Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mendiko behatokia

Pello Zabala

Atala: haizearenak

2007-03-17

Permalink haizearenak, 202 hitz  

Martxoak 17

“Martxoaren erdian, gaua eta eguna berdin” dio atsotitzak. Gaurkoa da hor aipatzen den erdibanakoa: 6-24 minututan eguzkiak jaikitzeko ordua, eta 18-23tan erretirorako tenorea. Binaka minutu irabaziz dihoa: bihar 6-22 eta 18-24, etzi 6-21 eta 18-25.

Martxoak kontu asko ditu berekin. Eta bere ekarrietako bat haizearena da. Badu aipua, badu fama martxoko haizeak. Baztarrak astintzen eta dantzatzen jakin izan du: eta martxoan hobetsi ei zuten baserritik haize zarpail biziantzekoa, madariondoak eta sagarrondoak eta beste fruitudun arbolak loratze edo loratu aurreko sasoiari dagokiona. Garizuma haizea, aldiz, hotzago eta freskoago zen ipar beltzagoari nahiz nafar gorri gose ekarleari erantsiko ziotena: debozio gutxi garai honetako iparrari, baina ameto eta estimu mendebal etzan busti euritsuarentzat.

Martxoko euriari eta elurrari erantsi zaion atsotitz sorta etzi, sanJose egunez errepasatuko dugu, orduantxe dirudi euri eta elurretarako joera hartuko duela, martxoko ilberri beltxaran ttikia petraltzera omen doakigu eta. Gaurkoan, torizue, haizeari lotuta utzi dizkiguten esaera zaharren xortatxoa:

- Martxo haizetsua, urte sagartsua.
- Martxoan haize, sagardian lore, hastian ezpada, finitzean.
- Martxoko haizea, urteko gosea.
- Martxoan haizia, apirilian euria, uzta ona ta fruta hobia.
- Martxoan usu hegoa, hark baitu makurtzen gogoa.
- Martxo haizetsu, apiril euritsu, maiatza gero eguzkitsu.
- Martxoan haize eta apirilean busti, urtea ez da izanen neholaz zapuzti.
- Martxoak hauspo, edo euri asko.
- Martxoko landareak, garizuma eta haizegorria.

2007-03-08

Permalink haizearenak, 270 hitz  

Garizuma atsotitzetan

Garizumak bete-betean harrapatzen dizu martxoa. Negua noiz eta nola errematatuko, udaberria noiz argituko, hortxe akordatuko zen gure asaba, abenduan arbiekin bezala: "Martxoan garizuma, abenduan eguerriak!" Horregatik, neguaren eztenaz gainera, zenbait urte estutan, latzak ikusitakoak ziren gajoak: "Martxoan ez da garizimerik falta". Ez zioten afizio haundiegirik. Negu luzearen penen gainera baitzetorkien barau-bijilien lorra: "Garizuma eta urkabea, asturugaitzentzat", zorte onekorik gutxi, beti ere. Beste hau garratz eta kaustikoago da: "Garizuma ta Astesantua, abadientzat!"

Martxoa triste zihoakien, inondik ere. Ametsetako agindu eguzkiaren keinuak, eguraldia ere ezin asentatu. Landarea irabazian ikusteak pozten zueneko, bestelako landareak aurrean: "Martxoko landareak, garizuma eta haizegorria". Horregatik deituko zioten haizegorri hotz txorrotx horri, ‘garizuma haizea’ eta ‘astesantu haizea’. Esaerak berak zioen garbien: "Garizuma aizea, aize otza!" Bizkaian ere eskarmentu beretsua: "Bizkaiko negua, garizuma!" Baserriko lanaz gainera, txarribodaren hondarrak ezin balia, bijilia tarteko: "Guk xingarra duguneko, garizuma!".

