Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mendiko behatokia

Pello Zabala

2014-02-23

Permalink NB maixialaria, 168 hitz  

Zoru etikoa

Nik ezagutzen dudan etika bakarra Nazareteko gizapuskaren esanetik datorkiguna da: Hori dut nik mandio, ganbara, ikullu ta lurzoru, horixe zait solairu ta zoladura zindoena. Hara:

Zorionekoak bihotzez behartsu direnak,
Zorionekoak negarrez daudenak,
Zorionekoak bihotz gozokoak,
Zorionekoak Jainkoaren nahia betetzeko gose-egarri direnak,
Zorionekoak errukitsu direnak,
Zorionekoak bihotz-garbiak,
Zorionekoak bakegileak,
Zorionekoak Jainkoaren nahia betetzeagatik erasotuak,
Zorionekoak zuek, niregatik madarikatuko zaituztetenean, erasoka eta gezurrez gaizki-esaka erabiliko zaituztetenean. Poztu zaitezte eta alaitu…

Balego jasotzerik esaldi halamoduzko Zoru etiko ditxosozko honekin gure ermano batzuk egin dituzten barreak eta algarak??!!!
- Hi, zoru pitzatu batek ze etika demontre ezagutzen dik ba…?
- Nik ez diat zoru sanorik ezagutzen, esaldiak berak ziok: zelako etikarik izan zezakeek zoruak?
- Zorua ta etikua…? Nun, baino? Aaltzisketan akaso, eo Xeamako Norteko apeaderuan? Eo Oiartzungo txokolatei xaharrean esan nai dek ik… eo Asteasuko elizondoko, nola da zea ua…?
- Baita zea ee… Audientzi nazionala eo, nola da oi?... Noa eman dizkik bakezale urrutitik etorritako oik?
- ...

Gehiago nahastu gabe, utzi dezagun berehorretan… aste honetan ere segida izanen du eta…

2014-02-21

Permalink pentsumentala, 195 hitz  

Hamaika ikusteko gu!!!

Hamaika ikusteko gu!!!

- ETAk armak utzi ditu
- BAKEAN
- POR FIN
- EL FIN DEL TERROR
- La democracia arrincona a ETA
- Le corrsponde al próxio Gobierno gestionar “el nuevo tiempo”
- POR FIN! ETA anuncia el final de la violencia
- FIN ETA anuncia el cese definitivo de la violencia
- ETA alardea de sus asesinatos y emplaza al Gobierno a negociar
- 20 de octubre de 2011 AGUR, ETA
- Un nuevo tiempo para Euskal Herria

Horra hor hamaika egunkaritako lehen orrialdetako izenburuak
Hamaika ikusteko, eta hamaika entzuteko jaioak garela bagenekien. Baina, azken bi urteotan ikusiak ikusi, entzunak entzun…

Horixe, eta holaxe idatzi nuen gaur 28 hilabete. Egunkari mordoska batek bere lehen orrialdean, ateburuan, letra handiz idatziak denak. Eta berdintsu jarraitu beharko ote dugu? 2008tik aurrera entzundakoak gogoratzen banituen han, azken 28 hilabeteotakoekin, zer esan? Nazkatzerainokoak, denak eskaritan, entzun ta ikusi ditugu. Trukerik ez da inondik izan, urrunagotzeak eta zailtasunak 'aporrillo' izan ez bada. Baina, hori bai, bihar ere sinpalta saiatuko naiz izenburuak biltzen. Bakea, beharrezkoa den eta dugun arren, bakea… gero eta urrunago ote daukagun, zalantzati sentitzen bait naiz… Bakea, alegia… auskalo non eta… auskalo noiz… … … … … … … bizi ahalko dugun… inoiz ahalko bagenu…!!!

2014-02-20

Permalink Irakurt-pitxiak, 494 hitz  

Eskerrik asko, Aniaiz

Maitasuna da bide bakarra
Aniaiz Ariznabarreta Ibarluzea | Arkaitz Bellon Blancoren bikotekidea
2014/02/14

Joan zoaz laztantxu eta beti arte esan nahi ez nizukeen honetan, samin izugarri honekin batera, badakit, eraiki dugunak, ez daukala parekorik. Zurekin bizitakoa, ikasitakoa, konpartitutakoa, egindako ekarpena itzela izan da, maittia.

