Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mendiko behatokia

Pello Zabala

Mezua: Haizearen kapritxoak

2009-11-17

Permalink haizearenak, 338 hitz  

Haizearen kapritxoak

Arantzazuko haizeak, edo haizeak Arantzazun, ez daki trafiko mandatuetatik ezta ttikienik ere. Nahi duen eran, indarrean, boladan, nahi duena aurrean hartuz, kontra datozenei erauntsika, halaxe jotzen du beti aurrera sobernatsu, enbata batean.

A ze nolako sustoa pasa duen gaur goizean Arantzazuko plazara iristean, presakantzean, eskopeta listo, ehizarako asmo-planak antolatuz zetorren todoterrenoak eta, batez ere, txofer iratzarberriak. Bere kontra, zuzenean eta muturka, han zihoakion hilkutxa tankerako kartoi kaxa marroi karratua, haizearen jenio biziz… sustoz estututa, bolantazoa ezkerrera eta libratu du pixu askorik gabe hegan zihoan ‘bulto abultatua’. Hala deitu dio berak, arnasa lasaituz, aldamenean aparkatzean, ezustean harrapatu duen kaxakonkor antzemanezinari.

Gaur goizeko kontuak dira horiek. Baina, politena ikusteko nengoen artean. Ehiztariak jo du aurrera, lau errubera arinen poderioz, haizeari aurre emanez. Haize bolada traskail batek, jo dio ahozabalik zuen aldetik metro eta erdi pasa zituen kartoi gogortuzko kaxari eta hor jaso du, koska bat jo orduko, pretiletik gora, plazoletatik behera iraulian botatzeraino.

Ez da urrun jausi. Bertako zuhaitz landara gazte baten besoetan, haur jaioberri, hantxe gelditu da pulunpari. Hosto bakan batzuk adarretan besterik ez duen landara adar bigunean luze ta lau kateatua gure kartoi kaxa ibiltaria… ez nuen irudi bitxienetan ere irudikatuko gisa horretako seaskarik, hain goxoki pulunpaturik. Plazan bortizki jotzen zuen haizeak, trokarteko bihurgunetan babesgune bereziak zituen nonbait: halako goxotasunik pretiletik behera, hormatik plazara hartxintxak ere airean hegan zeramatzanean. Eta nire gozamena, hantxe ‘haurtxo txikia seaskan dago’ oroituz eta txistu joz, barreari eutsi ezinik, mirespen umoretsu batez, naturaren kapritxoei men eginez, hantxe...

Hala ziharduen handik zazpi ordura, eguerdi ostean ere. Galdakaoko ikastolako neska-mutikoak etorri dira gaur Baketik-eko antzerki-forumera. A zer barregurea piztu didan, haietako mutiko bixi batek, “ataud bat dago han zuhaitzean baltseoan” esan didanean. Kontatu diot goizean nola ikusi dudan haize sorgina, kaxa aurrean hartu eta hegan eramaten… Arratsaldeko euri zaparrada eta guzti, iluntzeko zazpiretan joan natzaio berehorretan ote zegoen edo halan ote zabilen… Euriak ez dio kozkor handirik atera. Beheko trokarteko hontza eta urubi parea somatu ditut algaratxo bereziak tartekatzen: ez dakit niri, begira nengoen mozoloari, ala ‘baltseoan jarraitzen zuen ataud’ hari zeragioten barre ta burla…

Erantzunak:

Ez daude Erantzunak mezu honetan...

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Mendiko behatokia

Behatokian gustura nabil. Mendikoa da behatokia: izadi naturalean kokatua. Natural izatea lortu nahi, nonbait. Hontzaren begi bihurriak nahi ditut: ilunean dakitenak. Erreparatu ahala, ikusia jakin aurretik, azaleratu nahiko nizuke, denon aurrean ikasteko. Ondo ikasiak leku gutxi. Eta asko balio...

Azaroa 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30  

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!