Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mendiko behatokia

Pello Zabala

Atala: arotenplea

2013-07-12

Permalink arotenplea, 359 hitz  

Trumoia ustekabean?

- Y a kanbiao too?, euskaldun baten galdera.
- Bukatu die, ordun, egualdi onak?, beste Ernaniar sanoaren galdera?

Egitea daukagu nahi duguna, liburuak ahalik eta argien idatzi, telebistaz egunero jardun giroaren errebueltak esplikatzen eta adierazten… - Urko, ez alferrik!- … jendea ez da enteratzen zer den aldaketa, zer den ekaitz bakan aldakor orduerdiko ta freskagarria… Pulpitoko lanak, aspaldiko garizuma eta Astesantu haietan, uste dut askoz eraginkorragoak eta barnepuztugarriagoak zitzaizkigula. Aspaldion, erlijio eta salbazio kontuak baino saltseroagoa eta zailagoa gelditu zaigu eguraldi eta giroaren arrastoan bat etortzea.

Bueno, barka, baina ez noa gehiago erreten horretan barrena limurtzea (hitz eta berba zail samarrak idaztea onena, eguraldiarena baino gutxiago jaso dezaten, ezta…?), bestela, bestelako ekaitzaldiren bat bideratuko baitut…

Kontua, beste alderdi honetatik hartuta, hauxe da. Atzo eta herenegun, honakoxea genuela galdera ziztakor zimikolaria (berba arraroxka batzuekin jarraitzen dut… ez dakit goizeko zezen trakets atzerati eta baldresaren eragina ote dudan): Noiz dator ba ekaitz eta trumoi hainbeste abisatu duzuen hori?

Gaur goizean, berriz, honakoa: “Gaur arratsean trumoiz lehertuko da, tximist eta trumoi, ekaitz formalen bat dator”… goizeko lehen pausoan, kaperara errezoetara iristean, pasilloko horma txuriaren erdi-erdian, metro eta 30 zentimetrotara, hantxe zegoen armiarma beltz patxadosoa “a mí que me las den” esanez… dozenerdi bat fraileri erakutsi diet, abisatuz, depaso, horrek iñularreko ekaitza eta danbarra gaztigatu nahi duela (eta gaztigatze hori ez da gaztiguarena, portsiakaso diot)… ba, armiarma plano-plano ta ankaxabal jarria, eta goizean goiz, eguzki printzetan gorri agertu diren hodeixken kolorea, (“goiz gorri, arrats euri”, edo ahaztu zaigu lehengo lezio garbien eskola…?) horiek biak nahikoak genituen… arratseko bialekuaz jabetzeko. Aparte esan dezadan, goizean goiz, argia hedatu eta eguzkia gainetara iritsiberritan, hontza pare batek elkar zirikan zihardutela, uujuju ta uuujuju!... seinale hori ere giroak koska nabarmenen bat badakarrela… eta noski, gaurko bero sargori errea nozitu, eguzkia bederatzi orduz gainetik sofritu (benetako frito bainoago sofrito ere bai baita), arratserako hodei itxiak pìxkeka zerua hartu eta… bakebakean gelditu eguna?, keba!... 50etik gora tximist eta trumoi eta, 12 minutu pasatxoz, 13 litro ta erdi bota dituela. Armiarmak arrazoi…, eta goiz gorriak, gaurko abisua oso laburra izan bada ere…, eta hontza pare jolastiak ere zeozer esan nahi zutela, noski...

Eskerrak, eskerrak eta eskerrak... zeozer baino gehixeago freskatu duenari. Ondoloin zeuepe!

2013-05-30

Permalink arotenplea, 484 hitz  

Bi garten aldeak

Eman du zeresanik, eman duenez, udaberriko garten edo koarta-tenporen astetxoak. Hark berak baino, haren ondorengo udaberriak gehiago. Bart amaitzen genuen udako garten asteak ere emango ote du, bada? Ari dira botatzen, aurten udarik ez dugula izango eta…

Konpara ditzagun biak, otsailtxoaren azken egunetakoak, eta, maiatzaren azken egunetakoak, hiru hilabete tartean zituztela etorri baitira, hori bai; aurtengo pazkoa bizkor etorri baitzen, udaberria abiatu eta astebetera justu. Horregatik gartak ere, 3 aste alegia, urtaroen aurretik datozkigula.

