Berria.infoko blog komunitatea

Login

Konponbidearen talaia

Pello Urzelai

Atala: Berriak

2012-06-16

Permalink Berriak, Analisiak, 365 hitz  

Eustorma erori egin da

Urtebete ere ez du iraun UPNren eta PSNren arteko gobernu koalizioak. Krisi ekonomikoak irentsi du, baina ez horrek bakarrik. Iazko foru hauteskundeetan, eskuina gehiengo osorik gabe gelditu zen. Gobernua osatzeko bi aukera zeuden: UPN-PSN akordioa edo gehiengo aurrerakoiaren akordioa (PSN, Nafarroa Bai, Bildu eta Ezkerra). PSNk lehen bidea aukeratu zuen, aurreko legegintzaldiaren estrategiari jarraipena emanez. Baina UPNk eta PSNk jauzi bat egin behar izan zuten, gobernu sendo bat izateko ez zelako nahikoa alderdi sozialistak kanpotik sostengatzea. Gobernu sendoa behar zuten krisi ekonomikoari aurre egiteko, eta oposizio abertzaleari aurre egiteko, Bildu denborarekin indartuz joango zela aurreikusita. UPNren ikuspuntutik, koalizio gobernua eustorma bat zen abertzaletasunaren alternatiba galgatzeko. Eustormak, baina, ez zuen oinarri sendorik eta erori egin da.

Porrot honen atzean, egoera ekonomikoaren bilakaerarekin batera, hainbat faktore daude: eskuinaren hegemonia eta gobernatzeko ereduaren porrota, PSNren kontraesanak, alternatiba bat osatzeko baldintza berrien agerpena eta gobernuaren neurri murriztaileen aurkako presio edo erantzun soziala.

Gobernu krisia ez da bat-batean iritsi. Egosten joan da, azken hilabeteetan. Nafarroako foru komunitatearen finantza egoeraren okertze etengabeak eta horren kudeaketa txarrak azkartu egin dute haustura. PSN apirileko kongresuaz geroztik hasi zen prestatzen ziaboga.

Dagoeneko, hausturak ez dauka atzera bueltarik. Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakariak egungo egoera luzatzearen alde egin du, PSNri akordiorako eskaintza eginez. Alferrik. Barcinak bi aukera ditu: gutxiengoan gobernatzen saiatzea edo hauteskundeak aurreratzea. Lehenengo aukeraren alde mintzatu da, baina kontuan hartu behar da Nafarroako Parlamentua une honetan desegingo balu hauteskundeak abuztuan egin beharko liratekeela eta hori zentzugabea da. Itxaron beharko du egutegi egokia hurbildu arte.

PSNk, berriz, lankidetzaren garaia amaitu dela argi utzita, bi aukera ditu: oposizio gogorra egitea edo zentsura mozioa aurkeztu eta gobernu alternatiboa osatzea. Lehenengo aukeraren ildotik izan dira Roberto Jimenezen lehen hitzak, besteak beste, kontuen inguruan ikerketa batzorde baten eskaera iragarri duenean. Baina oposizioan PSNk arazo bat du, sinesgarritasun gutxi duela eta Nafarroa Bai eta Bildu oposizio trinkoagoa egiten ari direla. Gainera, PSNk pentsa lezake hauteskundeak aurreratzen badira kaltetuta aterako dela, hots, orain baino okerrago egongo dela, benetako lehiatik (UPN/EH Bildu) kanpo geratuko delako. Horregatik, zentsura mozioaren aukera ezin da baztertu. Aurkeztekotan, ekaina eta uztaila liteke garairik aproposena, UPNk hauteskundeak deitu ezin duen garaian. Zentsura mozioaren bidez zein hauteskunde aurreratuen bidez, eustorma erorita, bestelako egoera bat posible da Nafarroan.

