Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mendiko behatokia

Pello Zabala

Atalak: laurdenka, Iragar-pen-a-rgia

2014-03-10

Permalink laurdenka, 171 hitz  

Laurden koskan

Udaberrian sartu aurretik justu, ilargiaren bi ibilde neurrien koska azaldu nahi nuke. Abendu hasieran, han seinalatu nuen nola egun berean abiatu ziren ilgora eta ilberria. Baita ere, seinalatzen nuen nola handik sei hilabetera, udan alegia, bi koskak oso bestelako agertuko ziren: alegia, ilgora hastean, nola ilbetea egongo zen ilbeheraren azken egunean. Zergatik zen ere argitzen saiatu nintzen: nola ilgora-ilbeherek 13 bider igo ta jaisten zituzten gora-beherako pendizak; eta bien bitartean, ilberri-ilbeteek 12 aurpegi gizenaldi nahiz flakialdi. Eta, sei hilabetetik sei hilabetera, batak bestea erdibidean harrapatzen badu, argi egon leike, burua zentzatzea nahikoa, 3 hilabete inguruan, erdibidearen erdian, alegia, laurden koskan egongo dela. Eta halaxe da.

Herenegun genuen ilberritxoaren laurdenka: aurpegi erdia potolotzen hasi zen. Atzo goizean, berriz abiatu zen ilbehera. Gaur hor de goian, lehen behera pausotxoa emanik ilargi amandrea. Beheraka doan bitartean, gero eta beteagoa ikusiko dugu, gero eta matrail zuriagoa. Datorren igandean, ilbeherakoaren erdibidean, orduantxe iritxiko da ilbete biribil zuria osatzera. Beraz, giro dotorea iritsi zaigunean, ilargia betebidean dugu, alde batetik, baina atzotik martxoaren 23 igandera arte, ilbeherako lanak egiteko eta aprobetxatzeko eran.

2014-03-07

Permalink laurdenka, 228 hitz  

Orain hiru hilabete

Oraintxe 90 egun, iazko abenduko 3tik 16ra arte, bizpahiru egunek kale-ttiki bat egin bazuten ere, zeru garbiekiko egun ederrak eguzki betekoak izan genituen. Orduan, esan beharrik ez dago, eguna bere laburrenetan zebilen eta, oraingo aldean bi ordu ta erdi gutxiago zituen egunargiak. Orain berriz, goizetik ordubete eta arratsetik beste bi ordu eta 25 minutu harrapatu dituenean, -laister baikara egun ta gau hamabina ordukotan-, eguzki orduak atseginak eta gozagarriak bilaka dira.

Beste alderdi batetik begiratuta, bitxia da udazkenak bere azken pausoetan halako eguzki egunak eskaintzea, eta bestehorrenbeste, juxtu negu ofiziala amaitzean, ez hain ustekabean etorri zaigun antizikloi giro garbiko egun sorta oraintxe fortunatu zaigunak.

Halere, egun bakoitza ez dela loteria hutsa, -behin eta berriz aspaldi errepika nuen kontua-, baizik badakarrela aurrekoekin lotura eta ahaidegotxo bat gogoratzeko, ez daukagu azken hilabeteotako jardunari begiratu besterik: aipatu abendu hasierako egunak bazuten zeru garbiekiko lotura; hurrena, ez dago esanbehar handirik, neguak hegomendebalaren 31 eskutik zuela, 74 egunetako soka luzean ekarri digun haizeboladadun emana ta erasana; bazuten, bazutenez, haize ahaidego galanta; eta hegomendebala normalean laburki mendebaltzen den bezala, ihauteri igandeak hasi bazuen hasi, astelehen-astearte eta asteazken, mendebalari azken errebuelta lapurtar ikuttuz kiribildu zitzaionean, hara: lau egunen artean, oraingoan ere ahaidegorik bazuten bai, bikiak ziruditen eta… ba, lauen artean, ez zizkiguten ba, 148 litro bota??? Parentesko seinalatuegiak, ezta?

