Berria.infoko blog komunitatea

Login

Konponbidearen talaia

Pello Urzelai

Atala: Astebete

2008-06-08

Permalink Astebete, 644 hitz  

Argitzeko bidean

EAJk eta Ibarretxek Zapaterorekin akordio bat lortzeko saioak porrot egin ondoren, kontsultarako lege egitasmoa aurkeztu izanak azkartu egin du jarrerak argitzeko prozesua. Horren adibide argia Kongresuan Zapatero eta Erkorekaren artean izandako eztabaida da. Bi aldeei, jakina, interesatzen zaie horrelako eztabaidak elikatu eta puztea, polarizazio horretatik hauteskundeetan emaitza hobeak lortzea espero dutelako. Baina, ika-miketan ere aurki daiteke hautu estrategikoen arrastorik. Esanguratsua da Zapaterok EAJri proposatu dion akordioa: «Guk zorrotz beteko dugu PSE-EEren programa, eta zuek bete eta errespetatuko dituzue Gernikako Estatutua eta Konstituzioa». Zapaterok badaki EAJ Estatutua eta Konstituzioa betetzen ari dela, baina lortu nahi duena Estatutua eta Konstituzioa gainditzeko asmoei uko egitea, helburu politiko historikoei uko egitea. Besteak beste, hori lortuz gero, EAJ ordezkatzeko urrats handi bat egingo zuelakoan.

Urkulluk ahotsa goratuz erantzun behar izan dio Zapaterori. Alderdi sozialistari eta Zapaterori «etengabeko xantaian oinarritutako politika» egitea leporatu die. Hori da EAJren esperientzia Espainiako Gobernuarekiko negoziazioetan, gutxitan onartzen badu ere. Ika-mika eta burrunba dialektikoaren atzean, azkenean, agerian gelditzen ari da maskararik gabe alderdi sozialistaren ildo estrategikoa, egungo estatu eredua aldatzearen kontrakoa.

Gainera, harroputz jokatzen ari dira alderdi sozialista eta Zapatero, hauteskunde inkestei begira, Patxi Lopez Ajuria Enera eraman dezaketela sinetsita, eta PPren krisi egoeratik onura aterako duela konbentzituta.

Zentsura mozioekin darabilen jarrera ez dago estrategia horretatik at. Azken pausoa Arrasaten, Hernanin eta Pasaian zentsura mozioa aurkezteko hamar eguneko epea jartzea izan da. Bereziki, galdeketaren inguruko eztabaida baldintzatzeko, beste foku mediatiko bat jarriz, hirukoaren arteko kontraesanak azaleratuz, eta ezker abertzalearen eta EAJren arteko tirabirak areagotuz.

Galderak haratago. Kontsultaren proiektua zehaztu izana -galderak dituen botopapera erakutsi arte- mugarri bat izan da euskal politikagintzan. Denak behartu ditu kartak erakustera. Espainiako Gobernuak berehala argitu behar izan du Eusko Legebiltzarrean onartzen bada Auzitegi Konstituzionalera joko duela. Hori egin baino lehen legez kanpokotzat jo du Ibarretxeren ekimena, nahiz eta jakin proposamena ez dela legez kontrakoa Auzitegi Konstituzionalak horrela ebatzi arte. Baina era horretako argudioak astinduz, EAJ mugitzera behartu du. Urkulluk argitu behar izan du EAJ ez dela legez kontra arituko, eta Auzitegi Konstituzionala kontsulta bertan behera utzi edo baliogabetzen badu onartu egingo duela. Horren ondoren, Erkorekak nabarmendu behar izan du «legea betetzea ukaezinezko printzipio bat» dela EAJrentzat.

Zeharka bada ere, EAJko buruzagiek honako beste hau argitu dute: Espainiako Gobernuak kontsulta deialdia Auzitegi Konstituzionalera eramaten badu erabakia jakin arte itxaron egingo dutela. Hau da, Eusko Legebiltzarrak proposamena atzera botatzen badu, Ibarretxek, ziurrenik, hauteskundeak aurreratuz erantzungo du. Baina onartzen badu eta Zapateroren gobernuak helegitea jartzen badu, Konstituzionalak ebatzi arte itxaron egingo du, eta denbora hori -auzitegiak bost hilabetetako epea du ebazteko- herritarrak mobilizatzeko erabiliko du. Estatutu Politiko Berrirako Proposamenarekin Kongresuaren danbatekoa jaso ondoren, Ibarretxek biharamunean iragarri zituen hauteskundeak. Orain beste era batera jokatuko luke.

