Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mendiko behatokia

Pello Zabala

Atalak: Guztiak, arotenplea, euribustiak, haizearenak

2013-12-21

Permalink arotenplea, 350 hitz  

Negu ofiziala

Oraintxe sartu omen gara negu ofizialean: arratseko seirak eta 11 minututan. Eguna luzatzen hasi zaigunean, neguan sartu garela esatea ere…! Gure aurreko naturazale porrokatu haiek, basoan bizi ziren zeltiar zaildu haiek, bazekiten ongi noiz ziren urteko egunik laburrenak, azaroak, abenduak eta urtarrilak biltzen dituen horiek: horixe zuten haiek negu.

Horrek esan nahi du udazken ofiziala ere oraintxe amaitu zaigula. Entzun dut, eta hala gaztiga dit batek baino gehiagok, azken urteotako udazkenik euritsuena izan omen dugula. Azaro euritsuena baietz, esan diet nik. Baina udazken euritsuena ezetz, ez azken urteotakoa eta, are gutxiago, begiradaren bueloa luzatzen badugu. Harik eta, ‘azken urte’ horietan azken lauak bakarrik sartzen ez ditugun…

Zeren eta, 2008aren datak jasotzea nahikoa da, orduan askoz gehiago, 998, aurten baino 338 litro gehiago bota zituela ikusteko. Jakina, ez dezagun ahaztu, beti gogoan izatekoa da eta, ez duela denean berdin ixurtzen: euri datuak, hozberoarenak bezala, tokian tokikoak direla beti.

Arantzazun 47 urteko datuak dauzkagu, 1966tik honakoak. Eta hara bialekua: Urte hartan bertan, 1966an, udazkenak 969 litro eman zituen. 1992an, 900. 1980am, 882. 1967an, 832. 1974an, 827. Esango du batek, aspaldian euri gehiago egiten ote zuen, data horiek ikusita. Baina, berriro diot: aspalditan gehienekoa, 2008a: 998.

12 urte topatu baititut, aurtengo udazkenari irabazi diotenak: eta gertuagoan ere bai, noski: 2005ean 769. 2002an, 702. Eta 3 litroz bakarrik bada ere, 2000.a bera, 663 litrorekin. Aurteko udazkenarenak, barka orain arte seinala ez badut, baina hemen Arantzazun bildu ditugunak, 660 izan baitira.

Baina, barka honakoak esanez luzatzen banaiz: ez baitira eurikontuak bakarrik aurtengo udazkenak utzi dizkigunak. Eguzki orduei bagagozkie: 358 ordu izan ditugu eguzkitakoak. Bataz bestekoa, aurreko urteotan, 328 ordutan daukagu. Aurten 30 ordu gehiago izan ditugu: 358, alegia. Ez da, beraz, dena euritakoa izan. 33 egun, eguzki betekoak izan ditugu, abenduan batipat, kontuan hartuz, beti ere, egunik laburrenetakoak azken 22 hauexek izan ditugula.

Zehaztasun bila hasita, esan udazkeneko 91 egunotatik, 68tan eguzki izpirik ikusi ahal izan dugula. 65 egunetan, ordubetez goitiko eguzki tartea. Ateri emaniko egunak, ia erdiak: 40 egun izan baitira halakoak.

Euridunetan, 8 egun lanbro gutxikoak: litroz azpikoak. Euri ondrosokoak ere bai: 22 izan ditugu, 10 litroz goitikoak. Eta, behin hasiaz gero, zehatzago markatuz: 13 egun 20 litrotik gorakoak. Hoietan bost: 40 litro pasatakoak. Gehienekoa, azaroaren 4koa, 66’5 eman zituena.

Bueno, planto. Hain erraz botatzen zaizkigun gehiegikeriak apaltzeko zetorren datuen errepaso aurreko hori. Balioko zizulakoan.

2013-12-17

Permalink arotenplea, 127 hitz  

Gaur hamabost

Hala nion gaur hamabost, Xabierko santuaren egunean, ilargiaren haztea ta goratzea abiatzen ziren egun berean:Baietz portatu oraingoan ilargi xaltxera tranpoxa lotsatia egun laburretako sasoi honetan…! Ez dut trabesik gurutzatuko baina… baietzean nabil.

Ta baita portatu ere. Halakoxe egunak zaizkigu fortunatu! Luzeagoak izan balira, auskalo! Baina, urteko laburrentxuenak izateko, eguzkibeteko egunak (8 ordu inguruotan) mordoska, 10 gutxinez bai… hamabostaldi honek 66 ordu bete ditu eguzkitan mendialdeotako eguteran.

Ba, gaur abiatu da ilargi xaltxera bere murrizketekin: goizean goiz beheraka, egun pare bat fanfarroi han altuan ibilita. Gaur ere halaxe dator, bart egin duen ia bide beretsutik, eta egun pare batean apenas antzemango zaion matrail bateko argia galduz, itzala pixkeka sartzen hasi zaiola ere.

Ezin jarraiko du aurpegi betetzerakoan eta igoerakoan oparitu dizkigun zeru garbiekin, baina, tira! Ez du gehiegi gaiztotu nahiko…!

