Berria.infoko blog komunitatea

Login

Konponbidearen talaia

Pello Urzelai

Atala: Agenda

2010-12-08

Permalink Agenda, 129 hitz  

Mezularia

Australiako Gobernuak arrazoia du dioenean filtrazioen erruduna edo erantzule nagusia ez dela Wikileaks edo Julian Assange. Ardura filtratzaileari eta dokumentazio diplomatikoa gorde behar zuen AEBetako Gobernuari egotzi dio Kevin Rudd Australiako Atzerri ministroak. Kevin Rudd bera filtrazioetako aipatuetako bat izan da, baina ikuspegi horretan ados dago Wikileaksen arduradun Julian Assangerekin. Espetxeratua izan ondoren, The Australian egunkarian informazio eskubidearen alde agertu da Assange, Ez egin tiro mezulariari egia deserosoak argitaratzeagatik izenburuko artikuluan. Mezulariarena egiteak immunitaterik ez duela ematen jakinda ere, Wikileaksen filtrazioei eskertu behar zaio, besteak beste, agintariak hobeto ezagutzeko egindako ekarpena. Haien joko bikoitza. Haien interesen bide bihurriak. Haien ahuleziak. Haien aitorpenak... Beste auzirik eraiki gabe, De Juana 2005ean aske uztea hobe izango zela aitortzea bezala. Espainiako Gobernuaren interesen ikuspuntutik agian, eskubideen ikuspuntutik jakina.

- De Juanari buruzko kablea

2010-10-26

Permalink Agenda, 386 hitz  

Kursaaleko ikasgaia

Urriak 25. «Egun historikoa, onerako edo txarrerako», Juan Jose Ibarretxeren hitzetan. Egun beteta, berriro, Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiarentzat. Goizean, doktore tesia aurkeztu du, arratsaldean Kursaaleko kuboa txikia bete duten herritarrei hitzaldia eskaini die. Bietan, hari bera: nazio nortasunari lotutako eredu demokratikoa. Hitzaldia entzutera joandako herritarrek txalo zaparradaz hartu dute Ibarretxe, eta, hitzaldia amaitutakoan agurtu ere. Diapositiba batzuk baliatu ditu hitzak ilustratzeko, batzuk doktore tesiaren aurkezpenean erabili berriak. Urrutiko kontrolagailu batez lagunduta, harigabeko mikrofonoa erabilita, agertokian alde batetik bestera mugituz hitz egin du, ideiak eta aipuak harilkatuz. Entzuleen artean, alderdikide eta gobernukide ugari izan ditu. Xabier Arzalluz, Markel Olano, Joseba Egibar, Andoni Ortuzar, Miren Azkarate, Gabriel Inclan, Ramon Labaien, Joseba Leizaola edo Jon Azua.

«Herri baten existentzia konplexurik gabe defendatu behar dugu, hori da pentsamendu politiko modernoa, abangoardia». Mezu hori helarazi die bildutakoei, munduko pentsalari ugariren aipuen bidez. Baita Hagako Nazioarteko Auzitegiak Kosovori joan den uztailean ebatzitako epaia gogora ekarriz. Azken batean, Ibarretxeren ustez, «tokikoak mugiarazten du mundua» (local moves the world). Ildo horretan, herrien nortasuna eta herrien erabakitzeko eskubidea etorkizunaren motor gisa aurkeztu ditu. Gogoetak hobeto azaltzeko, pasadizo bat edo beste ekarri du gogora. Adibidez, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuarekin izandako azken bilerako bat. «Esan nion ea nola gai zen subirotasuna partekatzeko Groenlandiarekin edo Luxenburgorekin, eta ez Kataluniarekin edo Euskadirekin. Ez dauka erantzun erraza, eta ez zidan eman».

