Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mendiko behatokia

Pello Zabala

Atala: pentsumentala

2013-12-25

Permalink pentsumentala, 690 hitz  

Artzaiak artista

Goizeko sermoia ez duela entzun, atzoko ajea ta beste, berandu iratzar dela eta, mesedez, blogera pasatzeko. Hori lagunaren eskabidea. Baina, berexiagoa bestearena: Ea aitasantu Frantziskori kopiatu diodan. Nola kopiatu, baina? Haren antzerako kontuak esan ditudala eta…

Kontutxu hauek jaulkiaraz dituena, goizeko Euskadi Irratiko mezatako eguberri sermoiaren oihartzunetan piztu da. Belenen artzaiak opari ta kantu ibili direneko pasadizoaren ondorio. Ez dugu euskaldunok alferrik izan hango artzaiekiko debozio partikularra:

Artzai burutxuri bi, Antton eta Peru,
Belengo portalera etorri zaizkigu.
Sartu dira barrena Manueltxogana,
eskaintzera bakoitzak arkumetxo bana.

Horixe zen txikitan, atzo goizeko errondatxorako, lehenik ikasi nuen kantatxoa. Artzaiak hantxe...

Baina bueno, torizue –otok Miel- goizeko homiliatxoa…

Beharko gorde bihotzean. Mariak gogoan jasotzen zituen gauza hauek guztiak, bere bihotzean ausnartuz. Ta Joserekin komentatuz, inondik ere. Artzaiek jakinarazi baitie haur hartaz gauez esan zitzaiena.

Zakariasek tenpluko txoko sakratuenean, eguneroko opariak eskaintzen ziren santuen santu deituan Gabriel aingeruari biziberriaren konturik sinetsi ez zionetik, aingeruek landalan dabiltz, hasi Nazaretetik lehenago, eta orain, orduko mezua haragian pinpoilotu denetik, artzaiei, gauez ere iratzar bizi diren artista hauei anuntziatzen.

Ta baita sinetsi eta Belengo baxterreraino etorri ere. Eta nola ez, kantu ta bertso badakitenez, Jainkoari aintzaka ta goraka itzuli dira, aurrez entzun ta sinetsia konprobatu dutelako hortxe bertan, Mariaren ta Joseren aurrean. Orain ausnarrean, Maria utzi dute, kontuok bere baitan eta bihotzean iraulika. Ez al zion aingeruak esan Mesias sortuko zuela bere erraietan, eta gure artera zetorren Emmanuel, Jainkoa gurekin. Baina nola ta non? Mesias erregeari beste etxe bat zegokion. Emmanuel Jainkoa gurekin behar zuenari, tenplutik gertu gutxinez, toki sakratuxeagoa.

Jainkoa artzain pobreen arteraino jaitsia ikusten dugu: pertsona sentzilloagorik! Behar pila bat bazterrean utzi eta premiazkoenaren opariarekin hor dira Belenen, ta hara, mendian bizi diren jende hutsal deusez horietxen artean daukagu orain seaskatxoa, Jainkoa gurekin. Jakina, hiri nagusiko tenplutik begiratuaz gero, mesprezua ta laidoa besterik ez zuten merezi, kutsatuak baitziren, ardizain eta bildots zaingoan, zikina, odola ta inpureza besterik ez baitzuten bizi, eta ezin gorde gainera, larunbateko atseden sakraturik ere. Gizartetik aparte ta guztiz baztertuturik bizi ziren, eskubide guztiak galduta, bai erlijioarekiko lotura eta baita eskubide zibilak ere. Eta begi zorrotzez epaituaz gero, ez ote zuten ganbelako Haurtxoa kutsatzen? Gajoak!

