Berria.infoko blog komunitatea

Login

Teknokrazia

tecnos Vs. kratos

Atala: internet

2009-02-21

Permalink internet, 323 hitz  

Hauteskeriak



EAEko aurtengo hauteskundeetako kanpaina ihauteri garaian sartu da, eta alderdi politikariek mozorroak jantzi dituzte. Beste batuk zomorroak askatzea nahiago izan dute: Hauteskeriak...

Kontrakanpaina izeneko artikuluan aipatu nuen joan den astean Spock jaunaren inguruko afitxarena. Bada, asteburu honetan jakin dut EGIk Espock festa antolatu zuela larunbatean. Euskalprise izena jarri zioten ospakizuna egiteko prestatutako aretoari, eta Gora Vulcano askatuta! oihu egin duenik ere izan da.

Alderdi politikoek beren mezua zabaltzeko spama edo zabor posta ere baliatzen dute. AEBetan eta Mexikon ez ezik, Euskal Herrian ere bai.

2007an EGIk spama baliatu zuela salatu bazuten, aurten Patxi Lopez izan da baimendu gabeko mezu elektronikoak bidaltzea leporatu dioten hautagaia. Sustatun eta Zabaldun, besteak beste, eztabaida interesgarriak piztu dira albiste honen harira.

Facebook bezalako sare sozialak asko erabiltzen ari dira alderdi eta hautagai ezberdinak beren propaganda helarazteko. Webgune horretan hainbat bilaketa eginez gero segituan ohartuko da erabiltzailea. Eta, antza, sare sozial honetan ere spam-a egiten harrapatu dute Lopez, euskal herritar gisa erregistratu den erabiltzaile berri orori adiskidetza gonbidapena bidaliz.

Politikariek darabilten itxurakeriaz kexatu denik ere bada.

Komunikazio arduradunek hautes kanpainak nola antolatzen dituzten hobeki ulertzeko, Gaur8.info agerkarian argitaratutako erreportajea lagungarri izan daiteke. Eta gai berbera umore apur batekin hausnartu nahi bada, orduan Pernan Goñik prestatutako komikia irakurtzea gomendatzen dizuet.

Aitortu behar dut kanpainak Interneten duen eraginaren jarraipena egitea uste baino nekezagoa egiten ari zaidala. Izan ere, hainbeste dira aurten sortzen ari diren sareko ekimen komunikatiboak, norbanakoen erantzunak, bitxikeriak, bideoak eta bestelakoak, azkenean horiek guztiak modu txukun batean aipatzea ia ezinezko bilakatzen ari baitzait.

Ez da harritzekoa Joxe Aranzabalek dagoeneko kanpainari hor konpon egitea erabaki izana. Iñaki Muruak ere sentitu du gauza berbera egiteko tentaziorik, baina mementuz kanpainari buruz hitz egiten jarraitzea erabaki duela dirudi, eta proposamenik ere luzatu du: generoarekin bezala, euskararekin ere berdintasunaren legea aplika dezatela, Legebiltzarreko hautetsien erdiak euskara jakin dezan baldintza izan dadin.

Igorre Sarean izeneko blog abertzalean, bestalde, "Errekor triste" baten berri eman dute: Azken urteotan izandako legez kanporatze guztiak zerrendatu dituzte.

2009-02-20

Permalink internet, 448 hitz  

Hautagaiak eta software librea

autobusa

Gaurkoan, alderdien hautes-programen izaera teknologikoari helduko diot Teknokrazian. Izan ere, informazioaren gizartean bizi garen honetan, ezinbestekoa dirudi hauteskundeetara aurkezten diren hautagaiek teknologia gaiak ere izan ditzaten hizpide.

Sustatun gaur argitaratu den informazio baten harira hasi naiz idatzi hau garatzen. Izan ere, PSEko legebiltzarkide Idoia Mendiak bere blogeko iruzkin batean azaldu duenez, PSEk hauteskunedak irabazi eta Gobernua eskuratuko balu, hezkuntza sarean OpenOffice bulegotika tresna librearekin ordeztuko omen luke Microsoft Office pribatiboa.

