Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mendiko behatokia

Pello Zabala

Atala: Iragar-pen-a-rgia

2011-12-23

Permalink Iragar-pen-a-rgia, 252 hitz  

Haize jiro naturala

Aro giroak zein jiro ta jirabira eramango duenaren zain, gure aste dontsu garten honek jirabira naturala eman digu. Jiro naturala gure txoko bedeinkatu honetako haize negukoei dagokienez. Aurreko hiruhilabetealdi monotonoak erakutsi digu ongi, orduan seinala genuenaren haritik (haize mordoska falta zirela, alegia: S-SW-W-NW, ez zela agertu orduan horrelakorik, eta ezta etorri ere, hiruhilabeteko luzean…), besteen txanda zetorkeela, gauzak onbidean.

Eta halaxe geldi da argiasko: asteazken ta ostegun, egun bat eta erdi pasatxo, aldaizea sartu zitzaigun (SW aldaizearena, Portugal erditik gorakoa, agudo mendebalari (W) txanda ematen diona); ostiralean, ilbeheraren bidean, haize bolada erpindunak, mendebalari (W) iparmendebala (NW) sozio sartu zitzaiolarik. Larunbatean ere, nahikoa era bortitzean jardun zuen bide beretik, haize baldarrez, iparmendebaletik (NW), iparrak (N) protagonismo pixka bat hartu nahi zuelarik; halaxe larunbat arrats eta gau, eta baita igande goizean ere (gauerdian izaki ilberri ttikiaren txandartzea…).

Hortik aurrera, iparmendebal leun ta umelaren ekarrian joan dira azken 3 egunak: antizikloia ‘jiboxo’ gelditu baita, bizkarra mokorkozkor jasota. Baina, antizikloiak ere, bere jiroa osatzeko, geureratu eta zeru garbi fresko ta sanoak ekartzen dakienez (hemen daukagu mostrarioa asteburuan eta hurrengo astearen abieran), bete dezala bere jirabuelta osoa, beren ahuldadean ia haize ere ez diren NE, E eta inoiz SW, ordu laburreko baina negua goxatzen dakitenak ekarriz.

Baino, hala ere, ez dezagun ahantz antizikloiak berak, jokaera eta jiroxka ezberdinak dituela urtaro bakoitzean: izozti ta lanbrolainoz jokatzen du neguan; umel eta langartsu, udaberrian; gozo ta bakeoso, baina goiz-behelainoz josita, udapartean; eta egonkor eta sanoen, udazkenean.

Ea bada, haize jiro naturalak, negugiro naturala dakargun: haizeen korroan, bakoitzaren ekarria dastaraziz portatuko dena.

2011-09-29

Permalink Iragar-pen-a-rgia, 264 hitz  

Aa zelako astea!

Normala! Honenbesteko aste espeziala botata, ia goizeroko gosarittikiko solasa, zelan bestela, eguraldi hain nabarmen honena izan dugula. Kontu asko eta askotarikoak joan dira. Bat apartatzekotan, gure ermano baserritarrak bere osaba artzain bati ikasi omen ziona:
- “Udaaa…? Hoi beti, mutillak. Berritan ezpada, bertan edo azkenean, baina uda betiii”.
- Aber esplika ezazu hori, pixka bat esplikatuxeago…
- Zeaa! Uda-berri-tan ezpada, udan bertan, edo uda-azkenean… esplikatuago nahi al dek…?
- …

Nik ere holatsu, sentzilloago noski, erantzuten nion, udarekin kexu agertzen zitzaidanari:
- Lasai, lasai… azkenean iritsiko da, uda-azkenean, alegia…

