Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mendiko behatokia

Pello Zabala

Atala: NB maixialaria

2014-02-28

Permalink NB maixialaria, 171 hitz  

Otsailtxo, otsailtxo!

- Zer egin ditek aurten hire aldameneko hilabete hanpurus biek…?

Urte gutxitan, oso banakakotan gerta ohi denez, aurtengo urtats eguna, eguerdian ilberri ttikia pizten hasten zela inaugura zitzaigun. Jakina, horrek zer esan nahi du? Urtarril amaierarako, 30 iñularrean juxtu, han zetorrela bigarren hilberrittoa. Eta otsailtxoak bere egun guztiak, 28ak ahaleginean luzatu arren, 8 orduren faltan gelditu behar izan duela, bihar goizeko ilberri ttikia ezin harrapatuz. Otsailtxo, oso gutxitan bezala, hara, ilberririk gabe, edo ilberri faltan fortunatu zaigu. Horregatik ote gaur agertu nahi izan digun eguraldi giro hain haserrea?...

Baina ez da hor amaitzen ilberrien kontua. Bihar martxoan baikara. Eta martxo hogeitamaikeroak, urtarrilaren gisaberean, bihar hasierakoan eta 30ean izango baititu beste bi ilberritto ttikiak.

Ez naiz akordatzen nola den atsotitza, erranairu iparraldekoa; baina nago, berezi xamarra gerta ote ohi den bi ilberri dituen hilabetearen eguraldi adarretakoren bat edo beste. Ez dut berezitasun posiblerik seinala nahi, baina, tarteko hilabete gajo penatua inbiri-malkotan plako utziz, bi aldameneko ipurtaundiok, beren kolkorako bina negoziatuz aprobetxatzen direnean, zer esan…? Ez noa nire pentsamentuak azaltzera, lapurreta gehiegirekin akordatzen naiz eta…

2014-02-23

Permalink NB maixialaria, 168 hitz  

Zoru etikoa

Nik ezagutzen dudan etika bakarra Nazareteko gizapuskaren esanetik datorkiguna da: Hori dut nik mandio, ganbara, ikullu ta lurzoru, horixe zait solairu ta zoladura zindoena. Hara:

Zorionekoak bihotzez behartsu direnak,
Zorionekoak negarrez daudenak,
Zorionekoak bihotz gozokoak,
Zorionekoak Jainkoaren nahia betetzeko gose-egarri direnak,
Zorionekoak errukitsu direnak,
Zorionekoak bihotz-garbiak,
Zorionekoak bakegileak,
Zorionekoak Jainkoaren nahia betetzeagatik erasotuak,
Zorionekoak zuek, niregatik madarikatuko zaituztetenean, erasoka eta gezurrez gaizki-esaka erabiliko zaituztetenean. Poztu zaitezte eta alaitu…

Balego jasotzerik esaldi halamoduzko Zoru etiko ditxosozko honekin gure ermano batzuk egin dituzten barreak eta algarak??!!!
- Hi, zoru pitzatu batek ze etika demontre ezagutzen dik ba…?
- Nik ez diat zoru sanorik ezagutzen, esaldiak berak ziok: zelako etikarik izan zezakeek zoruak?
- Zorua ta etikua…? Nun, baino? Aaltzisketan akaso, eo Xeamako Norteko apeaderuan? Eo Oiartzungo txokolatei xaharrean esan nai dek ik… eo Asteasuko elizondoko, nola da zea ua…?
- Baita zea ee… Audientzi nazionala eo, nola da oi?... Noa eman dizkik bakezale urrutitik etorritako oik?
- ...

Gehiago nahastu gabe, utzi dezagun berehorretan… aste honetan ere segida izanen du eta…

2013-10-22

Permalink NB maixialaria, 338 hitz  

Zenbakien lilluraz

Ezerk ezar badit erakarmen berezirik, eta ezerk banau, -letren ta zenbakien artean nabil noski, eskolattikiko urte aspaldikoen inbiri kamustuetan-, lilluraberatu, ezer hori izan da, auskalo nongo barne xuxtarretik abiatuta, zenbakien ahaidegoa.