Politta da. Eskertzekoa ere bai. Jesus ordu ta minutu historiako konkretu batean jaio baita: txoko gune propial batean agertu zaigu haragian jantzia. Historiak ez zuen frenatu, ez zuen eguna pasatzen utzi; beste guztiak bezalaxe Jose ta Maria ere Augustoren aginduak harrapatu zituen han. Halaxe sartu zen Jesus historiaren uhinetan: baxtertua, orduko haurtxo gehienak bezalaxe, ez Herodesenean. Mendian, artzaiak lehenbiziko sustoz, beldurrak hartu zituen. Baina aurrerantzerako, bestelako oharra eman zien aingeruak: “Ez izan beldurrik! Poz handi baten berri damaizuet" Ta seinale zehatza ere bai: "Oihalean bildurik, ganbelan etzanik aurkituko duzue".

Hara guretzako ere, mezu ezustekoa damaiguna: non espero dugu topatzea: otoitzean, elizan, sagrario aurrean belauniko? Artzai artista hauek erakutsi digute garbi: baxter baxterrenean; kaletik bazoaz, kartoi artean hotzikaraz; horixe da gaur Jesusen ganbela, eta kartoia Jesusen oihala. Haurtxo honekin dena aldatzen hasi baita: Berak beldurremale ez baino, Jainko maitatia erakutsiko digu. Historiari beste bidea seinalatu zion, non eta Belenen, giro ta gune familia bilduko gozoan, hara nola abia den xume intimoan. Ez da presente gizatalderik, ez plaza arranditsu panparroi ta beterik: artzai taldea gertuen lekuko. Jauna, aukeran txikitxo, apurtxo egin baitzaigu, sentzilloegi aukeran. Ondo begiratuz, hantxe kokatu digu Lukasen ebanjelioak artez eta esangura xumez kargaturik.

Hara nola nire haragiak, eta zureak, eta gu guztion haragiak ere Jainkoa daraman bere zirrikittu ta tolesturetan. Zergatik ez geure geureena, eta geure ingurua, jainkotu ta jainkoztu? Saia gaitezen, Jesusek egin zuen arrastoan, ekinalean, Jainko hitza haragi eta haragizko egiten. Nola? Erraietarainoko dardarizoa sentituz ta biziz, gupidazko izuikarari barrubarruan txoko emanez, zauriak denei ahaleginean goxatuz, irrifarrea eta poza sortuz eta banatuz, begirada goxoak zainduz, oneginean poztuz...

Jainko Aita-Amaren gurekiko begirada ageri zaigu, hantxe Belengo bere Semearengan kokatua, seaskaren aurrean belaunikatzen diren gurasoen antzerakoa. Hortxe, alde banatan belaunikatuta, beren begiak ttikiaren begitxoen parera jaitsita, bajatuta, Jainko alturak eraitxita. Nor eta Aita-Ama Biziemalea, bere kreazio den emakumearengan sorturiko horren parera jaitsia!! Horrela Jauna ikus bageneza, erraza litzaiguke jaioberri bakoitzarengan, oihalen premiaz eta bi besoren kariño beharrean ikusten dugun haur ta txiki bakoitzarengan, eta haziagoengan, gizaki guztiongan, Jainko haragiratze eta enkarnatzearen seinale bana ikustea. Hau Egu-berri baita!

2013-11-15

Permalink pentsumentala, 284 hitz  

97koa gogoan

Lehengo asteartean, 97ko gure ermanoaren kontuak gogoan, laguntzar batek (laguna bai, ez zaharra, noski) honako pentsamentuak, nonbaitetik bilduak zituenak bidali dizkit. Eskertua dago, zeren, jabetuko zaretenez, badamaigu zer pentsaturik, urteetan aurrera eta, agian, zaharbidean goazenoi. Honela diosku:

Adinekoa ala zaharra sentitzen zara? Aber laguntzen dizudan kontua pixka bat argitzen:

