Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mendiko behatokia

Pello Zabala

Atala: euribustiak

2013-11-05

Permalink euribustiak, 340 hitz  

(e)ur(i) bedeinkatua *

Azaroaren eskilaran gora abiaturik garenean, 4an eta 5ean bedeinkatu gaituen euri bakeoso ta oparoaren oparia kontuan eta pozik hartzekoa dirudit, edo, buru esfortzurik batere gabe, hala pentsaitten xat. Halaxe baiteritzot, eta edozein alderdi eta adarretatik begiratuta ere, hartan bermatzen eta ziurtatzen naiz.

- Batetik, lurrazala egarri zegoela kontu jakina da. Entzungo zenioten perretxikutan saiatu den edonori. Horren ageriko ekar daiteke, 24 ordutan 60 litrotik gora bota arren, pendizetako urbidetxo ta errekaxto arinenak ere, zeinen gutxi enteratu diren…

- Bestetik, esan, egunen ilarari begiratzen hasiaz gero, azkeneko aldiz noiztsu izan zen beste horrenbestekorik topatzeko, soka luzetxoa behar dugula. Euriteak ez dira berdintsuak izaten, egia da hori. 56 litro izan genituen ekainaren 18an… duela, alegia 140 egun. Eta 61eko saioa topatzerakotan, urtarrilaren 15eraino jaitsi beharrean gaude: neguko eurijasen saioa hasi zeneko hartaraxe. Noski, hasi bazen hasi, urtarrileko aste hartan, 13tik 19ra, 7 egunetan 248 litro bota zizkigun. Ez du zerikusirik oraingo saio honekin.

- Egia da, baita, Arantzazuko mendi inguru eta pendiz hauetan, bakeoso, oreka fin batean iritsi zaizkigula 24-25 orduen arteko 62 litroak: eurijasatxorik bai, erauntsirik ez, zaparradaxka gehienak modoxo ta apal, batez beste, orduko 3 litro, neurri onean ta trankil bota dizkigularik, halako erregadio propio organizatu batean ari bailitzaiguan…

- Baina badu bendiziozko jardun honek beste ñabardura ta xehetasun zehaztu beharrekoa. Humiditatetik nahi beste eta behar beste ekarri du, bai. Normala. Mendebal traketsarekin eta haize bolada traskailuekin abiatu zena, ipar ikuttu urrun samarrekoa bazekarren ere, mendebal epelxeagoak gozatu zuen eta hartan mantendu hozberoa. Hartu kontuan Arantzazuko 730 metrotako altueran jasotakoa dela honako hozbero lauaren koskik eza: gauetik gentozen arren, atzo goizeko 9’etan euria abiatzean, 11º genituen hemen. Haietantxe mantendu zen ia gauerdirarte: gaueko 11’ak aldera, epelbide xumean abiatu zen; gaur goizeko 7’ak aldera, 13º bagenituen; eguerdirako 14’5º eta arratsalde erdian ia 16º.

- Epeltasun horretxen grazia da euri honen ixuria lurrazalarentzat bezala, belaze ta mendientzat, txaradi ta basoentzat, zuhaizti eta landaredi osoarentzat bendizio bilakatzen duena. Bere isuri jarioxka motelekoan, ez dio dañatu azalik lurrari, ez eta zopatu ere, mun laztan heze patxadakoa xuabe-xuabe eman dio… Bendizio ederragorik!!

* Bihar hasten da ilgora. Atzo gaurko agindu banizuen ere, bihar ikusiko ditugu, zehatz-mehatz, ilgora-ilbeherei dagozkienak.

2013-10-25

Permalink euribustiak, 205 hitz  

Zain nengokion

Hilabete batzuk banituela ba, udaberriko eurijasa ondroso haietatik, zain nintzaien, trumoi ta ekaitzik edo zaparrada bettebette horietakorik noiz egokituko. 12-13 litroren mugatxoa nuen ipinia, portatu dela esateko eran, aspaldiko partez, euritik egin duela esango banuen.

Gaur goizean, halaxe, 17 ta erdi oparitu dizkigu hegohaizearen makalaldiak. Atzoko lotsagabekeri baldarretan etorri izan balitz, Nafarroako mendimailetan botako zituen ia denak. Baina, ahuldadeak hego-hegalak hegoari mantxotu dizkionean, pirinio altua pasatzea gehiegi zitzaion nonbait eta, Errioxatik Araba aldera ukalondo errebueltaxka hartu eta Gipuzkoan barrena pasa zaigu itsasoraino, bide lauen eta errazenetik. Orduantxe, bi ordu ta erditan, ia 18 litro, aizue!