Eta, azken galdera: zenbateko ahaidegoa, zenbat anai-arreba segidoko, koska ttikikoak, ote dakartza ongietorria emanberri diogun antizikloiaren txapel gustagarri honen peko egunetan neurtuta…?

2013-12-05

Permalink laurdenka, 307 hitz  

Halaxe egokittu!(2)

Herenegungoa irakurrita, izan da iruzkinik etxeko ermano batzuen artean. Eta baita lagun batzuen ekarrian ere: ilargiaren betea eta ilgoraren kontuek askotxo ziztatzen dituzte, “gure etxean beti esan ohi huen…”. Ba, halaxe da bai. Baina badu esplikaziorik, eta herenegun baino argixeago nahi nuke esan.

Begira: Ilargiak bere aurpegia zuri biribilean osatu ahala, berriro argiz hustutzeraino, ia hilabete behar du: 29 egun eta erdi pasatxo, ia 30 egun (hilabete litzatekena). Horregatik ilberria, hilabeteen ia egun bereetan izan ohi dugu urtean zehar. Hara azkenetara doakigun urteko ilberrittoen martxa: urtarrilean 11n, otsailean 10ean, martxoan 11an (otsaila laburtxoa izaki), apirilean ta maiatzean 10ean, ekainean ta uztailean 8an, abuztuan 6an, irailean ta urrian 5ean, azaroan eta abenduan 3an…

Baina, adi orain: ezin da eraberean neurtu ilargiaren goraldi ta beheraldiko abiada: gorako ta beherako bidaia horretan 27 egun pasatxo egiten baititu. Alegia, urte baten neurri ta zabaleroa hartuaz gero, ilberri-ilbete lanetan, ilargiak urteko 12 aldi osatzen ditu eta artean, 10-11 egun sobratzen zaizkio. Aldiz, goraldi ta beheralditan, ilgora-ilbeheretan, alegia, 13 aldi edo 13 jiro betetzen ditu urteko, eta beste 10-11 egun sobrante gelditzen. Horrek esan nahi du, bi martxa hauen artean kontu ta nahasmen bitxia ateratzen zaigula hor. Saia nadin argitzen.

Urte akabera ta berria abiatze aldi honetan, egun laburrenekiko, edo negua deitzen diogun honetan, gure Xabierko Haundiaren egunean juxtu, biak bat edo bateratsu zetozenez, bertatik pentsatu behar da, uda gain edo eguzki gain ekainekoan, biak alderantzizko bidegurutze edo gurutzatu ezinean ibiliko direla: ordurako batak 6 jiro egin dituen bitartean, besteak 6 eta erdi bete ditu: beraz, bata ilberrian den puntuan, bestea ilgora goiko tente-tentean dugu. Alegia, ilargi aurpegia hazten eta betetzen doan artean, ilargiaren zeruko ibilbidea, goitik beheraka, indarra galtzen dabilela. Horrek, noski, landareengan duen eragina nahasi ote dezake uda partean? Horregatik gertatzen ote dira baratzetan, hainbat landareren ezusteko puntaratze eta loratzeak eta…? Sasoi honetan, aldiz, biak batera doazen landareekiko indar-eraginak, natura motel dabilelako ote ditu beharrezko landarediak…? Badu zer pentsaturik...

2013-12-03

Permalink laurdenka, 226 hitz  

Halaxe egokittu!

1’23an, gauerdia pasaberritan, ilberri ttikia aurpegia haziguran saiatzen hasi da. Eta arratseko seirak eta 36an hartu du libeherako azken erretiroa. Alegia, hurrengo minututik, 18´37tik aurrera, ilgoran garela gogoratzen digu. Hara hor batera suertatze bitxia, oso gutxitan gertatzen dena. Ilargiaren handitze pausoa eta gorakako abiada, biak egun berean egokitu zaizkigula. Noski, egun berean, gure Xabierko Frantzisko handiaren egunean egokitzea ere, halakoxe suertatze berezia dela apunta genezake.

