Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mendiko behatokia

Pello Zabala

Atala: euribustiak

2010-08-05

Permalink euribustiak, 272 hitz  

Ekainaren 19an

Orduantxe, gaur 50 egun, izan zen azken euri soinu eta tantan hotsa. Ordutik hona, uztailaren 20 gaueko ekaitz tanto bakan ta gutxi batzuk aparte, ez dugu ez erauntsirik, ez eurijasarik, ez zaparradarik izan. Bart gauekoa ere ez da zaparradara iritsi: eurittiki, eurixka bettea deituko nioke, ez baitzen ez motel eta ez bakan; xirimiriaren oso gertukoa, tanto formaletara iritsi ezineko ttanttan gaxte zirimiriagoa. Baina, nik amesten nuena, nire kutizia bere xuxmurrean baitzegoen, hala bart zuhaitz hostajearekin xuxurlamin ibili da, eta bart urttikien sinfonia gozatu ahal izan dit; gauean birritan, alaiki, esnai, iratzar pozetan, leihotik entzumena txintxilixka… aspaldiko urttanttanen bateriatxo xume ta xaloa izan dut gozakai atsegin eta eztiki. Huraxe bai gozamena, aspaldiko partez, euriaren sinfonia!

Eman dit betarik, ari zuen tamainari erreparatuz, orduko litro pare batera iritsiko ote zen edo… eman dit tentazio, xuxurlario hain xotiltto hura, bateria batek hain xaloki jo behar balu, eskuillatxoa nola ta non erabili beharko lukeen nola seinalatu ta idatziko… eman dit pentsadizorik sinfonia horren joalditxoei zein izenburu emango zalantzan ibiltzeko…

Baina poesia musikal hain goititu eta gozagarriak gosarittikikoan joan zaizkit denak ziplo orpopera. Bart gozatu dudana adierazten hasi natzaie han konpainian, eta prosa lauegi itxitik ezin nituela ezer libre sentitzera jaso eta, nonbaitetik abiatzeko, eskatu diet euriaren sinfoniarentzat, ea! izenburu posible bat… Hor bai, zer ez asmatuko gero!

Orrigaineko sinfonia, batek; hosto sinfonikoen dantza, besteak; zuhaitzadar soinudia, honek; adarrokerren sinfoniaxka, haruntzagokoak; eurisonak adarretan, gaztenak; sinfoniadarra soinutan
- Adarra jotzeko gogoa bai, zuek!!!

Horrelako ‘prendak’ dauzkagu gure anaidian, denok tartean haurride. Sano aise mantentzen ikasiak garenari eskerrak! Sanidadea baitugu santitade, gure ermano baserritarrak aspalditik akordarazten digun eran: Habil sano, kanonizatu eta aldaretara jasoko ez ba haute ere, hi habil sano!!!

2010-06-10

Permalink euribustiak, 230 hitz  

Urak dakarrena

Badu estimaziorik, nola ez bada, bizia bada?

Gaur heldu zaizkit Espania aldeko eurien kontuak. Irailean hasi eta abuztu azkenerakoa hartzen da urte meteorologiko ofizialtzat: hori horrela, kontent eta pozik dira penintsulako gure lagunak lehen sei hilabeteekin. Udazken-negualdiak hartuta, penintsula eta Kanariar irletan, irail-urri-azaro, oso lehor, euri gutxiz, iharrak penatuta joan zitzaizkien. Gureotan, 605 litro oparitu zitzaizkigun: batezbesteko 444ak 161ean gaindituta.

Abendu-urtarril-otsail-martxoak, ordea, iazko pena siku ihartu guztiak gainditu eta, bai Andaluzi aldea, baita hego-mendebaldea, Extremadura nahiz bi Gaztelaldeak, urez gainezka, zopatuta utzi dizkiete.

Gurean, urtarrila izan genuen salbuespen, bi elurte eta guzti: batezbesteko 192en aldean, 286 baikenituen. 114 litro gehiagoko horien emana estimatua izango zuen lurrak, eta eskerrak neguko bihotzeko hilabete horri, aldameneko beste 4 hilabeteak, apirila ere sartuta, neguak emankorrean portatzen dakiela jakinik, zekentxo pasa baitziren lauak ere. Abendaren eta otsail-martxo-apirilen ekarria hauxe genuen: 378 litro, eskastxo aukeran 120 egunetarako; urritxo, lau hilabete horien emana, batez ere, lauen batezbestekoa 660 litrokoa izan ohi dela kontuan hartzen badugu.

Espainia aldeko emana, zehazkiago nolatsu joan zaien? Begira:
Abenduak, normaleko batezbestekoa, orohar, bikoizturik eman zien.
Urtarrilak, %43 gehiago.
Otsailak, batezbestekoaren bikoitza; penintsularen erdialdean, Gaztelaldean eta, hirukoiztu ere bai.
Martxoak ere, urterokoa gainezka %50ean.
Horrela, aurten, udazken ta negu, irailetik martxoaren azkenera, zazpi hilabeteok hartuta, lehen 3 hilabete lehorrak barne, hala ere, azken 40 urteotako euritsuenen zerrendan, 3.mailan kokatu zaie Espainiako penintsulan (Portugali ixkin eginda, noski).

Badute, bai, pozik egoteko arrazoirik: euri bustiari dagokionez, ez dute krisialdirik. Zalantza, betikoa: zer ote datorkie udaldian?

2010-05-06

Permalink euribustiak, 213 hitz  

Lanak hartu

Goizeko lauak eta laurden pasatxo, 4’16an sartu gara ilbeheran (6’16). Nahasi antzean jarraitzeko sonak eman dizkiote eta, ea falta izan diren euriak kitatzeko koska bat saltatzeko gauza den. Neguan nahikoa euri eta sobrante egin zuelaka nola jardun zen jendea, gauzak argitze aldera, esan, lehen hilabetea, urtarrila bai, portatu zela, bere batezbestekoaz gain 110 litro gehiago utzi zituelako: 286, alajañena!

