Berria.infoko blog komunitatea

Login

Konponbidearen talaia

Pello Urzelai

Atala: Gogoetak

2012-09-17

Permalink Gogoetak, 213 hitz  

Aro berri bat (niretzat ere)

Euskaldunon Egunkaria sortu zenetik Politika Sailari lotua aritu naiz kazetaritzan. 21 urte luze. Egunkaria-n, eta, hau itxi ondoren, Berria-n. Egia esan, ez da samurra izan kazetari aritzea hainbeste oinazeren artean, gatazka amaiezin baten erdian. Baina, gorabereha guztien gainetik esperientzia abesgarri bat gelditzen da, herri honen parte eta herri honen historiaren lekuko pribilegiatu sentiarazten zaituzten hamaika bizipen. Zorionekoa daukat nire burua kazetaritzari esker ezagutu eta bizi izan dudan guztiagatik. Ez zegoen nire planetan duela 21 urte eta piko hasitako ibilbidea aldatzea, ez nuen Politikatik aldentzeko asmorik. Baina suertatu da. Bidean proposamen bat gurutzatu da eta eginkizunez aldatuko dut. Gaur Berria-ren Politika Sailaren ardura utzi dut, egunkariaren barruan beste eginkizun bati heltzeko: Informazio eta Komunikazioaren Teknologiaren arloaz arduratzea. Jauzia izango da, baina ez etena. Ezinezkoa zait Politikarekin eta kazetaritza politikoarekin etetea. Urte hauetan guztietan lagun handiak egin ditut politikaren munduan dabilen jendearen artean, eta lankideak adiskide bilatukatu zaizkit, eta lotura horiek guztiak ezin dira eten. Horiei guztiei –eta adiskide izatera heldu gabe, begirunez hartu nauten guztiei– eskerrona zor diet halako egun batean. Zinez. Urte hauetan ere, irakurleen berotasuna sentitu dut, aurrera egitera animatu nauena. Mila esker zuei ere. Ez dut uste gogoetak eta analisiak idazteari utziko dionik. Blog honek bizirik jarraituko du, nahiz eta kazetaritzaz eta teknologia berriez beste blog bat abiatuko dudan: berriaro. Beraz, aiorik ez.

2012-09-13

Permalink Gogoetak, Analisiak, 131 hitz  

Ispilu katalana

Batzuetan irudi luke EAJk Katalunian begi bat jarrita aurreikusi duela euskal lurraldeetako urriaren 21aren osteko jokalekua. Bere burua CiUren ispiluan begiratuko bailuen. CiU, hauteskundeak irabazi arren, gobernutik kanpo utzi zuen hirukoaren aliantzak bi aldiz. Hirugarrenean, berriz, Artur Masek gehiengo nahikoa eskuratu zuen gutxiengoan gobernatzeko. Badirudi horrelako zerbait nahi lukeela beretzat Iñigo Urkulluk: hauteskundeak irabazi, eta gutxieneko gehiengoarekin bakarrik gobernatu. Berdin noren sostenguarekin. Ispiluekin, baina, kontuz ibili beharra dago, ez baitute beti egia esaten. EAJ ez dago CiUren antzeko egoeran, Katalunian ez bezala, ezkerreko independentistek koalizio bat (EH Bildu) osatu baitute, lehen tokia eskuratzen lehiatzeko prest dagoena. Halaber, EAJk ohartu beharko luke edozeinen sostenguak ez duela berdin balio. Izan ere, CiU eta PPren arteko aliantzak dagoeneko ez dauka zentzurik, gizartearen marea independentistak etorkizunaren norabidea aldarazi duelako. Eta, halabeharrez, CiU egokitzen hasia da.

