Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mendiko behatokia

Pello Zabala

Mezua: Jariolario

2010-09-01

Permalink haizearenak, 200 hitz  

Jariolario

Begien aurrean diat, bost urte pasa zaizkion arren, haize zurrunbilo baldar zirimolatsuak gerrigerritik traskaildu eta erauzi ziguan gure leihoen peko trokarte amildegiko lizar trinko urtetsua: galarren sobernatsua gertatu zian arrats haretan, eta baita kolpeko bihurrittu zital batean, metro ta erdiko gerribuelta zuen lizar zindoa irauli ere. Penak iraun ziguan, amildegiko triskantza tristearen aurrean ta bixtan.

Begien aurreraxeagoan diat pagobikoitz bulartsua ere: alde banatara zabaltzen zizkiguan bere bi besoen giharre muzkertu bettebettean jantzi haiek. Haize saskar zakartuak beso libreena ta jantziena amildu ziguan Arantzazuko santutegi aurreko ahur berdez mozkortuan. Ezkerreko besoa gelditu zitzaioan lerden: bi metro luzeko zauria printz mindutan, zurgihar malkotan gaiztotu zitzaioan, usteldu ez usteldu, euri-haize-eguzki ta lainoen mendean lotsati, memeldu ez memeldu, hantxe…

Haizea, indartsu nahiz apalenean datorrela, aire izpiritu xume nahiz boladazko batek abiaturik zetorkiguk beti. Oraingoan, ordea, ez bata eta ez beste: oraingoan aire ixil mututu izpiritubariko arnas zitalekoak erauzi hau hi gugandik, nire eskumako beso libre zuztardun gihartsu hori, lagunik zindo ta zintzoena: umezurtzaldi luze, ez trixtea, zegokidak. Ez, ordea, malkotan, Joxe. Bake eta On! Asisko ttikiari ondo ikasia, hala opa genioan elkarri beti. Bake eta On! opa zioagu elkarri orain ere, adar banatan biok langile, oraingoan Berpiztuaren aire ta bake azken arnasetarainoxeko jariolario partekatuan.

Erantzunak:

Bidaltzailea: Mikel [Bisitaria]
Bake eta on Joxeri. Bake eta on Arantzazun jarraitzen duzuenoi! Datozenak datozela etsipenak ez gaitzala harrapa! Jainkoaren izpirituaren esperientzia bizi dugunok badakigu (soma dezakegu esan beharko nuke, apal)Bera gurekin dela. Askoren erreferentzia zarete Arantzazuko fraideak eta baita Joxe ere. Jainkoaren izpirituaz blai egiten erakutsi diguzue bizitza bera eredu izanda (ez arrazionalki hainbat lege, dogma eta mandamentu barneraraziz). Eskerrak ba Pello eta Joxe! Eutsi goiari eta aurrera beti berria den izpirituaren bultzadaz!! Bake eta on!
Permalink-a 2010-09-02 @ 14:41
Bidaltzailea: Pagadiko boletus edulisa [Bisitaria]
Bake ta on!
Lizar nahiz pago, bat erortzea beti da tamalgarri ta penagarria.Lurrean sustraiak (sendo ta tinkoak) ondo finkatuak eduki arren, beti gerta liteke bertan bera erortzea edota norbaitek gaiztoki ta maltzurki botatzea.

Zorionez, zuhaitzaren itzalaz gozatu dutenek (dugunok) maiz oroituko dute bere altzo goxoa eta bere baitan hartutako atsedena.
Zorionez, baso eder bat gelditzen da, nahiz eta zuhaitz bat gutxiago izan! Gelditzen direnak ez dezaten beren sustraiak lurretik atera Madrilgo, Erromako, Donostiko edo edonongo haize bolada bortitzarei euts diezaiote.

