Berria.infoko blog komunitatea

Login

Konponbidearen talaia

Pello Urzelai

Atala: Zertzeladak

2012-08-11

Permalink Zertzeladak, 208 hitz  

Blogen arteko lehia

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ez dira oso urruti egongo, hiru lehendakarigaik oporren atsedena hartzeko betarik hartzen ez badute. Termometroak gori-gori daude, baina Patxi Lopezek, Iñigo Urkulluk eta Antonio Basagoitik bakoitzak bere blogean post bana idazteko tartea aurkitu du udako egunik beroenetan. Patxi Lopezek joan den ostegunean jarri zuen bere gogoeta. Artikuluaren ardatz nagusia EAJri kritika egitea zen. Iñigo Urkulluk atzo goizean jarri zuen berea, luzea. Artikuluren funtsa Patxi Lopez eta Eusko Jaurlaritzari kritika egitea, eta, bereziki, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak egindako akusazioei erantzutea. Antonio Basagoitik ere atzo goizean jarri zuen bere gogoeta. Basagoitiren artikuluaren mamia hauteskunde legea erreformatzeko asmoa defendatzea, eta, bide batez, Bilduri eta EAJri kritika gogorrak egitea gai horren harira. Bitxia da blogen bidezko komunikazio mota hau PSE-EE, EAJ eta PPren buruzagien artean. Agian, erosoa izan daiteke egileentzat, batez ere opor giroko egun bero hauetan, baina herritarren ikuspuntutik hotza da. Hotza, blogetan iruzkinak egiteko aukera egon arren (11 iruzkin Lopezen post-ean, iruzkinik ez Urkullurenean).

Dena den, herritarren begietatik, bestelakoa da komunikazio mota horren inguruan sortzen den sentipen nagusia: blogen bidez elkarri kritikak egiteak elkarrizketarako gaitasun falta adierazten du. Hau da, arazoei aurre egiteko elkarrekin bildu eta proposamenak eztabaidatzeko ahaleginik eza. Batez ere, duela gutxira arte Eusko Jaurlaritza sostengatzeko aliatuak izan direnen artean. Hauteskundeak gertu daudelako seinale izango da.

2012-02-17

Permalink Zertzeladak, 137 hitz  

Ñabardurak

Z er esanik ematen ari da Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diaz, adierazpenak direla medio. Hobe litzateke ekintza, urrats eta mugimendu positiboen bidez ematea zer esanik. Baina hitzak bere garrantzia du, ekintzen aurretik joaten ohi delako. Rosa Diezen hitz gogorrei aurre egin behar zien Barne ministroak. Ika-mika horretan, ETAren arazoak gaur egun «dimentsio politikoa» duela aitortu zuen ministroak. Aitorpenak oihartzun handia izan duenez, argitu behar du zer esan nahi zuen «dimentsio politikoa» aipatzean. «Garaipen politikoa» lortu beharraz ari zela zehaztu nahi izan du. Azalpen eta ñabarduren gainetik, aitorpena gelditu da. ETAren fenomenoari dimentsio politikoa onartzea gatazkaren izaera politikoaren zati bat onartzea baita. Zeharka bada ere. Hitz hartze parlamentario batean adierazitako hitz batzuetatik ezin da ondorioztatu PP gatazka politikoa onartzeko bidean dagoenik, ezta dimentsio politikoa lehenesteko prest dagoenik ere. Pentsa liteke, ordea, diskurtsoa egokitzen hasi dela, errealitateak behartuta.

2012-02-07

Permalink Zertzeladak, 130 hitz  

Lopezen txapelak

Nahiz eta esan ez zuela alderdiko zuzendaritzan kargurik nahi, azkenean idazkaritza bat hartu du Patxi Lopezek. Segituan, bi karguen arteko bateraezintasuna ukatzeko azalpenak eman eta bere eginkizun bakarra Eusko Jaurlaritzako lehendakariarena dela argitu behar izan du, izendapenak zalantzak piztu dituen seinale. Zaila baita azaltzea alderdiko zuzendaritzan eman dioten ardura berriak ez diola denborarik eta arretarik kenduko lehendakari zereginerako. Hain zuzen, Lopez Sevillan zegoela Eusko Jaurlaritzaren arazo ekonomikoak plazaratuz, bi eginkizun horien arteko kontraesana agerian uzten saiatu zen Iñigo Urkullu joan den ostiralean. Kargu berriarekin, Rubalcabak eta Lopezek elkarren beharra daukatela erakutsi dute. Rubalcabak Espainian ongi ikusita dagoen agintari bat behar du barne zatiketak ahuldutako zuzendaritzan. Lopezek estimu injekzio bat eta oihartzuna behar ditu hurrengo hauteskundeetara posizio onean iristeko, eta babesleku bat ere bai espero bezala Ajuria Enetik kanpo gelditzen denerako.