Ez noa orain, zenbaiekiko lehengusutasunaz mintzatzera, noski. Baina, bi zenbaki, edo hiru, edo lau (hahor nire sakelekoaren kasua, 6666...), biki edo primukide egokitzen bazaizkit, xoraxora eginda gelditzen naiz…

Begira zenbakion primutasuna: Ines gureari jazotakoen adibidetxoa: 7 zenbaki oso ta konpletoarena, kasu honetan: Bere kartzelurteak osatu zituelarik, 2008ko erdibidean, uztailean justu, hara non eransten dioten Parot beste gajoaren katixima (dotriña ez baitzait gustatzen, dotriñ gehiegi ikasia naiz, nonbait: euskerazkoa goitik behera nekielako, erdarazkoa ikastarazi baitzidaten, non eta Amezketan, tutik ere ez nenkienean kastillanotan)… Ba, Paroten katixima dela ta, 2017taraino lotuko dute Ines gajoa, Erribera total ahaztu dezan artio… Eta, hara zenbakien primutasuna eta ahaidegoa. 2017 dontsu horren 100 gutxiagokikoa, 1917 zenbaki lehengususiña genuke, ezta? Ba, hara nondik izango eta: 1917, bai, ongi kontatu duzu (edo dituzu): hauexek dira Ines kastigatuak kartzelan pasa behar izan dituen egunak; juxtu juxtu, 1917. Eskerrak 1918.a Tafalla aldean estrainatuko duela, beharko estrainio suerta, horrenbeste besarkada eta musuren artean, eta aspaldian usain eta zaporeak ahaztuak zituen nafar aide ta aireen peskiza berri eta estrainatu gurakoan.

Baina, bi data 7dun horiekin batera, halaxe izan gure presoen eskubideak urratzen daramatzatenak ere: 2006an abiatu baitzuten frantzes katixima Perotena. 7 urte bete ditu, beraz, osatu, hobeto esanik, 7, berez, zenbaki osatua omen da eta. Zenbaki esankorrenak 3 eta 4 omen dira: 3, aldi eta garaiak adierazten dituelako: atzo-gaur-bihar, edo bestela esanda, lehen-orain-gero. Eta 4ak, berriz, lau haizeak adierazten omen ditu, alegia toki guztiak: ipar-hego-ekialde-mendebal, edo, bestela: aurre-atze-eskubi-ezker… Hara hor 7aren beste primukideak.

Gatozen 6arengana, dozen-erdia osatzen omen duenarengana (nola osatu leike, beti erdia izanik?): 2006an hasi da katixima. 60 omen ditugu katiximak presondegian loturik dauzkanak. Auzitegi Nazionala laster hasiko omen da 60 horien kasuak, bananbanan aztertzen. Baina, beste 6 presoren helegiteak omen ditu dagoeneko katiximaren aurka aurkeztuak…

Hara hor, zenbat lehengusu ta lehengusin dauden zenbakien artean, primutasun eta ahaidegoen bila dabiltzanak… Egon lasai! Azalduko dira gehiago oraindik: hain zenbaki gutxi izanik, 10 hain juxtu ere, behartuta baitaude familian biltzera eta halaxe bizitzen…

2013-09-17

Permalink NB maixialaria, 287 hitz  

Kurtsoaldia abian

Gaurko egunak abiatzen zuen gure ikasturtea. Irailak 17, gure aita Frantziskok (Asiskoak) Alverna mendian Jesusen gurutzeko zauriak bizi-bizi jaso zitueneko eguna ospatzen baitugu frantziskotarrok.

Kurtsoaldirik ezin hasi orain: Arantzazuko Seminarioa itxi ta utzi genuela, 20 urte pasa badira ta. Nik, nire kurtsoaldi partikularrari lotzeko aprobetxatu nahi nuke, nire lantxoak eten luzetxoa eta nagialdi alferkeriazkoa (40 egunekoa) izan baitu; luzetxo, aukeran…

Ba, ez jakin kurtsoaldi girotakoa edo nongo aidealdiak jo gaituen, baina gaur eman digu goizetik diru-kontuekin esnatzeak. Anaietako baten ekarria izan da:
- Atzo ikusi al zenuten telebixtan nola jendeari galdetzen zitzaion, ea ez al zituen sumintzen, fubolista batek egun bakoitzeko 47 mila euro irabazteak?

Aguro sortu dira erasia denetariko ta politak...
- Ordun, orduko 2 mila euro… Oi dek paotxa, oi!
- Zurrunka batean lo dagola ere, gau bakoitzeko, 16-17 mila euro, hortaz…?
-Pixeiñean ere dirue irabazteik orrek
- Ixilik, narratx hori, gosaltzen ari gaituk eta…

Baina bestelako bixajeak ere piztu dira, beste anai batena jasotzean.
- Ba, nik goizean goiz entzun diat irrati batean, Raxoi jaunak hurrengo bederatzi urteotan, 33 mila miloi kendu ta bildu nahi dituela jubilatuen eta edadekoen poltxikotatik… Gureak ere hor joango dituk…
- Bildu esan dek? Bildukoak ez dituk hori biltzen uztekotan egongo, ezta?

