Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mendiko behatokia

Pello Zabala

Atala: arotenplea

2013-12-21

Permalink arotenplea, 350 hitz  

Negu ofiziala

Oraintxe sartu omen gara negu ofizialean: arratseko seirak eta 11 minututan. Eguna luzatzen hasi zaigunean, neguan sartu garela esatea ere…! Gure aurreko naturazale porrokatu haiek, basoan bizi ziren zeltiar zaildu haiek, bazekiten ongi noiz ziren urteko egunik laburrenak, azaroak, abenduak eta urtarrilak biltzen dituen horiek: horixe zuten haiek negu.

Horrek esan nahi du udazken ofiziala ere oraintxe amaitu zaigula. Entzun dut, eta hala gaztiga dit batek baino gehiagok, azken urteotako udazkenik euritsuena izan omen dugula. Azaro euritsuena baietz, esan diet nik. Baina udazken euritsuena ezetz, ez azken urteotakoa eta, are gutxiago, begiradaren bueloa luzatzen badugu. Harik eta, ‘azken urte’ horietan azken lauak bakarrik sartzen ez ditugun…

Zeren eta, 2008aren datak jasotzea nahikoa da, orduan askoz gehiago, 998, aurten baino 338 litro gehiago bota zituela ikusteko. Jakina, ez dezagun ahaztu, beti gogoan izatekoa da eta, ez duela denean berdin ixurtzen: euri datuak, hozberoarenak bezala, tokian tokikoak direla beti.

Arantzazun 47 urteko datuak dauzkagu, 1966tik honakoak. Eta hara bialekua: Urte hartan bertan, 1966an, udazkenak 969 litro eman zituen. 1992an, 900. 1980am, 882. 1967an, 832. 1974an, 827. Esango du batek, aspaldian euri gehiago egiten ote zuen, data horiek ikusita. Baina, berriro diot: aspalditan gehienekoa, 2008a: 998.

12 urte topatu baititut, aurtengo udazkenari irabazi diotenak: eta gertuagoan ere bai, noski: 2005ean 769. 2002an, 702. Eta 3 litroz bakarrik bada ere, 2000.a bera, 663 litrorekin. Aurteko udazkenarenak, barka orain arte seinala ez badut, baina hemen Arantzazun bildu ditugunak, 660 izan baitira.

Baina, barka honakoak esanez luzatzen banaiz: ez baitira eurikontuak bakarrik aurtengo udazkenak utzi dizkigunak. Eguzki orduei bagagozkie: 358 ordu izan ditugu eguzkitakoak. Bataz bestekoa, aurreko urteotan, 328 ordutan daukagu. Aurten 30 ordu gehiago izan ditugu: 358, alegia. Ez da, beraz, dena euritakoa izan. 33 egun, eguzki betekoak izan ditugu, abenduan batipat, kontuan hartuz, beti ere, egunik laburrenetakoak azken 22 hauexek izan ditugula.

Zehaztasun bila hasita, esan udazkeneko 91 egunotatik, 68tan eguzki izpirik ikusi ahal izan dugula. 65 egunetan, ordubetez goitiko eguzki tartea. Ateri emaniko egunak, ia erdiak: 40 egun izan baitira halakoak.

Euridunetan, 8 egun lanbro gutxikoak: litroz azpikoak. Euri ondrosokoak ere bai: 22 izan ditugu, 10 litroz goitikoak. Eta, behin hasiaz gero, zehatzago markatuz: 13 egun 20 litrotik gorakoak. Hoietan bost: 40 litro pasatakoak. Gehienekoa, azaroaren 4koa, 66’5 eman zituena.

Bueno, planto. Hain erraz botatzen zaizkigun gehiegikeriak apaltzeko zetorren datuen errepaso aurreko hori. Balioko zizulakoan.

2013-12-17

Permalink arotenplea, 127 hitz  

Gaur hamabost

Hala nion gaur hamabost, Xabierko santuaren egunean, ilargiaren haztea ta goratzea abiatzen ziren egun berean:Baietz portatu oraingoan ilargi xaltxera tranpoxa lotsatia egun laburretako sasoi honetan…! Ez dut trabesik gurutzatuko baina… baietzean nabil.