2011-12-30

Permalink Berriak, 145 hitz  

Azken eguna

Azken urteotan indarra hartuz joan da urte amaierarekin batera presoak gogoan izatea. Hileroko azken ostiraletako mobilizazioek dimentsio berezia hartzen dute urteko azken ostiralean. Gero eta parte-hartze handiagoarekin, presoen afera bideratu eta konpontzea euskal gizartean gero eta lehentasun handiagoa duelako seinale. Horren haritik, urtarrilaren 7ko mobilizazioa benetan kolosala izango dela esateko zantzu ugari daude (atxikimenduen kopurua eta aniztasuna, autobus eskaria...). Bilbon bilduko den jendetza ikusgarria izan daiteke. Presoen korapiloa askatzen hasteko premia kaleratuko du jende uholde horrek. Muga eta oztopo guztiak gaindituko dituena. Horrelako mobilizazio batek zentzurik gabe eta lekuz kanpo uzten baititu Grande Marlaska epaileak ezarri nahi izan dizkion baldintzak eta mehatxuak (milaka eta milaka herritar bilduko duen manifestazioa desegitearena, kasu). Saio antzua. Uholdearen helburua argia baita, preso guztiak kaleratzea, eta azken presoaren azken espetxe egunera arte iraungo baitu.

Oharra: Grande Marlascaren autoa irakurtzekoa da, zentzugabekeria eta tolerantziarik eza noraino iristen diren ikusteko.

Marlaskaren autoaautoa

2011-11-29

Permalink Berriak, 566 hitz  

Rufi Etxeberria: «Instituzio guztiak gobernatu nahi ditugu»

Rufi Etxeberria eta Iñigo Iruin, Eskoriatzako HUHEZI fakultateko hitzaldi aretoan. / RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
Otegi: «PPren gehiengo osoa abantaila izan daiteke prozesuan»
Unibertsitateko ikasleei mintzatu zitzaizkien atzo Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kidea eta Iñigo Iruin abokatua. Euskal politikan paradigma berririk zabaltzen ari ote den jakin nahi zuten Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko Gizarte aldaketak ikasgaiko ikasleek, eta aldaketa politikoa bultzatzen ari den ezker abertzaleko bi kiderengana jo zuten. Saio akademikoaren zati bat irekia izan zen, eta bestea hedabideren presentziarik gabe garatu zen, ikasleen parte-hartzea ez eragozteko. Gizarte aldaketak ikasgaiaren irakasleak azaldu zuenez, «ispiluaren aurrean jartzeko unea da». Halaxe egin zuten hizlariek.

Zati irekian, Rufi Etxeberriak hitz egin zuen, ezker abertzaleak azkenaldian egin duen «ekarpen txikia» azaltzeko. Ezker abertzalearen ekarpena «iraultza demokratiko gisa» aurkeztu zuen Etxeberriak unibertsitateko ikasle eta irakaslek osatutako entzuleriaren aurrean. «Iraultzailea errealitate politikoa errotik aldatu nahi dugulako», azaldu zuen Etxeberriak. «Demokratikoa aldaketa euskal herritarren borondatearen baitan egin nahi dugulako», osatu zuen. «Egoera errotik aldatu nahi dugu, baina herriarekin, herritarren parte hartzearekin», laburbildu zuen.

Ezker abertzalearen eginkizun politikoa bi planotan garatuko da, Rufi Etxeberriaren arabera. «Borroka politiko nagusia —eta ez gara bakarrak horretan— nazio aitortzaren eta autodeterminazio eskubidearen baitakoa izango da». Norabide horretan, Etxeberriak gogoratu zuen ezker abertzaleak eskaintza argia egin duela: nazio aitortza aldarrikatzeaz gain, estatu propioa ahalik eta azkarren lortzeko beharra planteatu du. «Estrategia independentista da gure iparra. Euskal Herriak ez du etorkizunik bi estatuei lotuta». Bigarren planoa, egituraketa instituzional berria, eredu ekonomiko eta sozial berria eta eredu produktibo eta teknologiko propioa lortzea da.

