Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mendiko behatokia

Pello Zabala

Atala: haizearenak

2013-05-24

Permalink haizearenak, 353 hitz  

Giro eleberria

Ez da Italiako birakoa, ez! Gure ‘giro-bira’ partikularrarena baino! Giro italiakoa, (ez tronpatu italiar giro bestelakoarekin) hilabete eskaseko aldia da. Gure ‘giro-bira’, ordea, urte osokoa eta segi-segikoa, halako ‘entorno’ren bateko zigilua eransten ez badigute, AN edo Hemen bertan… hangoengandik gertutxo omen dabiltz hangoago diren hemengo batzuk eta…

Alegia, aurtengo giro gureaz nabil… euskaldunok ezer mintzagai badugu, giroa omen dugu eta. Beraz, aurtengo giro gureaz jaso, entzun, beraietaz jabetu, barruan gorde (batzuk), aparte (erabat nazkatuta) utzi, eta ahaztu nahi izan ditudan (ahalegindu naizelako ta naizeneko juramentu dagizuet) galdera denetarikoak apuntatu eta ilada luze azkengabean (oraindik ez baitira bukatu, ez-eta gutxiagorik ere) idatzi izan banitu… (har dezadan arnas hari bat…) ziurtatuko nizueke, ezta “Moroak gara behelaino artean?” bera ere ez zela galdera-sortaren erdira, edo apustu-trabesetara jarrita, ezta laurdenera ere iritsiko. Ohartu duzue, edo zaizue, edo ohartarazi zaituztet, ezta, nola Joxebaren eleberria ere, behelaino eta guzti, euskaldun gehienok bezala, giroaz ari zaigun…

Ba, egia esan, gartak edo koarta-tenporak ere oraintxe izanik, ia dozena itaun jaso ditut gaur goizean bertan. Noski, izparringitik, segapotoak beti izan ditugu gerrian ez bada aldamenean eta… aldentzea pentsatu eta, halaxe uste izan zait egokien, itzali, eten, eta kitto. Barka bezaidate, barkazioa eskatzea zela egokiena erakutsi ziguten eta, halaxe biezadate, birritan eskatzea ere komeni baita batzutan, barkatzea ez hainbeste, baina, barkazio ematea bai, hori areago kostatzen baitzaie askori… txikitatik maite nituen gabonetako eta udako ‘barkazioak’

Kontua da, koarta-tenporen astean aurrera goazela: asteazkena, atzo, gaur, bihar, etzi, astelehen, astearte eta asteazken 29koa ditugula gure aurrekoek maite zituzten egunak haizeari erreparatzeko… Pozik naiz, nor ez da poztuko bada, aurretik esan zigutena baino argiagoa bada giro-bira gurea? Gogora ekarri nahi nuke, galdetzeko egunak ez baino, erreparatzeko aldia dugula oraingoa. Erreparatu haizeari, hala goizean nola eguerdi eta arratsean, nondik nora dabilen gogoan hartzekoa… ez haizeak nora egingo duen, hori nahaslea baita… “haizeak iparrera egingo du” esaten badidate, nik, eta nire inguruko baserritar askok, haize hori hegoa dela ulertzen baitugu, nahiz eta alderantziz gaztiga nahi izan diguten, eta orduan bai, gaztigatuak gu suertatzen gara. Animo, bada! Erreparoan ibili, erreparoan ez da ezertxo ere galtzen eta.

Jardungo gara, edo jardungo naiz, hurrengo egunotan ere, eleberriaren kapituluak argitu asmoz…

2010-09-01

Permalink haizearenak, 200 hitz  

Jariolario

Begien aurrean diat, bost urte pasa zaizkion arren, haize zurrunbilo baldar zirimolatsuak gerrigerritik traskaildu eta erauzi ziguan gure leihoen peko trokarte amildegiko lizar trinko urtetsua: galarren sobernatsua gertatu zian arrats haretan, eta baita kolpeko bihurrittu zital batean, metro ta erdiko gerribuelta zuen lizar zindoa irauli ere. Penak iraun ziguan, amildegiko triskantza tristearen aurrean ta bixtan.