Niri zaren bezela, zeunden bezela agertzeko ausardia izan duen Arkaitz bat eskeini didazu. Indartsua oso; «Apurtu ninduten …», «Krak egin neban …», «txaboluan negarrez egon naz …», «kriston ezintasuna …», «kezkatuta nago …», «ez dot ondo jokatu …», «beldur naiz …», «itxi egin naz …» , «laguntza beharko dot …»ierazteko gai izan eta, nahastuta, marmarti, burugogor, haserre eta ipurterre, batzutan itxi arren, honi aurre egiteko determinazioa agertu eta urratsak ematen zituena.

Ilusio eta bizi pozak gainezka egiten zioten Arkaitz bat. Ume batek bezala disfrutatzen zekiena, alaia, irribartsua, jostaria, bihurria, hobetzeko jarrera, jakinmin, ikasteko irrika, proiektu eta ametsez betea, bere buruaz barre egiten zekiena, goxoa, beroa, eskuzabala, irekia, leiala, osoa, ekina, maila guztietan konprometitua eta iraultzailea. Pertsona, taldean eta baloreetan sinisten zuena … «gure esku dago»n beti … aix, me enkantas … eta zu lotsatu eitten zinan.

Behin, aldi berean elkarri esan genion bezala, apustu egin eta irabazi egin dugu!! Intentsoa izan da gurea, sakona, unean unekoa, eta hau, erabat presente egonda bizitzea lortu dugu, gure burua biluzik eskaini diogu elkarri. Zintzotasunez, pasioz, komunikazio etengabez, genuena uneoro baloratzen, eskertzen eta gozatzen. Elkar zenbat maite genuen adieraztearekin batera, elkar zelan maite genuen argi izan nahi izan dugu, esan eta modu konszientean bizi.

Beldurrak gaindituz bizi izandako maitasuna, askeago egin gaituena, hazten laguntzen diguna, betetzen duena. Norberaren buruan oinarritua. Bakoitza bere motxilarekin, eskutik helduta, aurrera elkarrekin egitea erabaki genuen… bakoitzak bere erantzunkizunak asumituta, bidea eta alkarren zaintza partekatzeko konpromisoz… eta zoragarria izan da. Baldintzak baldintza eta mugak muga, sinplea eta elegantea. Bidelagun ezinhobea izan zara, maittia. Zure babes, konfidantza, konplizitate, inplikazio, laguntasun, onarpen, esker on, errespetu eta begirune osoa izan ditut … maittasuna. Begiratu ezezik, ikusi egin nauzu. Inork ez nau zuk bezala ulertu, laztana, askotan nik neuk baino hobeto. Zu eta nire burua ezagutu eta ezagutzera emateko parada eskaini didazu, zutaz eta nire buruaz gozatzekoa … izatekoa … libre. Eta elkarri eskeinitakoa hartu, eskertu eta etengabe baloratu.

Mila esker, bihotzez, gozada bat izan da, gozada bat izan zara, zuk hainbestetan esan deztazun moduan, «zelako harro naon»lkarrizketan elkarri esan genion bezela: «kriston indarra emoten doztazu, eskerrik asko hor egoteagatik» «eskerrik asko hor egoten lagatziarren pittin», «maitte zaittut pilla bat», «dana», «dan dan dana»o lapurtu dozkuez … gehiegi … dena ez baitago gure esku … nahi eta ezinak agortu zaittu, amorruak lehertu … baina ni, piztutako guztiarekin, gure esku daonakin geldituko naiz, ikasi eta ikasten ari naizenarekin, eta batez ere, zure, nire, gure, ingurukoen, herri, zein herritarrei detzagun eta dozkuen maittasunaren indarrarekin egingo dot aurrera … maitasuna da bide bakarra … guk, maittasunetik eitten dogu borroka … osasuna, askatatasuna eta maitasuna !!! jtk!!!

Sei egun hauxe irakurri nuela. Irakurt-pitxi, pitxienetakoa. Begiak zabalzabal hasi, halaxe jarraittu, malko pixuak iraulika sentittu, eta halexe, gustura. Berriro irakurri, gozatu zuekin biokin, eta zuen maitasunarekin. Milesker, Aniaiz! Nafar erreinuko odola sentiarazi didazu zainetan gora, bihotz pilpira gozoan. Muxu bana, bi maitagarrioi!