Prozesu horretan euskal gizartea subjektu aktibo bihurtu nahi du ezker abertzaleak. «Hori da aliantza bidez eratu dugun Bilduren erronka, eta Bildu dagoen instituzio guztietan daukan ardatza», azaldu zuen Etxeberriak. Gatazka gainditzea bai, baina aldi berean herri honetako instituzioak gobernatzeko asmoa agertu du Rufi Etxeberriak, Bilduren egitasmoaren bidez. «Gatazka politikoa gainditu behar dela diogu, bai, baina beste eragile batzuekin batera eratu dugun aliantza instituzional eta elektoralaren baitan, herri honen instituzioak gobernatu nahi ditugu. Etorkizunean, ahalik eta instituzio gehien. Gure helburua herri honen instituzio guztiak gobernatzea da, herri interesen baitan». Etxeberriak nabarmendu nahi izan zuen egunerokotasunean herriak dituen beharren gobernantzari begira ezker abertzaleak alternatiba bat daukala. Horren harira, Etxeberriak aurreratu zuen epe motzean egingo duten eskaintza Gasteizko gobernua gobernatzeko izango dela. «Bi helbururekin; bata, esparru horretatik gatazkaren konponbidea lideratzeko, eta, bestea, euskal herritarren interesak defenditzeko eta eskaintza sozio-ekonomiko eta kultural berria egiteko».

Izan ere, politikagintza konbentzionalari alternatiba aurkeztu dio subiranista eta ezkertiarren arteko aliantzak, Etxeberriaren ustez. Elkarlana, Lizarra-Garaziz geroztik, berriro piztu egin da.

PPren jarreraz

Konponbidearen eremuan, ezker abertzalearen ustez, premiazkoa da salbuespeneko politikak indargabetzea. Horrekin batera, batetik, zigorren luzapena amaitzea eta Sortu legeztatzea, eta, bestetik, ETA eta gobernuen arteko elkarrizketak abiatzea. Etxeberriaren ustez, PPri oso zail jarri zaio inboluzio planteamenduei heltzea, baina presioa egin beharra aurreikusten du konponbide planteamenduetan jar dadin. Kontua luzatzeko joera izango duela uste du, krisi ekonomikoari lehentasuna eman beharra aitzakiatzat hartuta.

Azaroaren 20ko hauteskundeei dagokienez, Amaiurren inguruan egindako indar batuketaren garrantzia nabarmendu zuen. «Indar harreman berria sendotzeko balio izan dute, alternatiba sendotu du, indartsuagoak sentitu gara», azaldu zuen.

Entzuleria ez zen ohikoa izan atzoko hitzaldian. Tokia ere ez. Eskoriatzako HUHEZI fakultateko hitzaldi aretoa antzinako kapera bat da, erretaula eta koroa eta guzti. Ikasleak ohituta daude, arretaz jarraitu baitzuten hitzaldi osoa. Haientzat izan zen Rufi Etxeberriaren azken aipamena. «Gazteria subjektu klabea da prozesu honetan; iraultza demokratikoaren motor nagusia izango da. Are gehiago, iraultza horren eskutik eraikiko den errealitate berriaren kudeaketa belaunaldi berrien eskutik joango da, euskal gazteriaren eskutik».

2011-11-27

Permalink Berriak, 418 hitz  

Interpretazioa, taldea osatzearen alde

ERCren aurrekaria kontuan hartuta, Amaiurrek ez luke trabarik izan behar Kongresuan taldea osatzeko. Diputatuek taldea osatzeko duten eskubidea lehenetsita interpretatu behar du Mahaiak araudia.

Amaiurrek ez luke arazorik izan behar Espainiako Kongresuan talde parlamentarioa osatzeko. Kongresuko araudia eta talde parlamentarioak osatzeko orduan izan diren aurrekariak ikusita, Kongresuko Mahaiak ez luke eragozpenik jarri behar Amaiurreko zazpi diputatuek talde propioa osa dezaten. Kongresuko Mahaiari dagokio araudia interpretatzea, baina diputatuek taldea osatzeko eskubidearen alde egin beharko luke, Auzitegi Konstituzionalak ERCren auzian babestutako irizpidearen arabera.

