Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mendiko behatokia

Pello Zabala

Atala: Irakurt-pitxiak

2014-02-20

Permalink Irakurt-pitxiak, 494 hitz  

Eskerrik asko, Aniaiz

Maitasuna da bide bakarra
Aniaiz Ariznabarreta Ibarluzea | Arkaitz Bellon Blancoren bikotekidea
2014/02/14

Joan zoaz laztantxu eta beti arte esan nahi ez nizukeen honetan, samin izugarri honekin batera, badakit, eraiki dugunak, ez daukala parekorik. Zurekin bizitakoa, ikasitakoa, konpartitutakoa, egindako ekarpena itzela izan da, maittia.

Niri zaren bezela, zeunden bezela agertzeko ausardia izan duen Arkaitz bat eskeini didazu. Indartsua oso; «Apurtu ninduten …», «Krak egin neban …», «txaboluan negarrez egon naz …», «kriston ezintasuna …», «kezkatuta nago …», «ez dot ondo jokatu …», «beldur naiz …», «itxi egin naz …» , «laguntza beharko dot …»ierazteko gai izan eta, nahastuta, marmarti, burugogor, haserre eta ipurterre, batzutan itxi arren, honi aurre egiteko determinazioa agertu eta urratsak ematen zituena.

Ilusio eta bizi pozak gainezka egiten zioten Arkaitz bat. Ume batek bezala disfrutatzen zekiena, alaia, irribartsua, jostaria, bihurria, hobetzeko jarrera, jakinmin, ikasteko irrika, proiektu eta ametsez betea, bere buruaz barre egiten zekiena, goxoa, beroa, eskuzabala, irekia, leiala, osoa, ekina, maila guztietan konprometitua eta iraultzailea. Pertsona, taldean eta baloreetan sinisten zuena … «gure esku dago»n beti … aix, me enkantas … eta zu lotsatu eitten zinan.

Behin, aldi berean elkarri esan genion bezala, apustu egin eta irabazi egin dugu!! Intentsoa izan da gurea, sakona, unean unekoa, eta hau, erabat presente egonda bizitzea lortu dugu, gure burua biluzik eskaini diogu elkarri. Zintzotasunez, pasioz, komunikazio etengabez, genuena uneoro baloratzen, eskertzen eta gozatzen. Elkar zenbat maite genuen adieraztearekin batera, elkar zelan maite genuen argi izan nahi izan dugu, esan eta modu konszientean bizi.

Beldurrak gaindituz bizi izandako maitasuna, askeago egin gaituena, hazten laguntzen diguna, betetzen duena. Norberaren buruan oinarritua. Bakoitza bere motxilarekin, eskutik helduta, aurrera elkarrekin egitea erabaki genuen… bakoitzak bere erantzunkizunak asumituta, bidea eta alkarren zaintza partekatzeko konpromisoz… eta zoragarria izan da. Baldintzak baldintza eta mugak muga, sinplea eta elegantea. Bidelagun ezinhobea izan zara, maittia. Zure babes, konfidantza, konplizitate, inplikazio, laguntasun, onarpen, esker on, errespetu eta begirune osoa izan ditut … maittasuna. Begiratu ezezik, ikusi egin nauzu. Inork ez nau zuk bezala ulertu, laztana, askotan nik neuk baino hobeto. Zu eta nire burua ezagutu eta ezagutzera emateko parada eskaini didazu, zutaz eta nire buruaz gozatzekoa … izatekoa … libre. Eta elkarri eskeinitakoa hartu, eskertu eta etengabe baloratu.

Mila esker, bihotzez, gozada bat izan da, gozada bat izan zara, zuk hainbestetan esan deztazun moduan, «zelako harro naon»lkarrizketan elkarri esan genion bezela: «kriston indarra emoten doztazu, eskerrik asko hor egoteagatik» «eskerrik asko hor egoten lagatziarren pittin», «maitte zaittut pilla bat», «dana», «dan dan dana»o lapurtu dozkuez … gehiegi … dena ez baitago gure esku … nahi eta ezinak agortu zaittu, amorruak lehertu … baina ni, piztutako guztiarekin, gure esku daonakin geldituko naiz, ikasi eta ikasten ari naizenarekin, eta batez ere, zure, nire, gure, ingurukoen, herri, zein herritarrei detzagun eta dozkuen maittasunaren indarrarekin egingo dot aurrera … maitasuna da bide bakarra … guk, maittasunetik eitten dogu borroka … osasuna, askatatasuna eta maitasuna !!! jtk!!!

