Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mendiko behatokia

Pello Zabala

Atala: Irakurt-pitxiak

2014-01-03

Permalink Irakurt-pitxiak, 193 hitz  

Bakoitza bere ardurak eta

BAKOITZA BERE ARDURAK

https://soundcloud.com/gabon-dut-anuntzio/08-bakoitza-bere-ardurak?in=gabon-dut-anuntzio/sets/soinuz-eta-kantuz

Gabon-kanta sorta hazi zenean, hasierako urtetan denak abesten bagenituen ere, 1985etik aurrera aukera gero ta zailagoa genuen: kanta gehiegi, den-denak abesteko. Hala, azken urteetakoak mutil gazte ta iaioagoentzat ere sortu zituen Bitoriano anaiak. Baina, haiek, nola Gabon-oporretara beren etxe ta herrira zihoazen, han nola abestu, nola erakutsi? Taldetxo batekin, pixka bat zabaltze ta hedatze aldera, abestu genituen batzuk, Desagertu birtute, Gabon Belen, Talan, Talan Gabonak eta… Haien artean kokatu genuen Bakoitzak bere ardurak hau ere. Gogoan dut nola azpimarratzen zuten "Begira hitzok zer berri edo zer kristo duten esaten”. Eta baita Inurritegi aztoratuarena ere, hantxe taldean baitzen Iñurritegi abizendun mutil bat.

Bakoitza bere ardurak edo
zereginak afandua,
jo batera ta jo bestera hor
ehun arazotan nahastua.
Inurritegi aztoratua?
Halaxe giza mundua.

GABONAK DITUK, EGUBERRIAK,
GELDI HADI PIXKA BATEN.
BEGIRA HITZOK ZER BERRI EDO
ZER KRISTO DUTEN ESATEN.
BIRPENTSA HITZAK, IKUSIKO DUK
ZER GOZABIDE DAUKATEN,
ZER ITXAROPEN, ZER ARGITASUN,
ZER BAKE DUTEN EMATEN,
GABON BAITIRA TA EGUBERRI
MUNDUA POZTU DEZATEN.

Askotan gaizki, gutxitan ongi
ekintzak liluratua
itsu dabilen taxurik badu
koloka edo galdua.
Inurritegi aztoratua?
Halaxe giza mundua.

GABONAK DITUK, EGUBERRIAK, …

2014-01-02

Permalink Irakurt-pitxiak, 273 hitz  

Gabon, Haurtxo bat jaio da

Gabon, Haurtxo Bat Jaio Da
https://soundcloud.com/gabon-dut-anuntzio/06-gabon-haurtxo-bat-jaio-da?in=gabon-dut-anuntzio/sets/soinuz-eta-kantuz

Lehen gabon-kantetakoa da. 1981/2 edo zeozer aurreragokoa. Akordatzen naiz prestatuak genituela gabonkanta herrikoienak, hitzak Bitorianok egokituz. Eta, Gabonak datoz, Gabonak eta Agur Maria Belengo eta beste batzuen ostean, errondakoan, Gabonei buruz sakonki pentsarazteari eman zion. Gabon Illunabarra ta beste pare bat sasoi honetakoak dira.

Gogoan dut nola Bitorianok erakutsi zidan “haurtxoa etxetik kanpora jaiotzearena, aita langabezian eta lanbila urruti joana”… eta beste ñabardurekin, orduko gizarteko nozipenetara zetorren, eta bidea pixka bat seinalatuz, halako donu trixtearen mikaztasun sarkorra ahopekatzen zuen, esaldia apur bat igo orduko, trixteki notak beheraka ekarriz, gero ai-ai-ai-ai hori malinkoniaz gorakatua ta hala bildua suerta zedin. Erraza izan zitzaidan hantxe bertan ahapaldiaren donu marka abestu eta solfeatzea ta idaztea. Handik aurrera bere sormena beti zebilen etorrian: “Niri pentsatu, asmatu eta idaztea kostatzen zaidanarekin, hik ixtant batean janzten duk soinuz… jolin! Emango diat lana, bai…!”