Zer egingo Auzitegi Konstituzionalak? Teorian, herritarren iritzia jakiteko kontsulta ez lotesleak estatuaren eskumen esklusiboa ez direnez -Kataluniako eta Andaluziako estatutu berrietan, esaterako-, badago zirrikituren bat legezkotzat jotzeko, nahiz eta oraingo Gernikako Estatutuan ahalmen hori aipatuta ez egon. Hala ere, kasu horretan, estatu arrazoia dela medio, Espainiako Gobernuaren jarrera babestea ez den beste hipotesirik pentsaezina da.

Hori jakinda, zertarako aurkeztu du ekimena Eusko Jaurlaritzak? Argitu beharreko gako nagusia Konstituzionalaren betoaren ondorengo jokalekua da. Zein da bide orriaren hurrengo atala? Legea betetzen jarraitzea? Hauteskundeak? «Etengabeko xantaian» oinarritutako politika aldarazteko asmorik badago, hauteskundeak ez dira nahikoa izango. Ez baita ahaztu behar alderdi sozialistak aurreko emaitzak hobetzea espero duela eta ezker abertzalea legebiltzarretik kanpo geldi daitekeela. Benetan beste jokaleku bat ireki ahal izateko, gatazkaren konponbiderako akordio baten palanka beharko da.

Dena den, Espainiako Estatuaren betoaren jokalekura iristeko, baiezkoak nagusitu behar du Eusko Legebiltzarrean, eta, horretarako, ezker abertzalearen sostengua behar da. Epe luzera eragin ditzakeen ondorioen azterketa funtsezkoa izango da, hautu bat edo bestea egiteko. Galdeketari buruzko erabakiak, beraz, epe luzeko estrategia argitzera behartuko du ezker abertzalea.

Kontsultak eragin argigarria izan dezake Nafarroa Bai koalizioan ere. Ekimenari zilegitasuna aitortze hutsean ezin da gelditu. Funtzionamendu arazoak haratago, norabide estrategikoa argitzera behartuko ditu koaliziokideak, besteak beste, herritarrentzat ez baita izango neutrala eta urruna kontsultarekin gerta daitekeena.

2008-05-17

Permalink Astebete, 639 hitz  

Kontraesanen korapiloa

Errealitatea dirudiena baino askoz konplexuagoa da. Pentsamendu bakarrak ezarri nahi lukeena baino askoz zabal eta kontraesankorragoa. ETAk Legutioko kuartelaren ondoan jarritako bonba-auto baten bidez guardia zibil bat hil zuen egunean, Martin Scheininek, Nazio Batuen Erakundeak Madrilen Oinarrizko Askatasunak eta Giza Eskubideak babesteko duen kontalari bereziak, Espainiaren urraketak salatu zituen hedabideen aurrean, aurreko egunetan alde guztiekin bildu ondoren. Bizitzaren kontrakoa urraketa larriena bada ere, horrek ez lituzke estali behar gainerako guztiak. Baliteke bonba-autoaren eztandak eta haren oihartzunak besterik entzuten ez uztea, baina izan bada. Bost eguneko inkomunikazioa ahalbidetzen duen legedia baliogabetzea gomendatu du NBEko kontalariak, Auzitegi Nazionalaren izaera berezia kolokan jarri du eta Espainiako legedian «terrorismoaren» kontzeptua zabalegia dela salatu du.

Errealitate konplexu horren ondorioz, hainbat kontraesan esanguratsu azaleratu da egunotan. Espainiako Kongresuko alderdi guztiek gaitzespen adierazpena egin zuten atentatuaren egunean. ETAk Capbretonen bi guardia zibil tiroz hil egin zituenean bezala, oraingo testuan Estatuko Segurtasun Indarrei sostengu osoa eskaini diete sinatzaileek (EAJ eta NaBai barne). Baina babes hori Nafarroako Parlamentura eraman nahi izan dutelarik, Nafarroa Bai abstenitu egin da. NaBaik ez du begi onez ikusi Guardia Zibilari eta Espainiako Poliziari babes itsu hori ematea, jakitun delako horrela eginez gero giza eskubideen kontrako gehiegikeriei zilegitasuna eman ahal diela.

