Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mendiko behatokia

Pello Zabala

Atala: pentsumentala

2014-02-26

Permalink pentsumentala, 224 hitz  

Milioi jaioberri

Ahalketurik ta lotsaz lotuta uzten zaitu gure mundu xelebre honen abelerak. 15 urte beteberritan nobizio gaxterik ikasi genuen meditazionetan barruntatzen eta otoitzbidean barrua bete ahala sentimenduak neurtu eta kalibratzen. Ia 60 ordu daramat triste kolorea barrutik ezin haizatuz. Milioi haur hiltzen zaizkigu jaioberritan, eta ez gosez preseski, erditze eta erditzeondoko laguntza faltaz baino. Sorta bat, jaiotze ordua aurreratu zaielako; ia erdiak, jaiotzean emagin laguntzarik izan ez dutelako… gehienak bizirik genituzkeen, hala amak nola haurtxoak laguntza egokirik izan balute. Haurren sorrera horrenbeste inporta omen zaigunean, milioi jaioberri baztertuta hiltzen uzteko gauza gara? Buruak edo bihotzak, edo biek, pitzatu ederrik badu gizarte arin eta ustel honetan…

“Jaioberriaren lehen eguna da garrantzizkoa eta arriskuz betea, eta hara zenbat amatxok, beren etxean lurrean etzanik, inork lagundu barik, dakarten mundu trixte honetara beren umetxoa negar zotinetan…” dio David del Campok. “Kontakizun gehitxo jaso ditugu, negarrez kontatu diguten amatxo gajoengandik, zenbat kilometrotan ibili behar izan duten lagunduko dien emaginaren bila”.

Afrikako hainbat eskualdetan, jaioberrien erditatik gora, inoren laguntzarik gabe jaio ohi dira. Etiopian 10etatik batek bestek ez du lagunduko dionik. Afganistan kastigatuan bertan, 10 mila biztanleko emagin bakarra omen daukate, auskalo zenbat kilometrotan zehar. Kongo aldean eta beste herrialde batzutan, laguntza jaso duen amatxo gaxteak, hilabete mordoska bateko jatenetako beharko lukeena ordaindu behar izaten du: haretxen bularrak bai estimazioa, haurtxoa zotinka, asko ohartu gabe ere, gozatzen saiatzen denean…

Zer gehiago esan? Isiltzea hobe…

2014-02-24

Permalink pentsumentala, 152 hitz  

Bi aste pasa

- “Todos al suelo!”ka sartu zeneko urtemuga genian atzo, ezta?
- Bai, bai. Arma eskuan, bibotepeko doinu altuan, hura huan jendea lotsarazi ta makurtarazi beharra, hura!
- Ba, egun gutxin pausajean, hainbeste lots trixte pasarazi digutenik ez neok akordatzen aspaldi hontan… zuek bai, akaso?...

Elkarri begiratu, keinutxo bat egin eta zer esan ez dakigula hor ginen gaur gosarittikian…

- Aizue, ba goizeko albistegian entzuna honakoa: bi aste pasatxo direla Burgosko kartzelan hildako beste preso lagunarena... halaxe enteratu nauk, alajainena!
- Ez dek posible, motel!
- Jakina, Arkaitzena pasaberritan, lotsa gutxi nonbait eta…
- 22 urte besterik ez zituen gazte bat gorpu, aizue…?
- Ta dirudienez, duela 15 egun ta gehiago hilik...
- Bere buruaz beste egin omen dik… Donostiarra ote dan, edo… gertukoa.
- Baina hilabete t’erdi besterik ez duk bizkaitar gazte bat ere presondegi horretan bertan, Burgoskoan akaatu zela…
- Eaarra martxa, earra… urtarril ta otsail erdin… 3 gazte presondegitan akaatuak…!
- … … …
- … … …

2014-02-21

Permalink pentsumentala, 195 hitz  

Hamaika ikusteko gu!!!

Hamaika ikusteko gu!!!

