Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mendiko behatokia

Pello Zabala

Atala: ekomaitea

2014-01-06

Permalink ekomaitea, 178 hitz  

Izarra galdu zaigu

https://soundcloud.com/gabon-dut-anuntzio/14-izarra-galdu-zaigu?in=gabon-dut-anuntzio/sets/soinuz-eta-kantuz

Lehen Gabonetakoa dugu gaurko hau ere, Erregeen egunekoa, juxtu. Hasieran ez genion doinurik erantsi, errondan Gabon gabaren esperoan abesteko, Erregeena beste puntan ikusten baita, dozena bat egunetara iritsi ere. Baina, orain 3 urte, sorta guztia batean argitzeko asmoak hartzean, osatze lantxoa ere egin genuen eta… abesti hauen harmonizatze hain atsegina eta dotorea Juan Luis Atxega organojole eta maisu finak hartu zuen bere kargu, eta bera denak soinuz abeslarioi lagundu diguna. Ba, kanta aspaldiko honi, 1982rako osatua zuen eta Bitorianok, Juan Luis lagunak asmatu zion euskal kutsuko doinu lasai bezain melodiatsua. Hasieran, tartean eta bukaeran, hor da soinu altu fiña, izarraren pausotxoen ibilera sujeritzen... Aupa hi, Juan Luis! Entzun IZARRA GALDU ZAIGU.

Izarra galdu zaigu
Belengo bidean,
guztion kaltean;
jauregira jo dugu
halabeharrean:
hain gaude egon ere
uste okerrean,
hantxe behar duela
inon egotean;
Jesus haurrik ez dago
Herodesenean.

Handiusteak gaitu
eraman hortara,
hain harroak gara;
non behar du jauregi
batean ez bada?
Gure eritzietan
gauza hola bada,
ez da makala hartu
dugun adarkada:
horra non etorri den
Belengo askara.

2013-12-20

Permalink ekomaitea, 175 hitz  

Paper-de-plata

Paper-de-platan adornu susmagarri margodun diztizaria zen estalki engainugarriari. Hala zioen Bitorianok, ttikitatik ikasi zuela halako paper mota guztiekin gibel-beldurrez mesfidatzen. Oraintxe 30 urte asmatu ta landu zuen paper-de-plata horren barne-maminetan gorde ohi zen gabon-kontuekin. Urtero abestu izan dugu Eguberri bezperako errondan. Halakoxe talde emana daukazu hemen, klikatuz aise entzun dezakezunez: koadrillako abeskera da, hartantxekoa. Entzun ETA GABONAK

ETA GABONAK, ETA GABONAK:
ZELOFAN, PAPER DE PLATA.

Gabonak datozela-ta
jendearen tarrapata
Gabonak datozela-ta
erosketa da nagusi,
adornua ta zarata.

Eta Gabonak, eta Gabonak:
zelofan, paper de plata.

Gabonak datozela-ta
zelofan, paper de plata,
gastatu dugu soldata;
nahiz epetan, nahiz zorretan,
kapritxorik ez da falta.

Eta Gabonak, eta Gabonak:
zelofan, paper de plata.

Gabonak datozela-ta
txanpon-txanpanak botaka,
itxura hala dela-ta.
Letra ederrik helduko
zaigu, Gabonak pasa-ta.

Eta Gabonak, eta Gabonak:
zelofan, paper de plata.

Gabonak zetozela-ta
bota genuena falta.
Bukatu da tarrapata.
Ez da erraza izango
urtarrileko aldapa.

Eta Gabonak, eta Gabonak:
zelofan, paper de plata.

Gabonak zetozela-ta
zelofan, paper de plata,
tontakeria galanta:
ogi ta gatzetarako
behar dena ere janda!

Eta Gabonak, eta Gabonak:
zelofan, paper de plata.

2013-12-09

Permalink ekomaitea, 212 hitz  

Papermuttur

Papermuttur ximurtua eskuan dula etorri zait gure ermano baserritarra. Atzoko giro gozotara bildu zen nonbait, hainbeste erromes ta bisitari genituenean, eta solasean bildua idatzita dakarren abixua pasa dit:

- Aizakii, asteburun ez izkribitzeko ilargikontuk eta… oik astegunen bear ditukela esan, asteburun gutxik leitzen dutela ta…
- Hau al zendun dena?
- Ze geio nai dek ba? Ilargiri bezala arpegie aunditzea eo…?

