Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mendiko behatokia

Pello Zabala

Mezua: Otsailtxo, otsailtxo!

2014-02-28

Permalink NB maixialaria, 171 hitz  

Otsailtxo, otsailtxo!

- Zer egin ditek aurten hire aldameneko hilabete hanpurus biek…?

Urte gutxitan, oso banakakotan gerta ohi denez, aurtengo urtats eguna, eguerdian ilberri ttikia pizten hasten zela inaugura zitzaigun. Jakina, horrek zer esan nahi du? Urtarril amaierarako, 30 iñularrean juxtu, han zetorrela bigarren hilberrittoa. Eta otsailtxoak bere egun guztiak, 28ak ahaleginean luzatu arren, 8 orduren faltan gelditu behar izan duela, bihar goizeko ilberri ttikia ezin harrapatuz. Otsailtxo, oso gutxitan bezala, hara, ilberririk gabe, edo ilberri faltan fortunatu zaigu. Horregatik ote gaur agertu nahi izan digun eguraldi giro hain haserrea?...

Baina ez da hor amaitzen ilberrien kontua. Bihar martxoan baikara. Eta martxo hogeitamaikeroak, urtarrilaren gisaberean, bihar hasierakoan eta 30ean izango baititu beste bi ilberritto ttikiak.

Ez naiz akordatzen nola den atsotitza, erranairu iparraldekoa; baina nago, berezi xamarra gerta ote ohi den bi ilberri dituen hilabetearen eguraldi adarretakoren bat edo beste. Ez dut berezitasun posiblerik seinala nahi, baina, tarteko hilabete gajo penatua inbiri-malkotan plako utziz, bi aldameneko ipurtaundiok, beren kolkorako bina negoziatuz aprobetxatzen direnean, zer esan…? Ez noa nire pentsamentuak azaltzera, lapurreta gehiegirekin akordatzen naiz eta…

Erantzunak:

Bidaltzailea: Txantrea [Bisitaria]
Auzoan barna beribilean nindoalarik, aurtengo otsailtxoaren joera isla lezakeen irudia ikusi diat. Billabesa-markesinaren ondoan gizon bat zegoan bere aterkiari eutsi ezinik. Baterat zuzentzen zuelarik haize bolada bortitzak itzultzen zioan barnekoz kanporat utziz euritakoa. Bertze alderat eginez gero, aldiz, eskuetatik eramaiten zioan. Gizona aterkia ixten saiatu duk, baina haizearen norabidea aldatu eta ihes egin ziok aldameneko dendatik atera berria zen anderearen aurpegian gelditu den arte. Andereak halako tramankuluak anitz urtez erabili izanak emaiten duen enantzuaz euritakoa berehala bildu eta, makila bailitzan, ostiaka hasi duk gizonaren aurka. Honek kentzea erdietsi dik eta billabesaren aiduru egon barik, joan nahiago izan dik. Euria berriz azaldu duk eta gizonak, ezinbertzean, zabaldu behar izan dik aterkia. Berriz lehengo komeria suertatu zaiok oihalari eusten dioten hagatxoak arras tolestu diren arte. Orduan, erretolika gaitza bota ondotik, ondoan zegoen paperontzian sartzen saiatu duk. Gogotik saiatu ere! Bilduta bazeukan ere, paperontziaren muturrean sartu nahi zuenean, haizearen eraginez, ireki egiten zitzaioan. Berriz hartu eta hari txiki bat baizik ez zen lehen aterkia ixteko zegoen zintatxoren arrastoa erabili dik ongi biltzeko. Alfer lana, ordea. Paperontziaren ahoan jotzen zian behin eta berriz. Azkenean bortizki sartzerat bermatu duk; hantxe geratu duk aterkia, erdia paperontzian sartuta, hagatxoen erdiak, aldiz, kanpoan makurturik eta gizona joan egin duk, haserre, madarikazioka eta txoil pelaturik.
Haizea eta euria nagusi hemengo otsailtxoan. Arga diagu haren lekuko.
Egon bizkor.
Permalink-a 2014-03-01 @ 00:39

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Mendiko behatokia

Behatokian gustura nabil. Mendikoa da behatokia: izadi naturalean kokatua. Natural izatea lortu nahi, nonbait. Hontzaren begi bihurriak nahi ditut: ilunean dakitenak. Erreparatu ahala, ikusia jakin aurretik, azaleratu nahiko nizuke, denon aurrean ikasteko. Ondo ikasiak leku gutxi. Eta asko balio...

Abuztua 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
      1 2 3 4
5 6 7 8 9 10 11
12 13 14 15 16 17 18
19 20 21 22 23 24 25
26 27 28 29 30 31  

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!