Era berean, herenegun Eusko Legebiltzarrak -bere lehendakariaren erabakiz- Guardia Zibilari ireki zion atea, hildako Juan Manuel Piñuel guardia omentzeko. Lehen aldiz guardia zibil eta ertzain batzuek, batera, lore eskaintza bat egin dute Eusko Legebiltzarraren eremuan.

Atzo, ordea, Eusko Legebiltzarrak (EAJ, EA, EB, Aralar eta EABko legebiltzarkideen sostenguz) Guardia Zibilak atxilotuei egindako torturak babestea leporatu dio Espainiako Gobernuari. Maixabel Lasa Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko zuzendariak Guardia Zibilaren lanaz «harro» dagoela esan eta bi egunetara. Egun batean, Javier Balza Herrizaingo sailburuak «elkarlan osoa» eskaini dio Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroari, eta bi egunetara Eusko Legebiltzarrak txarretsi du Rubalcabaren jarduna Igor Portu eta eta Mattin Sarasolak salatutako torturak ukatzeagatik eta atxiloketan parte hartu zuten guardia zibilei babes osoa emateagatik. Bihar, aldiz, atentatu batean zauritua izan zen guardia zibil batek irekiko dubiktimen omenezko ekitaldia, Terrorismoaren Biktimei laguntzeko Zuzendaritzaren hitzetan, «Estatuko Segurtasun Indarren zereginaren aitorpen gisa».

Kontraesan sorta honek zer pentsatu ematen du errealitatearen konplexutasunaz, errealitatearen zati bat ezkutatzeko joeraz, edo eragile politiko batzuen bikoizkeriaz edo koherentziarik ezaz. Horrez gain, arrisku baten sintoma da. ETAren kontrako borrokaren aitzakian, Estatuko agintariei -gobernuari, segurtasun indarrei, botere judizialari...---txeke zuria ematearen arriskua. «Erantzun bateratuaren» atzean, Espainiako Gobernuak -PPren agintaldian bezala- estrategiaren erabateko gidaritza bereganatu nahi du, eta hori aurrera eramateko «estaldura politikoa» lortu. Segurtasun indarrei zigorgabetasuna eta ezker abertzalearen etengabeko zokoratze politikoari eta kriminalizazio penalari zilegitasuna eskaini ahal izateko.

Moncloako elkarrizketak. Negoziazio prozesuak huts egin zuenean eta ETAk su-etena bertan behera utzi zuenean, Ibarretxe lehendakariak eta EAJk aurreikusi zuten egoera gordinduko zela eta prozesuaren solaskide nagusiak elkarren kontra hasiko zirela. Hori ikusirik, bi aukera zituzten: Espainiako Gobernuaren laguntzaile leial gisa jarraitzea (baina orain egurra banatzeko) edo konponbiderako proposamen bat egitea. Ezker abertzalearen kontrako presioari uko egin gabe, bigarren aukera aurrera eramaten saiatu dira, EA eta EBrekin batera. Saio horren sakontasuna eta bideragarritasuna egiaztatzeko edo ezeztatzeko ordua iritsi da.

EAJk, Kongresuko hauteskundeei begira eta ondoren, Ibarretxeren bide-orriaren lehenengo atalaren alde egin du apustua, bi gobernuburuen arteko akordioa lortzearen alde, alegia. Atzo bertan, datorren astearteko bileratik itunen bat lortzeko itxaropena duela adierazi zuen Ibarretxek. Baina borondatezko hitzak haratago, jakitun da ez dagoela une honetan akordiorako betarik.

EAJk uste zuen Zapaterok akordio eskaintzari ez ziola atea guztiz itxiko. EAJko burukideek uste zuten akordiorako aukeraren bat zegoela eta espero zuten -batzuek beldurrez- autogobernuan sakontzeko mami gutxiko eskaintzaren bat egingo zietela. Baina joan den astearen hasieran Urkullu eta Zapatero bildu ondoren, EAJko burukideek ondorioztatu dute une honetan ez dagoela akordiorako tarterik. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak igaro arte, PSOEren aldetik mugimendurik egongo ez delakoan daude.