Handik aurrera, ordea, otsailak 40 litroren eskasia ekarri zuen; martxoak 85ena, eta apirilak, 130 gutxiago.

Hortaz ari ginen gosarittikian. Eta denetik atera da han: atsotitzak batek: Maiatzeko euria, urria baino hobia, urte guztiko ogia, errepikatzen zuela sukaldean aitonak. Maiatzean mila euri, mila ogi, ekarri du beste ermanoak. Maiatz eurite, urtea ogite; hotza eta luzea, akabo gure laborea, akordatu naiz ni. Dena neurrian baita onena.

- Lanak hartu zetik maiatzak dena kitatu nahi badu, erantsi du beste ermanoak. Halaxe dirudi.

Maiatzari berari legozkiok batezbestenak 152 dituenez, 5 egunotan egindako 129 litrorekin, oraindik 23 falta zaizkio bere kupoa betetzeko. Hortik aurrera, martxoaren batzuk eta apirilaren 130, oraindik ere 150 inguru beharko lituzke.

Atsotitzak errepasatzen gabiltzala, honakoa topatu dugu: Maiatzeko elurra, urrezkoa. Beste garai batzuk ziren, baserriko laborearen eta azienden laborekiko haiek. Gaur lanak ez omen du merezi: esnea ta jeneroa merkeago nola ekartzen diguten… zertarako baserri lana ta baratzekoa? Hori bai: uraren prezioak eta, maldizioka ipintzen ditu nire etxeko ermanotako batzuk.

- Laster arnasa, arnasa kobratuko zigutek...!

2010-05-05

Permalink euribustiak, 132 hitz  

Bitxiantzekoa

Herenegun artioko 56 egunetako euriak, ia bi hilabetekoak, eman dizkigu Arantzazun astelehen goizetik asteazken goizera, bi egunotako 48 ordutan. Atzoko erreka-marruen oihartzunetan, bihoa gaurkoan datu berexiantzekoa dirudidana. Alegia, 48 ordu nahikoak izan dituela, martxoaren 8tik maiatzaren 3ra arteko euri guztien kopurua berdintzeko. Euritsua ta umela izango omen zena, hara...

Martxoaren 7. ta 8.a, gehi 10. ta 11.a izan genituen aurtengo neguko azken elur-hautsen bisita ekarri zigutenak. Ordukoxetik hona, elur xelebre haien bi egun ere tartean ditugularik, denak iladan eta korroan hartu eta, 56 egun pilatuz, ia bi hilabete horietan, herenegun arte, 113 litro nituen batuak, 25 egunetan egin duelarik, dela lanbrotan, xirimiritan, edo ta euritantantsutan. Askoz gehiago espero zen baina, udaberriak pott egin omen du.

Bada, errepika nadin, astelehen goizeko lehen ordutik, gaur goizeko lehen orduotara, 48 ordutan, alegia, 114 litro utzi dizkigu maiatz maratzak. Bitxikeria besterik ez da. Horregatixe ekarri dizut.

2010-05-04

Permalink euribustiak, 161 hitz  

Arroko erreka orroka

Arantzazuko trokarte sakon arroan, harro-harroan doa erreka harriarte barruan orroka. Azkenekotz, urtarrilaren 13-14etako 70 litrodun erauntsi gordinak medio jaitsi baitzen trumilka aurrena, kontukontari gero, solasttikian azkenik, harik eta SanAntonez, 17an, ahitu eta idor isildu ta izkutatu zen arte. Ordutikako eurijasak, jasa bainoago euri-zirinaldiak izan bide dira, ez behintzat erreka azaleratzeko pulamentutakoak.

Baina, atzo goizetik gaur eguerdira, bai. 24 orduren harilean 56 litro erauntsitu ditu, euri mardul eta elurbustitan, haize zakar baldar baldresenak zerizkionetara lagunduta. Goizean goiz, umil-trumilka "hemen nauk"ka hasita genuen erreka hor, hondo behean. Pentsa genezake, haize bidean doan erauntsi eta jasa, mendi bizkarretarago doazela plubiometro neurgailuen eztarrietara baino. Halere, 56 litro 24 ordutan, 63 litro pasatxo 30 ordutan, 75 ja, 36 ordutara edo egun eta erdira iritsi garenean… ez dago batere gaizki. Horregatik doa erreka ibaitxo brinkolari eginda, arkaitzondoren batek trabatzen dueneko orru ta marru, hazia, bulartsua, abinda saltokako jostalarian...

Anartekoan, sustrai azalekoenen orri-soinekoen janzte txanda izan bada, pagadiena nabarmenen, laster batean zainik sustraitsueneko zuhaitzena ere derrepentean iritsiko da: zain erro ezkutatuenak idortxo omen zebiltzan baina…

<< Aurreko orrialdea :: Hurrengo orrialdea >>

Mendiko behatokia

Behatokian gustura nabil. Mendikoa da behatokia: izadi naturalean kokatua. Natural izatea lortu nahi, nonbait. Hontzaren begi bihurriak nahi ditut: ilunean dakitenak. Erreparatu ahala, ikusia jakin aurretik, azaleratu nahiko nizuke, denon aurrean ikasteko. Ondo ikasiak leku gutxi. Eta asko balio...

< Aurrekoak | Hurrengoak >

Abuztua 2020
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
          1 2
3 4 5 6 7 8 9
10 11 12 13 14 15 16
17 18 19 20 21 22 23
24 25 26 27 28 29 30
31

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!