Sustatun bertan irakurle bat bizi ibili da PSEren kontraesanak azaleratzerako orduan. "Etxetik hastea hobe" izenburupean, alderdi honek berak Microsoft Officerekin sortutako hainbat dokumentu sarean eskuragarri dituela leporatu dio.

Albistea argitaratu eta berehala, Aralarrek erantzuna utzi du bere hautes-programari erreferentzia eginez. Antza, Jaurlaritzara iritsiko balitz, software librearen alde egingo luke Ezenarroren alderdiak.

Eusko Jaurlaritzaren menpeko erakunde publiko guztietako ordenagailu guztietan software libreko posta kudeatzailea eta nabigatzailea jartzea bildu dugu, eta bide batez, OpenOffice paketea instalatzeko eta erabiltzeko plan bat egitea. Urtebetean Jaurlaritzaren eta honen menpeko erakunde guztien ordenagailuen %15era heltzea litzateke helburua, urtero-urtero kopuru horietara helduz, gutxienez.

Gaur argitaratutako albistean hautagaiei software librearen aldeko galdera zehatzak helarazteko proposamena egiten zuen Pedro Arreitunandia bogariak. Softwarelibreanahidugu.org ekimenak, baina, dagoeneko bost galdera helarazi dizkie martxoaren lehenean lehendakaritzarako hautagai izango diren lagunei.

Aralar, D3M, EA, EB eta PSE izan dira galdeketari erantzun dioten bakarrak (irakurri PDFa). Gainera, D3Mko hautagai Itziar Lopategi izan da erantzunak euskaraz idatzi dituen bakarra.

Hautagai guztiak agertu dira beren erantzunetan software librearen alde. Baina, lehenago esan bezala, etxean hastea komeniko litzaieke Gobernutik neurri horiek ezartzen hasi baino lehen. Hauteskunde kanpainan promesa asko entzutera ohituta gaude, baina praktikatik oso urrun egoten dira maiz hautes-programak. Ez da ahaztu behar, gainera, EA eta EB oraindik indarrean den hiruko Gobernuaren parte izan direla azken urteotan. Eta PSEri dagokionez, bere gainetik dagoen PSOE dela Moncloako besaulkiaren jaun eta jabe...

Komenigarria deritzot azken urteotan EAEko administrazioak, bere sistematan Windows erabiltzeaz gain, Microsoft enpresarekin izan dituen harremanen inguruko zenbait datu gogoraraztea. Izan ere, 2008ko irailean, Eusko Jaurlaritzak Microsoftekin elkarlanean iragarri zuen Windows Vista eta Office euskaraz deskargatzeko moduan jarri zituztela, debalde, "Klik egin euskarari" lelopean.

Ustez altruismoz egindako lanaren atzean, ordea, badirudi beste interes batzuk ere bazirela. 2007ko azaroan jakin genuen Microsoft-ek Arrasateko Polo Garaian ordezkaritza irekiko zuela. 2008ko ekainean, Bizkaiko Foru Aldundiak Microsoft-i esleitu zion Biscaytik izeneko egitasmoa, 17,4 milioi euroren truke. Urte berbereko irailean iragarri zuen Jaurlaritzak EAEko hezkuntza sistema publikoan Windows eta Office lizentziak berritzeko 600.000 euro xahutuko zituela.

Ordainetan, Microsoftek Lakuako Gobernua saritu berri du, "Hizkuntz Politika Sailburuordetzaren bidez, hizkuntza teknologia berrien bidez zabaltzeko egiten duen ahalegina eskertzeko asmoz”.

Hauteskundeak igaro ostean ikusi beharko dugu teknologia berriei eta software libreari dagokionean zer nolako politika darabilen gobernu berriak...

PD: Artikulua ilustratzeko erabili dudan autobusaren irudia ez da egiazkoa, Internet bidez sortutakoa baizik.

2009-02-19

Permalink internet, 372 hitz  

Kontrakanpaina

kontrakanpaina

Bitxikeria batzuk aipatuko ditut Teknokrazia blogeko gaurko entregan. Izan ere, aurtengo kanpainan inoiz baino elementu esperpentiko gehiago aurki daitezkeela esango nuke. Eta, jakina, Internetek ere badu horretan eraginik.