2013-12-12

Permalink arotenplea, 319 hitz  

12 hilabetetako euriak

Urtebeteko euriei begira, nahiago izaten dut, eta hartantxe aparte saiatzen naiz, ilberritik ilberrira kontuak ateratzen. Alegia, egutegiak dakarzkigun hilabete izendatu horiei ez baino, ilberri ttiki batetik hurrengo ilberrittora bota dizkigun litroei erreparatzen diet: 29 egun pasatxoren tartea da nik erreparatzen dudana.

Noski, beste 11 egun sobratzen zaizkio urteari. 11 egun horietakoa aparte seinalatuko dizut.
Iaz abenduari begira, neguan sartzear gertu gineneko ilberria (13an) hartu eta haren segidako neguko egunei erreparatu nien ilbeltzean Erregena pasa orduko etorri zen hurrengo ilberri bitartekoak hartu eta hurrengoekin lotzeko. Argigarriagoak direla baitirudit, ilargiz ilargi doazenak.

Hemen dituzu bi eratan zenbaturiko litro ta litroxkak. (Litro deitzen diet, barra-barra edo jasa tankeran, zaparradaka bota duenari; litroxka, aldiz, xirimiri edo lanbro ta langarretan egindakoari). Hilabeteka emanak honakoak dituzu:

2012ko abenduak, 126
urtarrilak, 396
otsailak, 371
martxoak, 204
apirilak, 208
maiatzak, 247
ekainak, 257
uztailak, 41
abuztuak, 40
irailak, 51
urriak, 68
azaroak, 556 (horietatik 420 ilbetearen inguruko 15 egunetan)

12 hilabete betetzean: 2565 (aspaldiko urteetako gehientsuena)

Hilberrinaka hartuta, 2012ko 13tik urtarrileko 11ra: 55 litro (18 egun ateri).
Otsaileko 10 arte: 578 litro (5 egun ateri).
Martxoko 11 arte: 168 litro (15 egun ateri).
Beraz, neguak: 801 litro.

Laugarren ilargiak, apirileko 10 arte: 274 litro (4 egun ateri).
Bosgarrenak, maiatzeko 10 arte: 207 litro (11 egun ateri).
Seigarrenak, ekaineko 8 arte: 288 litro (5 egun ateri).
Udaberriak: 769 litro.

Zazpigarrenak, uztaileko 7 arte: 101 litro (18 egun ateri).
Zortzigarrenak, abuztuko 6 arte: 64 litro (19 egun ateri).
Bederatzigarrenak, iraileko 5 arte: 41 litro (17 egun ateri).
Udak: 206 litro.

Hamargarrenak, urriko 5 arte: 63 litro (14 egun ateri).
Hamaikagarrenak, azaroko 3 arte: 77 litro (15 egun ateri).
Hamabigarrenak, abenduko 3 arte: 547 litro (7 egun ateri, eta goian esan dudan moduan, 420 litro 15 egun txit euritsutan emanak)
Udazkenak: 687

Hara hor bi kontaera. Bataz bestekoak erreparatzen dituenak, agudo ikusiko du ez daudela kontuak ongi. 12 hilabeteko kopuruak 102 litro gehiago atera ditu. 12 ilberriekiko kopuruak, noski, ez dugu ahaztu behar 11 egun gutxiago osatzen dituela, 2012ko abenduko lehen 11 egunak justu… eta hala, joan den urteko abenduaren hasiera euritsua izanik, 101 litro pasa emanak zituen, eta justu ilberria abiatu zenean eman zion ilargialdi epel ta lehorretik.

Hara ba, nire euriarekiko eta eurijasekiko datu eta kopuruak, askoz argiago uler ditzaket, ilargiaren gorabeheren martxari lotuta. Hartantxe jarraituko dut, gustu osoz, bestela ez nuke jakingo eta…

2013-11-05

Permalink euribustiak, 340 hitz  

(e)ur(i) bedeinkatua *

Azaroaren eskilaran gora abiaturik garenean, 4an eta 5ean bedeinkatu gaituen euri bakeoso ta oparoaren oparia kontuan eta pozik hartzekoa dirudit, edo, buru esfortzurik batere gabe, hala pentsaitten xat. Halaxe baiteritzot, eta edozein alderdi eta adarretatik begiratuta ere, hartan bermatzen eta ziurtatzen naiz.

- Batetik, lurrazala egarri zegoela kontu jakina da. Entzungo zenioten perretxikutan saiatu den edonori. Horren ageriko ekar daiteke, 24 ordutan 60 litrotik gora bota arren, pendizetako urbidetxo ta errekaxto arinenak ere, zeinen gutxi enteratu diren…

- Bestetik, esan, egunen ilarari begiratzen hasiaz gero, azkeneko aldiz noiztsu izan zen beste horrenbestekorik topatzeko, soka luzetxoa behar dugula. Euriteak ez dira berdintsuak izaten, egia da hori. 56 litro izan genituen ekainaren 18an… duela, alegia 140 egun. Eta 61eko saioa topatzerakotan, urtarrilaren 15eraino jaitsi beharrean gaude: neguko eurijasen saioa hasi zeneko hartaraxe. Noski, hasi bazen hasi, urtarrileko aste hartan, 13tik 19ra, 7 egunetan 248 litro bota zizkigun. Ez du zerikusirik oraingo saio honekin.