Ta baita portatu ere. Halakoxe egunak zaizkigu fortunatu! Luzeagoak izan balira, auskalo! Baina, urteko laburrentxuenak izateko, eguzkibeteko egunak (8 ordu inguruotan) mordoska, 10 gutxinez bai… hamabostaldi honek 66 ordu bete ditu eguzkitan mendialdeotako eguteran.

Ba, gaur abiatu da ilargi xaltxera bere murrizketekin: goizean goiz beheraka, egun pare bat fanfarroi han altuan ibilita. Gaur ere halaxe dator, bart egin duen ia bide beretsutik, eta egun pare batean apenas antzemango zaion matrail bateko argia galduz, itzala pixkeka sartzen hasi zaiola ere.

Ezin jarraiko du aurpegi betetzerakoan eta igoerakoan oparitu dizkigun zeru garbiekin, baina, tira! Ez du gehiegi gaiztotu nahiko…!

2013-12-12

Permalink arotenplea, 319 hitz  

12 hilabetetako euriak

Urtebeteko euriei begira, nahiago izaten dut, eta hartantxe aparte saiatzen naiz, ilberritik ilberrira kontuak ateratzen. Alegia, egutegiak dakarzkigun hilabete izendatu horiei ez baino, ilberri ttiki batetik hurrengo ilberrittora bota dizkigun litroei erreparatzen diet: 29 egun pasatxoren tartea da nik erreparatzen dudana.

Noski, beste 11 egun sobratzen zaizkio urteari. 11 egun horietakoa aparte seinalatuko dizut.
Iaz abenduari begira, neguan sartzear gertu gineneko ilberria (13an) hartu eta haren segidako neguko egunei erreparatu nien ilbeltzean Erregena pasa orduko etorri zen hurrengo ilberri bitartekoak hartu eta hurrengoekin lotzeko. Argigarriagoak direla baitirudit, ilargiz ilargi doazenak.

Hemen dituzu bi eratan zenbaturiko litro ta litroxkak. (Litro deitzen diet, barra-barra edo jasa tankeran, zaparradaka bota duenari; litroxka, aldiz, xirimiri edo lanbro ta langarretan egindakoari). Hilabeteka emanak honakoak dituzu:

2012ko abenduak, 126
urtarrilak, 396
otsailak, 371
martxoak, 204
apirilak, 208
maiatzak, 247
ekainak, 257
uztailak, 41
abuztuak, 40
irailak, 51
urriak, 68
azaroak, 556 (horietatik 420 ilbetearen inguruko 15 egunetan)

12 hilabete betetzean: 2565 (aspaldiko urteetako gehientsuena)

Hilberrinaka hartuta, 2012ko 13tik urtarrileko 11ra: 55 litro (18 egun ateri).
Otsaileko 10 arte: 578 litro (5 egun ateri).
Martxoko 11 arte: 168 litro (15 egun ateri).
Beraz, neguak: 801 litro.

Laugarren ilargiak, apirileko 10 arte: 274 litro (4 egun ateri).
Bosgarrenak, maiatzeko 10 arte: 207 litro (11 egun ateri).
Seigarrenak, ekaineko 8 arte: 288 litro (5 egun ateri).
Udaberriak: 769 litro.

Zazpigarrenak, uztaileko 7 arte: 101 litro (18 egun ateri).
Zortzigarrenak, abuztuko 6 arte: 64 litro (19 egun ateri).
Bederatzigarrenak, iraileko 5 arte: 41 litro (17 egun ateri).
Udak: 206 litro.