Herriaren lidergoaren gaia harira ekarrita, egungo egoera politikoa ere gogoan izan du. Egungo Eusko Jaurlaritzaren behin-behinekotasuna nabarmendu du, Agirre lehendakariak bere garaian egin zuen bezala, eskuina eta ezkerra batzeko kontraesana agerian utziz, eta «haustestontzien kontra jaiotzen diren gobernuak hautestontzietan hiltzen dira» esaldia gogora ekarriz. «Hauteskundeak irabazi ditugu eta gure dagokigu herriaren lidergoa, gobernutik edo oposiziotik», nabarmendu du. Madrilen aurrekontuen inguruko akordioarekin lortutakoa «lidergoa edukitzeko pauso bat» izan dela aipatu du.

Garapen iraunkorraren alde mintzatu da, lau zutabeotan oinarrituta: nortasuna, berdintasuna, berrikuntza eta parte-hartzea. Ibarretxeren ustez, eredu hori posible dela erakusten du «euskal kasuak». Autogobernua lortuta, euskal garapena honako oinarriak izan ditu: herri ikuspegia; lidergo partekatua; prestakuntza eta ekonomia errealaren aldeko apustua; gogo-berdintasuna; eta nortasuna eta berrikuntzaren arteko uztarketa. Aurrera begira, «begirada itxaropentsu bat» adierazi nahian, formula baten alde egin du: I+G+(b)+K (ikerketa, garapena, berrikuntza eta kultura). «Gure esku dago», ziur agertu da, Orixeren poema bati helduta.

Post scriptum:
Ahaztu zitzaidan aipatzea azalpena elebidun egin zuela Ibarretxek, euskaraz eta gaztelaniaz. Diapositiba batzuk inglesez ere jarri zituen.

ibarretxe-kursaal

2010-10-24

Permalink Agenda, 438 hitz  

Ezer ez baita alferrik

Hiru aste barru, ezker abertzaleak Anoetako proposamena aurkeztu zuenetik sei urte beteko dira. Urteurren berezia izango da, hain zuzen ere, aste berean duela sei urteko ekitaldi hura antolatzeagatik hiru lagun epaituko dituztelako: Arnaldo Otegi, Joseba Permach eta Joseba Alvarez. Paradoxa hor dago, gerora zapuztu zen bake prozesu baten oinarria aurkezteagatik eseriko dira akusatuen aulkian. Anoetako proposamena aurkeztu zutenerako, elkarrizketa sekretuen bidez ehuntzen ari ziren bake eta konponbide prozesu bat ezker abertzalea eta alderdi sozialista. Baina 2005eko urtarrilean, Batasuneko Mahai Nazionalak gutun irekia igorri zionean ez zuen espero -ez zegoen aurreikusita- Zapaterok berehala erantzungo zuenik, jendaurreko ekitaldi batean. Erantzun hark, neurri batean, solaskide izaera onartu zion Batasunari, eta prozesu bat antolatzeko aukera ez zela kimera bat iradoki zuen.

Sei urte geroago, egoera oso bestelakoa den arren, Zapaterok egin berri dituen adierazpenak -igandean Arnaldo Otegiren elkarrizketaren harira, eta asteazkenean, gobernu aldaketaren berri ematean- beste aukera baterako itxaropen izpi gisa ulertu dira. Egoera egokia bada, konponbiderako beste ahalegin bat izan daitekeela ondoriozta daiteke, Otegiren elkarrizketa eta Zapateroren hitzak uztartuz gero. Baina orain ez dago duela bospasei urte izan zen elkarrekikotasuna. Egoera bestelakoa da. Ezker abertzaleak berritu du bere apustu politikoa, iraganeko hutsetatik ikasiz, Arnaldo Otegik -ezker abertzaleko zuzendaritzako kide gisa- ongi azaldu duenez. Ezker abertzaleak gogoeta egin du, eta ondorioztatu du helburu politikoak lortzeko estrategia eraginkorra «liluratze demokratikoaren gaitasunean» datzala. Edo beste era batera esanda: «Ez dago independentziarako beste biderik bide baketsu eta demokratikoetatik garatzen dena baino». Aldebakartasunaren printzipioa bereganatuz, borroka armatua -aldi baterako edo betiko- bertan behera uzteko erabakia ez dago akordio politikoen menpe, Otegik azaldutako ikusmoldearen arabera. Elkarrizketa giro eta dinamikak nabarmen lagundu badezake ere.