Sei egun hauxe irakurri nuela. Irakurt-pitxi, pitxienetakoa. Begiak zabalzabal hasi, halaxe jarraittu, malko pixuak iraulika sentittu, eta halexe, gustura. Berriro irakurri, gozatu zuekin biokin, eta zuen maitasunarekin. Milesker, Aniaiz! Nafar erreinuko odola sentiarazi didazu zainetan gora, bihotz pilpira gozoan. Muxu bana, bi maitagarrioi!

2014-01-08

Permalink Irakurt-pitxiak, 444 hitz  

ieta Gabonak, ieta Gabonak

ETA GABONAK, ETA GABONAK:
ZELOFAN, PAPER DE PLATA.

Gabonak datozela-ta
jendearen tarrapata
Gabonak datozela-ta
erosketa da nagusi,
adornua ta zarata.

Eta Gabonak, eta Gabonak:
zelofan, paper de plata.

Gabonak datozela-ta
zelofan, paper de plata,
gastatu dugu soldata;
nahiz epetan, nahiz zorretan,
kapritxorik ez da falta.

Eta Gabonak, eta Gabonak:
zelofan, paper de plata.

Gabonak datozela-ta
txanpon-txanpanak botaka,
itxura hala dela-ta.
Letra ederrik helduko
zaigu, Gabonak pasa-ta.

Eta Gabonak, eta Gabonak:
zelofan, paper de plata.

Gabonak zetozela-ta
bota genuena falta.
Bukatu da tarrapata.
Ez da erraza izango
urtarrileko aldapa.

Eta Gabonak, eta Gabonak:
zelofan, paper de plata.

Gabonak zetozela-ta
zelofan, paper de plata,
tontakeria galanta:
ogi ta gatzetarako
behar dena ere janda!

Eta Gabonak, eta Gabonak:
zelofan, paper de plata.

https://soundcloud.com/gabon-dut-anuntzio/04-eta-gabonak-eta-gabonak-1?in=gabon-dut-anuntzio/sets/soinuz-eta-kantuz

Helbide horretakoa entzun aurrena. Abenduaren 20an entzun genuen aurrekoz, bezperan Dir-Dir zer ikusi entzunez hasi genuenean lau aste iraun digun Gabon-kanten jokuak. i-eta Gabonak, i-eta Gabonak, holaxe abesten genuen eta dugu, urtero, sinpalta. Doinuak bizia izatea eskatzenzuela iruditu zitzaidan: lehen ahapaldiko tarrapata hitzak eraman ninduen hartara eta baita ahalpadi bereko azken adornua ta zarata horrek. Gainera, euskaldunok ‘hala da ta’ edo ‘lehen ere esan da-ta’, eta horrelakoetan, ta horrek dena erabakitzen du, eta gehiago ‘paper de plata’ bezalako kastillano erabakiorra sartzen baduzu. Plata horrek, terminatibo eta determinante izatea eskatzen zidan, eta hara nola amaitzen den doinuan goitik behera, tesia erabakiaz. Ba, entzun zazu orain goiko helbide horretan abenduan, eguberri aurrez, 20an, entzun genuen bertsioa, esku-soinu eta pandero, abiada axkarrean abestua.

-------
Musikaren kuzinan gabiltzanok, beti izaten dugu tentazio berririk, kanta bat hartu gogoan eta daraman doinuari ikuttutxoren bat edo, konponketatxoren bat, gutxienez igurtziren batez ferekatzeko tentazioa. Hala Juan Luis Atxega lagunak, kantaren azken ahapaldi tristei gehiago begiratzen die, eta penaz: “Letra ederrik helduko zaigu Gabonak pasata… Ez da erraza izango urtarrileko aldapa… ogi ta gatzetarako behar dena ere janda…” hori dena gogoan beste erritmo ta abesteko era ‘emeki’agoa ernasten dio, eta baita konpasa aldatuz aurreko bertsioan ematen zaion presa eta tarrapata mantxotzen ditu; hori lortzen du, batez ere, zelofan paper de pla-ta konpas osoan luzatuz, eta baita ahapaldien azken bi notak Mi dezisiboan amaitu gabe, Si-SI luzean eutsiaraziz… urtarrileko zailtasunak hor jarraitzen dute eta… Eta noski, ‘emeki’ doan abesti hau Edurnek goxotasuna luzatuz abesten badu, orduan eta egokiagoa…
Baina, ez ahaztu, gaur hamabost lehen doinua entzun genuenetik, gaurko arratsera 16 minutu luzatu duela arratsa eguzkiaren erretiro gero eta mantxoagoak. Mantxotzen hasita, hara ba hemen, doinu bararekin, leundutxo bat hemen, geldittu bat hor, eta luxatu bat haruntzago… nola beste kanta bat gelditu zaigun ia ia… Entzun ezazue, Edurne Agirreren ahots artetsuan, kanta xaharraren gaineko gabon-kanta berritua, honako helbidean:

https://soundcloud.com/gabon-dut-anuntzio/05-eta-gabonak-eta-gabonak-2?in=gabon-dut-anuntzio/sets/soinuz-eta-kantuz