Otsailean, lehen hamabostaldi euri ta elurtu baten ostean, 5 egunetan atertu, eguzkiz gozatu eta hor etorri zen lehen asteazkena, 8 orduko eguzki epelarekin, dotore. Baina, bai agudo aldatu ere: ostegun arratsean elur ttiki maluterdi ezin osatuzkoz, malo kaxkarretan han hasi zen xuritzen. Ostiral-larunbat-igande-astelehen-astearte eguerdirarte tematiaren temaz, elurtto xuria bota ta bota, erasanik batere gabe, xuabeko jardun xurixkan, 56 zentimetro osatzeraino. Baina, hori bai, eguzkiaz hasi zuena, bukatu ere, astearte arratsez 2 ordu pasatxo, eta asteazkenez bete-betean, ia 10 ordu osatzeraino, eguzki egun atsegina borobilduz. Eta hurrena, martxoaren 11an zetorren ilberria iritsi arte, ia dena eguzkia oparitu zigun. Beraz, garta egunak, parentesi xuri xelebre bat bilaka ziren. Eta handik gero…? Ongi dakizkigunak… atzoko kontuetan errepasa daitezkeenak.

Nola iritsi da, eta nola portatu, oraingoxe garta udako hauen mapa? Apirilaren 25etik hona, apenas atertu duen, eta halaxe iritsi zitzaion bere txanda maiatzeko Pentekoste ondoko 22 asteazkenari ere: laino itxia, euri zaparradak goizaldera, langarra egun osoan, NW-N haize hotzak lagunduta; halere, arratsean, orduerditxo eguzki eman zigun. Mendebal punttuz (W) etorri zen osteguna: laino itxia goizetik, langar eta lanbro egun osoa, 3 litro exkax ezin osatuz 24 ordutan. Ostiralak ere lanbroa goiz-goizetik, baina (W) mendebal goxatuan 7 orduko eguzkia utzi zigun, harik eta gauerako (NW) freskoak bultzata, gauean zaparradaxkarik ere ekarri zigun. Larunbata ere mendebal (W) gozoagoz portatu zitzaigun, 6 ordu ta erdiko eguzkia oparituz eta zeruak aidatuz.
Igande goizak zeru guztiz argiak zekartzan, baita izotz punttuak ere, eta 10 orduko eguzkia oparirik garden ta garbiena. Haizeak, arratsean, hego ikutu goxoaren (S-SW) bisita pozgarria utzi zigun, gauez ttanttan pare bat ere hodeixka altuetatik utziz. Astelehenak hego hodei ugari, baina 6 ordutako eguzkia, ostartetatik kikuka luze iraun zuelarik; hegoak 21ºtara igo zigun hozberoa.
Azken bi egunak, astearte-asteazken, biak ere antzerako: Iparmendebalaz (NW) hasi, eurixka arina goizetik utziz, tarteka hegomendebal ta mendebalak (SW-W) bidali, ostarte lasaiak sortuz, eta horrela 5 ordu pasa eguzki asteartean, eta 2 ta erdi, asteazkenean utzi zizkigun.
Gero, bai: lehengo N ipar tentera itzuli da berriro. Baina, hegoaren bisita ez digu ahaztaraziko, egun seinalatuetan etorri baita.

Hortaz, 8 egunotan, zer? Lanbro ta langar ugari, egunero; 3 zaparrada ondroso, gauez denak; eguzki dezente, ostegunean ez gainerako egun denetan. Baina, ikusi dugunez, eta hauxe garrantzizkoena: aurreko bi hilabeteetan gordeta egon den hego haizeak egin digula bixita, baita hegomendebal eta mendebalak ere. Horri esker, erlea lanean jardun da 6 egunetan. Beste xomorro ta eltxoak, sits genero asko ere hemen izan ditugu; ez zegoen enarei galdetu besterik: 3 motatako enara familiak ibili dira. Eta ñabardura nabarmena: mandeuliaren bisita ere izan dugu. Hortik atera kontuak! Sargori aldiak? Giro ustel orduak? Ekaitzak?... Apostu egitekotan, baietz egingo nuke trabes!

2013-01-01

Permalink arotenplea, 376 hitz  

Datu pare bat

Urtea amaitu eta berria abiatzean, eguraldiak ere, urtean zehar izan duen bere presentzia apuntatu edo punttaratu nahi izaten du. Jakina, toki batetik bestera bere aldeak izan ohi ditu. Nik hemengo datu pare bat nahi nituzke mendiko behatokian bixtaratu. Ez noa hozbero kontuekin nahasteko asmotan: hori, beti aldakorra izateaz aparte, oso bestelakoa izan ohi baitatoki batetik bestera; bestelakoa, nola ez, bizi gareneko alturaren arabera, haizearen moldera, goiz ta arrats edo gau luze nahiz laburren arauetara. Ez noa, ezta ere, airearen garbitasun edo ezkotasun datuak dantzatzera: niri, eguteran bizi garenez, asko inporta bazait ere, argitasun gehitxo beharko lukeen kontu eta datu pila bildu lezake eta… Gozen, beraz, jendeak gehien estimatzen duen eurien kontuetara.