Diseinu grafikoak eta bideoek gero eta indar gehiago dute, eta alderdi politiko baten edo bestearen jarraitzaileek asko erabiltzen dituzte. Ez soilik euren hautagaia goraipatzeko. Maiz, beste hautagaiei trufa egiteko edo aurkari politikoak salatzeko erabiltzen baitira euskarriok. Kultura bisualaren munduan bizi gara.

Esan bezala, bideoa da Interneteko kanpainan gehien erabiltzen den euskarrietako bat, edo erabiltzen direnen artean eragiteko gaitasun handiena duena behintzat. Gaur zenbait bideo aipatuko ditut, baina askoz gehiago ere badira, nola spotak hala bideo biralak. Datozen egunetan helduko diot gai honi zuzenean.

Kontrakanpainaren gaiarekin jarraituz, aurten hainbat izan dira azaleratu diren kasuak. Teknopataren txokoan ikusi nuen lehenengo kasu bitxia. Euskal Herriko kaleetan, Spock jaunaren irudia duten afitxak eta pegatinak zabaldu dira, EAJren hautagai Juan Jose Ibarretxek erabilitako leloetako batekin: "Ahora más que nunca". Oraindik lehendakari denaren eskuetara ere iritsi dira pegatina horietako batzuk eta, antza, gustatu ere gustatu zaizkio Ibarretxeri:

Ibarretxe eta Lopez dira kontrakanpaina ezberdinen begipuntuaren xedean dauden hautagaiak, akaso irabazteko aukera gehienak dituztenak direlako. Ezker Batuak, esaterako, bere aurkari ideologikoaren aurka ekin du, "PPatxi Lehendakari?" leloa erabiliz.

Euzko Gaztedi jeltzaleak, bestalde, "The Godfather" filmaren bitartez parodiatu du Lopezen irudia. Erdarazko "El Padrino" edo Al Pacino aktorearen beraren izena oinarri hartuta, "El Pachino" izenburua daramaten kartelak kaleratu baititu.

Alderdi Popularreko Nuevas Generaciones delakoak ere Ibarretxe hautatu du bere kritiken jomuga gisa, eta "Contigo no, bitxo" izeneko bideoa kaleratu du, Youtuben arrakasta izugarria izan zuen beste bideo batean inspiratuz. Hemen ikus dezakezue PPren bideoa:

Bistan da alderdiek beren gazte erakundeak erabiltzen dituztela maiz gisa honetako kanpaina oldarkorragoak egiteko, politikoki ez hain zuzenak direla usteko baitute akaso.

Ezker abertzaleak ere baliatu du kontrakanpainarako euskarririk. Interneten ez ditut topatu, kalean baizik. Horietako batzuetan AHTren egitasmoari egiten zaio erreferentzia, Lopez eta Ibarretxeren irudiekin batera. Ikusi ditudan beste batzuetan, EAJren logoa ageri da bandera espainolaren gainean.

Bien bitartean, Facebooken PPren legez kanporatzea eskatzen duen talderik ere sortu du norbaitek, eta dagoeneko seiehun lagundik gora kidetu dira...

Dena dela ere, faltan bota ditut herritarrengandik sortutako ekimen gehiago, esan bezala, kontrapropaganda, satira eta umorea biltzen duten euskarrien artean aipatu ditudan gehientsuenak alderdien barrenetik jaiotakoak dira, eta ez norbanakoengandik.

2009-02-18

Permalink internet, 443 hitz  

Garzon.com

Baltasar Garzon epaileak ezker abertzaleari lotutako hainbat webgune ixteko agindua eman du, tartean Dmokrazia3m.com eta Askatu.org.

La recogida de firmas para avalar y poner en marcha la agrupación electoral D3M, comenzó el 13.01.09 en Vitoria auspiciada por la portavoz de la misma Amparo Las Heras, y, entre otras vías se han utilizado páginas web de organizaciones terroristas del entramado liderado por ETA, tales como Segi (www. segigazte.net) y ASKATASUNA (www.askatu.org) y en otras como www.etenguble.blogsome.com, www.gasterabea.net o www.pat-eh.org cuyos dominios se ubican en Irlanda y EE.UU; y , www. pat-eh.org de los grupos de apoyo de presos vinculados al Movimiento Proamnistia.