Gabon, haurtxo bat jaio da,
bere etxetik kanpora,
ama pobre batengandik
ai, ai, ai, ai, ai eta ai
eta aitak ez du lanik.

Aitak ez du lanik eta
erbestean aurkitzen da,
latza da halabeharra
ai, ai, ai, ai, ai eta ai
eta haurraren negarra.

Inork ez ditu onartu,
premiak ditu behartu,
nonbaitera behar eta
ai, ai, ai, ai, ai eta ai
eta koba baten dira.

Hainbat gauzaren beharrez,
ezbeharraren gogorrez
pobreak hala beharrik
ai, ai, ai, ai, ai eta ai
eta hain daude bakarrik.

Historia berria da
noiznahi berritzen da-eta
pobreen anparurik eza
ai, ai, ai, ai, ai eta ai
eta bajuen tristeza.

Eta bajuen trrsteza,
bakardade ta bajeza
zenbatek duen sufritzen
ai, ai, ai, ai, ai eta ai
eta gaua ez da argitzen.

2014-01-01

Permalink Irakurt-pitxiak, 168 hitz  

Gabon dut anuntzio

https://soundcloud.com/gabon-dut-anuntzio/21-gabon-dut-anuntzio?in=gabon-dut-anuntzio/sets/soinuz-eta-kantuz

Anuntzio izenak lotu zion Bitorianori aspaldiko kinkilari bandoemale ozen haien akordua. Herrixka ta auzo, han botatzen omen zuten plazan tente, astotxo saski-kargatua aldamenean zuela, zekarten generoaren proklama potentea. Estanpa horren harira josi zuen hiruko anuntzio-dei tronpetero hau. Noski, erronda pixka bat zabaltzen eta soinu sona hartzen zihoanez, koruak osatzen zuen, kanona asmatuz, etxe bakoitzerako gabonketa. Deiak, ozen dadin, laguntza gutxi behar du: koruak, aldiz, ahots nahasketaz erantzungo du. Entzun Gabon dut anuntzio

Gabon dut anuntzio
desinteresatu;
Eguberri poza dut
nahi erregalatu:
Gabon-Eguberrien
berria haizatu,
doan dadin jendea
munduan gozatu.

GABON TA EGUBERRI
DITUT ALDARRIGAI,
BELENGO BERRI ONA
DAKARKIT GOZAGAI!

Ez dut anuntziatzen
merkatuko gairik,
ez naiz komertziante
sinestedun baizlk.
Dakardan merkantzia,
hain dakart doanik,
nahi duenak har beza
konpromezu barik.

GABON TA EGUBERRI
DITUT ALDARRIGAI,
BELENGO BERRI ONA
DAKARKIT COZAGAI!

Gabon pozaren karga
dakarkit Belendik,
Eguberriren karga
gozoa dakarkit:
Jainkoa haur egin da
guganatu nahirik
zenbat maite gaituen
agertzeagatik.

GABON TA EGUBERRI
DITUT ALDARRIGAI,
BELENGO BERRI ONA
DAKARKIT COZAGAI!

2013-12-31

Permalink Irakurt-pitxiak, 221 hitz  

Gabonen pozarren gatoz

https://soundcloud.com/gabon-dut-anuntzio/01-gabonen-pozarren-gatoz?in=gabon-dut-anuntzio/sets/soinuz-eta-kantuz

Maite zuen ta gogoan iltzatua Orbelaun baserriko Gabon suaren ederra eta beroa, gure Bitorianok. Baditu kanta pare bat, orduko akorduak azaleratzeko. Hala hau ere, lehenengoetakoa: 1979an abestu baikenuen lehen aldiz. Bere osaba mendatarrak trikitiaren miresmena sartu zion barnean, eta beti jotzen zuen klopa sano garbietara. Ttikitako oroipena zetorkion tankera honetako abesti donu zaharrekoekin… Entzun Gabonen Pozarren

Gabonen pozarren gatoz (biz)
pozik barruz eta kanpoz
zuei ere Gabon poza
opa dizuegu gogoz
opa dizuegu gogoz
pozik barruz eta kanpoz.