Apunte eskean etorri zaidanik ere izan dut, egia. Ilargia beti hazi ta mirrindu ikustea, biribil argitu eta azkazal punttara murriztuz, egia, pausaje horretan aise ikusi izan dugu, normalean; nekezagoa, noski, hori dena nola gure amandre tranpoxak batean goraxeagotik eta bestean beheraxeagotik egiten duen ohartzea da. Eta hori izan, justu, baserritik erreparatu nahi izan dena eta hortaz jabetu gura, ilgora ta ilbehera jardun zaizkigunean. Labore lanetan horixe nahi haiek gehienik...

Oraingoxe arrats eta gau, eguzkia erretiroan goiz doakigunez, aise jabetzen gara, lehenengo kontua, aurpegia masailerdira gaur iritsi baitzaio. Baina, arratsaldean ekialdeko zerumugan irteten denetik, hortxe jarraitu behar diogu, zeru zeharkatze hori etzan samarrik, erdibidean nola dabilen… hurrengo arratsetan ibilbidetxo hori apurtxo bat goraxeago beteko duenaz jabetzeko, eta datorren igande-astelehen eta asteartean gure buru parean, kazkar pare-parean pasako dela aldenik alde ikusteko. Eta noski, handik, berriro beheraxeagotzen abiatu. Ea zeru argien giroak laguntzen digun… lehen astea bete da, bigarrena ere baiezkoan dabilelakoan nago…

2013-11-14

Permalink ekomaitea, 269 hitz  

Landare lotia

Hala deitu nion udaberri azkenean, hain berandu zebilenaz harriturik, astalarrosari. Axkarra baita, axkarrenei ere, millorria ta besteei, esprinta irabazten iaioa. Kosta zitzaion aurten: loratu zen presaka batean, eta baita bere pipittak azkar gorrittu ere. Heldu? Ez dakit zenbateraino. Agudo umotu eta pasa direla bai.

Gaur goizean, astalarrosa fruituttikiak batzen ibili naiz eta… paxatuak topatu ditut gehienak. Urtero batzen baititut, anix botila pare batean, gure ermano edadekoei, estamu pixuren bat edo beherako puntturen bat dutenerako tragoxkatxo bat eskaintzeko: ez da ez, batere, erremedio txarra. Patxaranaren gisara, baina basaranik gabe. Sasien inguruan ibili naiz, nola bestela. Astalarrosak defentsa fiña bezain latza du bere arantz kakotuetan, ‘diente-de-perro’ deitu izan zaie bere arantz punttoker txorrotx amudun horiei.

Hala, sasi hegaletan nebilela, ailegatu orduko, han sumatu ditut zozo pare bat kexu, eskala goitik beheraka, ki-ki-ki-ki-ki kantu haserrean. Nik nire lanari nerraion, kasorik egingo ez bainien, disimuluan… han sentittu dut okila, makalondo goian, puntatik gertu, kox-kox-kott, kox-kox-kott, kox-kox-kott, erritmo hirokoitzez, bere txalaparta-eskolatxo monotonoa ematen.

Baina, atzamarrak gorriz lirdingatzen zihoazkidan bitartean, paxatuegiak, nonbait, fruitutxo gorriak, hara non bixtatzen dudan beste aziendatxo jakintsu axkarra. Belaze pendizdunean, erdibideko patxadagunean, han baitaude belar bilduz osaturiko plastiko beltzezko belar-bola itzelak. Eguzkia bazetorren, etortzear zen… eta, hodeiak txanda eman dionetik, ordulaurdentxo bat iraun duen arren, katuak bai jakin non zegoen ‘estufa’ naturala: zuriak uxatzen duena, beltzak bildu egiten baitu bero apurrena ere. Ba, katutxoa han zen plastiko beltzaren gainean, sano etzanda, logiro bailitzan, burua bilduta, baina begia adi-adi erdi disimuluan. Zeren zelatan? Bi zozoak sasiko sukaldean, moko ta azkazal, aztarrika baitzebiltzan jo ta ke segidokoan. Okilaren erritmoari, solamentean, ez ziotela kaso handirik egiten…

Han utzi ditut, bakoitza berean, okilaren erredoble tematian...