- ETAk armak utzi ditu
- BAKEAN
- POR FIN
- EL FIN DEL TERROR
- La democracia arrincona a ETA
- Le corrsponde al próxio Gobierno gestionar “el nuevo tiempo”
- POR FIN! ETA anuncia el final de la violencia
- FIN ETA anuncia el cese definitivo de la violencia
- ETA alardea de sus asesinatos y emplaza al Gobierno a negociar
- 20 de octubre de 2011 AGUR, ETA
- Un nuevo tiempo para Euskal Herria

Horra hor hamaika egunkaritako lehen orrialdetako izenburuak
Hamaika ikusteko, eta hamaika entzuteko jaioak garela bagenekien. Baina, azken bi urteotan ikusiak ikusi, entzunak entzun…

Horixe, eta holaxe idatzi nuen gaur 28 hilabete. Egunkari mordoska batek bere lehen orrialdean, ateburuan, letra handiz idatziak denak. Eta berdintsu jarraitu beharko ote dugu? 2008tik aurrera entzundakoak gogoratzen banituen han, azken 28 hilabeteotakoekin, zer esan? Nazkatzerainokoak, denak eskaritan, entzun ta ikusi ditugu. Trukerik ez da inondik izan, urrunagotzeak eta zailtasunak 'aporrillo' izan ez bada. Baina, hori bai, bihar ere sinpalta saiatuko naiz izenburuak biltzen. Bakea, beharrezkoa den eta dugun arren, bakea… gero eta urrunago ote daukagun, zalantzati sentitzen bait naiz… Bakea, alegia… auskalo non eta… auskalo noiz… … … … … … … bizi ahalko dugun… inoiz ahalko bagenu…!!!

2014-02-02

Permalink pentsumentala, 462 hitz  

Kandelario lario

Kandelario gaur. Egun seinalatua euskaldunontzat. Gure anaia Bitoriano Gandiagak 1986an, duela 28 urte, sortu zuen Kandelario-lan ttiki xume bati lotu nahi dizkiot gaur akordu biguñak. Haurtzarotik zekarren esaera zahar batekin abiatu eta egun honen muineraino baikaramatza xuxen, ordutik ja, berak. Bere akordutako ttikitako esaerak honela zioen:

"Kandelario lario / hatxari ura dario, / sagarrari musturio".

Ez zuen askorik behar, olerki sena pizteko eta jario oparoan jarraitzeko. Txikitako akorduak ezpal berriak sortuko zizkion bertatik. Hain esanguratsua bilakatu den Kandelario data kokatuz abiatu zen:

Kandelario, Otsailez / Otsailaren bigarrenez, / neguan halabeharrez.

Eta data kokatu orduko, neguak berekin dituen eguraldi kontuak aipatzen ditu segidan:

Elurpean da sarritan, / inoiz antzigar zuritan, / aldiz, baita, eguzkitan.

Eguraldiak eta klimaren baldintzak denetik emateko joera agertzen baitu gure euskal txoko bereziotan. Horregatik bildu ta lapatu zizkioten gure aurrekoek hainbat esaera-zahar eta atsotitz neguko data seinalatu honi: Nork ez du entzun, “Kandelario bero, negua gero”, edo “Kandelaria hotz, negua motz”. Hauek biak lirateke ezagunenak. Eta hauen arrastoari darraio gure olerkariak:

Kandelario hanka hotz, / negua dugu jada motz,/ alegera adi, amillots.

Bere lagun hegaztiendako pregoia zerion bertatik, amillotsaren akordutan. Baina poemaren erdian, egunak berekin duen ezpalari lotzen zaio:

Dela ipar, dela hego, / kandela piztuak bero / Andre-Mari-Zuriero.

Eguberritik 40 egunera justu, antzinako ohiturari jarraiki, IV.mendean hasita ospatu ohi baitzuten Jerusalem aldean, Amaren garbikuntza eta Haurraren aurkezte ta eskaintza. Hor, berez zegokion unean kokatu zuen Elizak ospakizun hau duela 1600 urte jada. Hala gogoratu nahi digu Gandiagak:

Birjinaren garbikuntza,/ haur Jesusen aurkezkuntza,/ argi-jaiak badu funtsa.
Eta hortxe lotzen dio egunari, berak hain barruan zeraman argiaren kontua, Kandelario, hain justu, argi-festa baitugu aspalditik. Agudo joan baitzen hedatzen eta zabaltzen Europan barna festa hau. Eta iparraldeetako paraje goikoetara iristean, haiek han ospatzen zuten bart gauerdiko argi festa erantsi zitzaion otsailaren 2-koari. Otsailaren 1-etik 2-ra baita, bart gauerdia justu, neguko 90 egunon erdigunea. Eguzkia ari da indartzen, badoa jasotzen: goizetik 14 minutu axkartu bada, arratsetik gaur 45.minutua irabazi baitu. Gaurtik biharrera, eguna luzatzen lehen ordubetea harrapatzen du dagoeneko. Horregatik dio Gandiaga olerkari lagunak:

Gar bizi-eta garbia, / uztargi ta ostargia, / bistan daukagu argia.