2012-03-17

Permalink Gogoetak, 136 hitz  

Zenbat kilometro

Kargu berria hartu baino lehen hainbat elkarrizketa eman ditu Jesus Lozak eginkizun berria dela eta. Elkarbizitza eta Memoriako ordezkari izendatu du Patxi Lopezek. Garai berri hau kudeatzen lagun diezaion. Lehen adierazpenen artean, baina, badaude garai berriarekin baino gehiago aurreiritziekin lotuta dauden esanak. Horien artean, presoei buruzkoak. Presoak engainatuta daudela dio, eta prest azaldu da espetxeetara joateko presoei hori azaltzeko. Bistan da hori esatean ez duela zenbatu zenbat espetxe bisitatu beharko lituzkeen EPPK-ko 650 inguru bisitatu ahal izateko eta ez duela kalkulatu zenbat kilometro egin beharko lituzkeen preso horiek guztiak bisitatzeko. Kalkuluak egin izan balitu esandakoa esan ordez sakabanaketa eta urruntzea gizalegearen kontrakoak direla eta amaitu egin behar direla esango baitzukeen. Lozaren adierazpenetan, bestalde, deigarria da zenbat eragozpen jarri dituen ezker abertzalearekin zuzenean hitz egiteko. Dagoeneko alderdi sozialista eta ezker abertzalea biltzen ari direla aitortzea zintzoagoa izango zatekeen.

2011-11-24

Permalink Gogoetak, 127 hitz  

Durangon elkartuko gara

Durangoko 46. Azoka aurkeztu zuen atzo Gerediaga elkarteak, Euskadi literatura sariak banatu ziren egun berean. Iaz, Durangoko 45. Azokan eskuz esku ibili zen liburu mardul bat, 712 orrikoa, izenburutzat galdera bat zeukana: Moroak gara behelaino artean? Joseba Sarrionandiaren ekarpena zen, saiakera luze bat, urruntasun geografikotik jaioterriarekin urtero komunikatu eta lotura berritzeko modu bat. Liburu mardul hori mamitsua eta estimatua izan da. Azkenean, balio literarioa aintzat hartuz, Euskadi sarietako saiakera arloko epaimahaiak saria ematea erabaki du, sari beharrik ez duen idazlea izan arren.

Saria emateko ekitaldian ez dugu ikusi Joseba Sarrionandia. Erbesteraturik jarraitzen du, haren antzera ihes egindako askok bezala. Horregatik, haren itzulera asmatzen jarrita, Durangoko Azokan imajinatzen dut, liburu berri bat aurkezten zein hasierako hitzaldia irakurtzen, erbesteko lagunek lagunduta. Euskal kulturaren topagunea toki ezin hobea baita elkartzeko, baita Sarrirekin ere.

2011-11-03

Permalink Gogoetak, 123 hitz  

Kanpaina ezberdina

Ezberdina izango da. Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpaina ezberdina izango da. Garai berriko lehen hauteskundeak izango dira. ETAk jarduera armatua amaitutzat eman ondorengo lehen hauteskundeak izango dira. Lehendabizikoak. Historian izan dira kanpainak atentatuekin, atentaturik gabekoak eta su-etenean egindakoak. Azaroaren 20koak, ordea, ezberdinak izango dira, balio sinboliko handiko egun berezi batean.

Alderdien Legea indarrean sartu zenetik, 2003az geroztik, lehen hauteskundeak izango dira Estatuaren abokatuak eta Fiskaltzak inpugnaziorik aurkeztu gabe. Gaur gauean ez da egongo inongo zerrendarik Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenaren zain.

Borroka armaturik gabe eta inpugnaziorik gabe, baina ez gatazka politikorik gabe, alderdi batzuek begietan lotura ipini arren, ez ikusteagatik begi bistan dagoena. Gatazka bai / gatazka ez eztabaida aspaldian gaindituta gelditu zen, Loiolan hainbeste ordu eserita egon zirenek ongi dakiten bezala. Denbora kontua da den-denak esertzea.

:: Hurrengo orrialdea >>

Konponbidearen talaia

Euskal Herrian konponbidea jorratzeko garaia delakoan, bidaldi horren lekuko izan nahi du bitakora kaiera honek. Albisteak, gogoetak, zertzeladak, hemeroteka, erreferentziak, eztabaidarako aukera, kolaborazioak… Leiho bat zabal-zabalik, konponbide iraunkor eta justuaren itxaropenez. Jokoan dagoenaren garrantzia kontuan izanik, erantzukizunez, begirunez eta zintzotasunez jokatzeko konpromisoa du blog honek.

| Hurrengoak >

Uztaila 2020
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
    1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29 30 31    

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!