Begien aurreraxeagoan diat pagobikoitz bulartsua ere: alde banatara zabaltzen zizkiguan bere bi besoen giharre muzkertu bettebettean jantzi haiek. Haize saskar zakartuak beso libreena ta jantziena amildu ziguan Arantzazuko santutegi aurreko ahur berdez mozkortuan. Ezkerreko besoa gelditu zitzaioan lerden: bi metro luzeko zauria printz mindutan, zurgihar malkotan gaiztotu zitzaioan, usteldu ez usteldu, euri-haize-eguzki ta lainoen mendean lotsati, memeldu ez memeldu, hantxe…

Haizea, indartsu nahiz apalenean datorrela, aire izpiritu xume nahiz boladazko batek abiaturik zetorkiguk beti. Oraingoan, ordea, ez bata eta ez beste: oraingoan aire ixil mututu izpiritubariko arnas zitalekoak erauzi hau hi gugandik, nire eskumako beso libre zuztardun gihartsu hori, lagunik zindo ta zintzoena: umezurtzaldi luze, ez trixtea, zegokidak. Ez, ordea, malkotan, Joxe. Bake eta On! Asisko ttikiari ondo ikasia, hala opa genioan elkarri beti. Bake eta On! opa zioagu elkarri orain ere, adar banatan biok langile, oraingoan Berpiztuaren aire ta bake azken arnasetarainoxeko jariolario partekatuan.

2009-11-17

Permalink haizearenak, 338 hitz  

Haizearen kapritxoak

Arantzazuko haizeak, edo haizeak Arantzazun, ez daki trafiko mandatuetatik ezta ttikienik ere. Nahi duen eran, indarrean, boladan, nahi duena aurrean hartuz, kontra datozenei erauntsika, halaxe jotzen du beti aurrera sobernatsu, enbata batean.

A ze nolako sustoa pasa duen gaur goizean Arantzazuko plazara iristean, presakantzean, eskopeta listo, ehizarako asmo-planak antolatuz zetorren todoterrenoak eta, batez ere, txofer iratzarberriak. Bere kontra, zuzenean eta muturka, han zihoakion hilkutxa tankerako kartoi kaxa marroi karratua, haizearen jenio biziz… sustoz estututa, bolantazoa ezkerrera eta libratu du pixu askorik gabe hegan zihoan ‘bulto abultatua’. Hala deitu dio berak, arnasa lasaituz, aldamenean aparkatzean, ezustean harrapatu duen kaxakonkor antzemanezinari.

Gaur goizeko kontuak dira horiek. Baina, politena ikusteko nengoen artean. Ehiztariak jo du aurrera, lau errubera arinen poderioz, haizeari aurre emanez. Haize bolada traskail batek, jo dio ahozabalik zuen aldetik metro eta erdi pasa zituen kartoi gogortuzko kaxari eta hor jaso du, koska bat jo orduko, pretiletik gora, plazoletatik behera iraulian botatzeraino.

Ez da urrun jausi. Bertako zuhaitz landara gazte baten besoetan, haur jaioberri, hantxe gelditu da pulunpari. Hosto bakan batzuk adarretan besterik ez duen landara adar bigunean luze ta lau kateatua gure kartoi kaxa ibiltaria… ez nuen irudi bitxienetan ere irudikatuko gisa horretako seaskarik, hain goxoki pulunpaturik. Plazan bortizki jotzen zuen haizeak, trokarteko bihurgunetan babesgune bereziak zituen nonbait: halako goxotasunik pretiletik behera, hormatik plazara hartxintxak ere airean hegan zeramatzanean. Eta nire gozamena, hantxe ‘haurtxo txikia seaskan dago’ oroituz eta txistu joz, barreari eutsi ezinik, mirespen umoretsu batez, naturaren kapritxoei men eginez, hantxe...

Hala ziharduen handik zazpi ordura, eguerdi ostean ere. Galdakaoko ikastolako neska-mutikoak etorri dira gaur Baketik-eko antzerki-forumera. A zer barregurea piztu didan, haietako mutiko bixi batek, “ataud bat dago han zuhaitzean baltseoan” esan didanean. Kontatu diot goizean nola ikusi dudan haize sorgina, kaxa aurrean hartu eta hegan eramaten… Arratsaldeko euri zaparrada eta guzti, iluntzeko zazpiretan joan natzaio berehorretan ote zegoen edo halan ote zabilen… Euriak ez dio kozkor handirik atera. Beheko trokarteko hontza eta urubi parea somatu ditut algaratxo bereziak tartekatzen: ez dakit niri, begira nengoen mozoloari, ala ‘baltseoan jarraitzen zuen ataud’ hari zeragioten barre ta burla…

2008-04-30

Permalink haizearenak, 182 hitz  

Txolinkerietan?

Badira eta ikusten tarteka zentzu askorik gabeko portaerak. Are eta arriskutsuagoak gaurko errepidean ikusten badituzu.