Aurtengo euri kopurua, hemen, 1597 litrotakoa izan da. Asko da, edo gutxi ote da? Hemen datuak bildurik ditugun 47 urteak kontuan, batezbestekotzat 1700 litro dauzkagu. Kontuak aise aterako ditu edonork: 103 falta izan zaizkigu aurten, kopuru urtez-urtekora iristeko. Beste ñabardura bat erantsi asmoz, honakoa: azken 10 urteotatik 7 euritsuagoak izan dira; bi, aldiz, lehorragoak: iazkoa, bata, 1466 eman zituen eta, aurten baino 131 gutxiago; eta 2006koa, bestea: orduan 1267 besterik ez genuen bildu eta, 330 gutxiago, oker ez banabil. Zehazkerietan sartuta, esan, bestalde, azken 10 urteotako euritsuena, 2008a izan dugula, 2205 oparitu zizkigun eta.

Beste era bateko kopuruei helduaz gero, urtaro bakoitzaren bistadizoari begira, honako datuak ageri zaizkigu:
Batezbestekoei axaletik bedere begira, urtarrilari litro pixke batzuk falta zitzaizkion; otsailari, ia 50, eta martxoari, beste 40 inguru. Beraz, negua, ohikoz azpitik ibili zen: 100 litroren eskasian.

Udaberriari begiratuaz gero, apirila euritsu etorri zen, ia 100 litroz irabaziz ohiko neurriei. Maiatzak, aldiz, 30 inguru galdu zituen; eta ekainak, beste 50en eskasia lehorra atera zuen. Apirilari esker, landaredia ongi genuen. Baina, maiatz-ekainak, aukeran lehortxo eta ihartxo zetozen, udaberria berean mantentzeko eta hain jantzia zegoen landarediari berde eusteko.

Udari berari dagokionez ere, hasiera trixtekoa izan genuen, bero handi haien ekarria gogoan badugu: uztailak 27 litro galdu zituen batezbestekoetara ezin iritxiz; abuztuak, beste 60. Eskerrak irailak zeozer ezkotu eta umeldu zuenari: 113 lortu zizkion lur egarrituari, ohikoen gainetik ondroso ibiliz.

Udazkena portatu zaigula esan da behin ta berriz. Ikus ditzagun bere ekarriak: 570 utzi ditu bere 92 egun igaroberriotan. Batezbestekoak kontuan, 540 inguruan ibili ohi da; beraz, aurten 30en bat atera dizkiogu ohiko martxari. Urriak eta azaroak, 30 inguru gainditu zuten kopurua; abenduak, urtezahartuak galdu ditu, dena kitatzeko behar diren beste 30ak; izan ere, azken bi asteotan ez da dozenatxo bat litrotara ere iritsi.

2012-09-25

Permalink arotenplea, 229 hitz  

Ñabarduretan

Udazkena noiz iritsi da? Baina iritsi iritsi, horrela, puntu-puntuan, ez erdixka. Zeren eta, joan den larunbatean, 22an, eguzkiaren 3rak 11 minutu gutxiagoan (14’49), ofizialki sartu omen ginenean, goiz hartan eguzkia goizeko 6rak eta 3 minututan jaiki omen zen; eta etzan, ofizialki noski, arratseko seirak eta 11 minututan. Beraz, eta ez dut uste oker nabilenik, egun dontsu horrek, eguzki argitakoak, egun eguneoak alegia, 12 ordu eta 8 minutu gozatu ahal izan zituen. Eta beraz, gauari jan zizkion 8 minutu horiek, hortaz, 16 minutuko aldea. Ez al digute kontatu, bada, eskolan eta, udazkenak berdintzen dituela gaua eta eguna, biak 12na ordutan?