Noiztxu izan genituen aurreko zaparrada aberatsak? Ba, ez harritu horrekin: udaberriaren azken egunetako saioan. Ekainak 18 zituen arratsean hasi eta, iñular eta gau, 55 litro ta erdi bota zituenean. Ordutik, ekainaren azken 13 egunak, uztailaren 31, abuztuaren beste 31, irailaren 30, eta urriaren 24… 129 denera, ezta? 11 litrorik ezin iritsi ahal izan dute trumoi-ekaitzek ere, nahiz eta uztailean ta baita abuztuan, trumoi-saio pare batean 10 litro ta erdira, juxtu-juxtu ta oxta-oxta arrimatu izan.

Udarik ez genuela izanen eta udazkena ere "viene lluviosa en Eukadi" gaztigatu baziguten ere, esan behar da, lurrazala, gutxitan bezala, guztiz elkortua dagoela, bai. Ondrosoen pagadietan sartuko zen, han azpia beti ere belakitxuagoa baita. Epeletik ekarriki digu gaurko jasa ederra eta, baietz galanpernatxoren batzuk esnatu ta xutarazi!…

2013-05-29

Permalink euribustiak, 386 hitz  

Ilargia esames

Negu ta udaberri, herenegun hilabeterokoen peskizan ibili ostean, niri neuri gustatzen zaidan kontabilitatea nahi dizuet mostran ekarri. Udazkena aparte utziko dut, zenbakiekin larregi ez konplikatzeko.
Iaz, abenduan, Santa Luzia egunez izan genuen ilberrittoa. Euriz etorri zen, baina ilargialdi osoan, urtarrileko 11an hurrengo ilberria iritsi zen artio, 52 litro besterik ez zuen utzi. Aldiz, eguzki egunak aporrillo eman zituen, batean gutxiago, bestean gehixeago: 24 egunetan agertu nahi izan zuen eguzkiak, neguko egunik laburrenak zituen arren, 179 ordu bixtan eman zituelarik.

Baina, etorri zen etorri, hurrengo ilberritxoa, urtarrilaren 11koa. Biharamunean hasi eta, segido, 15 egunez bota zizkigun 365 litro euritan. Ilbetea errespetatuz, 5 egun eguzkitsu eman zizkigun urtarril azkenekoak, baina, otsailaren lehen 10 egunetan, hor bota zizkigun beste 219 litro. Ilargi urtsua, aspaldian bat izan bada: 584 utzi zizkigun 25 egun negukoetan.

Otsailaren 10ean iritsi zen beste ilberria. Lau egun lehenbizikoetan, 95 litro. Hau ere lehengo bidetik ote dator ba? Baina, 5 egun eguzkitsu eman ostean, ekin zion elur xehe maluta ximur ttikiarekin, eta halaxe 6 egunez, zaparrada tamainako erauntsirik bat bera ere gabe, 56 zentimetrotarainoko elur manta utzi zigun, hotz eta hotz. Hain justu, udaberriko koarta-tenporen emana izan genuen hori: Eguzkia lehen egunean, gero segidako 6 egun elurtsu, eta koroa beste eguzki egun batez erantsi zion. Eta hurrengo beste 12 egunetan, eguzkia oparo eta lauzpabost euri xirimiri. Ilargi xelebre samarra, benetan: Lau egunetan ia 100 litro; gero 6 elur-egunetan beste 60 litro, baina ia beste guztia, eguzki gozotan. Neguko garai xelebreenak izan genituen horiek.

Martxoaren 11an zetorren hirugarren ilberria. Zer ekarriko ote du? Martxoko 11an, trumoi eta elur abiatu zen. 91 litro bota zituen 8 egunetan; 4 egun eguzkitsu eman goxagarri eta, martxoaren azken beste 10 egunetan, 106 litro. Apirilaren lehen 8 egunek beste 77 erantsiko zizkioten. Denera: 274 litrotxo, 3.ilberriak ere.

