Berria.infoko blog komunitatea

Login

Konponbidearen talaia

Pello Urzelai

Atala: Agenda

2012-08-07

Permalink Agenda, 197 hitz  

Maldan behera

Joan den azaroaren 20ko hauteskundeetan PPk Espainian lortu zuen gehiengo osoa PSOEren hondamendiaren ondorio izan zen. Zortzi hilabete geroago, argi antzematen da. Egoera ekonomikoa okertzearekin batera, beheraka doa PPren sostengua, oso azkar, azkenaldian inkesta soziologikoak baieztatzen ari direnez. PSOE, aldiz, ahalegin handirik egin gabe, eusten ari zaio hauteskundeetan lortutako portzentajeari. Joera horrek erakusten du PPren gehiengo osoa ez dela oso erreala, edota hareazko zutabeak dituela. Baina PP aldagai hori kontuan hartu gabe jokatzen ari da, nagusikeriaz. Egoera ekonomikoaren kudeaketak dakarkion higaduraz babesteko, propaganda erabiltzen ari da. Atxiloketak eta Hauteskunde Legea aldatzeko egitasmoa multzo horretan sartu behar dira. Bigarrenaren kasuan, kanpaina mediatikoari eman dio lehentasuna. Lehenik, egingarri dela irudikatzeko. Ondoren, alderdi sozialista behartzeko baietza ematera. PSE ohartu da hauteskunde errolda aldatzeko plana Basagoitiri kanpaina egiteko tresna bat dela, baina ez da gai izaten ari jarrera argi bat adierazteko, eta are gutxiago ekinbide horretatik urruntzeko.

Bitxia dena CISen sukaldeko lana da, propagandaren eremuan kokatzekoa. EAJri, apirilean %1eko boto asmoa zuela, % 1,2ko boto aurreikuspena eman zion. Eta uztailean, boto asmo gutxiagoa zuela (% 0,6), boto aurreikuspen handiagoa eman dio (% 1,5). Eta Amaiurrekin kontrakoa egin du. Apirilean, % 0,7ko boto asmoa zuela, %1,3ko boto aurreikuspena eman zion. Uztailean, %0,9ko boto asmoa zuela, % 1,2ko boto aurreikuspena.

2011-12-16

Permalink Agenda, 125 hitz  

Belfastetik

Belfasten izan dira Euskadiko Gazteriaren Kontseilua, Alternatiba, Gazte Abertzaleak, Gazte Independentistak, EAJ, Euskadiko Gazte Sozialistak eta Iratzarri erakundeetako ordezkariak, Lokarriren Berradiskidetzearen Zubiak Eraikiz proiektuaren bidez. Esperientzia aberasgarria izan da guztientzat. Irlandako ispiluan islatu dute euren burua gazte horiek, eta ondorio bateratuak ateratzeko gai izan dira: konpromisoaren garrantzia, iraganari aurre egiteko beharra eta gizarte osoa inplikatzearen erronka. Horretaz gain, gazte horiek ausartak izan daitezen eskatu diete ordezkari politiko guztiei, eta esertzeko eta hitz egiteko deia egin diete. Ipar Irlandara egindako bidaia horren esperientziak erakusten du adiskidetzea ez dela zaila izango Euskal Herrian. Gazte horien esperientziak argiro adierazten du ekimen bateratuak emankorrak direla. Halaber, arrazoia ematen dio Jesus Egigureni, Bakearen gakoak liburuaren aurkezpenean zioenean adiskidetzea «azkarra» izango dela. «Nahastuta» bizitzearen ondorio, Egigurenen ustez.

lokarri

* Informazio gehiago: Lokarriren webgunean

2011-09-12

Permalink Agenda, 154 hitz  

Leitzako bilera

Zaharra berri. Edo antzeko zerbait. Espainiako bi kazetarik –Daniel Forcada eta Alberto Lardiés– liburu bat argitaratu berri dute Rubalcabari buruz, Los mil secretos de Rubalcaba izenburukoa. “Sekretu” horietako bat nabarmendu zuten atzo Elconfidencial.com agerkariak eta La Gaceta egunkariak: “Rubalcaba Batasunaren zuzendaritzarekin bildu zen 1998ko su-etenean”.

Bilera izan izan zen (HBko ordezkaritza batekin, zehatzago izateko), baina aspaldian utzi zion sekretua izateari. 1999ko azaroan haren berri eman zen. Zehazki, Egunkaria-k argitaratu zuen “Su-etenaren apustua” liburuan bilera haren aipamena dago. Bilera 1998ko irailaren 26an izan izan, ETAk su-etena iragarri eta hamar egunetara, Leitzan, Patxi Zabaletaren etxean. PSOEren izenean, Alfredo Perez Rubalcaba eta Enrique Curiel Batzorde Federaleko kideak egon ziren, eta HBren aldetik, Joseba Permach, Xanti Kiroga eta Pernando Barrena.

Ordezkaritza sozialista berandu iritsi zen, hegaldiaren gorabeheren ondorioz. Lehen aipagaia Altzan goiz hartan PSE-EEren egoitzaren aurka izandako kale erasoa izan zen. Ondoren, PSOEren kezka nagusia su-etenaren benetako izaera neurtzea izan zen, eta HBkoena egoera berriaren garrantzia ohartaraztea.