Autoan nahastu egiten ditu erakunde eta izenak. Askatu.org Askatasuna alderdiarekin lotzen du, baina Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren inguruko webgunea da. Segigazte.net eta Pat-eh.org ere aipatzen ditu.

Beste webgune ezagun batzuen izenak gazki idatzita daude. Esaterako, Etenglube deitzen dio Uribe Kostako Aministiaren Aldeko Mugimenduaren Etengabe blogari eta Gasterabea Gaztesareari.

Webgune batzuetako domeinuak (sic) beste herrialde batzuetan kokatuak daudela ere aipatzen du epaile espainolak. Pentsatzekoa da zerbitzariei buruz ari dela. Orain, agindu hori betetzen den ala ez eta nola betetzen den ikusi beharko da. Bere garaian, Batasuna.org webgunea Estatu espainoleko ISPetatik bisitatzea galarazi zuten, baina Ipar Euskal Herritik nahiz atzerritik bisitatu zitekeen. Estatu espainoletik bertara iritsi ahal izateko, proxy anonimo bat erabili behar zen.

Ilegalizazioak eta zentsura sareen sarera ere iritsi dira berriz, bizitza fisikotik birtualera. Legez kanporatzeen eta adierazpen askatasunaren inguruko eztabaidaz harago, harrigarria da (tira, herri honetan dagoeneko harrituko nauenik bada behintzat) epaile baten autoan horrelako zehaztapen falta eta akats nabarmenak aurkitzea.

Eguneraketa: Zalantzarik izan ez dadin, dokumentuan Askatu.org eta Demokrazia3m.com webguneak "kantzelatzeko" agintzen du espreski. Besteak bere erabakiak argudiatzeko aurrekarietan daude zerrendatuak. Hala ere, aipatze hutsa dardarka jartzeko modukoa iruditzen zait niri.

Hona webguneen "kantzelazioa" aipatzen duten bi atalak, eta domeinuaren erregistroaren inguruko xehetasunak biltzen dituena:

11.- CANCELAR las páginas Web (www askatu.org) u otros servicios que pudieran tener contratados ASKATASUNA en INTERNET. A tal efecto comuníquese a la UCI para su investigación y descubrimiento.

14.- CANCELAR las páginas Web u otros servicios que pudieran tener contratados Democracia Tres Millones/Demokrazia Hiru Milai (D3M en INTERNET y en concreto www.demokrazia3m.com. A tal efecto comuníquese a la UCI para su investigación y descubrimiento.

(...) Esa misma fecha [2009-1-10], los responsables de la Agrupación pusieron en marcha una página web en Internet, en la dirección www.demokrazia3m.com, manejado desde la IP 85841422 por Asier López Rodríguez, que el día 10/12/2001 también registró la web de Batasuna.

2009-02-17

Permalink internet, 532 hitz  

Googleskundeak

Googleskundeak

Interneteko bilatzaileetan ongi kokatua edo posizionatua egotea oso garrantzitsua da edozein webgunerentzat. Finean, hitz jakin bat bilatzen denean webgunea lehenengo postuan agertzea da SEO (Bilaketa Makinen Optimizazioa) tekniken bitartez bilatzen dena, besteak beste.

Hauteskundeei begira alderdi politikoen webguneek ikusgarritasuna izan dezaten, oso garrantzitsua da kokapen egokia izatea. Geurean Google da gehien erabiltzen den bilatzailea eta, beraz, bertan ondo kokatua egotea ezinbestekoa da hautagaientzat.

Orokorrean, ondo kokatuak daude EAEko hauteskundeetara aurkezten diren alderdien webguneak Googlen, alderdi horien izena bilatzerakoan behintzat. Kokapena, ordea, ordaindu ere egin daiteke. Googlek eskaintzen duen Adsense zerbitzuaren bitartez, testuinguruko publizitatea kontratatu daiteke. Hots, erabiltzaile batek hitz jakin bat bilatzen duenean webgunearen esteka agerrarazi daiteke Googleko emaitzetan, ordainduta, noski.