Pazkoaren arabera, goiz edo berandutxo zetorren, hortik neurtzen zuten urtearen martxa: "Garizuma berandu, udaberrie berandu", zioten Goierri aldetik. Kontu bera neguari so esango zizuten, aldiz, Iparraldetik: "Garizima berant, negue berant". Kandelario eta beste urte mugarriekin bezalatsu jokatzen zuten baita: "Garizuma bero, negua da gero; garizuma hotz, negua joanda poz". Beste askori, ezta inporta ere goiz edo berandu izango zen, beti zuen nahikoa garizumak berak: "Garizima goiz, garizima berant, garizima hotz!"

Onurarik ere bazekarren, edo hala fortunatu behar zuela zekusanik ere bazen: "Garizuma, osasunaren ama!" Eta garizuma luzeegiaz mintzatzen ausartzen zenari, han emango zion arrapostu supazterretik amamatxoak: Bai, "garizumaren laburraz ditu penak Pazkoz urkatu behar denak". Orok izaki bere egutera eta bere itzal laiotza.

Eskarmentua oso-osorik sorta batean asmatu zuenik ere bai: "Garizuma goiz bazen, berandu bazen, erdia gutxinez negua zen, guztia ez bazen".

2007-03-01

Permalink haizearenak, 196 hitz  

Haize-arrosa

Bailara bakoitzak dauka gurean, bere haize-arrosa partikularra: harraizea, gorbeianoa, larraitzkoa, mendikoa, herrihaizea... horiek denak tokian tokiko erara hartu beharra dago deskuidotxoren bat nozitu nahi ez baduzu.

Beste horrenbeste elur deitura zenbaitekin ere. Elurra kentzeko makina gerri zaluarena eta beso zailduena besterik ez zenekoan, Urola bailaran ezaugarri bitxiak erantsi zizkien elurraren bisitak zekartzan ondorioak gogoan: “Urtarrileko elurra, galtzairuzkue; otsaillekue, brontzezkue; martikue, burdiñezkue; aprillekue, ojalatazkue”.

Nafarroa aldetik, Goldaratz herrian Julian Alustizak bildu zuenez, azken elur bigun urtuerraz horiek ere bazizuten bakoitzak bere deitura frexkoa. Aurten ez da iritsi, baina hor zizuten “sahatsa florearen elurre” otsaileko sahats lorearekin batera zetorrena. Beste izen ponpoxoa martxoaren gerrikoak zeukan: “San Jose florearen elurre”, ‘sanjose lorak’ martxo hasieran hor izaten baitira goiztiar. Martxo akaberakoak, aldiz, “Kukuaren elurre” zuen deitura Nafar mendialde aipatu horretan.

Baina bazituzten beste bi, urtean urteko aro bilakaerarekin lotuago zetozenak. Lihoa noiz, hantxe egoki zitekeen elur bixita laburren bat. Eta behiak mendira botatzen non eta zein ausartuko zain, beti ere, azken elurraren beldur. Egoera horren argazki genituzke azken bi deitura xarmant hauek: “Mugiroko lihoaren elurre”, eta “Saldiasko behien elurre”. Elurrik ez bazen, Saldiastik egingo zuten irrifarre, behiak mendian gizentzen... Aldiz, elurrak goian harrapatzen bazituen, Goldaratz eta auzoetakoek Saldiaskoei algara...

2006-12-29

Permalink haizearenak, 234 hitz  

2006 bilbatu, 2007 asmatu

Ohitu gaituzte. Hedabide gehienetan, bilduma urtekoak jaulki asmoz dihardute urtezaharra hurbildu ahala. Normala, jada norma egin dutenez gero. Bilbaketa beti iruditu zait egin beharrekoa: jakitatearen urrats naturala deritzot, urtean igarotako onena apalean txukun ta kurioxo gordetzeari. Urtezaharraren akta jasotzekoa baita. Gerokoa amestea, ordea, ez da nire baitako genero naturala.