Ederra sua Gabonez (biz)
berotasun gozoenez
haren jiran familia
eIkarrentzat bihotz onez
eIkarrentzat bihotz onez
berotasun gozoenez.

Suari nahi diot kanta (biz)
sua nahi dizut goraipa
ezer bada-ta Gabona
suaren jai-gaua da-ta
suaren jai-gaua da-ta
sua nahi dizut goraipa.

Betiko Suarengandik (biz)
jaitsi zen Sua zerutik
gizonentzako argi ta
maitasun-garrez beterik
maitasun-garrez beterik
jaitsi zen Sua zerutik.

Su hain ederraren jaia (blz)
ezer bada-ta alaia
geure artean baitugu
argi ta bero garaia
argi ta bero garaia
ezer bada-ta alaia.

Hurbil gaitezen Sutara (biz)
hantxe berotuko gara
elkarren irribarrea
begiratuz argitara
begiratuz argitara
hantxe berotuko gara.

Suaren irudi, sua (blz)
etxeko su maitatua
emaguzu Su goiaren
zinezko erretratua
zinezko erretratua
etxeko su maitatua.

Mahai luze ta zabalean (biz)
suaren jai ederrean
Gabonen poza xurgatuz
bai ongi denok batean
bai ongi denok batean
suaren jai ederrean.

2013-12-30

Permalink Irakurt-pitxiak, 220 hitz  

Inoiz Garairik Izan

https://soundcloud.com/gabon-dut-anuntzio/09-inoiz-garairik-izan?in=gabon-dut-anuntzio/sets/soinuz-eta-kantuz

Arma nuklearren krisia ziztakor eta zorrotz bizi izan genuen duela 35 urte inguru haietan. 1980 alderako bazituen pare bat kanta arma horien mamua aipatuz eginak gure Bitorianok. 1983an osatu zuen hau, Gabonen aurrean, azkenean eta funtsean, bost axola zitzaiela, eta diela, halaxe orain ere: gauerdiko ahuntzaren eztula
Lehen ahapaldiak planteatzen duen garai trakets hauen galdera ikurrak, beste 3 jasoko ditu segidan. Galdera guztien doinu-kanta tonu minorrean doa, zalantzati beti ere. Erantzuna irmoa datorkio beti: tonu maiorrean, behetik goraka, Re nota distiratsura bi bider igoz; eta arnasa hartu orduko, hor doa zazpi noten eskilaran gora, ilun dagoen arren, Mi gailendu brilludun batetik, bada zer itxaron, azken nota luzean pizt gelditzeko.
Entzun INOIZ GARAIRIK IZAN

Inoiz garairik izan
baldin bada beltza,
garai hauxe benetan
beltza ta traketsa.
Garai hontan Gabona
ez al da ametsa?

Zein da Gabonen funtsa,
Gabonen papera?
Gauerdiko ahuntzaren
eztula ote da?
Edo pobreen betiko
utopia-zera?

Horra, baina, Gabona
berriz ere Gabon;
horra armen artean
betiko berri on;
ilun dagoen arren
bada zer itxaron!
- - -

Potentzia itzelak
zein handiagoka;
elkarrentzat ez dute
ezpada erronka.
Bitartean Gabonak
zer zeregin dauka?

Zein da Gabonen funtsa, …

Horra, baina, Gabona …
- - -

Arma nuklear eta
misilez mundua;
ez da txantxetakoa
gerra-arriskua.
Zein da parada hontan
Gabonen pisua?

Zein da Gabonen funtsa,…

Horra, baina, Gabona …

<< Aurreko orrialdea :: Hurrengo orrialdea >>

Mendiko behatokia

Behatokian gustura nabil. Mendikoa da behatokia: izadi naturalean kokatua. Natural izatea lortu nahi, nonbait. Hontzaren begi bihurriak nahi ditut: ilunean dakitenak. Erreparatu ahala, ikusia jakin aurretik, azaleratu nahiko nizuke, denon aurrean ikasteko. Ondo ikasiak leku gutxi. Eta asko balio...

< Aurrekoak | Hurrengoak >

Ekaina 2020
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30          

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!