Txinkoka nola datozen ilargiok, ea zer dakarren apirilekoak. Iritsi da apirilaren 10ean, eta eguzki beteko dozenerdi bat egun oparitzen dizkigu lehenbizi. Hurrena, 3 egun euritsu. Berriro, 5 egun eguzkidun. Azkeneko seiak euritsuak. Eta, berriro, beste 7 eguzkitsu. Eguzki orduak gehiago, euri litroak baino. 176 litro euri.

Hara, ilargien txinko-saltoen estanpa:

Abenduan Santa Luzitan abiatuak: 52 litro euri; aldiz, 179 ordu eguzkitako.
Urtarrilean abiaturikoak: 584 litro, 25 egunetan.
Otsailaren 11an abiatuak: 160 litro 10 egunetan… 19 egun eguzkitsu.
Martxoaren 11an abiatuak: 274 litro, 24 egunetan.
Apirilaren 10ean abiatuak: 16 egun eguzkitsu, eta 176 litro 12 egun euritsutan.

Txinko-saltoan, maiatzekoak ere euritik eman beharko du, ezta?
Maiatzaren 10ean abiatu zen: 2 egun ez, gainerakoak euri bustitan eman dizkigu: 130 litro pasa daramatza dagoeneko, gaur gabekoen eta bi egunen faltan.

Horra hor, ba, beste kontaera mota, ilargien ekarriari begiratuz emana. Nik gustukoa dut.

2013-05-27

Permalink euribustiak, 194 hitz  

Negu ta udaberri

Datuak datu: tokian tokikoak (jakinik, eta ez dakienak ikasi beza, oso bestelako eta ezberdinak ditugula giroaren datuak toki batetik bestera: balio beza, adibidetarako, orain 15 urteko (1998) abuztuak: Oñatin, abuztu osoan, 12 litro euri utzi zuen bitartean, Arantzazun, hilabete berean, 106 litro…) Bego, bere horretan, beste iruzkinik gabe: nahikoa baita, hain terreno eskasean, 8 bider gehiago izatea. Baina, bueno, behin hartara jarrita, esan dezadan, arrats bateko ordu ta laurdenean, Oñatin 116 litro eman zituela ekaitzak; aldiz, Arantzazun, 11 litro eta erdi, harri eta guzti, hori bai, zehazki portatzeko... baina, bego datua: ordu ta laudenean, 104'5 litrotako aldea.

Hara hemen Arantzazuko aurtengo neguaren eurikontuak, trumilean: 866 litro, hiru hilabetean.
Azken 47 urtetako batez-bestekoa: 461 litro. Beraz, aurten 405 litro gehiago bota zaizkigu.

Goazen udaberrira: Ekainaren faltan, aurten: 502 litro.
Azken 46 urtetako batez-bestekoa: 427 litro. Beraz, aurten (oraingoz), 75 litro gehiago.

Nahi bazenu, hilabete bakoitzarekiko batez-bestekoak seinalatuko dizkizut:
Urtarrilak, aurten: 396 litro. Azken 47 urtetan, batenaz-beste: 175. Aldea, aurtengoaren aldera, noski: 221.
Otsailak, aurten: 371 litro. Azken 47 urtetako batez-bestekoa:139. Beraz, 232 aurtengoaren aldera.
Martxoak, aurten: 204 litro. Azken 47 urtetakoa: 154. Beraz, 54 litro aurtengoaren alderakoak.
Apirilak, aurten: 208 litro. Azken 47 urtetakoa: 179. Beraz, 29 litro aurtengoak gehiago.
Maiatzak, aurten (4 egun faltan), 181 litro. Azken 47 urtetakoa: 154 litro. 27 gehiago.

Datu konpota nahasiegia ez egiteko, utz ditzagun horretan gaurkoak. Datuen peskizan sarturik ja, bihar badukezu besterik.

2013-01-25

Permalink euribustiak, 409 hitz  

Bi ikuspegi

Bi ikuspegi edo kontamodu, kontumodu eta zenbatzemodu ipiniko dizkitzuet. Nik hilabetekakoari baino gehiago begiratzen diot ilargiz ilargikoari... Hori geroxeago dator.

Baina kontuak eta datuak hilabeteka nola apuntatuta biltzen diren, ba horiei begiratu beharko lehenik, elkar ulertu nahi badugu kontu-konta ta zenbatzemodutan.