- Egia da, baita, Arantzazuko mendi inguru eta pendiz hauetan, bakeoso, oreka fin batean iritsi zaizkigula 24-25 orduen arteko 62 litroak: eurijasatxorik bai, erauntsirik ez, zaparradaxka gehienak modoxo ta apal, batez beste, orduko 3 litro, neurri onean ta trankil bota dizkigularik, halako erregadio propio organizatu batean ari bailitzaiguan…

- Baina badu bendiziozko jardun honek beste ñabardura ta xehetasun zehaztu beharrekoa. Humiditatetik nahi beste eta behar beste ekarri du, bai. Normala. Mendebal traketsarekin eta haize bolada traskailuekin abiatu zena, ipar ikuttu urrun samarrekoa bazekarren ere, mendebal epelxeagoak gozatu zuen eta hartan mantendu hozberoa. Hartu kontuan Arantzazuko 730 metrotako altueran jasotakoa dela honako hozbero lauaren koskik eza: gauetik gentozen arren, atzo goizeko 9’etan euria abiatzean, 11º genituen hemen. Haietantxe mantendu zen ia gauerdirarte: gaueko 11’ak aldera, epelbide xumean abiatu zen; gaur goizeko 7’ak aldera, 13º bagenituen; eguerdirako 14’5º eta arratsalde erdian ia 16º.

- Epeltasun horretxen grazia da euri honen ixuria lurrazalarentzat bezala, belaze ta mendientzat, txaradi ta basoentzat, zuhaizti eta landaredi osoarentzat bendizio bilakatzen duena. Bere isuri jarioxka motelekoan, ez dio dañatu azalik lurrari, ez eta zopatu ere, mun laztan heze patxadakoa xuabe-xuabe eman dio… Bendizio ederragorik!!

* Bihar hasten da ilgora. Atzo gaurko agindu banizuen ere, bihar ikusiko ditugu, zehatz-mehatz, ilgora-ilbeherei dagozkienak.

2013-10-25

Permalink euribustiak, 205 hitz  

Zain nengokion

Hilabete batzuk banituela ba, udaberriko eurijasa ondroso haietatik, zain nintzaien, trumoi ta ekaitzik edo zaparrada bettebette horietakorik noiz egokituko. 12-13 litroren mugatxoa nuen ipinia, portatu dela esateko eran, aspaldiko partez, euritik egin duela esango banuen.

Gaur goizean, halaxe, 17 ta erdi oparitu dizkigu hegohaizearen makalaldiak. Atzoko lotsagabekeri baldarretan etorri izan balitz, Nafarroako mendimailetan botako zituen ia denak. Baina, ahuldadeak hego-hegalak hegoari mantxotu dizkionean, pirinio altua pasatzea gehiegi zitzaion nonbait eta, Errioxatik Araba aldera ukalondo errebueltaxka hartu eta Gipuzkoan barrena pasa zaigu itsasoraino, bide lauen eta errazenetik. Orduantxe, bi ordu ta erditan, ia 18 litro, aizue!

Noiztxu izan genituen aurreko zaparrada aberatsak? Ba, ez harritu horrekin: udaberriaren azken egunetako saioan. Ekainak 18 zituen arratsean hasi eta, iñular eta gau, 55 litro ta erdi bota zituenean. Ordutik, ekainaren azken 13 egunak, uztailaren 31, abuztuaren beste 31, irailaren 30, eta urriaren 24… 129 denera, ezta? 11 litrorik ezin iritsi ahal izan dute trumoi-ekaitzek ere, nahiz eta uztailean ta baita abuztuan, trumoi-saio pare batean 10 litro ta erdira, juxtu-juxtu ta oxta-oxta arrimatu izan.

Udarik ez genuela izanen eta udazkena ere "viene lluviosa en Eukadi" gaztigatu baziguten ere, esan behar da, lurrazala, gutxitan bezala, guztiz elkortua dagoela, bai. Ondrosoen pagadietan sartuko zen, han azpia beti ere belakitxuagoa baita. Epeletik ekarriki digu gaurko jasa ederra eta, baietz galanpernatxoren batzuk esnatu ta xutarazi!…

:: Hurrengo orrialdea >>

Mendiko behatokia

Behatokian gustura nabil. Mendikoa da behatokia: izadi naturalean kokatua. Natural izatea lortu nahi, nonbait. Hontzaren begi bihurriak nahi ditut: ilunean dakitenak. Erreparatu ahala, ikusia jakin aurretik, azaleratu nahiko nizuke, denon aurrean ikasteko. Ondo ikasiak leku gutxi. Eta asko balio...

| Hurrengoak >

Abuztua 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
      1 2 3 4
5 6 7 8 9 10 11
12 13 14 15 16 17 18
19 20 21 22 23 24 25
26 27 28 29 30 31  

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!