2014-02-02

Permalink pentsumentala, 462 hitz  

Kandelario lario

Kandelario gaur. Egun seinalatua euskaldunontzat. Gure anaia Bitoriano Gandiagak 1986an, duela 28 urte, sortu zuen Kandelario-lan ttiki xume bati lotu nahi dizkiot gaur akordu biguñak. Haurtzarotik zekarren esaera zahar batekin abiatu eta egun honen muineraino baikaramatza xuxen, ordutik ja, berak. Bere akordutako ttikitako esaerak honela zioen:

"Kandelario lario / hatxari ura dario, / sagarrari musturio".

Ez zuen askorik behar, olerki sena pizteko eta jario oparoan jarraitzeko. Txikitako akorduak ezpal berriak sortuko zizkion bertatik. Hain esanguratsua bilakatu den Kandelario data kokatuz abiatu zen:

Kandelario, Otsailez / Otsailaren bigarrenez, / neguan halabeharrez.

Eta data kokatu orduko, neguak berekin dituen eguraldi kontuak aipatzen ditu segidan:

Elurpean da sarritan, / inoiz antzigar zuritan, / aldiz, baita, eguzkitan.

Eguraldiak eta klimaren baldintzak denetik emateko joera agertzen baitu gure euskal txoko bereziotan. Horregatik bildu ta lapatu zizkioten gure aurrekoek hainbat esaera-zahar eta atsotitz neguko data seinalatu honi: Nork ez du entzun, “Kandelario bero, negua gero”, edo “Kandelaria hotz, negua motz”. Hauek biak lirateke ezagunenak. Eta hauen arrastoari darraio gure olerkariak:

Kandelario hanka hotz, / negua dugu jada motz,/ alegera adi, amillots.

Bere lagun hegaztiendako pregoia zerion bertatik, amillotsaren akordutan. Baina poemaren erdian, egunak berekin duen ezpalari lotzen zaio:

Dela ipar, dela hego, / kandela piztuak bero / Andre-Mari-Zuriero.

Eguberritik 40 egunera justu, antzinako ohiturari jarraiki, IV.mendean hasita ospatu ohi baitzuten Jerusalem aldean, Amaren garbikuntza eta Haurraren aurkezte ta eskaintza. Hor, berez zegokion unean kokatu zuen Elizak ospakizun hau duela 1600 urte jada. Hala gogoratu nahi digu Gandiagak:

Birjinaren garbikuntza,/ haur Jesusen aurkezkuntza,/ argi-jaiak badu funtsa.
Eta hortxe lotzen dio egunari, berak hain barruan zeraman argiaren kontua, Kandelario, hain justu, argi-festa baitugu aspalditik. Agudo joan baitzen hedatzen eta zabaltzen Europan barna festa hau. Eta iparraldeetako paraje goikoetara iristean, haiek han ospatzen zuten bart gauerdiko argi festa erantsi zitzaion otsailaren 2-koari. Otsailaren 1-etik 2-ra baita, bart gauerdia justu, neguko 90 egunon erdigunea. Eguzkia ari da indartzen, badoa jasotzen: goizetik 14 minutu axkartu bada, arratsetik gaur 45.minutua irabazi baitu. Gaurtik biharrera, eguna luzatzen lehen ordubetea harrapatzen du dagoeneko. Horregatik dio Gandiaga olerkari lagunak:

Gar bizi-eta garbia, / uztargi ta ostargia, / bistan daukagu argia.

Neguaren makurrena ta ilunena alaitzen dakusgu eguzkia, gaurtik aurrera ordubeteko koska atera duenean. Eguberriz jaio eta goraka abiatzen den Mariaren ume eguzkiaren argitan, kandelak piztuta, pozez, halaxe nahi gaitu gaurko Kandelario festa ederra ospatzen Elizamak. Gure olerkariak ere, horregatik damaio bere lanari erremate egokia:

Kandelen dizti alaitan, / Jaunaren aurkezpen jaitan, / poza poz bedi argitan.