Baina, koarta tenporen ekarriari bagagozkio, apunterik hartu duzuenok, edo puxkatxoren bat erreparatu diozuenok, tokian tokikoak ere, oraingoan, udakoan ez bezala, berdintsuak eta parekoak suerta direla esango nuke euskal herri gehienetan. Gutxitan eman ohi dira giro berdintsuagoak kostan nahiz barrualdean, ekialde edo mendebal, oraingo ekialdeko haize txintxo hauekin baino. Lehen asteazken garbi ta modoxoaren ostean, ostegunak lanbro-lainoxken mendarteko txapelatxoa ekarri bazuen ere, ostiral dotorea hurrena, eta larunbat lainoxkadun erdixkako baten ondoren, hara nolako laukote egun beteekikoa eskaini digun! Nolanahi ere, haize umilak izan ditugu denak: lehengo arrastotik, frantzipar kerukoak bi lehen egunak, eta ekialde-hegoekialdeko gainerakoak, azken hauetan, puxkatxo bat bixittu nahi izan badu ere, ez da iritsi haize izena merezi izateraino.

Hozberoan, epeletik goraxko ibili dela esan beharko, gaualdietako egoitxoak, beheko xokoetan ez bezala, mendiotan epelago eutsi diolarik. Eta airea, eguaroaren aire kalitatea, sanoa ta lehorra, eguzki ordutan, ihartxea eta ordu batzutan errexka ere azaldu delarik. Aire sanitateaz, errioxa aldeko lehorrekoago, hemengo kosta gertukoa baino. Ez batere sargoria, ez sapatsua, ez bero-astun ta berosapa; udazkeneko sanitateduna, batere erregosirik gabea, beroustelaren kontrakoa… Aukeran ipinita, hauxe bera aukeratzeko tamainakoa...!!!

2011-09-26

Permalink Iragar-pen-a-rgia, 355 hitz  

Ekainak 23-koa

Mendebala sigi-saga *
Haize ahula eta geldoa egokitu zaigu aurtengo koarta-tenporetan. Aldakorra esan ohi diote horrelakoari: ez da guztiz egokia halako kalifikazioa…

Halatsu mendebala ibili da zortzi egunetatik bost eta erdian. Eta joera gehiena mendebalarena: harena izan da ikuttu ta tokea.

Haizexka kulunkaria suerta ohi zaigu atlantiko itsas zabaletik datorkigun mendebala. Galiza ta Portugal atzean utzi orduko, lurralde menditsua zeharkatu behar du, ezbazaio erosoago kantauriar itsaso ordekagoa aukeratzea.
Mendebal haizearen bide-bidexkak atlantiar itsasoan dabilen borraskaren batek eragindako bultzadaz hartu behar dira. Indarrean datorrelarik, bera nahikoa zuzen bultzatzeko. Ordea, aste honetako eran, guztiz ahul balebil, bide zehatz garbirik gabe etorriko da: itsasoan bai, han erraza dauka eta; barnealdeko mendarteotan, hegotik goralderako bidea hartzen du aiseago.

Aurtengo udan kontenta gaitezen mendebaltxoaren sigi-saga eta kulunka aldakorrarekin. Kulunka aldakorra da berez, sigi-saga bezalaxe, eta tenporak abiatzean asteazken-ostegunez itsas sigia ibili zen bezala, geroko lau egunotako eguzki beteko saga ere hortxe tartekatuko da, harik eta atzoko sigi umelagoa berriro iritsi arte. Ez aldaketa trinko ta kolpekoak, baina bai, xuabe ta modoxo sartutako tristealdiak. Kontraste horien ekarria eskaini digu mendebaltxoak.

Halere, punttu bat edo beste bada kontuan hartu beharrekorik.
- Bata honakoa litzateke: Mendebalari hego xuxperraldirik erantsiaz gero, hegoagotik hartzen duela bultzada; orduan, penintsula zeharkatuz, beroz kargatu eta Errioxa, Nafarroa ta Aragoi ere alkantza ditzake, haize bero erreagoa pilatuz: akordatzen zenbateko erauntsiak lehertu zituen herenegun, Gipuzko ta Bizkaian trumoirik apenas entzun genuenean…?