2011-05-08

Permalink Agenda, 345 hitz  

Itzalak eta zuloak

Argitaratutako laburpenaren arabera, Auzitegi Konstituzionalaren epaia oso adierazgarria da ikusteko nolako gehiegikeria gauzatu nahi zen Bildurekin. «Estatu konstituzionala bera arriskuan» jartzeraino iritsi dira «badaezpadako kontrolak» ezarriz, eta «susmo hutsak» argudio juridiko bihurtuz. Argi dago, Auzitegi Konstituzionalak onartuta, logika eta arrazonamenduaren arauak hautsiz jokatu dutela Bilduren zerrenden baliogabetzea bilatu dutenek. Adibidez, hautagaien «lotura subjektiboak» argudiatzeko orduan, kontraesan larria burutu baitute. «Erabat onartezina da zantzu subjektiboen ahulezia edo existentziarik eza zantzu objektiboen iradokizun bihurtzea». Hori da, logika guztiaren kontra, Polizia eta Guardia Zibilaren txostengileek, Estatuaren abokatuak, Fiskaltzak eta Auzitegi Gorenak egin zutena hautagai independenteekin.

Auzitegi Konstituzionalak nabarmendu du Bilduren auzian ez dagoela frogaren balio nahikorik duen elementurik. Are gehiago, jokoan dagoena oinarrizko eskubideak —parte-hartze politikoa eta ideologiaren zabalkunderako eskubideak— direla kontuan izanda. Zergatik iristen da horretaraino? Azalpen bat baino gehiago egon daitezke, elkar osatzen direnak. Batetik, Estatuaren instantzia ugaritatik, estrategia orokor baten barruan, zigor politiko bat ezarri nahi izan zaiolako ezker abertzaleari (eta harekin aliatutako gainerako sektoreei), hauteskundeetan eta instituzioetan parte hartzea debekatzearen zigorra, alegia. Bestetik, garaipen polizialaren eta mendekuaren logika ezarri delako. Azkenik, egungo egoera aldatzerik nahi ez dutelako eta alderdi zein hauteskunde interesak zaindu nahi dituztelako. Horrek guztiak osatzen du Espainiako sistemaren zulo beltza, balio demokratikoak indarrean ez dauden espazio iluna.

Guardia Zibilak azken minutuan aurkeztutako txostena (bilera baten ustezko akta jasotzen duena) jardun mota horren adibide argigarria da. Ongi zekiten paper horren balio juridikoa antzua zela. Ustezko aktaren aurkezpena eta, batez ere, haren filtrazioak tribunala politikoki estutzea lortu nahi zuen, Guardia Zibilaren estrategia garaile irtetea lortzeko asmoz. Denak balio zuen saio desesperatu horretan, baita itzulpena beste behin oker eta maltzur egiteak ere.

Kontuan hartzeko modukoa da jukutria horiek guztiak ikusirik zein ahul agertzen diren hainbat buruzagi politiko, balio demokratikoak defendatu beharko lituzkeen arren. Zapatero gobernuburuaren jarrera iheskorra ez da oharkabe pasatu auzi honetan. Tribunalen erabakiekiko begirunearen errespetua argudiatzea iruzurra da kasu honetan, Auzitegi Konstituzionalak (gehiengo urriaz) agerian jarri duena ez baitira desadostasun juridiko huts batzuk, baizik eta oinarrizko eskubideen kontrako onartezinezko gehiegikeriak. Espainiako Estatuaren itzalak eta zulo iluna hobeto ezagutze aldera, ez legoke gaizki ezagutzea EAJk egin dituen eta kontatu ezin diren ahalegin horiek.

2010-12-28

Permalink Agenda, 63 hitz  

Sabin gogoan

Euskaltzalea, abertzale petoa eta zintzoa. Hamaika telebistaren Esatea libre mahai-inguruan izan ginen elkarrekin azkenekoz, irailaren 11ko manifestazioaren debekuaren ondoren. Hizketaldi ederra izan zen. Beti gogoratuko dut Sabinen kemena eta ilusioa etorkizun politikoari buruz. Pausoz pauso eta zuhur jokatuz joan beharra errepikatu zuen behin baino gehiagotan, baina konbentzituta abertzaleon eskutik garai berria zetorrela. Pena gurekin ez izatea! Besarkada handi bat, Sabin, zauden tokian zaudela.

Esatea libre

:: Hurrengo orrialdea >>

Konponbidearen talaia

Euskal Herrian konponbidea jorratzeko garaia delakoan, bidaldi horren lekuko izan nahi du bitakora kaiera honek. Albisteak, gogoetak, zertzeladak, hemeroteka, erreferentziak, eztabaidarako aukera, kolaborazioak… Leiho bat zabal-zabalik, konponbide iraunkor eta justuaren itxaropenez. Jokoan dagoenaren garrantzia kontuan izanik, erantzukizunez, begirunez eta zintzotasunez jokatzeko konpromisoa du blog honek.

| Hurrengoak >

Uztaila 2020
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
    1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29 30 31    

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!