2014-01-07

Permalink Irakurt-pitxiak, 375 hitz  

Behin eta berriz

https://soundcloud.com/gabon-dut-anuntzio/02-behin-eta-berriz-berri?in=gabon-dut-anuntzio/sets/soinuz-eta-kantuz

Bitorianoren Gabonetako sorkuntzak hantxe Orbelaungo akordu gazte ongi gorderikoetan zuen oinarri ta iturri. Gabonen pozarren gatozen eta beste batzutan, hango su txingarrak eta, askotan aipatu zituen. Gaurko bertso bete hauek, aurpegi osoko irrifar argiz gogoratzen zituen, bere kopet beltzetik kokotzeraiono irrifar argiz… Horregatik, behar bada, bagenekien errondarako ez zirela hauek, baina bai halako kontenplazio atseginezkoan pausatzeko. Doinua, errondarakoak baino patxadaxeagokoa, eta halako oroimen kontenplatze batekoa tentuz igo eta kontuz jaitsiz akorduan murgiltzen denaz, halaxe, tristurarik gabekoa, erantsi nion. Akordatzen naiz, kosta zitzaidala, ondo kosta halere, 9 bertsook, konfusioxka ta failotxorik gabe denak segidan kantatzea, oso-osorik behar baitzen lotu akonpainamentuarekin: ezin baitzen loturarik inon egin. Horregatik, “behin eta berriz” abestu behar izan nuen…Behin eta berriz

Behin eta berriz, Berri pozgarriz,
inoizko Berri onena;
Gabonez Gabon, albiste berriz,
Gabon jaien zoramena;
aldiz aldi da berri Gabona,
bakoitzean da behinena;
ongi etorri, oi, Gabon berri,
Berri On betikoz dena!

Eguzkiaren ama, Gabon gau,
Sua erditzen duzuna,
iguzu berriz Gaboneroko
Su berriaren jarduna;
argi berrituz goza ezazu
begien gandu zurruna,
ikusmen beriz ikus dezagun
berriz dakarzun eguna.

Zuri, mendien gailurrez gailur
negu-mugako sugarra;
zuri lastargi, ilenti, zuzi,
zuhandor-zarten pindarra;
Eguberriak hain du merezi
abegi bero suharra,
haren sorrera-pozari diot
opa lamada zangarrra.

Gabonerako mukur eiharrak
bildu ohi zituen aitak;
laratz azpian oroitzen ditut
su biziaren txinpartak;
arrosarioz zituen amak
ontzen gisatu ta saltsak;
oi, lurretik hain gertu glnenon
Gabon bero ta aratzak.

Haize, lur eta ur-suok ospa
dezagun beila ernaia,
gaua gainbehera hasi da jada,
jo dizu goren sapaia;
argia dugu etor-bidean,
heldu da haren garaia,
natur gaiokin egin nahi dut jai
zelatatuz goiz arraia.

Izakiokin Gaboni oihu
esperantzadun blhotzez,
argi-gehitzea ospatzen dugu
lurbiran Gabon bakoitzez;
bizitza_indarra bizi ari da
Historia barru-barnez,
lorkizunaren arazo-lagun
Jainkoa dugu oldarrez.

Zeru eta lur berrietarantz
baitugu abiadura,
gizateria osoagaz bat
agurtzen zaitut natura;
elkarrekila bizi dugunez
salbamenaren mentura,
bizkor dezagun berrikunderantz
dei deragigun lilura.

Jantzi gaitezen jaiegunekoz
izaki eta gizaki,
ospatzen ari garen Gabonak
Eguberria dakarki;
ez dugu ilun luzerik jada
oilaritea da aurki,
hurbilagotzen ari den goiza
aupa dezagun goraki.

Hel zakizkigu, oi, Eguberri,
zu baitan dugu uste on,
zure Eguzki beti berria
nagusi bedi edonon;
giro argitan bizi nahi dugu,
ez bedi ilunik inon,
pozetan lora dadin elkarri
opa diogun zorion.