- Bigarrena beste hau: Itsas lanbro ta lanbroxka sartzean, askoz luzeagoa, batzutan ia doble irauten duela kostan, hondartzetan etaeguzkiak askoz maiteago duela, holakoetan, Araba eta Nafarroako lautadak nahiz mendartetxoak. Goiz batzutan, lanbro ta lainobera kostatik ezin kenduz dabiltzanean, akordatu eguzkia goiz horretan ere indarrean datorrela, bere orduan eta bere terrenotako terrajeak bisitatuz…

* Hau nuen idatzi ekainaren 23-an, udako koarta-tenporei, gure aroak eman zion joera argitu nahiez. Mendebala beti suertatzen da berexia: batean sigi, itsasotik, kosta tristetu eta kastigatuz; bestean saga, barru aldeko aire punttua hartuz, araba eta Nafarroa garbi mantenduz eta berotuz, trumoiak ere sortuz. Horregatik izan da, aurten, hain uda berezi ta ezberdina, kostatik barnealdera. haize horrek ez daki bestela portatzen... kostan oso busti eta euritsu; barnealdean, garbi ta siku, aire lehorrarekin, umiditate oso gutxikoarekin: horra mahastien ekarria...

2011-06-24

Permalink Iragar-pen-a-rgia, 221 hitz  

Errendittuko ote eguaroa?

Hiru hilabeteko epean, badaki, badakienez, hesiaren iskin ta kantoiak topatzen. Joko du, halakoren batean, atzo genioen sigi-sagahorren bihurgunetan, batean SIGIago ta bestean SAGAxeago apur bat derrapatzen saiatuz. Itsas bihurgunea hartzean, tenpora-astean, bi frontexka ta erdi garraia nahi zituen arren, bere ahuldadean, ezin izan du euririk ere apenas ekarri. Halakoren batean, airea gehixeago haizatuz, ekarriko ote digu litroxka ongarri batzuen oparirik; bestela…!!!
Aurtengoak ikusita, erreparorik ematen dit, negutik honantza dakargun lehorteak: zaputzean tematuko balitz, errukarria litzateke azienden atarramentua, besteak beste…

Mendebal berak, SAGA bihurgunean, hegotik serioxko jo nahi balu, etzikoan-da bezala, ihartu latzik eman liezaioke pendiz piko eta malloetako belar eskastuari. Nahiz eta joan den asteko 5 egun eguzkitsuetan ez duen sargoritik jo, bero sanotik baizik, labealdi horietan barnealdeko ordokietako koska horiek pirinioetara garraia dezakete, Nafarroan barna, ekaitz malapartaturen bat edo beste.

Gainerantzean ez dezagun ahaztu, aroa lautatik hiru errenditzen dela koarta-tenporen arrastoan. Ilargia formal portatzen da bere arrastoaren erretenean, halaxe 3 astetan, baina berezkoa du ta propiala, bere lau laurdenaldi horietako bat ‘por-librean’ egitekoa. Ez hortan bakarrik: lau ilargialditatik batean, normaz kanpo ibiltzeko ohitura du, oporralditxo bailitzaion. Eta, egin kaso: joan den astelehenean, ilbetearen seigarrenean sartu zen bere juergaldi propialean… auskalo, agian gaupasaren bat edo beste botako digu hurrengo ilbetearen 6.enera arte, uztailaren 20rarte, juxtu.

Litekena, gure goiko etxekoandre maitagarriaren beste tranpatxoren batekin akordatzea. Hala balitz, ekarriko dugu gure mahaigaintxo honetara, ez apuratu!

2011-06-23

Permalink Iragar-pen-a-rgia, 402 hitz  

Mendebala sigi-saga

Haize ahula eta geldoa egokitu zaigu aurten udako koarta-tenporetan. Aldakorra dei ohi diote horrelakoari: ez da guztiz egokia halako kalifikazioa. Aldakor hitzak, derizkion edozein haizalditik jo dezakela esan nahiko luke: ez da guztiz egia, ez zuzena. Ahularen ahulaz, ez zaiola apenas antzematen esan nahi da; alegia, airea egonean egonago dagoela, haize-martxan ibili baino: edo tokian tokiko haize mantxoa dabilela: herri haize edo terrala ordu batzutan, eta itsasoko brisara bere beste orduetan… konforme. Haize jakinik ez dabilela, alegia.