Adinekoa, urte asko bete dituena da; zaharra, alaitasuna ta bizipoza galdu duena.
Adinak, gorputzeko zelulen ajea eragiten du; zahartasunak, izpiritu argiaren hondamena.
Adinekoak, bere burua animatuz “merezi dik, ezta?” ohi dio; zaharrak, “ez, ez” ezetzean dago temati.
Adinekoak, amets egin ohi du ia egunero; zaharrak, lo ere, nekez eta kostata.
Adinekoa, ikasteko prest dago beti; zaharrari, ikastea zer den ere ahaztu zaio.
Adinekoa, ariketarako edo ibiltzeko prest da ia egunero; zaharra, exerita edo etzanda, gustuen.
Adinekoak, gaurko eguna lehen dohaintzat hartzen du; zaharrari, gaurkoa, atzoko berbera dirudio.
Adinekoak, agenda asmoz eta planez beterik dauka; zaharra, ez gaur ta ez bihar, atzokoan bizi da.
Adinekoa, itxaropenez ta asmoberriz beterik, biziki bizi da, denbora agudo pasatzen zaio, zahartzarorik ez zaio egundaino iristen. Zahar gajoari, orduak ere, luze ta atzeraka egiten zaizkio.
Adinekoak, kopeteko ta masailetako zimurrak ere ederragoak ditu, irrifartxoak eraginak baititu. Zaharrarenak, aldiz, itsusiagoak, saminak erretenduak baititu.
Adinekoa, bere burua nola berrituko saiatzen da; zaharra, gaurkoa azkena daitekeelaka, apaltzen, gogogabetzen doa.
Adinekoak, esperantzak argitzen dion ortzemugari begirada pozik eskaintzen dio goiz ta arratsalde; zaharrak, iraganeko itzalak ikusten ditu, begi-lausoaren errua delakoan.
Adinekoa, geratzen zaion bizitzan borroka desafioan lehiatuko da; zaharrak Herio noiz etorriko, erio betean nozituz jarraiko du.
Adinekoak, egitasmo ta planak ditu egunero; zaharrak, oroiminak mindutako begitartea.

Azken buruan, adinekoak eta zaharrak, egutegia testigu, biek urte berberak eduki ditzakete, baina bihotz erritmoa erabat ezberdina zaie.
Bizi zaitez luze adinekoen antzera, baina ez zaitez sekula zahartu.

2013-09-18

Permalink pentsumentala, 304 hitz  

Ikustak hau!

Solas koloreanitza genuen gaur goizean: atzoko jende bariopintoak, asteburuko margo-lehiaketa, datorren astebururako mendi-txirrindularien bi eguneko ibilaldi aldapatsua… eta hartan ginela, hor etorri zaigu gure ermano baserritarra, bere iloba naparraren eskutitza eskutan… eta hala izan da bere arrapostua:

- Ea! Irakurt hau! Eguzkiak berak ere zenbateko lotsak pasa behar ote ditu pasadizo hauekin…!

Eta orri guztiz txukun eskuz idatzia niri kafe kikara aurrean utziz, - Ikustak hau!...
Eta irakurri dut, zesuman, pozik aurrena, eta gero, sentimentu denetarikoak aurpegia aldatzen zidala:

Atzo hantxe, eguzkitan, gure alabatxoa kotxean nuela, eta, ez nuen inondik esperoko horrelakorik ikustea. Hantxe, errepide bazterrean, oinezkoenetik pasiera mantxoan, gugandik hogei-hogeitamar metrotara, zer izango eta polizien kotxe berdexka bat gelditu, hara! Errepide bazterretik han atzeraxeago, oinez herrenka zetorren mutiko gazte bat gerarazi zuten. Herrenka zetorrenez, laguntzeko edo gutxixeago nekatzeko, txanka edo makulua zeraman eskubia bertan bermatuz.
Poliziek, parera iristean, paperak eskatu zizkioten; mutikoak baita eman ere, jakinaren gainean bailetorrean. Poliziek, hurrena, makulua eskatu zioten; baita ere, mutikoak bertatik luzatu zien. Poliziek desmontatu zioten hodizko makulua eta, barruan begira arakatu. Gero, zer eskatuko eta... kirol oinetakoak erantzarazi zizkioten… ni harrituta, lotsaldia ezin disimulatuz… eskatu ere egin zizkioten oin banatakoak; baita eman ere, patxadoso antzean, mutiko gizajoa...
Ondoren, zer asmatuko eta… galtzerdiak erantzi arazi eta aztertu ere egin zizkioten, banaka eta parsimonia osoz… halaxe, osaba, … ez haserretu, baina bi oinetako galtzerdiak aztertu!... nahiago nuen zikin-zikin eta usaintsu izan balitu…!
Noski, ez zen horretan amaitu. Segidan, izugarrizko mitina eman zioten… Zergatik? Ba, mutikoaren kamixetak, izerdiz kutsatzeko zeramanak, bularraldean "Loreak mendian" margo-koloretan idatzirik zeramalako. Galdetu zioten haserre, ea zer esan nahi zuen lelo horrek, eta, berak ziotsatenaz, ez bazen ezeren aurka arriskutsua… ea, orduan, zergatik ez zegoen erdaraz idatzita…?
Mutikoa lehen baino herrenkaago joan zen. Hori bai, aldarte txar gaiztotuagoan, gajoa… Zer uste duzu, osaba, ETAren kulpaz ez denean, ez ote daukagu gero eta urrunago, gure zorioneko bakea…?

2013-07-30

Permalink pentsumentala, 328 hitz  

Jainkoaren herria

Kostatakoa da, baina halaxe agertu zen Kontzilioko dokumentu sakonen eta garrantzizkoenean, Lumen gentium “Herrien argia” hitzekin abaiaturikoan, Elizari buruzkoan, bigarren atalean. Alegia, Eliza aipatu orduko, Erroma eta bertako Gotzain den Aitasantua eta beste antolamendua pizten bazaigu ere gure baitan, Kontzilioak hala erabakita, Eliza, ezer bada, lehenik eta behin, eta azpimarratzeko eran… zuzendu, beraz, zure baitan pizten zaizun argitxoa… Eliza ‘Jainkoren herria da’, eta munduan Jainko Erreinua gauzatzen eta lurralde guztietan eraikitzen doa. Noren bidez? Ia segidan datorkizu zioa: Laikoen bidez. aipatu dokumentu nagusiak: “ Laikoei dagokie, beren bokazioagatik, Jainkoaren erreinua bilatzea munduko arazoetan jardunez eta hauek Jainkoaren asmoen arabera bideratuz”. Laikoei esker, haien bultzadaren graziagatik, halaxe merezi du Nazaretekoaren bidetik saiatzea.

Hau zertan dabil, esan du honuzgero batek baino gehiagok. Ba, aizu! Atzo, laiko langile zintzo batek, hemen blogean landu nuen Kontzilioaren liburuxka eskatu zidalarik, eta jakinik zenbaterainoko langile euskaldun jator konpletoa den, liburuxka dedikatu nion, bai. Eta, berarekiko solasean, jabetuarazi ninduen kristau laikoa dela, gaur bertan ere, Elizaren martxari eusten diona. Eta izugarrizko bultzada eman diola aurtengo lau hilabeteko honetan lagun eta lemazain suertatu zaigun herri-traineruaren (hamalau langileon –hala dira Arantzazuko harrizko 14 trinkoak eta) Frantzisko kapitaina. Ez daude alferrik, basilikatik irtetzen, belaunak aurrera, zer egingo, zertara joko, goazen elkarrekin ikusaraziz eta pentsaraziz...