1937an, gurean gerrate itsumustua zebilen bitartean, AEBetako Zientzia Akademiak zein norgehiagoka asmatuko eta, XX.ren bigarren mende erdian zein aurkikuntza berri eta ezusteko inbentu sortuko ziren asmatzeko deitu zituen garaiko jakintsu atrebittuenak. Noski, aurten 70 urte izango diren honetan, egoki datorkigu orduko aziertu zietz zehatzak errepasatu eta kontuan gordetzea. Hiru alorretan asmatu zuten: laborantza mailako aurrerapenetan, gasolinarenean eta kautxo sintetikoaren baitakoetan.

Bixta laburtxoa, aldiz, beste hainbatetan izan zutena. Ez zuten usnatu ere energia nuklearrarenik, ez antibiotikoen eraginik ere (nahiz eta ordurako zortzi urte zeramatzan Fleming jaunak penicilinarekin ausnarrean), ez zuten usaindu erreakzio hegazkinak ekarriko zuen aurrerapen azkarrik, ez eta espaziora jaurtikiko ziren kohete, trasbordadore nahiz satelite artifizialik sortuko zenik ere; eta noski, askoz gutxiago, ezta amestu ere, ordenadore konturik, edo transistore alorrak ekarri dituen irrati, telebista, zede eta trasmisio digital aberats anitz horienik, mobil, bideojoku eta beste hainbat berrikuntza barne...

XXI mende honen hurrengo 10 urtetan, zer eta zenbat berrikuntza, ausartzen bazara...? Halere, nire beldurra bestelakoa da: Aurrerapen tekniko guztiok, goraki salduko zaizkigun arren, gure gizartea zorionez blai utziko dute, edo, beraien besapean ekarriko dizkiguten enredo, arazo, gorabehera eta trastorno klase guztien sare itxian herstuki itoko gaituzte?

2006-12-02

Permalink haizearenak, 164 hitz  

Aldamenekoak pizt

Aldameneko blogean, inon izatekotan, Lanbidea dute irakurri dudanean, -eskerrik asko, Juan Luis- puntuan akordatu naiz duela hilabeteren bat egunkarietako batetik apuntetxo bat nola hartu nuen. Huraxe nahi dizuet ekarri, gure gizarte sistematxoaz jabetzeko.

Notizia bitxia ere bada: Multimillonaria gracias al reciclado, eta Zhang Yin emakume txinarra, aurpegi pottola, zetorren han, xinar aberatsen zerrendaburu omen dena. Birziklatzeari esker nola zioen, hasi naiz ba irakurtzen eta, kontu guztiak sozietate dirudunen arteko datu eta banketxeekiko nahiz burtsekiko gorabeherak nola ziren, gogaitzen ere banindoan, baina halako batean, hor topatzen dut emakume honen enpresalana zertan zetzan: Bederatzi Dragoi omen du izenburu enpresak eta hauxe da bere negozio handia eta guztia: AEBan hondakina erosi, nahi beste, material de desecho erosi, alegia, txatarrera da, beraz, Zhang Yin emakumea, eta Txinan birziklatzen du, kartoi-kaxak eginez...
Notizia, bitxia, benetan. Baina bitxikeriak ez gaitzala itsutu: irudi esanahi betekoa baita hau: harroxko-harroxko lehen mundu deitzen diogun honetan, zabor artean eta zaborretan zenbat diru xautzen dugula gero! Zaborra uzten diegu txatar... eskerrak, inorentzat zabor baliotsu denari!

<< Aurreko orrialdea :: Hurrengo orrialdea >>

Mendiko behatokia

Behatokian gustura nabil. Mendikoa da behatokia: izadi naturalean kokatua. Natural izatea lortu nahi, nonbait. Hontzaren begi bihurriak nahi ditut: ilunean dakitenak. Erreparatu ahala, ikusia jakin aurretik, azaleratu nahiko nizuke, denon aurrean ikasteko. Ondo ikasiak leku gutxi. Eta asko balio...

< Aurrekoak | Hurrengoak >

Iraila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
            1
2 3 4 5 6 7 8
9 10 11 12 13 14 15
16 17 18 19 20 21 22
23 24 25 26 27 28 29
30

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!