Uztar ditzagula, ostargia eta bizia Jesus argi eta biziarekin, kandelen argitan Bere aurkezkuntza goraki ospatuz. Uztargi ta ostargia gogoratu dizkigu olerkariak gaurko egunari lotula. Ostargia hor dugu goraka, eguzkia presaka, urteroko argi bizigarria baitator gure bizitzan Jaun Bizi Handiaren dohain ostargi-jario seinale. Noerekin Jaunak egindako bake-seinalea, uztargi zazpikolorekoa, bakearen betea dugu amets, kandelak piztuta, Mariaren garbikuntzan. Simeon zaharraren ametsak bete ziren bezala, bitez beteak baitere, gure bake amets sano guztiak.
Animo guztioi, negua atzendu dugu ordubetez eta...

2014-01-17

Permalink pentsumentala, 280 hitz  

Profeta profeta

Eguberri ta gabonetakoak astiro ta soinuz ta harmoniaz, armoni onean, bizi eta gero, atseden paxartetxoak medio, nonbaitetik itzuli behar eta, gaur goizeko mezatako irakurgaiak pizt egin dit profetaren hitzak entzutean...

Halakoxea omen Itun Zaharrean ageri zaigun Samuel: profeta zintzoa, profeta zorrotza. Jende apal eta lur elkorrean bizi ziren haiek, inguruko harroxkoekin beti borrokan ibiltzeaz aspertuta, errege bat behar zutela eta orduko tribuxken artean gazte sendo egoki bat aukeratzeko eskatu zioten. Baita erantzun mamitsua eman ere. Otoitzean hausnarraldia egin ostean, honela dio Samuelen bi liburuetatik lehenak, bi urtetan behin, urtarrilaren erdi aldera, mezatako irakurgaian entzuten dugun pasadizokoan:

Adierazi zion Samuelek errege eske ari zitzaion herriari Jaunak esandako guztia, eta erantsi zuen: «Hona hemen zuen gain aginduko duen erregearen eskubideak: semeak kenduko dizkizue, bere gurdizain eta zaldizko egiteko; erregearen gurdiaren aurretik ibili beharko dute lasterka. Batzuk mila gizonen buru ipiniko ditu, beste batzuk berrogeita hamar gizonen buru. Batzuek erregearen alorrak goldatu beharko dituzte, beste batzuek uztak igitaitu; beste batzuek, berriz, armak eta guda-gurdiak egin beharko dizkiote. Alabak ere kenduko dizkizue, bere lurringile, sukaldari eta okin bihurtzeko. Lursailik, mahastirik eta olibadirik ederrenak kenduko dizkizue, bere zerbitzariei emateko. Uzta eta mahatsen hamarrenak hartuko dizkizue, bere funtzionario eta zerbitzariei emateko. Zeuen morroi-neskameak, zeuen gazterik bikainenak eta astorik hoberenak eramango dizkizue, beraren sailetan lan egin dezaten. Artaldeen hamarrenak hartuko dizkizue; zeuek ere bere morroi eginen zaituzte. Egun hartan, oihu egingo duzue, hautatu duzuen erregea dela eta; baina Jaunak ez dizue entzungo».

Hala ere, herriak ez zion kasurik egin nahi izan Samueli, eta honela ihardetsi zion: «Utikan! Erregea behar dugu; beste herri guztiak bezalakoak izan nahi dugu. Gida gaitzala erregeak, joan dadila gure aurretik gure alde borrokatzera». (1 Samuel 8, 10-20)
Izan zuten eskarmentu ederrik gerora, bai, izan zutenez…

<< Aurreko orrialdea :: Hurrengo orrialdea >>

Mendiko behatokia

Behatokian gustura nabil. Mendikoa da behatokia: izadi naturalean kokatua. Natural izatea lortu nahi, nonbait. Hontzaren begi bihurriak nahi ditut: ilunean dakitenak. Erreparatu ahala, ikusia jakin aurretik, azaleratu nahiko nizuke, denon aurrean ikasteko. Ondo ikasiak leku gutxi. Eta asko balio...

< Aurrekoak | Hurrengoak >

Abuztua 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
      1 2 3 4
5 6 7 8 9 10 11
12 13 14 15 16 17 18
19 20 21 22 23 24 25
26 27 28 29 30 31  

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!