Ibilbidea epe luzera markatua du ezker abertzaleak, eta ez du bilatzen epe laburreko konplizitate keinurik estatu agintarien aldetik. Elkarrizketa eta akordio politikoen fasera iritsi ahal izateko gutxieneko baldintza demokratikoak sortzea dira egungo fasearen lehentasunak: atxiloketa arbitrarioak bukatzea -ziklo politiko berriari begira lanean ari diren gazteena, adibidez-, inkomunikazioa eta tortura desagertzea, jazarpenak eta mehatxuak bukatzea, berdintasunez eta legez parte hartzeko eta hauteskundeetan aurkezteko aukera ematea, presoen kontrako espetxe politika etetea... Horiek dira, aldebakarrez, estatuak egin beharko lituzkeen urratsak, Zapateroren hitzek eskatzen dituzten urratsak, eta ez ostiraleko polizia operazioarena bezalakoak. Eta esan liteke, ematen baditu, ez direla alferrik izango. Aldebakartasunez eman beharko dituenez, euskal eragileen eta gizartearen presioa izatea lagungarria izango da.

Mugimendu joko horretan, EAJren zereginaren garrantzia areagotu da, Espainiako Gobernuarekin lortu duen aurrekontu akordioari esker. Akordioa eginda, imintzioak egin dituzte jeltzaleek zentralitatea bakebidean ere baliatzeko. Ikusteko dago zer dagoen keinu horietatik harago.

Dena den, EAJz gain, PSE ere erneago sumatzen da etor daitezkeen urrats berriei begira, nahiz eta Espainiako Gobernuaren aldaketarekin berriro jokoz kanpo eta menpeko egoeran gelditu. Egokitzeko beharra denak ari dira sumatzen.

2010-09-28

Permalink Agenda, 315 hitz  

Gernikako kimua

Norabidea argi markatuta zegoen duela hilabete batzuk, baina azkenaldian egiten ari diren urratsak eta bidean jartzen ari diren mugarriak argiago ikustarazten ari dira. Norabide argia duen lerroa osatu dute: esku-sartzerik, bidegabekeriarik edota indarkeriarik gabeko eta negoziazioan eta akordio politikoan oinarritutako prozesua. Aro berri bat, aurreko saioetan oinarria duena baina oraingoan behin betiko izateko borondatea duena. Ekintza armatuen etenaldiaren iragarpena, eskubide zibil eta politikoen aldeko manifestazio debekatua, Bruselako Adierazpenaren sinatzaileei ETAk urratsak adosteko agertutako prestasuna, sinatzaileek erantzuteko konpromisoa, Gernikako akordioa bake bidearen oinarrien inguruan, ETAren elkarrizketa, debekuen kontra eta eskubideen aldeko manifestazio berria... Gertaera sorta bat, benetako aukera gorpuzten ari delako seinale. Gernikako akordioak estadio berri bat marraztu du, akordioaren zabaltasunagatik eta edukiagatik. Batetik, normalizazio prozesuaren hastapeneko oinarrizko edukiak finkatu ditu, eta, bestetik, aurrera begira, elkarrizketa eta negoziazio prozesua garatu beharreko printzipio eta baldintzak zehaztu ditu.

Bide orri osatu eta argi bat eskaini dute sinatzaileek. Une honetan, parekorik ez daukana. Abiapuntuaren oinarriei dagokienez, zoru demokratikoa eraikitzeko zortzi zutabe zehaztu dituzte (su-etena, eskubide zibil eta politikoak, mehatxurik eza, presoak...). ETAren su-etena definitu dute: nazioarteko komunitateak egiaztatzeko modukoa, iraunkorra, aldebakarrekoa eta «jarduera armatua behin betiko uzteko borondatearen erakusle gisa». Formulazio honen bidez, norabidea argi utzi dute, baina denbora aldetik malgu jokatuz, prozesu izaera balioetsiz.