Halatsu ibili da zortzi egunetatik bost eta erdian. Baina, joeratxoa, beheko mendarte bideetan bainoago, itsasoan eta lainoxketan antzematen zitzaion, eta mendebalarena izan da ikuttu ta tokea.

Haizexka kulunkaria suerta ohi zaigu atlantiko itsas zabaletik datorkiguna. Galiza ta Portugal atzean utzi orduko, lurralde menditsua zeharkatu behar du, ez bazaio erosoago kantauriar itsaso ordekagoa aukeratzea.

Mendebal haizearen bide-bidexkak atlantiar itsasoan dabilen borraskaren batek eragindako bultzadaz hartu behar dira. Indarrean datorrelarik, bera nahikoa, dena zuzen bultzatzeko. Aste honetako eran, ordea, guztiz ahul balebil, bide zehatz garbirik gabe etorriko da: itsasoan bai, han erraza dauka eta; barnealdeko mendarteotan, hegotik goralderako bidea hartzen du aiseago.

Nolanahi ere, ez du haize kolorerik ekarri oraingoan. Hegomendebal farfaileroak bai, agudo astintzen ditu hostaje ta adarrak: hor ikusten da hodei mutturluzeen pasea. Hori udazkeneko joera garbiagoa izan ohi da. Oraingoan, ordea, planto garbia jo digu.

Aurtengoan kontenta gaitezen mendebaltxoaren sigi-saga eta kulunka aldakorrarekin. Kulunka berez da aldakorra, sigi-saga bezalaxe, eta tenporak abiatzean, asteazken-ostegunez itsas sigia ibili zen bezala, geroko lau egunotako eguzki beteko saga ere hortxe tartekatuko da, harik eta atzoko sigi umelagoa berriro iritsi arte. Ez aldaketa trinko ta kolpekoak, baina bai, xuabe ta modoxo sartutako tristealdiak. Kontraste horien ekarria eskaini digu mendebaltxoak, aurten.

Halere, punttu bat edo beste bada kontuan hartu beharrekorik.
- Bata honakoa litzateke: Mendebalari hego xuxperraldirik erantsiaz gero, hegoagotik hartzen duela bultzada; orduan, penintsula zeharkatuz, beroz kargatu eta Errioxa, Nafarroa ta Aragoi ere alkantza ditzakela, haize bero erreagoa pilatuz: akordatzen zenbateko erauntsi ta ekaitzak lehertu zituen herenegun, Gipuzko ta Bizkaian trumoirik apenas entzun genuenean? Aldiz, atzokoan, gu eguzkia ezin ikusirik, baina Nafarroa hegoaldekoan, eguzkitsu eguna.

- Bigarrena, beste hau: Itsas lanbro ta lanbroxka sartzean, askoz luzeago, batzutan ia doble irauten duela kostan, hondartzetan eta… eguzkiak askoz maiteago dituela, holakoetan, Araba eta Nafarroako lautadak nahiz mendartetxoak. Goiz batzutan, lanbro ta lainobera kosatik ezin kenduz zabiltzatenean, akordatu eguzkia goiz horietan ere indarrean datorrela, bere orduan eta bere terrenotako terrajeak bisitatuz…

Tokian tokiko airea, bultzatuaz gero, haizea... baina, koarta-tenporak, beti, tokian tokiko!!!

:: Hurrengo orrialdea >>

Mendiko behatokia

Behatokian gustura nabil. Mendikoa da behatokia: izadi naturalean kokatua. Natural izatea lortu nahi, nonbait. Hontzaren begi bihurriak nahi ditut: ilunean dakitenak. Erreparatu ahala, ikusia jakin aurretik, azaleratu nahiko nizuke, denon aurrean ikasteko. Ondo ikasiak leku gutxi. Eta asko balio...

| Hurrengoak >

Azaroa 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30  

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!