Talde parlamentarioen osatzea eta funtzionamendua Kongresuko araudiaren bigarren tituluan arautzen da, 23. artikulutik 29. artikulura. Araudiak aukera batzuk aurreikusten ditu taldea osatzeko. Lehena, hamabost diputatuk osatzea. Gutxieneko kopuru horretatik behera, beste aukera bat ematen du araudiak. Gutxienez bost diputatuk osatzea eta honako bi baldintza hauetako bat betetzea: «Hautagaitza aurkeztutako hautesbarrutietako botoen %15 jaso izana edo nazioan, osorik hartuta, emandako botoen %5 lortu izana».

Amaiur lau hautesbarrutitan aurkeztu zen. Araban, % 19,11 eskuratu zuen; Bizkaian, %19,21; Gipuzkoan, 34,80, eta Nafarroan, %14,86. Araudiko 23. artikuluaren erredakzioak ez du zehazten eskatutako gutxieneko ehunekoak (%15) hautesbarruti bakoitzean eta guztietan izan behar duen edo hautesbarrutietako boto guztien %15ekin nahiko ote den.

ERCren aurrekaria aztertuz gero, ondorioztatzen da Kongresuko Mahaiak hartu behar lukeen erabakiak Amaiurren aldekoa izan beharko lukeela.

ERCren kasua

2004ko martxoaren 13ko hauteskundeetan, ERCk zortzi diputatu lortu zituen —Bartzelonan lau, Gironan bi, Lleidan bat eta Tarragonan bat—. Zortzi diputatuek jakinarazi zioten Kongresuko Mahaiari talde parlamentarioa osatzeko nahia. Mahaiak onartu zuen eskaera, eta osatutzat jo zuen ERCren taldea. Baina biharamunean PPren taldeak erabaki hori berriro aztertu eta indargabetzeko idazkia aurkeztu zuen. PPk argudiatu zuen ERCk ez zuela betetzen araudiaren 23. artikulua, Alacant, Castello eta Valenciako hautesbarrutietan gutxieneko %15a ez zuelako eskuratu. Kongresuko Mahaiak, ordea, atzera bota zuen PPren eskaria, eta ontzat jo zuen ERCren talde parlamentarioaren osatzea. Mahaiak 2004ko apirilaren 14an hartu zuen akordio horretan erabili zituen argudioetan dago nahiko helduleku Amaiurrek bere taldea lortzeko. Hiru argudio nabarmendu daitezke. Lehenik, Mahaiak argudiatu zuen jurisprudentzia konstituzionalaren arabera Kongresuko araudiaren interpretazioak talde parlamentarioak osatzeko diputatuek duten eskubidearen aldekoa izan behar duela. Bigarrenik, argudiatu zuen ERCren taldea osatzeak kalterik ez ziela eragiten beste taldeen eskubideei. Alderantziz, «Talde Mistora biltzeak Ganberaren funtzionamenduan distortsioak eragin ditzake», nabarmendu zuen Mahaiak. Hirugarrenik, aniztasun politikoa aldarrikatu zuen: «Mahaiaren betebeharra da aniztasun politikoa babestea, parlamentuan herri borondateak adierazitakoaren isla izan behar duena».

Hiru argudio horiek kontuan hartuta, eta araudia talde parlamentarioak osatzeko diputatuek duten eskubidea lehenetsiz interpretatzen badu Mahaiak, Amaiurrek ez luke arazorik izan behar taldea izateko, nahiz eta Nafarroan hamarrenen bategatik %15era ez iritsi.

PPk Auzitegi Konstituzionalera jo zuen Mahaiaren argudio horien kontra, eta auzitegi horrek atzera bota zuen helegitea, tramitatu gabe.