Neguaren makurrena ta ilunena alaitzen dakusgu eguzkia, gaurtik aurrera ordubeteko koska atera duenean. Eguberriz jaio eta goraka abiatzen den Mariaren ume eguzkiaren argitan, kandelak piztuta, pozez, halaxe nahi gaitu gaurko Kandelario festa ederra ospatzen Elizamak. Gure olerkariak ere, horregatik damaio bere lanari erremate egokia:

Kandelen dizti alaitan, / Jaunaren aurkezpen jaitan, / poza poz bedi argitan.

Uztar ditzagula, ostargia eta bizia Jesus argi eta biziarekin, kandelen argitan Bere aurkezkuntza goraki ospatuz. Uztargi ta ostargia gogoratu dizkigu olerkariak gaurko egunari lotula. Ostargia hor dugu goraka, eguzkia presaka, urteroko argi bizigarria baitator gure bizitzan Jaun Bizi Handiaren dohain ostargi-jario seinale. Noerekin Jaunak egindako bake-seinalea, uztargi zazpikolorekoa, bakearen betea dugu amets, kandelak piztuta, Mariaren garbikuntzan. Simeon zaharraren ametsak bete ziren bezala, bitez beteak baitere, gure bake amets sano guztiak.
Animo guztioi, negua atzendu dugu ordubetez eta...

2014-01-17

Permalink pentsumentala, 280 hitz  

Profeta profeta

Eguberri ta gabonetakoak astiro ta soinuz ta harmoniaz, armoni onean, bizi eta gero, atseden paxartetxoak medio, nonbaitetik itzuli behar eta, gaur goizeko mezatako irakurgaiak pizt egin dit profetaren hitzak entzutean...

Halakoxea omen Itun Zaharrean ageri zaigun Samuel: profeta zintzoa, profeta zorrotza. Jende apal eta lur elkorrean bizi ziren haiek, inguruko harroxkoekin beti borrokan ibiltzeaz aspertuta, errege bat behar zutela eta orduko tribuxken artean gazte sendo egoki bat aukeratzeko eskatu zioten. Baita erantzun mamitsua eman ere. Otoitzean hausnarraldia egin ostean, honela dio Samuelen bi liburuetatik lehenak, bi urtetan behin, urtarrilaren erdi aldera, mezatako irakurgaian entzuten dugun pasadizokoan:

Adierazi zion Samuelek errege eske ari zitzaion herriari Jaunak esandako guztia, eta erantsi zuen: «Hona hemen zuen gain aginduko duen erregearen eskubideak: semeak kenduko dizkizue, bere gurdizain eta zaldizko egiteko; erregearen gurdiaren aurretik ibili beharko dute lasterka. Batzuk mila gizonen buru ipiniko ditu, beste batzuk berrogeita hamar gizonen buru. Batzuek erregearen alorrak goldatu beharko dituzte, beste batzuek uztak igitaitu; beste batzuek, berriz, armak eta guda-gurdiak egin beharko dizkiote. Alabak ere kenduko dizkizue, bere lurringile, sukaldari eta okin bihurtzeko. Lursailik, mahastirik eta olibadirik ederrenak kenduko dizkizue, bere zerbitzariei emateko. Uzta eta mahatsen hamarrenak hartuko dizkizue, bere funtzionario eta zerbitzariei emateko. Zeuen morroi-neskameak, zeuen gazterik bikainenak eta astorik hoberenak eramango dizkizue, beraren sailetan lan egin dezaten. Artaldeen hamarrenak hartuko dizkizue; zeuek ere bere morroi eginen zaituzte. Egun hartan, oihu egingo duzue, hautatu duzuen erregea dela eta; baina Jaunak ez dizue entzungo».

Hala ere, herriak ez zion kasurik egin nahi izan Samueli, eta honela ihardetsi zion: «Utikan! Erregea behar dugu; beste herri guztiak bezalakoak izan nahi dugu. Gida gaitzala erregeak, joan dadila gure aurretik gure alde borrokatzera». (1 Samuel 8, 10-20)
Izan zuten eskarmentu ederrik gerora, bai, izan zutenez…

:: Hurrengo orrialdea >>

Mendiko behatokia

Behatokian gustura nabil. Mendikoa da behatokia: izadi naturalean kokatua. Natural izatea lortu nahi, nonbait. Hontzaren begi bihurriak nahi ditut: ilunean dakitenak. Erreparatu ahala, ikusia jakin aurretik, azaleratu nahiko nizuke, denon aurrean ikasteko. Ondo ikasiak leku gutxi. Eta asko balio...

| Hurrengoak >

Urria 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
  1 2 3 4 5 6
7 8 9 10 11 12 13
14 15 16 17 18 19 20
21 22 23 24 25 26 27
28 29 30 31      

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!