Berria.infoko blog komunitatea

Login

Konponbidearen talaia

Pello Urzelai

Mezua: Lidergo erlatiboa

2012-10-22

Permalink Analisiak, 392 hitz  

Lidergo erlatiboa

Garaipen argia lortu du EAJk Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, Iñigo Urkullu lehendakarigaiaren eskutik. Irabazlearen inguruko zalantzarik ez dute utzi emaitzek. Bigarrenari —EH Bilduri— atera dion aldea (106.576 boto, 6 aulki) esanguratsua da, lidergo politikoaren ikuspuntutik. EAJk lortutako emaitzekin (botoen % 34,64, 27 aulki) zilegitasun osoa du lehendakaritza hartzeko, nolabaiteko zentralitatea eskuratuta.

Sailkapena ere garrantzitsua da. EAJ izan da lehen indarra eta EH Bildu bigarren bilakatu da (botoen %, 25, 21 aulki) 2011ko udal eta foru hauteskundeetan gertatu bezala. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan aurrekari bakarra dago: 1980ko hauteskundeak, HB PSEren aurretik gelditu zenean. Hirugarren indarra PSE izan da (%19,14, 16 aulki) eta, urrutiago, laugarrena PP (11,74, 10 aulki).

Sailkapenarekin batera, beste datu garrantzitsua boto dentsitatea da, hau da, indar bakoitzaren pisu espezifikoa, eta multzo bakoitzarena. Indar abertzaleek espainolistek baino askoz sostengu gehiago lortu dute. Espainolistak batuta ere ez dira iristen %30era. PSEk, PPk eta UPDk 363.338 boto lortu dituzte, eta gainerakoek —EAJ, EH Bildu, Ezker Anitza eta EBk— 708.034, ia bikoitza. Datu honek berebiziko garrantzia du, erakusten duelako Espainiako estatu sistema sostengatzen duten alderdiek EAEn gutxiengo osatzen dutela. Beraz, argi gelditu da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Espainiako estatu sistema auzitan dagoela, bideragarritasunik gabe, Kataluniaren antzera.

Gobernagarritasunaren ikuspuntutik, emaitzek erosotasuna eman diote EAJri gobernatzeko, bakarrik ere, hala nahi izanez gero. Zenbaki hauekin, ez dago kontra egin diezaiokeen aliantzarik (EH Bildu eta PSE ez dira 38ra iritsi). EAJk nahiko tartea du bakarrik gobernatzeko, eta ziurrenik aukera hori egingo du. Beste alderdi batzuetatik eskaintza goxoak jaso arren. Berez, nahiko gehiengo erlatiboa lortu du gutxiengoan gobernatzeko eta aukera hori baliatuko du.

Dena den, Iñigo Urkulluk lehendakarigaiak berak ere argi dauka adostasun zabalak lantzeko garaia dela. Krisi ekonomikoa eta bakegintza akordio zabal eta sakonen zain daude. Eginkizun honi ekiteko nolabaiteko lidergoa eskuratu du EAJk. Lidergoa bai, baina erlatiboa, ezinbestean beste indarrekin kontatu behar duelako, batez ere, bigarren indarrarekin, EH Bildurekin. Bi indar hauek dute garai berria kudeatzeko erantzukizun nagusia. Bien arteko elkarlana —instituzionala eta bestelakoa— beharrezkoa da aurrera egiteko. Krisi ekonomikoari aurre egiteko orduan, bakegintza sendotzeko orduan (estatuak mugiarazteko orduan), eta burujabetzaren bidean aurrera egiteko orduan.

Izan ere, hemendik aurrera herritarrek argiago barneratuko dute gehiengo nagusiaren nahia herri burujabea izatea dela, hau da, bertan erabaki ahal izatea oraina eta etorkizuna. Kataluniako eta Eskoziako prozesuek areagotu ahal dute sentimendu hori. Euskal Herrian pixkanaka antzeko gehiengo likido bat osatzen ari da independentziaren alde. Gizarte zibila norabide horretan benetan aktibatzen bada, agintari berriei nahi hori kudeatzea baino beste erremediorik ez zaie geldituko. Horretarako hoberena lidergo partekatua lantzea.

Erantzunak:

Bidaltzailea: joe90210 [Bisitaria]
Ea Pello, tranparik egin gabe, EAJ eta Bildurekin batera ezin dituzu jarri IU eta EB, gauza bat da autodeterminazio eskubidearen alde egotea eta beste bat independentziaren alde egotea. Urkulluren boza asko ere ez dira independentziaren aldekoak, eta ez diot nik, Naiz-en egindako inkesten inguruan hedabide horretan eginiko kronika batean PPtik eta PSE-tik joandakoen bozek EAJren %33a suposatzen duela irakurri dut, ez dakit horrenbeste izango diren, baina argi dago horrelako bozak ere egon direla. Beraz, nire ustez, independentzia likido baino gehiago gaseoso xamar antzematen da. PSE eta PP krisiaren kudeaketak zigortu ditu; EHBIldu egin duen bezala, zeina, justu, gobernatzen ez duen tokietan hasi egin da, hots, Bizkaian eta Araban. EAJk, Bizkaia, langabetu gehien dituen herrialdea gobernatu arren, antzinako gestioa (80 eta 90eko hamarkadak) gogoarazi die bozkatzaileei eta Raxoy-k Espainian (Aznar eta Ratoren urteak gogoarazi zituen) egin lez gehiengoa lortu du. Nire aburuz, ez du egoera erraza izango Urkulluk, eta Raxoyri gertatukoa gerta lekioke, hots, krisiaren zurrunbiloak harrapatzea. Langabetu tasa hasi daiteke, konstituzionalak botikak ordaindu beharko ditugula esango du eta Osakidetzan, hezkuntzan eta administrazioan aurreikusten diren murrizketek oraindik nahiko isilik dagoen langile-taldeari eragingo dio, hots, funtzionarioei, Madrilen ziurrenik zarata-hots gehien ateratzen ari den kolektiboa. Lanbide-ren erabiltzaileek (epe luzeko langabetuak, etorkinak… jende umila, oro har) ez dute protesta larregirik egiten, baina klase ertainak egoera zeharo gaiztotzen zaiela ikustean kalera irtengo dira. Egoera korapilatsu honetan gobernatuko du Urkulluk, honek zera ekarri dezake epe ertainean: EHBIldu (Sortuk ez baditu EA eta Alternatiba aldentzen), IU, UPyD eta ezkerreko alderdiak, oro har, asko handitzea. PSE-EEk ere aukera izan dezake emaitzak asko hobetzeko, baina hausnarketa sakona egin beharko du, Zapatero bezalako lider gazte eta establishment–etik kanpoko bat lortu beharko luke, boza gazte eta abstentzioan gelditu dena motibatuko duena. Nire aurreikuspenak betez gero, hurrengo hauteskundeetan EHBildu-k emaitzak hobetu ditzake, baina baita PSE, IU, UPyD eta bestelako alderdi ezkertiar eta krisiaren kudeaketatik urruti daudenak ere. EAJren ustezko jaitsierak eta alderdi ez abertzaleen aurrerakadak hurrengo urteetan boza abertzale eta unionista berdintzea ekarri dezake. Gerta liteke, aipatutako ezerez gertatzea eta Urkulluk Mas-i estrategia ondo irteten zaiola ikustea eta honi jarraitzea. Orduan dena aldatuko zen. Baina gogoeta hori ez dut egin, oraindik.
Permalink-a 2012-10-23 @ 16:13
Bidaltzailea: pello [Kidea] · www.berria.info
Kaixo, ohar interesgarriak egin dituzu, baina nire analisian ez dago tranparik. Blokeen banaketa ez da kapritxosoa. Alde batean, Espainiaren estatua egituratzen duten alderdiak daude –funtsean PP eta PSOE– eta bestean gainerakoak. Zergatik? Datu hori garrantzitsua delako noraino dagoen auzitan estatu horren zilegitasuna eta bideragarritasuna hemen eta Katalunian.

"Euskal Herrian pixkanaka antzeko gehiengo likido bat osatzen ari da independentziaren alde" diodanean, beste plano batean diot, ikuspegi dinamiko bat kontuan hartuta. Agian gehiengo likido hori ez dago oso aktibatuta, baina nire aurreikuspena da aktibatuko dela, Katalunian gertatu den bezala. Gauza asko gertatuko dira legegintzaldi berri honetan.
Permalink-a 2012-10-23 @ 17:54
Bidaltzailea: joe90210 [Bisitaria]
Beno, ba tranpa ez baduzu egin, esan behar dut ez nagoela ados zurekin: alde batean PP, UPyD eta PSE-EE-k bloke bat osotzen dutela diozu eta hauen aurrean PNV eta EHbildu , ez ezik, EB, IU, Equo… Nire ustez hori ez da erreala, ezkerreko aukera gutxiengo hauen alde egin duten lagunak ustez dinamika independentista baten alde egongo direla etorkizun hurbilean esatea errakuntza bat da. Horiek EAJ-ren orbitatik urrun daude, baina baita EHbildu lako aukera batetik ere. Oro har abertzaletasunetik urruti, zeina mugimendu 'Casero' eta kontserbadoretzat daukatelakoan nago. Argumentu hau sendotzeko zera esan dezaket: ezkerreko alderdi txiki hauen bozak hiriguneetan pilatzen dira, justu EHbildu laugarren alderdia den tokietan! : Bilbo, Gasteiz, Barakaldo… Beno, Donostian ere badute indarra; hau salbuespena litzateke!Hiri horietako soziologia esagutzen duenak badaki independentista gutxi dagoela horietan, EAJ lako alderdiaren alde egin duen INdautxuko edo Abandoko 'Azkunazalea' barne.
Permalink-a 2012-10-24 @ 09:06
Bidaltzailea: pello [Kidea] · www.berria.info
Kaixo joe90210, uste dut ez duzula ongi interpretatzen nire irakurketa. Nik ez dut esaten EB, Ezker Anitza eta abar independentistak direnik edo dinamika independentista batean alde egingo dutenik. Inportantea da PP eta PSOE bloke bezala kontuan hartzea, beraiek direlako Espainiako sistema politikoaren bi zutabeak. Eta bi zutabe horiek Euskal Herrian edo Katalunian ahulak direnez, ondorioztatu behar da estatuaren egitura politikoki ahula dela, haren bermezaleak gutxiengoa direlako. Beraz, estatuaren sistema nolabaiteko inposizioz ezartzen da, eta horrek gehiago ahultzen du haren zilegitasuna. Egoera horretan, independetismoak aukera bat du bere proiektua zabaltzeko, estatu propioaren aldarrikapena sendotzeko.
Permalink-a 2012-10-24 @ 18:01

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Konponbidearen talaia

Euskal Herrian konponbidea jorratzeko garaia delakoan, bidaldi horren lekuko izan nahi du bitakora kaiera honek. Albisteak, gogoetak, zertzeladak, hemeroteka, erreferentziak, eztabaidarako aukera, kolaborazioak… Leiho bat zabal-zabalik, konponbide iraunkor eta justuaren itxaropenez. Jokoan dagoenaren garrantzia kontuan izanik, erantzukizunez, begirunez eta zintzotasunez jokatzeko konpromisoa du blog honek.

Maiatza 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
    1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29 30 31    

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!