2011-10-21

Permalink Berriak, Analisiak, 344 hitz  

E+1 eguna: Munduaren begiradapean

Egun gogoangarria izan da. Sentimenduek toki handia izan dute ETAren erabakiak eragindako erreakzioetan, espero zitekeen bezala. Gehienak poz sentimenduak izan dira, edo itxaropenezkoak. Baina gazi-gozoak eta kontrajarriak ere izan dira. Sentimenduek, noski, bere bidea izan behar dute. Halako abagunea hurkoak gogoan izateko egokia delako.

Ikuspuntu politikotik, nazioarteko ispiluak irudi argiagoa ematen du egunotako emozioak baino. Aro berriaren izaeraz eta neurriaz ohartzeko laguntza ezin hobea da munduko pertsona ezagunek egindako gogoetei kasu egitea. Emozioaren denbora lausotzen denean, halabeharrez heldu beharko zaio aro berri honek ekarri dituen erronka politikoei.

Argi dio Kofi Annan NBEko idazkari nagusi ohi eta Aieteko Konferentziako sustatzailetako batek: «Askotan, bakearen ideia desegiten da hitz ederren atzetik akordio zehatzik eta hauek garatzeko mekanismorik ez datozenean». Horregatik, «bake prozesuarekin engaiatzeko» dei egin die Kofi Annanek Espainiako eta Frantziako gobernuei.

Era berean, Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohiak garrantzi handiko artikulua idatzi du garrantzi handiko egunkarian, hain zuzen ere, The New York Times-en. Basque Peace da Tony Blairren artikuluaren izenburua. Aieteko Ebazpenaren defentsa egin du Blairrek, eta Espainiako eta Frantziako gobernuek «gatazkaren ondorioez hitz egiteko» ETArekin hitz egin behar dutela nabarmendu du. Aipatutako bi adibide hauei, Bill Clinton, Ban Ki-moon, edo Bertie Arhenen adierazpenak erantsi ahal zaizkie. Euskal Herrian bake iraunkorra eta benetako demokrazia eraikitzeko eginkizuna nazioarteko agendan dago, bete-betean, eta Espainiak bereziki, urratsik egin ezean, nazioarteko komunitatearen presioa sentituko du, azkenaldian arlo ekonomikoan pairatu duen bezala.

Euskal eremuan ere urratsen beharra dago. Elkarrizketa politikoa ate joka dago. Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere entzun du kolpeen soinua, eta «ordezkaritza instituzionala duten alderdi eta koalizio guztiekin» elkarrizketak hasteko prestasuna agertu du. Joan den hilabetean bakeari begira dekalogo bat aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean, eta orduan kontuan hartu ez zuen puntua erantsi behar izan dio orain dekalogoari, elkarrizketa politikoarena, alegia. Gernikako Akordioaren sinatzaileek bilera eskatu zioten Eusko Legebiltzarraren osoko bilkuraren ondoren, eta gaurdaino ez die erantzun. Badu nondik hasi.

Aro berri honen hastapenetan akordio biltzaileak lehentasuna badu ere, aldi berean, Euskal Herria euskal herritarren borondatearen arabera eraikitze aldera urrats eta akordioak lantzeko garaia hasita dago, aitzakiarik gabe. Ilusio berrituaz, aukera berriak baliatu ahal izango dira aurrerantzean.

:: Hurrengo orrialdea >>

Konponbidearen talaia

Euskal Herrian konponbidea jorratzeko garaia delakoan, bidaldi horren lekuko izan nahi du bitakora kaiera honek. Albisteak, gogoetak, zertzeladak, hemeroteka, erreferentziak, eztabaidarako aukera, kolaborazioak… Leiho bat zabal-zabalik, konponbide iraunkor eta justuaren itxaropenez. Jokoan dagoenaren garrantzia kontuan izanik, erantzukizunez, begirunez eta zintzotasunez jokatzeko konpromisoa du blog honek.

| Hurrengoak >

Abuztua 2020
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
          1 2
3 4 5 6 7 8 9
10 11 12 13 14 15 16
17 18 19 20 21 22 23
24 25 26 27 28 29 30
31

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!