Horregatik, akordiorik ezaren ondoren etorriko den lehia tirabiratsuari begira, Ibarretxek eta EAJk Loiolako edukiak berreskuratzea erabaki dute, besteak beste, datozen hauteskunde autonomikoetan ezker abertzalearen inguruko sektoreak erakartzeko amuren bat beharko dutela aurreikusten dutelako.

2008-05-10

Permalink Astebete, 626 hitz  

Paperak mahai gainean

Zirt edo zart egiteko tenorea iritsi da Ibarretxe eta Zapaterorentzat. Egun gutxitan argituko da zer ematen duen bion arteko elkarrizketak. Bilerarekin espekulatzeko garaia amaitu da, itxurak egiteko gero eta tarte gutxiago dago. Ibarretxek Zapaterori igorri dion gutunak -zehazkiago, Itun Politikorako Proposamen irekia izenburuko agiriak- aldarazi du fasea. Paperak agerian jarriz, edukiei buruzko eztabaida jarri du mahai gainean. Proposamen hori behin kaleratuta, argi gelditzen da kontsulta eta bere legalitateari buruzko ika-mika ez direla garrantzitsuena. Akordioaren mamia da gakoa. Benetako hautua hor dago. Horrek markatuko du akordioaren aukera eta desakordioaren norabidea.

EAJk aspalditik eta askotan iradoki du Espainiako Gobernuarekiko negoziazioan Loiolako elkarrizketen edukia jarriko zuela mahai gainean. Iazko irailaren 28an, Ibarretxek Eusko Legebiltzarrean bere bide orria azaldu eta aste batzuetara, Joseba Egibarrek eta Miren Azkaratek aipatu zuten aukera hori. Aurrerago, otsailean, Iñigo Urkulluk berak Estatuarekin lortu beharreko akordioaren oinarritzat jo zuen Loiolan hitz egindakoa. Geroago, hauteskunde kanpainan, Josu Erkoreka urrunago joan zen: inbestidura saioan Zapatero babesteko Loiolako oinarrien gaineko akordioa proposatuko zioten. Hauteskundeak iritsi eta emaitzak ikusita, hitzak hoztu egin ziren. EAJren barrenean, iritzi gorabeheratsuak izan dira Espainiako Gobernuarekin hitzartu beharreko akordioaren mamiari buruz.

Adibidez, Aberri Egunean, Iñigo Urkulluk «akordio berezi baterako eskubidea» aipatu eta «beherapenen ituna» ez zutela onartuko esan zuen, baina akordioaren mamiaz zehaztasunik eman gabe. Apirilean, Martin Ugalde Foroan, Iñigo Urkullu ez zen oso zehatza izan: «Akordio politikoa bizitzeko eta erabakiak hartzeko. Begirunetik abiatuta, elkarrekin bizitzeko». Apirilaren amaieran, Madrilgo foro batean eskainitako hitzaldian ez zen zehatzagoa izan. «Akordio eta joko arau bereziak», «aldebikotasuna» eta Konstituzioaren Xedapen Gehigarria aipatu zituen, baina Loiolako elkarrizketak gogora ekarri gabe.

Orain arte, EAJk eta Ibarretxe lehendakariak gehiago hitz egin dute akordiorako borondateaz eta esku luzatuaz, akordioaren mamiaz baino. Edukiaren ordua iritsi denean, Loiolako elkarrizketetan hitz egindakoari heldu diote. Lehendakaria eta EBB ados jarrita. EAJk, alderdi sozialistak eta Batasunak 2006ko udazkenean landutako testu batetik hartu du Ibarretxek, Zapaterori egindako proposamena. Loiolako agiri hartako paragrafo nagusiak kopiatu eta erantsi egin ditu bere proposamenean. «Alderdi sozialista Loiolan sinatzeko prest zegoena» eskaini dio Ibarretxek orain Zapaterori.