Hilabeteka goazenez, klimatologia luze bateko datuak behar ditugu, nahasmenetan trabatu nahi ez badugu. Alegia, hamar urteko datu zerrenda, laburtxoa gerta daiteke, ta agudo galdetzen da kaletik: “Hau normala al da?”
Halatsu gertatu zen orain hilabete: “Hau normala al da? Holako giro garbi ederrak Gabonetan, Urtezahar ta berritan, eta Erregenetan?”
Handik astebetera, ilberria iristea nahikoa, euritea normala al den galdezka ibiltzeko…

300 litro edo gehiagoko urteak, azken 47tan zenbatuak:
303 (1968an)
300 (1970ean)
310 (1979an)
335 (1981ean)
320 (1986an)
6 urte 300 edo hortik gorakoak, 335 (1981) gehienekoa

100 litroz azpiko urteak:
38 (1966an)
59 (1969an)
97 (1971ean)
79 (1974an)
83 (1977an)
77 (1983an)
39 (1989an)
74 (1992an)
14 (1993an)
59 (2000.ean)
71 (2002an)
94 (2008an)
54 (2011n)
13 urte 100 litroz azpikoak, 1993ko 14ak gutxienekoa

Hilabetez hilabete, kontaera xelebrea gerta leike. Denetariko komentario eta iruzkin jaulkitzeko beste mami eta azal damaio kaleko edonori.
Datu horiek guztiak atera behar izan ditut gure gosarittikiko kontu-egarria aseko banien…

Baina, ermano baserritarrak eta biok, oraingoan ez diegu, behin eta berriz eskatu diguten arren, bion arteko ilargiaren jakingustoa mahairatu. Ilargiari begiradatxoa ematen jakinez gero, gauza xelebreagoak topatzen baitira. Hor bai bitxikeriak. Hara gu bion erreparoak aurkitu eta gozarazi diguna:
Udazkenean sartu orduko, ilbetea ibili da euri garraioan bi txandatan: hala urrian eta azaroan, bietan. Baina abendu aurrean, azaroko ilbeteak, San Simon ta Judas egunean justu, planto eman eta 8 ekaitz lehertu zituen 24 ordutan, gau eta egun, eta haserre itxuran, ilberriari pasa zion txanda. Ezin dugu ahaztu, aurtengoa izan dugula tximist eta ekaitz gutxieneko urtea...
Horrela, urrian eta azaroan eguraldi garbi finez portatu zen ilberrittoa, abenduan ja, 41 litro ekarriz aurkeztu zen. "Honek baietz egin neguan aziotxoren bat", esan zidan ermano lagunak. Ilbeteak, aldiz, Iñuxente egun zoragarria (benetako iñuxentada) eskainiz despeittu zuen urtea. Eta hala, neguan sartu ginenetik, 21 egun eman zizkigun apainak, txukunak eta dotoreak, neguko izan arren, euritan 30 litrotara iritsi gabeak.
Noski, etorri zen, etorri zenez, ilberri ttikia, eta hor bota zizkigun goiko zahagi handi puztuetan bildutako guztiak: 8 egunetan 263 litro, Arantzazun. Hurrengo beste bostetan, beste 60 litro. Portatu da. Jakina, kontu hauetan, ezin dira nahasi hemengo eta beste errekondo edozeinetako datuak. Kontuak garbi izatekotan, denak toki ta leku berekoak behar dute izan. Bestela gehiegi zorabiatzen gaituzte, bateko ta besteko datuak nahasiz.
Ilargiari jarraiki, kontuak isildu ditugun arren, gosarittikikoei ez bezala, blogeko irakurleoi bai, ermano baserritarrak eta biok, asteburuan, etzi datorren ilbete dontsu potente honek, baietz ondu giroa, botatzen dizuegu trabesa. Baietz, guk!

:: Hurrengo orrialdea >>

Mendiko behatokia

Behatokian gustura nabil. Mendikoa da behatokia: izadi naturalean kokatua. Natural izatea lortu nahi, nonbait. Hontzaren begi bihurriak nahi ditut: ilunean dakitenak. Erreparatu ahala, ikusia jakin aurretik, azaleratu nahiko nizuke, denon aurrean ikasteko. Ondo ikasiak leku gutxi. Eta asko balio...

| Hurrengoak >

Abuztua 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
      1 2 3 4
5 6 7 8 9 10 11
12 13 14 15 16 17 18
19 20 21 22 23 24 25
26 27 28 29 30 31  

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!