2012-01-01

Permalink Zertzeladak, 160 hitz  

25 urtez

Halako egun batez, duela 25 urte, 1987ko urtarrilaren 1ean, lanean hasi nintzen kazetaritzan. Gogoan dut nire lehendabiziko lan eguna. Nola elkartu nintzen Bilboko Zabalburu plazan Jonekin, Hernanira, Egin-en egoitzara joateko. Nola ez nuen ezer egin arratsalde hartan, Joxeanen laupabost iruzkin arretaz entzuteaz gain, eta nola Bilbora itzultzeko auto-stopa egin behar izan nuen, ez baitzegoen autobus zerbitzurik.

25 urtez kazetari. Zenbat bizipen! Aitorpen honen bidez eskertu nahi ditut ibilbide honetan bidaide izan ditudan guztiak (Hemen, Euskaldunon Egunkaria eta Berria-n). Lankide edo “langai” izan ditudanak. Izugarrizko altxorra izan da kazetari lanari lotutako hartuemanen esperientzia. Mila esker guztiei.

Urteurren honetan, dena den, oroitzapen berezia izan nahi dut hastapen garai haietako Hemen astekariko lagunentzat: Joxean, Iñaki, Eguzki, Gostin, Xabier A., Sergio, Jabotxa, Felipe, Nekane, Amaia, Xabier G. A, Maribi, Marian... Oraindik irauten du garai haietan txertatutako grinak. Halaber, eskerroneko oroitzapena dut gaurko egunez garai haietako Egin-eko lankide izan nituenentzat, bereziki Josurentzat. Bide batez, agur bero bat egun preso dauden Salu, Teresa eta Jexus Marirentzat.

Mila esker.

2011-10-18

Permalink Berriak, Zertzeladak, 224 hitz  

1. eguna: Agerraldi bat eta kointzidentzia bat

Euskal Herrian gatazkaren konponbidea sustatzeko Nazioarteko Konferentziaren osteko lehen egunean, bi kontu iruditu zaizkit bereziki azpimarragarriak: batetik, ezker abertzalearen agerraldia eta bestetik, Antonio Camacho Espainiako Barne ministroaren eta Mariano Raxoi PPko presidentearen adierazpenetan izandako kointzidentzia bat.

Ezker abertzaleak argi utzi nahi izan du Konferentziaren ondorioekin bat datorrela, eta bere egiten dituela: "Ezker Abertzaleak “Euskal Herrian gatazkaren konponbidea sustatzeko Nazioarteko Konferentziaren” ondorio bakoitzarekiko eta guztiekiko babes osoa eta irmoa agertu nahi du, gure herrian garai berri bat zabaltzen dutela ulertzen duelako". Aldi berean, ebazpenaren osotasuna azpimarratu du. Ezker abertzalearen irudiko, ondorio horien guztien gauzapena eta garapena da bake iraunkor eta justua ekarriko duena. Horregatik, Konferentziak "guztiok garaile izan gaitezkeen eta izan behar dugun eszenario berri bati ateak" zabaldu dizkio.

Bestitik, kointzidentzaia esagururatsua izan dute Antonio Camachok eta Mariano Raxoik. Mezu bera eman dute: garrantzitsuena indarkeria behin-betiko uztea eta hori adierazten duen agiria. Gainera, biek oso hitz antzerakoak erabili dituzte eskakizuna adieraztean. Antonio Camachok: "el cese definitivo e irreversible de la violencia". Mariano Raxoi: "comunicado de ETA diciendo que cesa de forma definitiva e incondicional su actividad criminal".

Hitz horiek ez daude oso urruti Aieteko Konferentziaren ebazpenaren lehen puntutik: "Llamamos a ETA a hacer una declaración pública de cese definitivo de la actividad armada" (euskarazko bertsioan: "ETAri dei egiten diogu bere jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragartzen duen adierazpen publikoa egiteko").

Dena al da kointzedentzia hutsa?

:: Hurrengo orrialdea >>

Konponbidearen talaia

Euskal Herrian konponbidea jorratzeko garaia delakoan, bidaldi horren lekuko izan nahi du bitakora kaiera honek. Albisteak, gogoetak, zertzeladak, hemeroteka, erreferentziak, eztabaidarako aukera, kolaborazioak… Leiho bat zabal-zabalik, konponbide iraunkor eta justuaren itxaropenez. Jokoan dagoenaren garrantzia kontuan izanik, erantzukizunez, begirunez eta zintzotasunez jokatzeko konpromisoa du blog honek.

| Hurrengoak >

Maiatza 2020
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30 31

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!