Espero al du Ibarretxek Zapatero mami horren gaineko negoziazioan sartzea? Ez du ematen halakorik. Aitzitik, irudi luke Zapaterok, une honetan, ez duela sartu nahi Euskal Herriaren nazio izaera, zazpi lurralde historikoak, euskaren erabateko ofizialtasuna edo lau lurraldeentzako Organo Instituzionala Komuna aipatzen dituen agiriari buruzko eztabaidan. Beraz, hipotesi gisa, ondorioztatu ahal da EAJk Loiolako edukiei heltzea erabaki duela akordioaren aukera erreta ikusi duenean. Hau da, ezta «beherapenen itun baterako» aukerarik ere ez dagoela ohartu denean. Lokomotoren talka saihestezina delako irudipena izan duenean. Talka egitekotan (datozen hauteskunde autonomikoetan) lokomotora indartu beharra ikusi du EAJk. Gerra dialektikorako prestatu beharra sentitu du.

Baina badago beste logika bat ere Ibarretxeren mugimenduan: egoera desblokeatzeko zerbait egiteko beharra. Legegintzaldiaren amaieran, beste eragileak mugiarazteko saio bat egitea, arriskatzeko beldurrik gabe. Ezer egin gabe egoera usteltzen uztea kaltegarria litekeelako, baita lehendakariarentzat berarentzat eta EAJrentzat ere.

Dena den, Loiolako elkarrizketetako zirriborro hura akordiorako oinarri gisa orain planteatzeak badu argitu beharreko beste alde bat. Ea proposamena gatazkaren konponbiderako baliagarria den, kontuan harturik ezker abertzaleak ez zuela nahikotzat jo, «iruzur berri baterako atea irekita uzten zuelako». Ezker abertzalerik gabeko irtenbideak konponbidera ote darama? Bestetik, ea benetan bilatzen den ezker abertzalearen esku-hartzea prozesuan, mozioen bidez edota Ertzaintzaren zenbait jokabideren bidez elikatzen ari den zokoratze eta legez kanporatze politika kontuan hartuta.

Ibarretxek akordiorako oinarrien paperak mahai gainean jarri ditu, baina karta bat gorde du ezkutuan: Espainiako Gobernuaren ezezkoa gauzatzen bada nola formulatuko duen kontsultaren apustua. Ekainaren 27ko osoko bilkurara arte argitu gabe gorde nahi duen jokaldia. Baina balizko kontsultaren egunerako 167 egun besterik falta ez direnean, apustuaren sendotasuna erakusteko zantzurik ez da ageri.

Ba al dago bide alternatiborik? Gogoeta gisa, kontuan hartzekoa da Rafa Diez LABeko idazkari nagusiak Martin Ugalde Foroan egindako iragarpena: «Loiolara iristeko Lizarratik pasatu behar zen, eta Loiolako oinarriak sendotzeko beste mota bateko Lizarratik pasatu beharko da».

2008-04-19

Permalink Astebete, 687 hitz  

Urrutiko leihoa

Sekuentzia, tamalez, ez da berria. Atentatu bat PSE-EEren egoitza baten kontra eta biharamunean polizi sarekada. Film zahar baten remake moduko bat dirudi egunotako gertaera sortak. Biraka behin eta berriro pasatzen ari direla diruditen irudien atzetik, baina errealitate aldakor bat dago. Horregatik, arazo bati ematen zaizkion erantzun bertsuek ez dute ondorio berak izaten, behin eta berriro erabiltzen direnean, egoera ez baita bera izaten. Konponbide saioaren porrotaren ondoren, alde guztiek dakite konponbidearen parametroei eta bitartekoei heldu beharra dutela. Kontrako norabidean joateak oinazea luzatu besterik ez du egiten. Bilboko atentatuaren ondoren, alderdi sozialistak ohizko mezuari heldu dio: «gogortasuna eta demokraten batasuna». Baina badaki mezu horrekin ezin dela oso urrutira joan. Zentsura mozioen korapiloak erakusten duenez.

