giltza izatea lortu gabe.

PSE-PP blokeak 15.000 boto inguru galdu ditu (UPD eta UA kontuan hartuz, 6.000 bakarrik). Horrek esan nahi du, funtsean, PSE-EEk irabazi duena PPk galdu duela, eta ez duela lortu espazio berririk irabaztea.

Ezker abertzalea legez kanpo ez balego berriz izango litzateke Eusko Legebiltzarreko giltza, 2005ean bezala. 100.924 boto baliogabe zenbatu dira. Kopuru hori urruti dago EHAK-k lortutako 150.644 botoetatik, baina legez kanporatzeak eta jazarpen polizialak eragindako baldintzak kontuan hartuz balio handia du hainbeste boto bildu izanak.

:: Hurrengo orrialdea >>

Konponbidearen talaia

Euskal Herrian konponbidea jorratzeko garaia delakoan, bidaldi horren lekuko izan nahi du bitakora kaiera honek. Albisteak, gogoetak, zertzeladak, hemeroteka, erreferentziak, eztabaidarako aukera, kolaborazioak… Leiho bat zabal-zabalik, konponbide iraunkor eta justuaren itxaropenez. Jokoan dagoenaren garrantzia kontuan izanik, erantzukizunez, begirunez eta zintzotasunez jokatzeko konpromisoa du blog honek.

| Hurrengoak >

Apirila 2020
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
    1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29 30      

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!