Ez dakit eguzkiaren erretiratzeko nagikeriaz den, edo jaikitzeko alferkeria den kulpante, baina kontua da, joan den igandean 6’04an jaiki zela eta, 18’10ean erretiratu: Ordu ta 6 minutu, egunaren alde. Atzo, 6’04an (herenegungo ordu berean) jaiki, eta 18’08an izkutatu: 4 minutu gauari kenduak egunaren luzerarako. Gaur, 6’05ean kendu ditu nagiak, eta, 18’06an, euri ximurretan aldegin omen du: beraz, kuentak eginez gero, 12 ordu eta minutu bat egunak, eta 11 ordu eta 59 gauak, ia-ia berdinean eta pareparean. Eta bihar? Ba, bihar, goizetik egunak galtzen duen minutua (6’06an jaiki), arratsetik ere ximurtzen zaio argiari (18’05), beraz, eguna da 12 ordutara iristen ez dena, minutu eskas baten erruz, eta gaua da irabazian doana, bihar 12 ordu eta minutu bateko propina baitu.

Ñabarduratxo bat: Gaur zortzi, 18an, 19 minutuko aldea zeramaion egunak gauari: 5’59an jaiki eta 18’18an etzan. Hara hor, azken astebete honetan, zenbateko aldea jan dion gauak egunari, ilunak eguzkiari…

2012-09-03

Permalink arotenplea, 280 hitz  

Aro kalamatrika

Eguraldia beti airean, halaxe nemaion izenburu BERRIAren diseinua eta maketazioa daraman aro liburuari. Airearen aldaketak eta dantzak, bere ekarri ahalik eta gehienak errepasatu ostean, galdera batzuen txanda ere prestatu nuen azken pasarteetan. Halaxe, azkenaurreko galderatxo batek honako kontu hau botatzen zidan: “Zuretzat, eguraldiari begira, hiru animalia maitagarrienak…” Gustura erantzuten nion, txoriak, zizareak eta armiarmak nituela erreparagarri eta maitagarri.

Bazen, hemen bertan, Ama Mariaren Bederatziurrenean burubelarri eta eztarri, gabiltzanean, gaur goizerako mendi asmorik zuenik. Fresko bai, baina argixeago espero zen gaur, ez dago atzoko iragarpenei eta gaur egunkarietan datozenei begiratu besterik… “Aste ona izango dugula, ezta?” Horrekintxe gustura jendea.

Atzo arratsean, Aizkorrirako asmotan galdetu zidanari, hala erantzuten nion: Mapak ondo zebiltzak eta giro freskoa ta txukuna zekartek, eta hala espero diat, edo nian... Bi begiak zabal-zabal utzi nuen, eta hala nerraion: Baina, pegatxo bat zeukeat ziztaka. Goizean armiarma ikusi diat paretean aurrera, bere habiatxotik urrunduta. Pentsatu diat: gixajo hau, oraingoan konfundittu samarra zabilek. Baina eguerdiondoan, beste bat ikusi diat, hormaren eta zoruko angelutxuan aurreraka, mantxo… eta bigarren honek zalantzan eta erreparoan ipini natxiok…!Ez zekiat zenbat, baina bustitik badiagu nonbait…

“Armiarma lurrean ikusten baduzu, hogei eta lau ordu barru euria”, diot Eguraldia beti airean, 131.ean, beste bost atsotitz armiarmadunekin batera. Baserrian, horixe genuen eguraldi-maparik ziurrena.

Mapa zientifikoei begiratzen diegunok ez genuen atzo horrelako aro-jokaldirik espero: Gipuzkoan sartu da bart, ertzak garbiago eta lehorrago mantenduz. 19 litro izan ditugu hemen, euri gozotan, goizeko ordubiak aldera hasita. Badira 40 litrotara arrimatu diren guneak ere. Ez dago batere gaizki. Eta ni, eskertuta, nire bi laguntxo ikasketarik gabeko jakintsu ‘zientifiko’ horiekiko. Toki batzutan, abuztu osoan baino euri gehiago, gaur goizean bertan egin ez du ba…? Eskerrak oraindik ere, eguraldiaren kalamatrikeria dexentean ikasi beharrean gaudenari… saiatuko al gara!!

<< Aurreko orrialdea :: Hurrengo orrialdea >>

Mendiko behatokia

Behatokian gustura nabil. Mendikoa da behatokia: izadi naturalean kokatua. Natural izatea lortu nahi, nonbait. Hontzaren begi bihurriak nahi ditut: ilunean dakitenak. Erreparatu ahala, ikusia jakin aurretik, azaleratu nahiko nizuke, denon aurrean ikasteko. Ondo ikasiak leku gutxi. Eta asko balio...

< Aurrekoak | Hurrengoak >

Iraila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
            1
2 3 4 5 6 7 8
9 10 11 12 13 14 15
16 17 18 19 20 21 22
23 24 25 26 27 28 29
30

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!