Bistan da alderdi sozialistak uste baino erresistentzia handiagoa topatu du ANVko alkateen kontrako zentsura mozioen dinamikak: EAJren sektore bat, EA, Aralar, EBko sektore bat, zerrenda independenteak... Arrasaten bertan, EB-Zutik koalizioko hautetsiek iritziz aldatzen ez badute, zentsura mozioak ez du aurrera egingo. Zer dela eta erresistentzia hau? Faktore bat baino gehiago dago. Herri bakoitza mundu bat da, eta herri bakoitzeko oreka politikoak ez datoz bat izaten alderdien artekoekin. Arrasateko EBko militanteek bezala, hainbat herritarrek «botere nahia» sumatzen dute zentsura mozioen atzetik. Ez diote sinesgarritasunik ematen aldarrikapen «etikoari». Dena den, erresistentziaren gako nagusia neurriaren antzutasunarekin lotuta dago. Herritarrek ez dute nahi atzera itzultzea, ez dituzte gogoko konponbidera ez daramaten neurriak, ez dute nahi Ajuria Eneko Itunaren itzalpean ibili nahi.

Currinen lezioa. Aste honetan, elkarrizketa mamitsua argitaratu du Lokarriren Haritu aldizkariak Brian Currin abokatuarekin, gatazken konponbidean aditu hegoafrikarrarekin. Brian Currinek gertutik jarraitu zuen azken negoziazio prozesua eta, egun, Fundazioen Europako Sareak bultzatuta, Euskal Herrian Elkarrizketa eta Bakea Sustatzeko Ekimenean parte hartzen ari da. Bi irizpide nagusi nabarmentzen ditu gatazken konponbideari begira. Batetik, «ezinbestekoa da alde guztien arteko elkarrizketa». Bestetik, «gatazka bat bera ere ez da konpondu legearen indarra ezartzearen formula zaharrarekin, baizik eta elkarrizketa sakon eta zintzoaren bidez». Irudipen hori errotuta dago euskal gizartean ere, orain arteko porroten gainetik. Oro har, herritarrak ez datoz bat alderdi sozialistak indarkeriaren arazoa amaitzeko proposatzen ari den «etsitzearen estrategiarekin»: batuta eutsi, besteak etsi arte.

Aurrera begira, konfiantza berreskuratzearen garrantzia nabarmendu eta, eremu horretan, su-etena hautsiz ETAk bere buruari egindako kalteaz ohartarazi du Brian Currinek. Halaber, solaskideetako bat espetxean egoteak bakarrik egoera okerrera joateko balio duela seinalatu du. Agerikoa da konfiantza berreskuratzea eta prozesu berri baterako baldintzak sortzea ez dela erraza izango. Denbora beharko duela. Baina tunelaren irteera ikusten ez den uneetan, kontuan hartzekoa da Brian Currinen gogoeta itxaropentsua. Berriro «aukerak» izango direla uste du. «Datozen lau urteak euskal gatazka konpontzeko aukera leiho bat zabaltzea bezalakoa izango dira».

Non ikusten du Currinek korapilo nagusia? Muin politikoan: «Espainiak beldur dio euskal herritarren erabakitzeko eskubideari bidea emateari, eta horrek ekarriko lituzkeen aldaketei ere».

Ez dirudi epe laburrean beldur horiek gainditzea dagoenik alderdi sozialistaren planetan. Ez ezker abertzaleari begira, ez EAJri begira. Zapaterok estatua egonkortzeko helburua heldu dio legegintzaldi berriaren hasieran, horretarako PPren laguntza lehenetsiz. Azkar hasi dira Botere Judizialeko Kontseiluaren berritzeari buruzko hitzarmenaz negoziatzen. Uda aurretik espero dute ahalbidetzea aldaketa. Baina beste estatu itunak eztabaidatzeko eta hitzartzeko denbora gehiago beharko dute, PPk ekainean bere kongresua duelako.

