Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mendiko behatokia

Pello Zabala

Mezua: Datu pare bat

2013-01-01

Permalink arotenplea, 376 hitz  

Datu pare bat

Urtea amaitu eta berria abiatzean, eguraldiak ere, urtean zehar izan duen bere presentzia apuntatu edo punttaratu nahi izaten du. Jakina, toki batetik bestera bere aldeak izan ohi ditu. Nik hemengo datu pare bat nahi nituzke mendiko behatokian bixtaratu. Ez noa hozbero kontuekin nahasteko asmotan: hori, beti aldakorra izateaz aparte, oso bestelakoa izan ohi baitatoki batetik bestera; bestelakoa, nola ez, bizi gareneko alturaren arabera, haizearen moldera, goiz ta arrats edo gau luze nahiz laburren arauetara. Ez noa, ezta ere, airearen garbitasun edo ezkotasun datuak dantzatzera: niri, eguteran bizi garenez, asko inporta bazait ere, argitasun gehitxo beharko lukeen kontu eta datu pila bildu lezake eta… Gozen, beraz, jendeak gehien estimatzen duen eurien kontuetara.

Aurtengo euri kopurua, hemen, 1597 litrotakoa izan da. Asko da, edo gutxi ote da? Hemen datuak bildurik ditugun 47 urteak kontuan, batezbestekotzat 1700 litro dauzkagu. Kontuak aise aterako ditu edonork: 103 falta izan zaizkigu aurten, kopuru urtez-urtekora iristeko. Beste ñabardura bat erantsi asmoz, honakoa: azken 10 urteotatik 7 euritsuagoak izan dira; bi, aldiz, lehorragoak: iazkoa, bata, 1466 eman zituen eta, aurten baino 131 gutxiago; eta 2006koa, bestea: orduan 1267 besterik ez genuen bildu eta, 330 gutxiago, oker ez banabil. Zehazkerietan sartuta, esan, bestalde, azken 10 urteotako euritsuena, 2008a izan dugula, 2205 oparitu zizkigun eta.

Beste era bateko kopuruei helduaz gero, urtaro bakoitzaren bistadizoari begira, honako datuak ageri zaizkigu:
Batezbestekoei axaletik bedere begira, urtarrilari litro pixke batzuk falta zitzaizkion; otsailari, ia 50, eta martxoari, beste 40 inguru. Beraz, negua, ohikoz azpitik ibili zen: 100 litroren eskasian.

Udaberriari begiratuaz gero, apirila euritsu etorri zen, ia 100 litroz irabaziz ohiko neurriei. Maiatzak, aldiz, 30 inguru galdu zituen; eta ekainak, beste 50en eskasia lehorra atera zuen. Apirilari esker, landaredia ongi genuen. Baina, maiatz-ekainak, aukeran lehortxo eta ihartxo zetozen, udaberria berean mantentzeko eta hain jantzia zegoen landarediari berde eusteko.

Udari berari dagokionez ere, hasiera trixtekoa izan genuen, bero handi haien ekarria gogoan badugu: uztailak 27 litro galdu zituen batezbestekoetara ezin iritxiz; abuztuak, beste 60. Eskerrak irailak zeozer ezkotu eta umeldu zuenari: 113 lortu zizkion lur egarrituari, ohikoen gainetik ondroso ibiliz.

Udazkena portatu zaigula esan da behin ta berriz. Ikus ditzagun bere ekarriak: 570 utzi ditu bere 92 egun igaroberriotan. Batezbestekoak kontuan, 540 inguruan ibili ohi da; beraz, aurten 30en bat atera dizkiogu ohiko martxari. Urriak eta azaroak, 30 inguru gainditu zuten kopurua; abenduak, urtezahartuak galdu ditu, dena kitatzeko behar diren beste 30ak; izan ere, azken bi asteotan ez da dozenatxo bat litrotara ere iritsi.

Erantzunak:

Bidaltzailea: Txantrea [Bisitaria]
Zeinen ongi heldu diren hire datuok eta zeinen huts handia geratu den irratian larunbateko iragarpena egiteari utzi hionez geroztik.

Datu andanaz denaz bezainbatean, egia duk aurten euri gutxi egin duela. Adiskide batek, oinetan halako kontu berezi bat dela min, hagitz estimatzen ditik sandaliak. Oinetako arruntak mingarri suertatzen zaizkiok. Aurten pozik ibili duk zeren abenduan ere sandaliak jantzi dituen berriki arte.

Goiti hire iragarpen nahiz eguraldiari buruzko irakaspen oro!

Egon bizkor, lehor eta epel.
Permalink-a 2013-01-02 @ 00:58

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Mendiko behatokia

Behatokian gustura nabil. Mendikoa da behatokia: izadi naturalean kokatua. Natural izatea lortu nahi, nonbait. Hontzaren begi bihurriak nahi ditut: ilunean dakitenak. Erreparatu ahala, ikusia jakin aurretik, azaleratu nahiko nizuke, denon aurrean ikasteko. Ondo ikasiak leku gutxi. Eta asko balio...

Uztaila 2020
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
    1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29 30 31    

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!