Baina bada bestelako parean egokitze berezixkoa ere. Ilgorako martxa bi egun laburragoa izanik, eta gaur, mobida bakoitzaren artean, 17 orduko atzerapen tartea egonik, horrek ekar dezake, ilbetea eta ilgoraren akabera ere egun bertsuan suertatzea: bi gorakadak 15.egunerako osatuak izatea. Eta, halakoxe suertean datorkigula ikusi ahal izan dut: abenduaren 17an, hor aurkitzen dut ilbetea goizeko 10’29an, ia hamarterdietan osatu dela. Ba, gertuan beharko dik ilargiaren beheraka abiatzeak ere: eta halaxe, gauerdi pasatxoan, ia goizeko ordubietan, 1´58an hasi da ibilbide beherakako ilbeherakoan. Gutxitan egokitzen dira honelako bitxikeriak.

Nik, nire kolkorako darabilkit kontu hauekiko joera eta ilargiaren jolasgura gogoan izatearen jakingura, eta bai, erreparatu behar diot. Joan den gauerdian, ilberria abiatzeaz bat, hotza beheko zokoetan pilatzearekin batera, hegoiaren ikututxoa zabaldu baita mendaldean: izotza eta hotzkirria errekondo eta ibarretara jaistean, gureotan (725 metrotara gaude) hozberoa emeki goratzen hasi baita. 27 egun, eguzkitan ere 12º harrapatzen ez genuela. Gaur 12tarako 13º pasatxo genituen. Baietz portatu oraingoan ilargi xaltxera tranpoxa lotsatia egun laburretako sasoi honetan…! Ez dut trabesik gurutzatuko baina… baietzean nabil.

2013-11-18

Permalink laurdenka, 161 hitz  

Atzo ilbete

Atzo arratsaldeko laurak eta laurden aldera iritsi zen ilargia talo bete-betera. Ez dugu azken egunotan asko ikusi, baina aurpegi betean ibiltzeaz gainera, ilgorako puntu gorena ere bihar harrapatzen du, arratseko zazpiak eta laurdenetan. Hantxe abiatzen du beherakako bidea, Xabierko Frantzisko egunez hondoa harrapatzeko asmotan.

Duela aste pare bat genionez, laster dira ilargiaren bi ibilerak parean, baina ez du errepikatzeko asmo fijorik, agudo desnibelatzen da berriro. Aurpegiko txukunketa eta konponketa luzexeago nola doakion, bi egun ta 5 ordu luzeago hain justu ere, zerugoian gure buru parean ibiltzetik, bihar altuenean hain zuzen, beherenean pasatzeko tartea, horixe da Xabierko santuaren egunean, egun berean egokituko zaiena: ilberritxoa batetik, eta ilbeheraren sakonenera iristea, biak astearte berean emango baitira. Atzo bete zuen aurpegiak apenas ezer askorik galduko duen bihar goitik behera abiatzen denerako, baina bi egunen tarte hori jango dio ilargiak bere bi mugida horien artean. Beraz, bihartik aurrera, bi astez, beherakako proportzioak ditu ilargiak, bai aurpegiko argia galtzen eta baita ibilera jaisten ere: debilidadeak joko gaitu oraingoan.

:: Hurrengo orrialdea >>

Mendiko behatokia

Behatokian gustura nabil. Mendikoa da behatokia: izadi naturalean kokatua. Natural izatea lortu nahi, nonbait. Hontzaren begi bihurriak nahi ditut: ilunean dakitenak. Erreparatu ahala, ikusia jakin aurretik, azaleratu nahiko nizuke, denon aurrean ikasteko. Ondo ikasiak leku gutxi. Eta asko balio...

| Hurrengoak >

Iraila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
            1
2 3 4 5 6 7 8
9 10 11 12 13 14 15
16 17 18 19 20 21 22
23 24 25 26 27 28 29
30

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!