Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mendiko behatokia

Pello Zabala

Mezua: Kandelario lario

2014-02-02

Permalink pentsumentala, 462 hitz  

Kandelario lario

Kandelario gaur. Egun seinalatua euskaldunontzat. Gure anaia Bitoriano Gandiagak 1986an, duela 28 urte, sortu zuen Kandelario-lan ttiki xume bati lotu nahi dizkiot gaur akordu biguñak. Haurtzarotik zekarren esaera zahar batekin abiatu eta egun honen muineraino baikaramatza xuxen, ordutik ja, berak. Bere akordutako ttikitako esaerak honela zioen:

"Kandelario lario / hatxari ura dario, / sagarrari musturio".

Ez zuen askorik behar, olerki sena pizteko eta jario oparoan jarraitzeko. Txikitako akorduak ezpal berriak sortuko zizkion bertatik. Hain esanguratsua bilakatu den Kandelario data kokatuz abiatu zen:

Kandelario, Otsailez / Otsailaren bigarrenez, / neguan halabeharrez.

Eta data kokatu orduko, neguak berekin dituen eguraldi kontuak aipatzen ditu segidan:

Elurpean da sarritan, / inoiz antzigar zuritan, / aldiz, baita, eguzkitan.

Eguraldiak eta klimaren baldintzak denetik emateko joera agertzen baitu gure euskal txoko bereziotan. Horregatik bildu ta lapatu zizkioten gure aurrekoek hainbat esaera-zahar eta atsotitz neguko data seinalatu honi: Nork ez du entzun, “Kandelario bero, negua gero”, edo “Kandelaria hotz, negua motz”. Hauek biak lirateke ezagunenak. Eta hauen arrastoari darraio gure olerkariak:

Kandelario hanka hotz, / negua dugu jada motz,/ alegera adi, amillots.

Bere lagun hegaztiendako pregoia zerion bertatik, amillotsaren akordutan. Baina poemaren erdian, egunak berekin duen ezpalari lotzen zaio:

Dela ipar, dela hego, / kandela piztuak bero / Andre-Mari-Zuriero.

Eguberritik 40 egunera justu, antzinako ohiturari jarraiki, IV.mendean hasita ospatu ohi baitzuten Jerusalem aldean, Amaren garbikuntza eta Haurraren aurkezte ta eskaintza. Hor, berez zegokion unean kokatu zuen Elizak ospakizun hau duela 1600 urte jada. Hala gogoratu nahi digu Gandiagak:

Birjinaren garbikuntza,/ haur Jesusen aurkezkuntza,/ argi-jaiak badu funtsa.
Eta hortxe lotzen dio egunari, berak hain barruan zeraman argiaren kontua, Kandelario, hain justu, argi-festa baitugu aspalditik. Agudo joan baitzen hedatzen eta zabaltzen Europan barna festa hau. Eta iparraldeetako paraje goikoetara iristean, haiek han ospatzen zuten bart gauerdiko argi festa erantsi zitzaion otsailaren 2-koari. Otsailaren 1-etik 2-ra baita, bart gauerdia justu, neguko 90 egunon erdigunea. Eguzkia ari da indartzen, badoa jasotzen: goizetik 14 minutu axkartu bada, arratsetik gaur 45.minutua irabazi baitu. Gaurtik biharrera, eguna luzatzen lehen ordubetea harrapatzen du dagoeneko. Horregatik dio Gandiaga olerkari lagunak:

Gar bizi-eta garbia, / uztargi ta ostargia, / bistan daukagu argia.

Neguaren makurrena ta ilunena alaitzen dakusgu eguzkia, gaurtik aurrera ordubeteko koska atera duenean. Eguberriz jaio eta goraka abiatzen den Mariaren ume eguzkiaren argitan, kandelak piztuta, pozez, halaxe nahi gaitu gaurko Kandelario festa ederra ospatzen Elizamak. Gure olerkariak ere, horregatik damaio bere lanari erremate egokia:

Kandelen dizti alaitan, / Jaunaren aurkezpen jaitan, / poza poz bedi argitan.

Uztar ditzagula, ostargia eta bizia Jesus argi eta biziarekin, kandelen argitan Bere aurkezkuntza goraki ospatuz. Uztargi ta ostargia gogoratu dizkigu olerkariak gaurko egunari lotula. Ostargia hor dugu goraka, eguzkia presaka, urteroko argi bizigarria baitator gure bizitzan Jaun Bizi Handiaren dohain ostargi-jario seinale. Noerekin Jaunak egindako bake-seinalea, uztargi zazpikolorekoa, bakearen betea dugu amets, kandelak piztuta, Mariaren garbikuntzan. Simeon zaharraren ametsak bete ziren bezala, bitez beteak baitere, gure bake amets sano guztiak.
Animo guztioi, negua atzendu dugu ordubetez eta...

Erantzunak:

Bidaltzailea: Txantrea [Bisitaria]
Gaur Baztanen ikasitako esaldiaz oldozten eman diat egun osoa, hots, “Kandelero bero, negue heldu de gero; Kandelero hotz, negue gan da motz”. Izan ere gauean elur egin dik, franko polliki. Goizeko lehen orenetan, aldiz, agudo gesaldu duk. Gero eguraldia kuku egon duk, tarteka oskarbi, gero berriz lipar batez estali... Tenperaturari dagokionez 2tik 8 gradura bitartekoa. Alegia, ez zekiat (horixe egia, ez diat ideiarik ere) zer gertatuko den. Nik erranen nikek ez dela egun hotzik suertatu, ez gure haranean behinik behik, beraz, negue heldu de gero.
Orain hire ermanoaren olerki azaldua irakurri dudalarik, otu zaidak olerkariek bertze ikuspegi aisa aberatsago bat (gutienez) badutela. Eguraldiaren ingurukoak kontrolatzeaz gain, gauza izan zuan egun hau hain era ederrean adierazteko. Maisu-lana, zalantza izpirik gabe. Dohatsua hi haren aldamenean bizitzeko nahiz haren olerkiak musikaz hornitzeko parada ukan hituena. Era sanoan, baina hiri bekaizti natzaik, eta hari ere, hiri esker egindako olerkiek bertze musikaltasun bikain bat eduki zutelako.
Egon bizkor.

Permalink-a 2014-02-02 @ 22:14

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Mendiko behatokia

Behatokian gustura nabil. Mendikoa da behatokia: izadi naturalean kokatua. Natural izatea lortu nahi, nonbait. Hontzaren begi bihurriak nahi ditut: ilunean dakitenak. Erreparatu ahala, ikusia jakin aurretik, azaleratu nahiko nizuke, denon aurrean ikasteko. Ondo ikasiak leku gutxi. Eta asko balio...

Azaroa 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30  

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!