Akordioaren bigarren zatiak osatzen du bide orria, eraiki beharreko elkarrizketa eta negoziazio prozesuaren printzipioak, baldintzak eta edukiak finkatzen dituelako. Indarkeria guztien desagerpena baino haratagoko ibilbidea argi zirriborratu dute.

Bi multzo irudikatu daitezke une honetan: batetik, Gernikako akordioaren inguruan bildu direnak, eta, bestetik, mugitzen hasteko gutxieneko baldintza su-etenaren behin betikotasuna jartzen dutenak. Ados proposamenarekin tarteko espazio bat bilatu arren, bigarren multzoan kokatu da EAJ, Espainiako Gobernua eta PSOErekin batera. Eta lerrokatze horrek tirabira eragin du alderdi jeltzaleren barruan, bi foru ahaldun nagusik ezker abertzalearen apustua ontzat joz egindako adierazpenek erakusten dutenez. Gernikako ekimenaren inguruan, jokoz kanpo eta herritarrengandik urrun gelditzeko arriskua nabari dute.

DOKUMENTAZIOA

- Gernikako akordioa (2010-09-25)

- ETArekin elkarrizketa (Gara, 2010-09-26)

2010-09-22

Permalink Agenda, 161 hitz  

Manifestaziorako deialdia, urriaren 2rako

Irailaren 11n manifestatzeko izan ziren debekuen ondoren (Adierazi EHrena eta herritar batzuena), deialdi berri bat iritsi da gaur. Urriaren 2rako, Bilbon. Ziklo berriaren ispilu izan daiteke manifestazio hau, deitzaileen izen-abizenak alde batera utzita.

Hona hemen deialdiaren zehaztasunak, deitzaileek aurkeztu bezala:

Berriki jazo diren manifestazioen debekuengatik kezkatuta gauden pertsona talde bat gara. Horregatik, manifestazio bat deitzea erabaki dugu Bilbon datorren urriaren 2rako, larunbaterako, lelo hauen pean:

Ez manifestazioen debekuari
Inongo inposiziorik, inongo indarkeriarik
Bai giza eskubideei, eskubide zibilei eta politikoei

Manifestazioa arratsaldeko 5etan hasiko da Aita Donostia Plazan eta Udaletxearen aurrean bukatuko da.
Gaurtik aurrera harremanetan jarriko gara alderdi politiko guztiekin, sindikatuekin eta gizarte eragileekin mobilizazioaren helburua helarazi eta beren atxikimendua lortzeko.
Euskal gizarteari ere dei egiten diogu, aukera ideologikoetatik edo iritzi politikoetatik harago, herritar guztioi dagozkigun eskubide guztien aldeko manifestazio honetan parte hartzera.

Deitzaileen zerrenda

Txaro Arteaga
Felix Cañada
Alfonso Dubois
Pedro Ibarra
Natxo Isuskiza
Jose Luis Longarte
Gabriel Mariscal
Carmen Moreno
Maixux Rekalde
Paul Rios
Ramon Zallo

2010eko irailaren 22a

<< Aurreko orrialdea :: Hurrengo orrialdea >>

Konponbidearen talaia

Euskal Herrian konponbidea jorratzeko garaia delakoan, bidaldi horren lekuko izan nahi du bitakora kaiera honek. Albisteak, gogoetak, zertzeladak, hemeroteka, erreferentziak, eztabaidarako aukera, kolaborazioak… Leiho bat zabal-zabalik, konponbide iraunkor eta justuaren itxaropenez. Jokoan dagoenaren garrantzia kontuan izanik, erantzukizunez, begirunez eta zintzotasunez jokatzeko konpromisoa du blog honek.

< Aurrekoak | Hurrengoak >

Abuztua 2020
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
          1 2
3 4 5 6 7 8 9
10 11 12 13 14 15 16
17 18 19 20 21 22 23
24 25 26 27 28 29 30
31

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!