Gaur goizerdian, Beasaindik Zumarragara, 120ko abiada muga daukagun errepide zabal horretan, aurrekoak frenatzen sentitu ahala, neu ere, harridura eta beldur punttu batez, halaxe para naiz. “Zer ote diagu”, elkarri esan dioguna. Bihurgunea atzean utzi eta aurrealdea zuzen eta garbi ikustean, orduan eta harrituago gu: errepide erditik zihoan ibilgailua, bi intermitenteak piztuta, gaineko argiak ere txandapiztez, abiadura lasatuan, segidako denak mantxotuz… “Zer, ertzainak artzantzan?” zioen nire lagunak, artzaiaren ostean kotxe guztiak eskumaldetik geldo ikusita. “Enbarazo serioren bat izango duk hor gertu…” Kilometro pare bat zer pentsa ezin asmatuz egin eta gero, gure atzeko autoak aurreraka abiatu dira, pasatzeko asmoz, baina ‘artzainak’ ez uzten, erdi-erditik zihoalako. Halako batean, gure ‘ertzain artzainak’ jotzen du ziztu batean 130tik gora eta hor doa aldapan gora airoso, ospa betean, gu denok atzean martxa onik ezin hartuz utzita.

Ta…? Zer pentsatua eman digu, baina zentzuzkorik ezin asmatu apenas. Galdera bat baino gehiago egin diogu elkarri harri eta zur gentozen bi fraileok. Ez dakit baina, xuabe esanda, ‘txolinkeria’ deitzen zion gure amama Sebastianak horrelako portaerari.

2008-02-20

Permalink haizearenak, 196 hitz  

Beldur-haizea

Beldur-haizea dabil, nonbait, erauntsi etengabean. Ia egunero gordean ziren gaizkileak azaltzen dizkigute Madrilera bidean. Kanpai ta kamera pronto dituztela, beti. Itzulera, berriz, mutis… pizkenik ere ez gaitezen lasaitu, gutxiago alaitu… kontuz, ez deskuidatu gero, itzulera ospatzen!
Horregatik, milesker Hodei Etxarteri. Betoz horrelako notiziak. Atzo BERRIAk, Zuzendariari idatzitakoetan Komunikazioaren ekintzaileei, ongi etorri hor zekarren… Hasierakoa eta bukaerakoa dakartzat hona, irakurri ez bazenu, zu zeu ere pizkatxo bat poztu zaitezen. Xuabe, halere, ospakizun handirik gabe, ‘aurreskurik-eta’ gabe…

“Prebentzio gudaren garaian Ertzaintza Gasteizko Universal lokutorioan sartu eta hiru lagun atxilotu ditu Grande Marlaskaren aginduz. Egun bat beranduago, hirurak kalean dira; batek epaitegi aurrean aurkeztu beharko du astero. Atxiloketaren berria egunkarietako lerro-buruetan eta telebistako albistegietan izan da, kaleratzea zutabe ezkutuetan edo besterik gabe, inon ez; komunikabideek herritar hauen ze irudi eman nahi duten jakingo dute…

Irribarrearen hiru ekintzaileek munduaren leihoak zabaltzen dizkigute beren lantokian: lokutorioan. Hurrengo batean Marlaskak eta ertzainek (zakurrak, kaskoak eta pistolak utzita) komunikazioaren aldeko gudari hauen langunea ikusi behar lukete, ohartuko lirateke nola esaterako Gasteizeko aljeriar hauek Balzari euskera erakutsi diezaioketen, zenbateraino dauden hirian errotuta. Antza, ordea, Grande Marlaskak eta Arkautiko lagunek euskal herritar berri hauek zaharrak bezala tratatuz integratu nahi dituzte: bultzaka, kartzelaz, beldurrez”. (Berria, 08-02-19, 8.or.)

:: Hurrengo orrialdea >>

Mendiko behatokia

Behatokian gustura nabil. Mendikoa da behatokia: izadi naturalean kokatua. Natural izatea lortu nahi, nonbait. Hontzaren begi bihurriak nahi ditut: ilunean dakitenak. Erreparatu ahala, ikusia jakin aurretik, azaleratu nahiko nizuke, denon aurrean ikasteko. Ondo ikasiak leku gutxi. Eta asko balio...

| Hurrengoak >

Abendua 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
            1
2 3 4 5 6 7 8
9 10 11 12 13 14 15
16 17 18 19 20 21 22
23 24 25 26 27 28 29
30 31          

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!