Eman zidan poz beteak, puztuta poztu zidan atzo arratseko erretiroaren betea. Eta orduan agindu nion nire buruari, inori zor banion, Nazaretekoari ez diot idazten eta, jardun bai Berarekin, hikaritxotan… ba, hori, agindu niola nire buruari, testigurik bat behar badut, bera baitut beti, hor, hortxe, beti presente, ‘hontz-buru handi ixila’… eta hara azkenik agindua: laikoei zor nintzaiela, beraiei zor nizkiela nire baitako hitzak, idatzirikoak, alegia... blog honetako ekarri xume, batzutan ziztrin ta zirtzillak…

Ezinean ibili naiz. Ezin paso emanik, hor barruan eta aldamenean eta inguruan sortzen zitzaizkidan ekarritxo eta bertso-puntuxka horiei… ezin nien ameto eman. Kk zaharra! Hontz-buru handiaren esamiña nuen, ezin eta ezin, gainditu ezineko zitzaidana. Laikoek eta kristau laikoaren zentzun ederrak, nire baitako hontz-burua isilarazi didate… ea, ihintz emankor suertatzen zaigun, neronen baitatik hasita…

2013-06-05

Permalink pentsumentala, 235 hitz  

Kulturaz pobreak

Hala entzun nion orain gutxi lagun bati Afrikar nazio eta bertako biztanleriari buruz ari ginela, datorren larunbatean baitugu Arantzazun han bertako kulturaren alor pare batez jarduteko aukera. Ni txoratzen nago ja, arratsaldeko haien dantza saioarekin gozatu oparo bat hartzeko.

Kultur pobrekoak, kulturaz pobreak, noski! Bada liburuxka bat, Cuentos para pensar deritzana, Jorge Bucay jaunak apailatua, benetan pentsarazteko tamainakoak dakartzana. Hangoxe bat etorri zitzaidan burura, honelatsu dioena: Turista bat baomen zebilen beltxaranen nazio batean, zesuman hango herritxoetan. Eta, halako batean, kanposantuetako hilarri mordoska batzuen artean dabilela ohartu da. Izenak hantxe, eta zenbat bizi izan den dio oroitarri bakoitzak: Abdul, 5 urte, 8 hilabete eta 4 egun bizitu zen. Yamir, 8 urte, 3 hilabete eta bi egun. Ihanir, 2 urte, 10 hilabete eta 15 egun…

Harri eta zur gure bisitaria, han dabilen zaindari itxurakoari galdetu dio, ea zenbateko maldizioa duten auzogune haretan, denak hain gazterik hiltzeko… Eta hala diotsa gizaseme helduak:

Ez dira umeak, ordea. Gure arbasoengandik landu dugun ohitura ongi zaindu baten fitxategia daukagu hor. Gazte batek 15 urte betetzen dituen egunean bertan, gurasoek ohar koaderno bat oparitzen diote. Egun hortatixe saiatuko da bertan argi idazten, hortik aurrera zenbat gozatu duen eta jaigiroeran ongi pasa dituen ordu guztiak bertan apuntatuko ditu. Noski, bat hiltzean, hartu bere koadernoa, etxeko ta lagunen artean zabaldu eta, han hasten gara egunak eta orduak txuxen-txuxen zenbatzen. Bere bizitzatik merezi izan diona, horixe da denen ikasgai hor apuntatzen duguna: horixe baitu auzokide guztiontzako lezio bikainena.

Kulturaz pobreak, gizagajoak; kulturaz pobreak kuanto!!

<< Aurreko orrialdea :: Hurrengo orrialdea >>

Mendiko behatokia

Behatokian gustura nabil. Mendikoa da behatokia: izadi naturalean kokatua. Natural izatea lortu nahi, nonbait. Hontzaren begi bihurriak nahi ditut: ilunean dakitenak. Erreparatu ahala, ikusia jakin aurretik, azaleratu nahiko nizuke, denon aurrean ikasteko. Ondo ikasiak leku gutxi. Eta asko balio...

< Aurrekoak | Hurrengoak >

Azaroa 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30  

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!