2013-11-12

Permalink ekomaitea, 308 hitz  

Paraixu

Hala deitzen dio gure ermano eta anaia (mezakoa da eta) 97 urte ongi beterik dituenak, laster 98ren bizkarretik buru argiz, oin arin, ez buruarin, bizi denak. “Hauxe bai paraixua” dio, hemen, Liebanako Santo Toribion.

Bertako anaien artean txandaka ematen dute eguneroko meza, eta atzo bertan San Martin eguneko meza zuzendu zigun, belauniko ta behar denean belaunbiko ere airoso egiten duela oraindik… gogorarazi zigun, nola monastegi honetan, Santo Toribioren aurretik, San Martin izan zuten zaindari lehenbizi bertako lekaide aspaldikoek. Paraixu!, -dio- paraixu, koanto!

Potes herriko txokobaxter mendi laiotz honetan, eguterarik ez badugu ere, paraixuko hegazti eta aziendatxoak hemen baitira ia denak. Iñular eta goiz, urubi eta hontzak bakarlari tematiak ditugu bertako orkestra natural eta gidari bakoan. Kixkixu deitzen genien oskilasoak, ez udan bezain jostalari, baina euren disimulua ezin disimulatuz nabaritu ditut goizean. Zozoak lotsati samar atzo, gaur lotsagabeago ki-ki-ki-kika, egia. Lotsa gaztetan ere ezagutu ez zutenak eta inoiz ikasiko ez dutenak, berta-bertako jauntajabe, belazaharrak ditugu; mordoska politta, eta bullatia, bullatsu ta sesianterik beste inon bada; alferrik duzu hauekin desafioka jardutea. Bestelakoxea da, lotsa puxkaz lotsatuago dabilen txantxangorria: bere kanta txi-txi-txikakoa ere, kioa baileukan etenik datorkio. Baina, urtxintxa xalto isiletan pinuan gora nekusanean, tronkuaren ezkerretik niri begira… bi salto goraxeago, eskumaldetik zelatari… kattagorria isilik zihoanean, haiek garramistoak orkatzak botatzen zituenak, haiek! Oso gertuan nuen, nire bidetik beheraxeago, eta ez dakit zeren beldur, baina haren orru bortitzek, besteak bildurrez isiltzerainokoak suerta dita!…

Hauxe bai paraixu paraixutiarra! Arnas lasaia, eguna eguzkitsu atzo, goiz frexkoari epel gozo baketsuan erantzun ziona… gaur grixago mendarte altuotan… halaxe espero dut hiruzpalau egun, anaiarte bakeosoan bizitzea, gure ermano finaren akordu zehatzak, Kuban bizitakoak, Oñatiko Bidaurretan eta Agileran landalan ondutakoak, eta hemen azkenengo xorta, bixibixi ta arnasa hestutu gabe kontatzen digularik… Ai zenbateko zoria, urteetan gora, zahartu gabe, bururik galdu gabe, akordu gaztetan, memoria argi ta apala, pitzaturik gabe mantentzen duenarena: berarentzat hala, eta ingurukoentzat doble! Guretzat doble, koanto!

:: Hurrengo orrialdea >>

Mendiko behatokia

Behatokian gustura nabil. Mendikoa da behatokia: izadi naturalean kokatua. Natural izatea lortu nahi, nonbait. Hontzaren begi bihurriak nahi ditut: ilunean dakitenak. Erreparatu ahala, ikusia jakin aurretik, azaleratu nahiko nizuke, denon aurrean ikasteko. Ondo ikasiak leku gutxi. Eta asko balio...

| Hurrengoak >

Abuztua 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
      1 2 3 4
5 6 7 8 9 10 11
12 13 14 15 16 17 18
19 20 21 22 23 24 25
26 27 28 29 30 31  

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!