Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mendiko behatokia

Pello Zabala

Mezua: Behin eta berriz

2014-01-07

Permalink Irakurt-pitxiak, 375 hitz  

Behin eta berriz

https://soundcloud.com/gabon-dut-anuntzio/02-behin-eta-berriz-berri?in=gabon-dut-anuntzio/sets/soinuz-eta-kantuz

Bitorianoren Gabonetako sorkuntzak hantxe Orbelaungo akordu gazte ongi gorderikoetan zuen oinarri ta iturri. Gabonen pozarren gatozen eta beste batzutan, hango su txingarrak eta, askotan aipatu zituen. Gaurko bertso bete hauek, aurpegi osoko irrifar argiz gogoratzen zituen, bere kopet beltzetik kokotzeraiono irrifar argiz… Horregatik, behar bada, bagenekien errondarako ez zirela hauek, baina bai halako kontenplazio atseginezkoan pausatzeko. Doinua, errondarakoak baino patxadaxeagokoa, eta halako oroimen kontenplatze batekoa tentuz igo eta kontuz jaitsiz akorduan murgiltzen denaz, halaxe, tristurarik gabekoa, erantsi nion. Akordatzen naiz, kosta zitzaidala, ondo kosta halere, 9 bertsook, konfusioxka ta failotxorik gabe denak segidan kantatzea, oso-osorik behar baitzen lotu akonpainamentuarekin: ezin baitzen loturarik inon egin. Horregatik, “behin eta berriz” abestu behar izan nuen…Behin eta berriz

Behin eta berriz, Berri pozgarriz,
inoizko Berri onena;
Gabonez Gabon, albiste berriz,
Gabon jaien zoramena;
aldiz aldi da berri Gabona,
bakoitzean da behinena;
ongi etorri, oi, Gabon berri,
Berri On betikoz dena!

Eguzkiaren ama, Gabon gau,
Sua erditzen duzuna,
iguzu berriz Gaboneroko
Su berriaren jarduna;
argi berrituz goza ezazu
begien gandu zurruna,
ikusmen beriz ikus dezagun
berriz dakarzun eguna.

Zuri, mendien gailurrez gailur
negu-mugako sugarra;
zuri lastargi, ilenti, zuzi,
zuhandor-zarten pindarra;
Eguberriak hain du merezi
abegi bero suharra,
haren sorrera-pozari diot
opa lamada zangarrra.

Gabonerako mukur eiharrak
bildu ohi zituen aitak;
laratz azpian oroitzen ditut
su biziaren txinpartak;
arrosarioz zituen amak
ontzen gisatu ta saltsak;
oi, lurretik hain gertu glnenon
Gabon bero ta aratzak.

Haize, lur eta ur-suok ospa
dezagun beila ernaia,
gaua gainbehera hasi da jada,
jo dizu goren sapaia;
argia dugu etor-bidean,
heldu da haren garaia,
natur gaiokin egin nahi dut jai
zelatatuz goiz arraia.

Izakiokin Gaboni oihu
esperantzadun blhotzez,
argi-gehitzea ospatzen dugu
lurbiran Gabon bakoitzez;
bizitza_indarra bizi ari da
Historia barru-barnez,
lorkizunaren arazo-lagun
Jainkoa dugu oldarrez.

Zeru eta lur berrietarantz
baitugu abiadura,
gizateria osoagaz bat
agurtzen zaitut natura;
elkarrekila bizi dugunez
salbamenaren mentura,
bizkor dezagun berrikunderantz
dei deragigun lilura.

Jantzi gaitezen jaiegunekoz
izaki eta gizaki,
ospatzen ari garen Gabonak
Eguberria dakarki;
ez dugu ilun luzerik jada
oilaritea da aurki,
hurbilagotzen ari den goiza
aupa dezagun goraki.

Hel zakizkigu, oi, Eguberri,
zu baitan dugu uste on,
zure Eguzki beti berria
nagusi bedi edonon;
giro argitan bizi nahi dugu,
ez bedi ilunik inon,
pozetan lora dadin elkarri
opa diogun zorion.

Erantzunak:

Bidaltzailea: Txantrea [Bisitaria]
Ederra asmaturiko airea, errondan kantatzekoa ez dela diok, bai, aldiz, batzuek abesten duteino, bertze batzuek bals gisan dantzateko. Egokia jarduera horretarako pasartetako batean entzuten den soinu handia.
Egon bizkor eta arrai.
Permalink-a 2014-01-07 @ 22:04

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Mendiko behatokia

Behatokian gustura nabil. Mendikoa da behatokia: izadi naturalean kokatua. Natural izatea lortu nahi, nonbait. Hontzaren begi bihurriak nahi ditut: ilunean dakitenak. Erreparatu ahala, ikusia jakin aurretik, azaleratu nahiko nizuke, denon aurrean ikasteko. Ondo ikasiak leku gutxi. Eta asko balio...

Iraila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
            1
2 3 4 5 6 7 8
9 10 11 12 13 14 15
16 17 18 19 20 21 22
23 24 25 26 27 28 29
30

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!