Egoera honetan, EAJrekin eta Ibarretxe lehendakariarekin hitz egin eta akordioren bat lortzeko tartea oso txikia da. Horretaz jabetzen ari dira EAJn ere, eta B planaz (akordiorik gabeko jokalekuaz) kezkatzen hasiak dira. Horri guztiari erantsi behar zaizkio Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira hasi diren mugimenduak. PSE-EEk, eta Patxi Lopezek, ez dute aukerarik galdu Ibarretxe lehendakariaren jarduna auzitan jartzeko. Jarrera horrek berak zalantzan jartzen du alderdi sozialistaren asmoen zilegitasuna zentsura mozioen defentsa egitean edo «alderdi demokraten batasuna» aldarrikatzean. Beste interes batzuk lehenesten dituela dirudielako. Halaber, jarrera erasokor horrekin, Patxi Lopezek agerian utzi du zentsura mozioen alde PSE-EE eta EAJren arteko hitzarmenaren ahulezia. Hori erakusten du Miren Azkaratek atzo Patxi Lopezi emandako erantzunak. Lasaitzeko eskatu dio, ez baditu galdu nahi Arrasaten behar dituen sostenguak. Erantzuna sozialisten kritikek hirukoan sortutako egonezinaren seinalea da. Hirukokoak deseroso daude Madrilen finkatutako ildoa jarraitzen eta, aldi berean, kritikak jasotzen. Baina Arrasaten EAJk eta EAk konprometituta duten sostengua berriz zalantzan jartzeak (ondoren ñabardurak egin arren) konbentzimendu falta eta nora eza adierazten du. Zentsura mozioen bumeran eragina.

- Lokarri.org
- Brian Currinen elkarrizketaren laburpena.

- Miren Azkarateren adierazpenak (pdf)
- Lehendakaritzaren oharra (pdf)

2008-03-16

Permalink Astebete, 661 hitz  

Zenbakien lilura

Hauteskundeetako zenbakiak ez dira diruditen bezain gardenak. Bistan da, zenbaki berberekin interpretazio kontrajarriak egiten dituzte alderdiek (baita alderdi bereko kideek ere). Hamaika kalkulu eginda ere, hauteskunde zenbakietan ez ohi dira aurkitzen galdekizun politiko nagusien erantzunak. Eta ez da komeni estrategia aldaketak oinarritzea azken emaitzetan.

Errealitate konplexu horren adibide gisa, Nafarroa Bai koalizioaren emaitzak daude. Duela lau urteko emaitzekin alderatuta, mila boto gehiago eskuratu ditu oraingoan. Berdintsu jokatu ote du NaBairen hautesleriak? Ez. Jokabide ezberdina izan du, tokien arabera. Eskualde gehienetan igo da, baina beste batzuetan nabarmen jaitsi da.

Igoera nabarmenena Erriberan izan du, 2004ko emaitzekin alderatuta %40 egin baitu gora (721 boto). Eskualde horretako galtzailea NEB izan da, 830 boto galdu baititu (%35,8). PSNk eta UPNk, aldiz, ia berdindu dituzte 2004ko emaitzak. Nafarroako erdialdean ere (Tafalla-Erriberri) igoera aipagarria (%16,2, 418 boto) izan du NaBaik. Baita Iruñerrian ere (%13,5, 1.756 boto). Zangozaren eskualdean eta Lizarraldean igoerak apalagoak izan dira. Baina NaBaik bi eskualdetan jaitsiera handia izan du (nahiz eta zenbait udaletan gobernatzen egon): Baztan-Bidasoan (%21,1, 1.236 boto) eta Sakanan (%18, 656). Hain zuzen, eskualde euskaldunagoetan eta ezker abertzalea indartsuen den tokietan. Beraz, mugimenduak egon egon dira. Esan liteke nortasun abertzalerik gabeko diskurtsoak balio dezakeela boto berriak bilatzeko eskualde batzuetan, baina ez abertzale guztienak erakartzeko, ezta foru hauteskundeetako emaitzei eusteko ere. Eta, gainera, PSN aldaketaren aldeko mezua lurperatzen hasi da.

Zuloa. Hego Euskal Herrian, emaitza hoberenak alderdi sozialistarenak izan badira ere, zaila da emaitza horietatik ondorio garbirik ateratzea etorkizunari begira. Alderdi sozialistaren igoera esanguratsua izan da (%19), baina ez da nahikoa aldaketa sakonik iragartzeko. Zerbait koiunturala izan daiteke (faktore batuketa baten ondorio). Dena den, nabarmendu behar da marka berri bat jarri duela: milioi erdi botoren langa gainditu du. Bestetik, azken hamar urteetan, hauteskundez hauteskunde, PSOE-PP multzoa gero eta boto gehiago biltzen ari da. Gorako eskailera hori 2004an gelditu bazen ere, oraingoan beste maila bat igo du (2004an baino %7,4 gehiago). Horrek erakusten du PSOEk eta PPk gero eta espazio gehiago bereganatzen ari direla Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan.