Hamargarrenak, urriko 5 arte: 63 litro (14 egun ateri).
Hamaikagarrenak, azaroko 3 arte: 77 litro (15 egun ateri).
Hamabigarrenak, abenduko 3 arte: 547 litro (7 egun ateri, eta goian esan dudan moduan, 420 litro 15 egun txit euritsutan emanak)
Udazkenak: 687

Hara hor bi kontaera. Bataz bestekoak erreparatzen dituenak, agudo ikusiko du ez daudela kontuak ongi. 12 hilabeteko kopuruak 102 litro gehiago atera ditu. 12 ilberriekiko kopuruak, noski, ez dugu ahaztu behar 11 egun gutxiago osatzen dituela, 2012ko abenduko lehen 11 egunak justu… eta hala, joan den urteko abenduaren hasiera euritsua izanik, 101 litro pasa emanak zituen, eta justu ilberria abiatu zenean eman zion ilargialdi epel ta lehorretik.

Hara ba, nire euriarekiko eta eurijasekiko datu eta kopuruak, askoz argiago uler ditzaket, ilargiaren gorabeheren martxari lotuta. Hartantxe jarraituko dut, gustu osoz, bestela ez nuke jakingo eta…

2013-10-23

Permalink arotenplea, 191 hitz  

Menditik kale artera

Mendiko behatokitik ikuspegi mendi ahal mundiala gozatzen dudan bezala, kaleen artean, oso bestela nabil. Egia da hori. Gaur arratsean, beste enkargu pare bat aitzaki, hor joan naiz teologia berritu asmozko liburu batzuen bila Gasteizko labera, liburu xortatxo bat, labetik ateraberria, eskuratzera: Melloni, Castillo, Enrike Lozanotarra, Andres gure mendebalekoa ta beste zesumakoren bat aurkituko dudalakoan…

Hartu bost ale, udazkenerako uztatxo pullita, eta banoa kalez kale, kale errazak asko han ta pista gutxi, eta despista naiz.

Nonditxu ote nebilen galdetu eta, bideratu naizela uste nuenean, hara gizaseme ongi helduak aldamenetik:
- Kaixo, Pello, zer zabiltz?
- Hementxe. Liburu hauen bila eta, orain astotxoa non utzi ote dudan ahaztuta…
- Lasai, nik eramango zaitut. Laguntzeko prest nauzu.

Euskara ikasten ari dela, gustu osoz. Maisuak nire esaldietako bat edo beste aipatzen diela eskolan, Luzuriagatarra dela bera… Eta horrela, bideko solasak arindu digu ibilaldia eta gozatu bezain mamitu lagunberritza… Zer moduzko umorea duen bere arreba Gotzonek, galdetu diot agurtzeko orduan. Katixima ikasten ez baino, katiximape pixuan baitu arreba, hiru urte eta bi hilabete dagoeneko. Hurrengoan gorantziak emateko, hala gomenda diot. Eta umorearena galdetzen niola, esan, ateraldi azkar eta on bat izan dezan… Muxu pare bat, Gotzone!

2013-09-25

Permalink arotenplea, 73 hitz  

Tenporak, bai!

Gure gosarittikiak, gehitxotan, tamalez, eguneroko kontu baino gehiago, eguneroko arazo erdi-politiko erdi-sozial horietan katramilatzen dira. Galantak azaltzen dira, eta entzuten, kopago eta gainerako diru-ateratzaile diren kontu eta arazo horiekin.

Baina, aste honetan, noski, koarta-tenporen bistadizoak ere, erreparatzera beartzen bainituen nire ermano finenak, eman digute zeresanik eta zer kontatu ta zer kantaturik.

Bihartik aurrera, nekatzen ez banaiz, botako ditut ateraldi bezainbat, atera-beharreko suertatu diren kontu batzutako batzuk, denak ez dago ateralditara ekartzerik eta… noseake!!!…

:: Hurrengo orrialdea >>

Mendiko behatokia

Behatokian gustura nabil. Mendikoa da behatokia: izadi naturalean kokatua. Natural izatea lortu nahi, nonbait. Hontzaren begi bihurriak nahi ditut: ilunean dakitenak. Erreparatu ahala, ikusia jakin aurretik, azaleratu nahiko nizuke, denon aurrean ikasteko. Ondo ikasiak leku gutxi. Eta asko balio...

| Hurrengoak >

Abendua 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
            1
2 3 4 5 6 7 8
9 10 11 12 13 14 15
16 17 18 19 20 21 22
23 24 25 26 27 28 29
30 31          

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!