Bilaketak egiten hasi naiz afera hau guztia aztertzeko. Esaterako, "Partido Popular" bilatuz gero, Googlek itzultzen duen lehenengo emaitza Santo Domingo de la Calzadako Alderdi Popularraren egoitzaren kokagunea da, mapa gainean. Bigarren emaitza gisa, pp.es webgunea azaltzen du bilatzaile honek. Eta ordaindutako loturei erreparatzen badiegu, horietako batek alderdi honetako ustezko ustelkeria kasuei egiten die erreferentzia.

UPyD siglak bilatuz gero, lehenengo postuan ageri da Rosa Diezen alderdia. Ordaindutako estekarik ez, kasu honetan.

Eusko Alkartasunari dagokionean, ez du hain errez Ziarretaren alderdiak. Sigla berberak erabiltzen ditu bideojokoak ekoizten dituen nazioarteko EA enpresa ezagunak eta Eusko Alkartasunak baino kokapen hobea du Googlen. Bilaketa horretan, bosgarren postuan ageri da alderdi hau. "Eusko Alkartasuna" esaldia bilatuz gero, ordea, lehenengo postuan ageri da.

"Demokrazia 3 Milioi" bilatzen badugu, hirugarren postuan ageri zaigu aipatu alderdia, eta bigarren postuan D3M bilatuz gero. Alderdi ezkertiar eta abertzalea baita bere webgunea ere nahiko berriak direnez, eta bikain kokatutako hamaika hedabidetan aipatua izan denez, ulergarria dirudi oraindik posizionamendu optimoa erdietsi ez izana.

"EB" bilatuta, Ezker Batua ageri da lehenengo postuan. Eta, bitxikeria gisa, ordaindutako esteken artean Ebay enkante gunea dago ikusgai. Berdina gertatzen da izen osoa bilatuz gero, oraingoan ordaindutako estekarik gabe.

"Ibarretxe" hitzaren bilaketa eginda, berriz, lehendakariaren inguruko albisteak ageri dira hautagaiaren beraren webgunea baino lehenago. Antza, gainera, EAJk hitz hori erosi du, Googlen bilatutakoan Ibarretxe.com webgunea ager dadin ordaindutako loturen txokoan. "Elecciones vascas" esamoldea ere erosi dute, hautagai honen webgunea ager dadin bilaketa hori egindakoan. Gauza berbera gertatzen da EAJ edo PNV hitzak bilatzen badira.

Alderdi Sozialistak ere Adsense darabil, eta PSE edo Patxi Lopez bilatuta Socialistasvascos.com webgunera daraman oraindutako esteka ageri da.

Dirudienez, Aralar da alderdi guztien artean Googleren esteka patrozinatuetan inbertsio handiena egin duena. Aralar hitza bilatzerakoan ez ezik, beste hauekin ere agertzen da bere webgunearen esteka ordaindua: Patxi, Ezker, Vasco, euskal, herria... Gainera, euskarazko webguneetan ere paratu ditu bere banerrak Aralarrek, hala nola, Sustatun, Elebilan eta Berrian.

Harrigarri xamarra egin zait inork ez erosi izana "Hauteskundeak" hitza, Googlen alderdiaren esteka agerrarazteko. Bestalde, alderdiaren izen edo siglak bilatuta alderdi horren webgunea ageri bada lehenengo postuan, zertarako ordaindu alderdiaren izena bilatutakoan esteka patrozinatua ager dadin? Alegia, "Aralar" bilatuta Aralar.net bada Googlek itzultzen duen lehen emaitza, ze zentzu du "Aralar" hitza erosteak esteka patrozinatuetan Aralar.net ager dadin? Zalantza berbera sortzen zait lehenago aipatutako beste kasu batzuetan ere.

Esan behar dut, bestalde, hauteskundeen webgune ofizialak ere ez duela oso kokapen ona bilatzaile honetan. Izan ere, "Hauteskundeak" hitza bilatuta, "Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak 2001" goiburua duen esteka ageri baita! Klik eginez gero, hori bai, 2009ko bozaldiaren inguruko informazioa aurki daiteke.

<< Aurreko orrialdea :: Hurrengo orrialdea >>

Teknokrazia

Haritz Rodriguez kazetariak hautes-kanpainaren interneteko eraginaren berri emango du egunero Teknokrazia blogean.

< Aurrekoak | Hurrengoak >

Azaroa 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30  

Bilaketa

Atalak


Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!