Eutsi gogor eta animo.Bake ta on zuei ere!
Permalink-a 2010-09-02 @ 19:20
Bidaltzailea: Jontxo [Bisitaria]
Bake ta on Joxeri. Zer zaigun gertatzen ez dut konprenitzen ahal. Nafarroan, Albako dukeak igorritako tropek badute bi buru. Bat Nafarroako Populuaren batasuna deritza eta bestea Roucoren mutila, zein ari den ez pago eta ez lizar diren landareak sartzen, Toledo aldetik eta Hegoameriketatik espres ekarritako zugaitz motak. Kolonizazioaren azken helburuak betetzera etorriak?
Euts diezaigoun, atxik zutik Nafarroa.
Permalink-a 2010-09-02 @ 20:50
Bidaltzailea: Erniopetik [Bisitaria]
Bake ta on Arantzazuri eta Joxeri, bereziki. Haize indartsuak, ekaitzak, trumoiak, euri eta elurrak... Arantzazuk (arantzatsuk) badu horien berri. Eguraldiaren berri ematen duenak ere ondorengo egunak, hilabeteak... nolakoak datozkeen iragartzeko Tenporek zer dioten begiratu eta ... ea zer datorren! Erne behar duen landarearen hazia ere haizeak noraino eraman lezakeen ezin jakin! Arantzazun eta Arantzazutik ereindako hazia, Espiritua, noraino irits litekeen ezin jakin. Baina landareek ere mutegitik atera eta hazteko lekua zabal eta irekia eskatzen duten bezala... Espiritu askeak emango ditu fruituak. Enarak berriz ere etorriko dituk, Joxe, eta bidean elkarrekin gozatu eta sufrituko diagu zuhaitzez,euriaz,eguzkiaz biziaz... Landare arantzatsutik sortzen diren basaran garratzak beharrezkoak ditiagu patxaran ona egiteko ere.
Permalink-a 2010-09-02 @ 22:16
Bidaltzailea: Txantrea [Bisitaria]
Izan badituk txikitan lo eragiten gintuzten sermoietatik urrunduta, gezurra dirudikeen arren ideia berberak erabiliz, eguneroko patu latzari lotu zaizkionak. Apoita gorrian bizi direnen alde agertzen ohi direnak, bake (eta on) bidean abiatu direnen aldamenean jartzen ohi direnak, “justiziaren (?) jazarpena” pairatzen dutenak beti gogoan edukitzen ohi dituztenak, gurtabere onen antzera orgatik tiraka aritzen ohi direnak…
Bazeukatek, odol oneko abere orok bezala, ondikotz, lakasta eta bizkarroi ugari, ia jatarako balio ez duten arren odol onez baizik elikatzen ez direnak. Animaliaren lan bikainari erreparatu ere egin gabe, beren odol (botere) egarri asekaitzak bultzatuta, xurgatu eta xurgatu ari direnak maiz(egi) aberea hil arte.
Bizkarroiok nehork ez ditik deitu, ez dituk ongi etorriak; haien “odoltzaletasunkideek” ere ez ditiztek aintzatesten, gauza dituk arreta poxi bat xumetuz gero, ordura arteko “aberekideak” akatzeko.
Oñati aldeko xoko eder hartatik beti mezu onak iristen zaizkiguk. Hura datozkiekeen zemai nahiz mendekuetatik babesteko “urruntzea” erabaki duenarengandik bertze hainbertze helduko zaizkigulakoan… Egon bizkor.
Permalink-a 2010-09-02 @ 23:36
Bidaltzailea: ui [Bisitaria]
behera bota ditzagun pinudi denak eta aspiko landarei hasten utzi, horrela bai gure herriari ekologikoki on egingo diogula
Permalink-a 2010-09-02 @ 23:49

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Mendiko behatokia

Behatokian gustura nabil. Mendikoa da behatokia: izadi naturalean kokatua. Natural izatea lortu nahi, nonbait. Hontzaren begi bihurriak nahi ditut: ilunean dakitenak. Erreparatu ahala, ikusia jakin aurretik, azaleratu nahiko nizuke, denon aurrean ikasteko. Ondo ikasiak leku gutxi. Eta asko balio...

Azaroa 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30  

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!