Berez, bipartidismo gordinaren eraginaren neurgailua %7,4ko igoera hori izango balitz, ez litzateke bereziki esanguratsua izango, baina balantzaren beste aldera begiratuz gero, ohartuko gara kontrapisua nabarmen murriztu dela.

Duela lau urte, hirukoak (EAJ, EA eta EB) PSE-PP multzoak baino ia 30.000 boto gehiago lortu zituen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eta joan den igandean: 202.080 gutxiago (%33,4 gutxiago). Nafarroa Bai eta Aralarren emaitzak hirukoaren multzoan sartuz gero, jaitsiera pixka bat txikiagoa da (%29,8). Joera aldaketa hori bada esanguratsua, eta hirukoaren nolabaiteko krisiaren zantzutzat har daiteke.

Geroa. Abstentzioa duela lau urte baino handiagoa izan da: 206.000 boto-emaile inguru gutxiago (hautes-barrutitik kanpo bizi diren hautesleak kontuan hartu gabe). Kontuan hartuz gero PP-PSOE multzoak 61.083 boto gehiago lortu dituela (ez ezker abertzalearen zakutik), duela lau urte legez kanpoko 120.000 boto inguru izan zirela eta gainerako alderdi abertzaleek galdu dutela, ondorioztatu ahal da ezker abertzaleak eutsi diola EAE-ANVren siglekin lortutako kopuruari (185.000 inguru, legalak eta legez kanporatuak batuz). Planto egiteko deiaren emaitzak, azkenean, bilatutakoa baino motzago gelditu arren, aurrera begira konponbideren bat bilatzekotan ezker abertzalea kontuan hartzeko polo bat dela gogoratzeko balio dezakete. Baina ez berak bakarrik deskarrilatuta dagoen konponbidearen trena berriz errailen gainean jartzeko.

Hauteskunde gauean bertan eskua luzatu zion Urkulluk Zapaterori euskal auziaren inguruko akordioa egite aldera. Ibarretxe ere berehala agertu da akordiorako prestutasuna gogoratzeko. Izandako emaitzak kontuan hartuz, irudi luke EAJk akordioaren premia handiagoa duela orain hauteskundeen aurretik baino. Baina ze akordio mota? Akordio mota bera dute buruan Ibarretxek eta Urkulluk? Gatazka politiko eta armatua gainditzeko premiari erantzuten ez badio, etorkizunerako oinarri sendorik ez du izango.

EAJk egoera astindu beharra du. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak gertu daude. Eta galtzeko arriskua inoiz baino handiagoa ikusi du. Horregatik, udaberrirako agindu du egitasmo berri bat, Euskadi 2020 izenekoa (txosten politikoa abenduan onartu arren). Baina alderdi sozialistak, ordea, ez du ezein akordio premiarik EAJrekin. Ezta presarik ere. Zapaterok esan duenez, ez dauka «dosier berririk» irekitzeko asmorik. Su-etenaren amaieraren ostean abian jarritako estrategiari eustearen aldekoa da, eta enfrentamendu bortitza ez dela etengo aurreikusten du. Egoera horretan, kezkatuagoa dago Estatuaren barneko orekarekin eta, gehienbat, PPrekiko adostasuna zainduko du. Dena den, zenbakiek liluratuta, erabakitzeko eskubideaz ahaztu daitekeela uste izango balu --Patxi Lopezek EAJri iradoki dion bezala-- okerreko bidea aukeratuko luke.

:: Hurrengo orrialdea >>

Konponbidearen talaia

Euskal Herrian konponbidea jorratzeko garaia delakoan, bidaldi horren lekuko izan nahi du bitakora kaiera honek. Albisteak, gogoetak, zertzeladak, hemeroteka, erreferentziak, eztabaidarako aukera, kolaborazioak… Leiho bat zabal-zabalik, konponbide iraunkor eta justuaren itxaropenez. Jokoan dagoenaren garrantzia kontuan izanik, erantzukizunez, begirunez eta zintzotasunez jokatzeko konpromisoa du blog honek.

| Hurrengoak >

Uztaila 2020
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
    1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29 30 31    

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!