2014-01-05

Permalink Irakurt-pitxiak, 269 hitz  

Hi, bertsolari

https://soundcloud.com/gabon-dut-anuntzio/01-hi-bertsolari-kanta-iezaguk?in=gabon-dut-anuntzio/sets/soinuz-eta-kantuz
Janari bikainak prestatu zituen Bitorianok Gabon kontu ta kantuekin. Asko ziotsan hari Eguberriko misterio ta ospakizunak. Hainbeste zuenez esateko ta zer pentsa eskaintzeko, janari horiek non ta nola zerbituko ere asko pentsatzen zuen eta tankera askotara entseatu. Gaurko hau bertsolaritzaren menuetan enkajatu nahi digu. 1983koa da. Bertso doinua prestatu nion, gaia emanik abestu behar bailuan. Gure bertsioan, bertso bakoitza abesten dugu, gaia bakoitzean emana bailitzan. Entzun HI, BERTSOLARI,

- Hi, bertsolari, konta iezaguk,
Abendu hontan zer berrl?
- Abendu hontan ere jendea
larri asko herriz herri;
lotuta ere hain lotu gaude
hainbeste gauza alferri
non ta pobreentzat burla baitira
Gabon eta Eguberri.

Krisialdia, langabezia,
errealitate gorri,
alferrikako gastuak ere
gehi iezazkiozu horri;
tentelkeria eta itxura
aza berberaren orri,
"El Corte Ingles" inbidiarik
kentzera ez zen etorri.

Txanpana eta burgeskeria,
gustatzen zaizkigun gauzak,
kontsumoari emanak gaude
nahizta ingresu eskasak;
anuntzio ta milikeriaz
telebista eta plazak,
gluztiak dira bizimodua
endredatzeko matazak.

Alde batetik luxua eta
bestetik heldu-ezina,
jende umil eta pobreentzat
ez da gurutze arina;
pentsatzen ere ez gara jartzen,
ahaztu dugu examina,
non ote dugu justiziaren
egarri ta gose-mina?

Berri Onaren Mandatariak
estalpean du jaiotza,
Haren altzari eta konforta
aska dira ta agotza;
premiadunen aurrean berriz
sentibera du blhotza,
haientzat dizu bere promesen
esperantzazko ahotsa.

Kristoren ahots kristauok gara,
geure jokabidea da,
geure bidez du gauzatzen Kristok
justiziazko bultzada;
aurrean dugun ikuskizuna
onartzekoa ez bada,
beste bide bat beharko dugu
hautatu badaezpada.

Geure pozaren gerrira datoz
Gabon eta Eguberri
lekurik presta bageniezaio
hain gertakizun ederri;
pobreen amorez utzi beharko
hainbeste gastu alferri,
jai hain ederrik gerta ez dadin
inoren lotsari berri.

2014-01-04

Permalink Irakurt-pitxiak, 123 hitz  

Ezer Gutxi Zara

https://soundcloud.com/gabon-dut-anuntzio/05-ezer-gutxi-zara?in=gabon-dut-anuntzio/sets/soinuz-eta-kantuz

Gabonak asko pentsarazten zioten Bitorianori. Jesus horretarako gizon? Ta pentsabide horietan, gertakizun batzuen harian ere, irakin egiten zion bere baitako labetxoak. Hala sortu zuen, 1984 aldera, hain tiriki-taukiar dirudien bertso zizelkatua den olerki ertzduna. Doinua ere halaxe tiriki-taukitua eman nion hezurdura karratuan. Ezer gutxi zara,
Ezer gutxi zara
hala da gizona,
Deus gutxi da beti:
alferrik gabona.

Ez dagiro, baina,
haitik beharbada,
gizonen amorez
glzon egin zara.

Ezer gutxi zara …

Gizonak gizona
ez du aintzat hartzen.
Zu, ostera, Jainko,
gizon zara janzten.

Ezer gutxi zara …

Hainbestean zara
gizcn jantzi, Jainko,
non ez den fjjatzen
Zugan inor asko.

Ezer gutxi zara …

Alferrik Gabona,
ene Jaun hain ona,
Gizonentzat ez da
deus asko gizona.

Ezer gutxi zara …

:: Hurrengo orrialdea >>

Mendiko behatokia

Behatokian gustura nabil. Mendikoa da behatokia: izadi naturalean kokatua. Natural izatea lortu nahi, nonbait. Hontzaren begi bihurriak nahi ditut: ilunean dakitenak. Erreparatu ahala, ikusia jakin aurretik, azaleratu nahiko nizuke, denon aurrean ikasteko. Ondo ikasiak leku gutxi. Eta asko balio...

| Hurrengoak >

Abuztua 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
      1 2 3 4
5 6 7 8 9 10 11
12 13 14 15 16 17 18
19 20 21 22 23 24 25
26 27 28 29 30 31  

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!