Beste punta batetik etorri da hurrengo puntua:
- Aizue, ta zeinen ezpalekoa ote da Froilan oi?
- Zer ba?
- Ba, ixturiotako lege berriren bat baliatuz, hirugarren kurtsoaldira pasatzen dutela orain, bigarrena bi urtetan ezin atera ta, bi urtez suspendittu badu ere…

Eta azkenean, gure ermano baserritarra, xahartuxea dabil, egia, zeozer erantsi nahian ibili da eta…
- Obe likek, emengo ttiki denak bezala, Pirritx eta Porrotxen eskola jaso ta gozatzea, orrek ee… espabilatuko uke oiekin, eta ez Urkixokin…rdinak emateko pronto azaldu dira batzuk, eta horrelakoetan ohi dutenez, gure ermano jendea animatuena…

2013-05-02

Permalink NB maixialaria, 343 hitz  

Sorgortu

Aditz hau urrun ezazue zuen aldamenetik. Ezin sortu, erabat sor ta gor, sorgortua… antzualdi luzean. Gure ermanoetako batek dioen gisara, ezer gehio asmatzeko gauza ez ba haiz, Antzuolako seme kuttun izendatuko haute!
Barka biezate Antzuolako lagunek, baina, aspaldiko esana sortu genuen hemen, bat logurez eta loantzean sumatzen genuenean, edo, ez esna eta ez iratzar harrapatzen genuenean, “Aizak hi, Antzuolan ere ez haute ametituko”, eta bestetzuetan, lehen esana, beste batek asmaturiko horixe: Antzuolako seme kuttun!

Antzuaren sormena Antzuolaraino ailegatzen zela, halaxe asmatu baitzigun beste ermano batek. Bueno, barka, baina hau dena datorkit nire sor-gortasun anportu trixtea ezin dudalako iratzarri…

Orduan, eta hortaz, egunkarien notiziatxo gutiziagarrien peskizan para naiz, hartara patxada hobea dudakeelakoan. Eta, halaxe suertatu ere: gutiziak gutiziatsu bihurtu nau, ea ba ezer gutiziagarririk topa ote nezakeen… eta sikiera, gutizi sorkuntzan ea artista bilaka nindekeen edo… ekin diot egunkarietan albiste alpixtetsuenak topatzeari. Noski, kulturaren orrialdetara jo dut, non bestela, topa alpixterik?

Eta hara! Maixa eta Ixiar, ia 14 urte trikiti-panderoak aldameneratu ostean, Itziargo festan, larunbatean jotzekotan omen direla! Beajondaizuela! Hori poza, hori! Animoa puztutzen hasi zait bertatik!

Banoa zesuman aurrera, eta… hara bestea! Neguaren lekuko, udaberriaren igarle! Hau nireetakoa duk inondik ere, eta… nor izango eta, gure Xanti, Zabala batetik, “Lexo” bestetik. 127 bertso sail bilbatu dizkiote Nikolas Aldaik eta Pello Esnalek. Xanti Gaintxurizketakoa izanik, hantxe baititut Pernando Amezketarraren ondorengo Bengoetxeatar lehengusuak ere.

Banator gero eta animatuago, eta… hirugarren alpixtea, ia-ia kontrako-eztarrira joango zitzaidan, ataka itxi ez banio! Joiño, joiño! Antton Lafont Mendizabal laguna topatu dut lan eder baten egile. Lanaren mamia eta pasta ez dizut laburbilduko, baina bai, -Beajondaiala, Antton, hik bai asmatu! Hori duk sormena, hori!- … bere izenaren azpian, nor zaigun adierazteko, aizu, zer ipiniko, eta, hauxe: Peatón y empresario. Ai nire barreak, eta beste lagunen algarak! Gustatu zaigu, benetan, krisialdirako ezin hobeto datorkigun ‘peatón’ ibiltari umil eta apal horrena, empresario izanik, gainera. Beajondaiala, Antton! Hire lezioa kopiatuko diat. Askotan galdetzen baitidate, “Qué vamos a poner, Peio Zabala, que qué eres, fraile, de Aránzazu, o qué”…? Oraintxe bazekiat, Antton, hiri ikasita: Peatón de Arantzazu! Eta euskaldunei, errazago oraindik: Arantzazuko natur-ibiltaria, edo ibiltari naturala!

:: Hurrengo orrialdea >>

Mendiko behatokia

Behatokian gustura nabil. Mendikoa da behatokia: izadi naturalean kokatua. Natural izatea lortu nahi, nonbait. Hontzaren begi bihurriak nahi ditut: ilunean dakitenak. Erreparatu ahala, ikusia jakin aurretik, azaleratu nahiko nizuke, denon aurrean ikasteko. Ondo ikasiak leku gutxi. Eta asko balio...

| Hurrengoak >

Abuztua 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
      1 2 3 4
5 6 7 8 9 10 11
12 13 14 15 16 17 18
19 20 21 22 23 24 25
26 27 28 29 30 31  

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!